Internet

Lansarean.org lan eskaintzak eta hautagaiak euskaraz kudeatzeko webgunea

lansrean

Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak alor sozioekonomikoaren euskalduntzean eragitea du helburu, eta LANSAREAN.org helburu horretan bidea egiteko beste tresna bat da Enpresarean egitasmoaren barruan.

Baina, zer da LANSAREAN?

Lan-atari bat da, enpresa edo-eta profesional euskaldunak ezagutzeko aukera erraztuko duen lan-ataria:

  1. Alde batetik, enpresek euren lan-eskaintzen berri zabaldu ahal izango dute. Hautaketa-prozesuak kudeatu ahal izango dituzte eta eskaintzen dituzten lanpostuetarako hautagaiak aurkitu ahal  zango dituzte.
  2. Bestetik, lan bila ari diren pertsonek enpresen lan-eskaintzen berri izan eta horietan izena eman ahal izango dute.

LANSAREAN.org erreminta berriak Bai Euskarari eta Enpresarean proiektuak indartuko ditu, balio erantsi handiko zerbitzua gehituz eta euskaraz lan egin nahi duten enpresen eta pertsonen arteko harremana sustatuz.

  • Lansarean proiektuaren bidez, enpresa eta profesional euskaldunak harremanetan jarri nahi dira. Euskaraz lan egiteko aukera izatea funtsezkoa delako.

Arlo teknikoari dagokionez

Lansarean.org diseinu eta maketazio responsive batean garatu da, beraz bereizmen ezberdineko pantailetara moldatzen da: tablet, sakelako telefonoak, mahaigaineko ordenagailuak eta ordenagailu eramangarriak.

LANSAREAN.org garatzeko orduan, erabilerraztasuna eta erabiltzeko azkartasuna bilatu da. Hau da, erabiltzaileek era erraz eta azkar batean erabil dezaten diseinatuta dago. Horretarako, AJAX bezalako teknologiak erabili dira interfazean.

Nola erabili behar da?

Sakelako telefono, tablet zein ordenagailu batetik webgunera sartu eta erabiltzaileak ikusiko duen lehenengoa bilatzaile azkarra da. Bertan, nahi duena bila dezake, adibidez: “sukaldaria” edo “Arakaldo”. Alboan, herrialdea zehazteko aukera ere agertzen da. Ondoren, bilaketa gehiago zehazteko aukera dago, era honetan, arloak, eskualdea, herria, lan mota, soldata tartea edo data hautatu daitezke.

Lehenetsita, plataforman dauden lan-eskaintza guztien zerrenda agertzen da alderantzizko orden kronologikoan eta bilaketa eginez gero, bilaketarekin bat datozen emaitzetara mugatzen da.

Lan eskaintzak epostaz jasotzeko aukera dago egun bakoitzeko eta erabiltzaileak zehaztutako irizpideen arabera, RSS-en bitartez ere harpidetzeko aukera dago RSS irakurle batekin eta baita Twitter zein Facebook profiletan ere.

Webgunean izena emateko bi atal bereizten dira, “enpresa naiz” eta “hautagaia naiz”. Lehenengo atalean enpresa bezala izena emanda, lan-eskaintzak eta lan-eskaintza bakoitzeko hautagaiak zein hautaketa prozesua kudea daitezke. Bigarren atalean, hautagaiaren datuak eta Curriculum Vitaea osatu daitezke eta hautagaiak izena eman duen lan eskaintza zerrenda kudea dezake.

Izena emateko prozesua errazteko asmoz, sare sozial ezberdinen bitartez egin daiteke:Facebook, Google +, Linkedin edo Twitter bezala.

Aplikazioak, Internet, Sakelako Telefonoak

Endomondo, kirolarientzako telefono eta web aplikazioa

EndomondoEndomondo, kirolarientzako oso aplikazio baliagarria da. Android, iOS, Windows Phone eta bestelako telefono sistemetarako eskuragarri dago. Ordainpeko bertsio premium bat badago ere, dohainik deskargatu daiteke oinarrizko bertsioa eta oso oso ondo dago oinarrizko bertsioa izan arren. Behin telefonoan instalatuta, bizikletaz, korrika, mendia edo erabiltzaileak egin nahi duen kirola hautatzen du. Beste neurketa guztiak, aplikazioak berak egiten ditu uneko geolokalizazioaren bitartez, beraz, GPSa eduki behar du telefonoak Endomondo erabili ahal izateko, nozki.

Kirol-jarduerak irauten duen bitartean egindako distantzia eta denbora aipatzen du, bai eta ibilbidea ere, Google maparen gainean erakusten du. Jarduera amaituta hainbat datu ematen ditu hala nola: jardueraren iraupena, egindako distantzia, gehienezko abiadura, batez besteko abiadura, gehienezko altuera, guztira metatutako altuera, kontsumitutako kaloriak.

Aplikazioak egindako jardueren historikoa gordetzen du. Aplikazioaren erabiltzaileen artean sare sozial txiki bat osatzen dute eta lagunak gehitu daitezke, lagunen jardueretan iruzkinak egin, lehiaketak egin. Halaber, egindako jarduerak Facebooken partekatu daitezke.

