Pasta termikoa, ordenagailuen osagai ezezaguna

Pasta termikoaPasta termikoa funtsezko osagaia da ordenagailuetan. Baina askotan ez zaio jaramonik egiten, oharkabean mantentzen da, prozesagailuaren azpian ezkutatuta. Hala ere, ordenagailu guzti-guztietan dago eta prozesagailua erabiltzen duten beste gailu batzuetan ere bai. Gainera, pasta termikoari ez erreparatzea arazo iturri bat izan daiteke maiz.

Zer da pasta termikoa

Pasta termikoa masa moduko sustantzia da, grisa edo zuria izan daiteke, mota eta osagaien arabera. Pasta termikoaren berezko ezaugarri nagusia eroankortasun termiko altua eskaintzea da. Horregatik prozesagailuaren gaineko aldearen eta haizagailuaren artean aplikatzen da.

Jakina denez, prozesagailua martxan dagoenean tenperatura handi samarrak hartzen ditu, tenperatura hauek prozesagailua bera eta inguruneko osagai eta zirkuitu elektrikoak ur ditzake. Hori dela eta, ordenagailu guztietan, prozesagailuen gainean, indar handiko haizagailu bat jartzen da. Izan ere, prozesagailua hoztu behar da ezinbestean. Bada, hain garrantzitsua denez prozesagailua hoztea, horrez gainera, pasta termikoaren bitartez ere optimizatu behar da hozte-sistema. Pasta termikoaren xedea, bere bitartez, beroa prozesagailutik haizagailura mugitzea da, ondoren haizagailuak beroa ordenagailutik at aterako du. Halaber, pasta termikoak estaltzen ditu azalera metalikoetan egon daitezkeen irregulartasunak, horrela haizagailua eta prozesagailuaren arteko kontaktua hobetzen da.

Pasta termikoa eta haizagailuaren erabilerarik ezagunena prozesagailuan jartzea bada ere, ordenagailuen beste osagaietan ere jartzen da maiz, txartel grafikoetan, adibidez. Elikadura iturriak ere haizagailu sendoa erabili ohi du.

Pasta termiko motak

Pasta termiko mota bi nagusi aipa daitezke, zuria edo zeramikoa eta metalikoa. Zuriak zeramika hautsa dauka silikona moduko pasta batean. Pasta metalikoen kasuan, silikona horretan zilarrezko edo aluminiozko osagai metalikoak gehitzen dira. Pasta metalikoak zuriak edo zeramikoak baino garestiagoak izaten dira eta, berez, osagai metalikoek zeramikak baino eroankortasun termiko handiagoa eskaintzen dute. Dena dela, gustu ezberdinetarako daude koloreak eta teknikariaren arabera mota bat edo bestea gomendatuko du. Edozein modutan, orokorrean bi motak aurki daitezke salgai informatika eta elektronika denda espezializatuetan. Gainera, dosi bakarreko aleetan ere saltzen dira.

Itsasgarria duten pasta termikoak ere badaude merkatuan, baina hauek ez dira batere gomendagarriak prozesagailua eta haizagailuaren artean ipintzeko.

Pasta termikoaren mantenua

Arestian esan den bezala, oso garrantzitsua da prozesagailuaren eta orokorrean ordenagailuaren osagai elektroniko ezberdinen hozte-sistema zaintzea, eta ez soilik tenperatura altuetan osagai elektronikoak ur daitezkeelako. Orokorrean, prozesagailua bero gehiegi izanez gero eraginkortasuna galtzen du eta batzuetan txarto ibil daiteke eta gehiegi berotzen bada, ordenagailua bere kasa berrabiaraz edo itzal daiteke.

Pasta termikoen silikonaren osagaietariko bat ura da eta ur hau denbora eta erabilerarekin lurruntzen joaten da. Azkenean, pasta termikoa gogortzen joaten da eta ez du betetzen bere lana behar bezala.  Hau hainbat urtetan gerta daiteke, baina erabileraren arabera, batez ere etengabe piztuta badago ordenagailua, urtero aldatu beharko litzateke pasta termikoa.

Pasta termikoa aldatzeko, ordenagailua ireki behar da, ondoren bihurkin batekin haizagailuaren torlojuak kentzen dira eta haizagailua ateratzen da, era honetan prozesagailua azalduko da. Pasta zaharra garbitu behar da prozesagailu eta haizagailutik, zapi batekin eta kontu handiz. Hori eginda pasta berria hedatu daiteke prozesagailuan era uniforme batean eta ondorengo zirkuituetara zabaldu gabe. Pasta jartzeko plastikozko espatula txiki bat edo oihal bat erabil daiteke. Hori eginda, berriz haizagailua eta torlojuak jar daitezke eta ordenagailua itxi.

Bideo honen bitartez pasta termikoa nola aldatu ikus daiteke: http://www.youtube.com/watch?v=Txtd974sRPE#

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


*

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>