Aplikazioak, kontzeptuak, Pribatutasuna, Segurtasuna

Zifratzea, gure datu pribatuak babesteko

Gure informazioa gordetzeko erabiltzen dugun gailuren bat galtzen dugunean (smartphone, ordenagailu eramangarri, tableta, USB flash memoria edo disko gogorren bat), izaten dugun lehen nahigabea gailua bera galdu izana da. Baina izan daiteke gailuak gordetzen duen informazioa gailua bera baino askoz ere baliotsuagoa izatea. Gure gailuekin arduratsuak izanda ere, ezin dezakegu alde batera utzi gure informazioa nahi ez dugun baten atzaparretan erortzeko arriskua. Beraz, gure gailua galtzen badugu edo ebasten badigute, gure informazioa aurrez babestea da hartu beharreko neurri bat. Horretarako, datuak zifratu ditzakegu. Zifratzea erraz ezar daitekeen teknika bat da, eta, gainera, kasu gehienetan doan egin daitekeena. Computer key

Datuak zifratzeko, irakurgai den formatu batean dagoen datu bati algoritmo bat ezartzen zaio, eta, horren ondorioz, zifratze gakoa ez duen edonorentzat ulergaitza den datu bat sortzen da (datu zifratua). Zifratzeko prozedura fitxategi, dokumentu, karpeta, disko gogor edo flash moduko USB gailu batean ezar daiteke, eta, esan bezala, zifratze gakoa duenak bakarrik desegin ahal izango du datuari zifratze bidez jarritako giltzarrapoa.

Gailu eramangarrietan zifratzea erabiltzeak izan ditzakeen onurak erakusteko, bi adibide jarriko ditugu.

  • Lehenengoa: Lan jarduera dela eta, hegazkin bidaia egin beharrean gara, eta enpresaren ordenagailu eramangarria daramagu gurekin. Ordenagailu eramangarri horretan, bezero batekin izan ditugun harremanen berri ematen duten posta elektronikoko hainbat mezu eta fitxategi daude, guztiak ere oso sekretu eta isilpean gordetzekoak. Aireportuan itxaroten gaudela, momentu batez, eramangarria lurrean utzi eta ahaztu egin dugu. Gure eramangarria inork ostu eta martxan jartzen badu, eta gure eramangarri horren disko gogorra erabat zifratua badago, lapur horrek ez du bertan dagoen informazioa lortzeko modurik izango. Eramangarriaren disko gogorra bertatik atera eta beste ordenagailu batean konektatzen badu ere, ez da bertako informazioa lortzeko gai izango. Ordenagailu eramangarria aipatu badugu ere, berdin-berdin erabil genezake telefono adimendun bat edo tabletaren moduko gailuren bat ere.
  • Bigarrena: Gurekin eramaten ditugun zenbait gailu (flash memoriak, kanpoko disko gogorrak, telefono adimendunak) galdu eta bertan gordea dugun informazioa edonoren esku geldi daiteke. Gerta daiteke zenbait argazki txatxu besterik ez gordetzea gailu horietan. Edo benetan guretzat pribatu eta babestu beharreko informazioa eraman dezakegu bertan, inondik inora publiko egin ezin dena. Egoera horiek saihesteko, datuen enkriptazioa irtenbide ona izan daiteke.

Datuak enkriptatzeko orduan, gailuaren arabera hainbat aukera ditugu.

Mahai gaineko ordenagailuetan eta ordenagailu eramangarrietan, sistema eragileak gehienetan enkriptazio tresna propioak eskaintzen ditu. Microsoft Windows Vista eta Windows 7 sistema eragileetako bertsio jakin batzuetan, adibidez, BitLocker eskaintzen da. Tresna horiek ez dira libreak gehienetan, eta, horren ondorioz, ez dugu lana nola egiten duten jakiteko modurik. Zifratze software batek lana nola egiten duen jakiterik ez badugu, susma dezakegu zifratze software horrek datuak deszifratzeko modu bat ere eskain diezaiokeela defentsa edo segurtasun erakunderen bati. Iturburu kodea irekia duen software batek agerian uzten ditu bere zifratze metodoak. Beraz, azterketa bat egiteko gai den edonork beha dezake software horren lan egiteko modua, eta, printzipioz, haren algoritmo eta prozedurak publikoak direnez, haren zintzotasunaren gainean berme handiagoa izan dezakegu.