Webgunean, http://www.endomondo.com, informazio gehiago kontsulta daiteke, eta dagoeneko erabiltzailea izanez gero, norberaren estatistika ezberdinak ikus daitezke.

 

Hardware

Pasta termikoa, ordenagailuen osagai ezezaguna

Pasta termikoaPasta termikoa funtsezko osagaia da ordenagailuetan. Baina askotan ez zaio jaramonik egiten, oharkabean mantentzen da, prozesagailuaren azpian ezkutatuta. Hala ere, ordenagailu guzti-guztietan dago eta prozesagailua erabiltzen duten beste gailu batzuetan ere bai. Gainera, pasta termikoari ez erreparatzea arazo iturri bat izan daiteke maiz.

Zer da pasta termikoa

Pasta termikoa masa moduko sustantzia da, grisa edo zuria izan daiteke, mota eta osagaien arabera. Pasta termikoaren berezko ezaugarri nagusia eroankortasun termiko altua eskaintzea da. Horregatik prozesagailuaren gaineko aldearen eta haizagailuaren artean aplikatzen da.

Jakina denez, prozesagailua martxan dagoenean tenperatura handi samarrak hartzen ditu, tenperatura hauek prozesagailua bera eta inguruneko osagai eta zirkuitu elektrikoak ur ditzake. Hori dela eta, ordenagailu guztietan, prozesagailuen gainean, indar handiko haizagailu bat jartzen da. Izan ere, prozesagailua hoztu behar da ezinbestean. Bada, hain garrantzitsua denez prozesagailua hoztea, horrez gainera, pasta termikoaren bitartez ere optimizatu behar da hozte-sistema. Pasta termikoaren xedea, bere bitartez, beroa prozesagailutik haizagailura mugitzea da, ondoren haizagailuak beroa ordenagailutik at aterako du. Halaber, pasta termikoak estaltzen ditu azalera metalikoetan egon daitezkeen irregulartasunak, horrela haizagailua eta prozesagailuaren arteko kontaktua hobetzen da.

Pasta termikoa eta haizagailuaren erabilerarik ezagunena prozesagailuan jartzea bada ere, ordenagailuen beste osagaietan ere jartzen da maiz, txartel grafikoetan, adibidez. Elikadura iturriak ere haizagailu sendoa erabili ohi du.

Pasta termiko motak

Pasta termiko mota bi nagusi aipa daitezke, zuria edo zeramikoa eta metalikoa. Zuriak zeramika hautsa dauka silikona moduko pasta batean. Pasta metalikoen kasuan, silikona horretan zilarrezko edo aluminiozko osagai metalikoak gehitzen dira. Pasta metalikoak zuriak edo zeramikoak baino garestiagoak izaten dira eta, berez, osagai metalikoek zeramikak baino eroankortasun termiko handiagoa eskaintzen dute. Dena dela, gustu ezberdinetarako daude koloreak eta teknikariaren arabera mota bat edo bestea gomendatuko du. Edozein modutan, orokorrean bi motak aurki daitezke salgai informatika eta elektronika denda espezializatuetan. Gainera, dosi bakarreko aleetan ere saltzen dira.

Itsasgarria duten pasta termikoak ere badaude merkatuan, baina hauek ez dira batere gomendagarriak prozesagailua eta haizagailuaren artean ipintzeko.

Pasta termikoaren mantenua

Arestian esan den bezala, oso garrantzitsua da prozesagailuaren eta orokorrean ordenagailuaren osagai elektroniko ezberdinen hozte-sistema zaintzea, eta ez soilik tenperatura altuetan osagai elektronikoak ur daitezkeelako. Orokorrean, prozesagailua bero gehiegi izanez gero eraginkortasuna galtzen du eta batzuetan txarto ibil daiteke eta gehiegi berotzen bada, ordenagailua bere kasa berrabiaraz edo itzal daiteke.

Pasta termikoen silikonaren osagaietariko bat ura da eta ur hau denbora eta erabilerarekin lurruntzen joaten da. Azkenean, pasta termikoa gogortzen joaten da eta ez du betetzen bere lana behar bezala.  Hau hainbat urtetan gerta daiteke, baina erabileraren arabera, batez ere etengabe piztuta badago ordenagailua, urtero aldatu beharko litzateke pasta termikoa.

Pasta termikoa aldatzeko, ordenagailua ireki behar da, ondoren bihurkin batekin haizagailuaren torlojuak kentzen dira eta haizagailua ateratzen da, era honetan prozesagailua azalduko da. Pasta zaharra garbitu behar da prozesagailu eta haizagailutik, zapi batekin eta kontu handiz. Hori eginda pasta berria hedatu daiteke prozesagailuan era uniforme batean eta ondorengo zirkuituetara zabaldu gabe. Pasta jartzeko plastikozko espatula txiki bat edo oihal bat erabil daiteke. Hori eginda, berriz haizagailua eta torlojuak jar daitezke eta ordenagailua itxi.

Bideo honen bitartez pasta termikoa nola aldatu ikus daiteke: http://www.youtube.com/watch?v=Txtd974sRPE#