Amazon, ebook

Kindle berriak, liburu elektronikoen irakurgailuak

Amazon etxeak bere liburu elektronikoen irakurgailuen modelo sorta berria aurkeztu du. Modelo berri hauetan, desagertu egin da irakurgailuak orain arte azpialdean zuen teklatu fisikoa. Hiru modelo berri dira guztira, eta horietako bik ukimen pantaila dute, Kindle Touch 3G, Kindle Touch eta Kindle moduan ezagutzen direnek. Lehendabizikoa 149 dolarrean dago salgai, eta 3G sareetara konekta daiteke; bigarrenak 99 dolarreko salneurria du, eta Wifi sareak erabiltzen ditu. Hirugarren modeloak, Kindle delakoak, wifia badakar, baina ez du ukimen pantailarik. 79 dolarrean salduko da iragarkiak txertatzen dituen modeloa, eta 109 dolarrean iragarkirik txertatzen ez duena, eta badirudi teklatu fisikorik ezean idaztea ez dela oso erosoa izango.

Azaroaren 21ean jarriko dira salmentan, oraingoz Ameriketako Estatu Batuetan bakarrik. Norbaitek Euskal Herritik Kindle berri hau erosi nahi badu, Bundlebox edo horrelako zerbitzu bat erabili beharko du. Zerbitzu horrek AEBetan dagoen helbide bat eskaintzen du, eta bertara egindako produktu eskakizunak atzera norberaren «benetako» etxera bidaltzen ditu.

Aplikazioak, ebook, Internet, Multimedia

24symbols: liburu digitalak sarean

Komunikabideetan bolo-bolo dabilen ekimena da 24symbols. Horrela definitzen dute euren burua: liburu digitalak Interneten irakurtzeko plataforma, lagunekin eta harpidetza eredu bat eskaintzen duena. Sarean, liburuen spotify gisa da ezaguna. Spotifyk musikarekin egiten duen bezala, bi eredu proposatzen ditu 24symbolsek: bata doakoa, eta bigarrena ordainpekoa. Batak zein besteak oinarrizko zerbitzuak eskaintzen dituzte: gure gailutan irakurri ahal izatea, laster-markak egiteko aukera, eta gure lagunek testu bati egindako iruzkinak ikusteko ahalmena. Diferentzia, Spotifyn bezala, iragarkiak txertatzean dago; doako bertsioan iragarkiak erakutsiko dira, eta ordainpekoan, ez.

Gailuei dagokienez, ordenagailu, tableta naiz sakelako telefonoetatik irakurtzea posible izango da, Internet konexioa eta nabigatzaile bat dira beharrezko baldintza bakarrak. Testu eta liburuak hodeian daude osatuak, eta beraien deskarga ez da posible izango.

Badirudi horrelako ekimen baten arrakasta eskaintzen dituen liburuen kalitate eta kopuruaren araberakoa dela. Argitaletxeekin lanean dabiltza 24sybolsekoak, ahal den eskaintza oparoena osatzeko.

Ekainaren 30ean alboratuko dute orain arte darabilten gonbidapen sarrera sistema, eta edonork izango du bertan izena eman eta liburuak irakurtzeko aukera, ordainpeko harpidetzaz edo musu truk.