TrueCrypt da software libreak eskaintzen duen zifratze tresna ezagunenetako bat. Windows, Mac OS eta Linux sistema eragileetan erabil daiteke, eta doan eskaintzen da. TrueCrypt erabiliz, gure ordenagailuaren disko gogor osoa, zatiketa bat edo USB giltza bat zifratu dezakegu hainbat zifratze metodo erabiliz.

Beste gailu eramangarri batzuetan ere posible da datuen enkriptazioa burutzea. Apple enpresaren iPhone eta iPad tabletetan, haren tresna bat eskaintzen da datuak zifratzeko. Gailuaren ezarpenetan gaitzen da, eta datuen ezabaketa ere ezar daiteke hainbat aldiz pasahitz edo gako okerra sartzen bada. Android darabilten smartphone-etan ere bada enkriptatzeko aukerarik. Droid Crypt da ordainpeko aukeretako bat, eta WhisperCore betan —oraindik erabat amaitua ez dagoena— dagoen beste bat. Android darabilten tabletetan, 3.0 (Honeycomb) bertsiotik aurrera enkriptazio aukera propioa eskaintzen da. RIM enpresaren Blackberryek ere, Appleren gailuen moduan, beren enkriptazio tresna eskaintzen dute.

Ikusi dugunez, hainbat aukera dugu gure datuak enkriptatzeko orduan. Gure enkriptatzeko gakoak sortzerakoan, erasotzaile bati gauzak zailtzeko, inongo hiztegietan ez dagoen hitz luze eta korapilatsuren bat hautatzea komeni da: zenbaki eta letrak, maiuskula eta minuskulak nahasten dituena.

android, Aplikazioak, Internet, Sare sozialak eta Microblogging

Android telefono guztietarako Flipboard aplikazioaren bertsioa dago sarean

Flipboard iOS sistemetarako aplikazio berri bat da, oso erabilia da iPhone eta iPad telefono eta gailuetan eta oihartzun handia lortu du. Aplikazio honek aldizkari digital baten itxura du, diseinua izugarri zainduta dago eta oso erakargarria da. Adibidez, orriak pasatzearen efektua era eder batean lortu da.

Flipboardek iturri ezberdinetako albisteak eta artikuluak erakusten ditu eta gainera Facebook, Twitter, Google Reader, Flickr, Instapaper eta abarreko sare sozial eta web zerbitzuekin bateratu daiteke. Eduki eta sare sozialen eguneraketa guztiak leku bakar batetik eta aldizkari gisan ikusteko aukera eskaintzen du.

Hala, bada, Flipboard webgune ofizialean adierazten zen bezala, jakina zen iOS sistemetarako bertsioaz gain Android sistemetarako ere bertsio bat atera nahi zutela. Hasiera batean soilik Samsung Galaxy S III telefonorako egongo zen eskuragarri. Baina norbaitek Androiderako bertsioaren fitxategia eskuratu du eta sarean argitaratu du Android terminal guztietan instalatu eta erabili ahal izateko. Bertsio hau oraindik ofiziala ez denez, ez dago Google Play-n (lehengo Android Market), beraz, instalatzeko Internetetik deskargatu behar da probatu edo erabili nahi izanez gero. Hemen dago deskargatzeko aukera: http://forum.xda-developers.com/showthread.php?p=25866075#post25866075

Aplikazioak, Software Librea

Scribus: maketazioa software librean

scribus2Scribus, orrialdeak, dokumentuak, kartelak, triptikoak, liburuxkak, egunkariak, liburuak edo aldizkariak maketatzeko aplikazioa da. Halaber, PDF aurkezpenak eta formularioak ere sortu daitezke aplikazio honekin. Scribus software librea da eta debalde deskargatu daiteke webgunetik (http://www.scribus.net). Sistema eragile ezberdinetan erabil daiteke, MS Windows, Ubuntu zein GNU/Linux, Mac Os X eta OS/2 sistemetarako bertsioak daude. Honetaz gainera, norberarena ez den ordenagailua edo ordenagailu ezberdinak erabili behar dituzten erabiltzaileentzat bertsio eramangarria ere badago. Bertsio eramangarri hau USB memoria edo kanpo-disko gogor batean instalatu daiteke, adibidez, eta erabiltzaileak nahi duen ordenagailuan erabil dezake. Hori bai, bertsio eramangarria MS Windows sistemetan baino ezin da egikaritu.

