Scribus: maketazioa software librean

scribus2Scribus, orrialdeak, dokumentuak, kartelak, triptikoak, liburuxkak, egunkariak, liburuak edo aldizkariak maketatzeko aplikazioa da. Halaber, PDF aurkezpenak eta formularioak ere sortu daitezke aplikazio honekin. Scribus software librea da eta debalde deskargatu daiteke webgunetik (http://www.scribus.net). Sistema eragile ezberdinetan erabil daiteke, MS Windows, Ubuntu zein GNU/Linux, Mac Os X eta OS/2 sistemetarako bertsioak daude. Honetaz gainera, norberarena ez den ordenagailua edo ordenagailu ezberdinak erabili behar dituzten erabiltzaileentzat bertsio eramangarria ere badago. Bertsio eramangarri hau USB memoria edo kanpo-disko gogor batean instalatu daiteke, adibidez, eta erabiltzaileak nahi duen ordenagailuan erabil dezake. Hori bai, bertsio eramangarria MS Windows sistemetan baino ezin da egikaritu.

Adobe InDisign, Microsoft Publisher, Adobe PageMaker edo QuarkXPress, esate baterako, izan ahal dira Scribusen parekideak software pribatuaren munduan.

Erabilera

Scribusek malgutasun handia eskaintzen du maketatze lanetan, hala ere, ez da batere zaila erabiltzen hastea eta ikastea. Lehenengo urratsak emanda zailtasun handirik gabe sortu ahal dira dokumentuak erabiltzailearen nahien arabera. Horregatik eta software librea izanda, oso egokia da hezkuntzan erabiltzeko, esate baterako.

Aplikazioa irekitzean dokumentu berria sortzeko laguntzailea azaltzen da, honela, era erraz batean aukera daitezke erabiltzaileak sortu nahi duen dokumentu motaren ezaugarriak. Aplikazioak, gainera, dokumentu mota ezberdinak sortzeko zenbait txantiloi eskaintzen ditu. Ondoren, dokumentu hutsean elementu mota ezberdinak gehitzen joan daitezke (testu elementuak, irudiak, formak, formulario elementuak, besteak beste). Elementu mota zein aukerarik erabilienak eskuragarri daude ikonoen bitartez tresna-barratik, baina menuan are aukera gehiago daude.

Elementuak kokatzeko eta lerrokatzeko oso erabilgarriak dira erregela horizontala eta bertikala. Baina hauetaz gain, orrialde-sareta konfiguratu eta erakuts daiteke eta erabiltzaileak puntu ezberdinetan gida bertikalak nahiz horizontalak sor ditzake.

Scribusek formatu ezberdinekin lan egin dezake, SVG (Bektore grafiko eskalakorrak), Open Document eta Open Office Draw fitxategiak, Post Script, Dia zein Kivio diagramak eta Adobe Ilustrator dokumentuak inportatu daitezke. Era berean, Scribuskin egindako dokumentuak PDF, SVG edo irudi bezala gorde daitezke. Irudi formatu asko onartzen ditu, haien artean ezagunenak eta erabilienak, jpg edo png bezala.

Scribus hainbat hizkuntzatan erabil daiteke, euskaraz, besteak beste eta Scribus erabiltzen ikasi nahi izanez gero euskarazko eskuliburuak ere badaude, IMHk egindakoaren modukoak, hona hemen eskuliburu honen helbidea: http://www.imh.es/dokumentazio-irekia/manualak/scribus-argitalpen-eta-maketaziorako-software-askea

Garapena

Scribus, software librearen munduan beste kasu askotan bezala, borondatezko talde handi batek garatua da. Berez, lantalde ofiziala Franz Schmid-ek, Peter Linnell-ek, Paul Johnson-ek, Craig Bradney-k, Petr Vanek-ek, Riku Leino-k, Craig Ringer-rek, Andreas Vox-ek eta Jean Ghali-k osatzen dute. Alabaina, laguntzaileen zerrenda luzeagoa da, lotura honetan ikus daitekeen bezala: http://wiki.scribus.net/canvas/Help:About_Contributors.

Plazaratutako azken bertsio egonkorra 1.4.1 da, hain zuzen ere, maiatzaren hasieran kaleratu zen. Egun, 1.5 bertsioan lan egiten ari da.

Scribus aplikazioaren lehenengo bertsioak 2001ean ezagutzera eman ziren, hala ere, lehenengo bertsio egonkorra 2003ko ekainera arte ez zen argitaratu, Scribus 1.0 izan zen, hain zuzen ere.

Scribus gehienbat C++ programazio lengoaian garatuta dago.

One Response to Scribus: maketazioa software librean

  1. Honen harira e #GCurrents aldizkariak sortzen ikasteko liburua? http://bit.ly/KeFvEb Pedro Arreitunandia-k(‏@parreitu) aipatuta

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


*

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>