Adobe InDisign, Microsoft Publisher, Adobe PageMaker edo QuarkXPress, esate baterako, izan ahal dira Scribusen parekideak software pribatuaren munduan.

Erabilera

Scribusek malgutasun handia eskaintzen du maketatze lanetan, hala ere, ez da batere zaila erabiltzen hastea eta ikastea. Lehenengo urratsak emanda zailtasun handirik gabe sortu ahal dira dokumentuak erabiltzailearen nahien arabera. Horregatik eta software librea izanda, oso egokia da hezkuntzan erabiltzeko, esate baterako.

Aplikazioa irekitzean dokumentu berria sortzeko laguntzailea azaltzen da, honela, era erraz batean aukera daitezke erabiltzaileak sortu nahi duen dokumentu motaren ezaugarriak. Aplikazioak, gainera, dokumentu mota ezberdinak sortzeko zenbait txantiloi eskaintzen ditu. Ondoren, dokumentu hutsean elementu mota ezberdinak gehitzen joan daitezke (testu elementuak, irudiak, formak, formulario elementuak, besteak beste). Elementu mota zein aukerarik erabilienak eskuragarri daude ikonoen bitartez tresna-barratik, baina menuan are aukera gehiago daude.

Elementuak kokatzeko eta lerrokatzeko oso erabilgarriak dira erregela horizontala eta bertikala. Baina hauetaz gain, orrialde-sareta konfiguratu eta erakuts daiteke eta erabiltzaileak puntu ezberdinetan gida bertikalak nahiz horizontalak sor ditzake.

Scribusek formatu ezberdinekin lan egin dezake, SVG (Bektore grafiko eskalakorrak), Open Document eta Open Office Draw fitxategiak, Post Script, Dia zein Kivio diagramak eta Adobe Ilustrator dokumentuak inportatu daitezke. Era berean, Scribuskin egindako dokumentuak PDF, SVG edo irudi bezala gorde daitezke. Irudi formatu asko onartzen ditu, haien artean ezagunenak eta erabilienak, jpg edo png bezala.

Scribus hainbat hizkuntzatan erabil daiteke, euskaraz, besteak beste eta Scribus erabiltzen ikasi nahi izanez gero euskarazko eskuliburuak ere badaude, IMHk egindakoaren modukoak, hona hemen eskuliburu honen helbidea: http://www.imh.es/dokumentazio-irekia/manualak/scribus-argitalpen-eta-maketaziorako-software-askea

Garapena

Scribus, software librearen munduan beste kasu askotan bezala, borondatezko talde handi batek garatua da. Berez, lantalde ofiziala Franz Schmid-ek, Peter Linnell-ek, Paul Johnson-ek, Craig Bradney-k, Petr Vanek-ek, Riku Leino-k, Craig Ringer-rek, Andreas Vox-ek eta Jean Ghali-k osatzen dute. Alabaina, laguntzaileen zerrenda luzeagoa da, lotura honetan ikus daitekeen bezala: http://wiki.scribus.net/canvas/Help:About_Contributors.

Plazaratutako azken bertsio egonkorra 1.4.1 da, hain zuzen ere, maiatzaren hasieran kaleratu zen. Egun, 1.5 bertsioan lan egiten ari da.

Scribus aplikazioaren lehenengo bertsioak 2001ean ezagutzera eman ziren, hala ere, lehenengo bertsio egonkorra 2003ko ekainera arte ez zen argitaratu, Scribus 1.0 izan zen, hain zuzen ere.

Scribus gehienbat C++ programazio lengoaian garatuta dago.