Hardware, Internet, kontzeptuak, lizentzia libreak, Sareak

‘Guifi.net': sare libre eta irekia

Telekomunikazio sare bat da Guifi.net. Azpiegitura libre, ireki eta neutrala da, eta hari gabeko konexioak erabiltzen dira gehienbat. Egun, 15.000 nodo edo erabiltzailetik gora ditu. Guifi.net sarea oso hedatua dago Katalunia eta Valentzian, eta apurka-apurka, beste zenbait lekutara ere zabaltzen ari da. Guifi.net erabiltzen dutenak norbanakoak, enpresa edo administrazio publikoak izan daitezke, eta erabiltzaile horiek guztiak dira era berean sare horren jabe. Licencia Procomún Inalámbrica izenez ezagutzen den lizentziak arautzen ditu sare libre horren erabilpen baldintzak.

Elkarren artean konektatzeko, antena bereziak erabiltzen ditu Guifi.net sareak

Elkarren artean konektatzeko, antena bereziak erabiltzen ditu Guifi.net sareak

Sare irekia da, eta haren konfigurazio eta xehetasun tekniko guztiak publikoak dira; beraz, erabiltzaileek sarea kudeatzeko eta garatzeko gaitasuna izan dezakete. Sarea ez dago enpresa baten menpe, eta erabiltzaileak berak sor dezake sarerako konexioa, edo enpresa instalatzaile bat kontrata dezake horretarako.

Sare askea da, ez baitago mugak jarriko dituenik. Esaterako, konexio abiaduran ez da mugarik jartzen, Internet operadore tradizionalek egiten duten bezala, eta ez da tarifa ezberdinik ezartzen kontratatzen den abiaduraren arabera.

Edukiekiko sare neutrala da: berdin-berdin garraiatzen da edozein informazio, dela bideoa, webgune bat edo telefono dei bat.

2004. urtean Kataluniako landagunean sortutako proiektua da, eta Internet hornitzaileek (ISP) alde batera utzita zeuzkaten lekuetan banda zabala eskaintzea zuen xede. Guifi.net ez da enpresa bat; interes komunak dituzten erabiltzaile talde batek sortu, osatu eta kudeatzen duen komunikazio sare bat da.

Guifi.net sarea osatzeko, supernodo gisa ezagutzen diren antena batzuk jartzen dira. Antena horiek wifi sare bat sortzen dute inguruan, eta etxeetatik supernodo horietara konektatzen diren beste antenatxo batzuk instalatzen dira —nodo gisa ezagutzen direnak—. Herritar, udaletxe edo auzo elkarteak dira konexiorako beharrezkoak diren gailu horiek erosi, instalatu, kudeatu eta mantentzearen arduradunak. Hasierako gastuari aurre egin ondoren, ez dago hileroko kuota ordaindu beharrik; doako konexioa lortzen da, eta egin beharreko gastu bakarra mantenuari dagokiona litzateke.

Zer zerbitzu eskaintzen ditu ‘Guifi.net’-ek?

Guifi.net ez da enpresa bat; sareko nodoak antolatzen dituen erakunde bat da, eta ez du bere kasa inongo zerbitzurik eskaintzen. Sare honetara konektatuta dauden enpresa edo norbanakoak dira sare hau zerbitzuz hornitzen dutenak. Etxean Internet sarbidea duenak zerbitzu hori eskain diezaieke beste erabiltzaile batzuei: esaterako, posible litzateke ohiko Internet hornitzaile batek eskaintzen duen Internet sarbide bakar bat baliatzea etxebizitza bateko bizilagun guztientzat; bizilagunak ados jarriz gero, konexio horren kostua denen artean ordainduko litzateke. Beste hainbat zerbitzu ere eskain daitezke sarean, esate baterako: webguneen ostalaritza, web bidezko irratia, telebista, erabiltzaileen arteko doako telefono deiak (VoIP erabiliz) eta beste hainbat zerbitzu.

Hiriburuetatik urrun dauden herrietan, arazoa izaten da Interneterako konexioa lortzeko garaian. Enpresa handiek ez dituzte errentagarri jotzen bizilagun gutxi batzuentzat zerbitzua eskaintzeko orduan egin beharreko inbertsioak, eta, horrela, hainbat herritar informazio teknologiak eskuratu ezinik gelditzen dira. Herri horietako udaletxe batzuek, Internet sarbidea eskubide unibertsala dela ulertuta, herritarrei sarerako konexioa eskaintzearen alde egiten dute, eta batzuek Guifi.net sarean aurkitu dute modu erraz eta jasangarrian euren egitasmoa aurrera eramateko modua. Adibidez, Nafarroako Txulapain bailaran, hamahiru herritako hainbat gune konektatu dira bertako herritarrei administrazio elektroniko, komunikazio telefoniko eta osasun arloko telelaguntza zerbitzuak eskaintzeko.

Euskal Herrian ere bada sare hau hedatu nahi duenik ere, eta egitasmoaren berri emateko, honako webgune hau zabaldu dute: http://euskalherria.guifi.net/.

HTML5, Internet, Mugikorrak

Bartzelonako Mobile World Congress

Sakelako telefonoen eta tableten azoka egiten ari dira egunotan Bartzelonan. Astelehenean zabaldu zuten, eta bihar arte izango da teknologia arlo horretako berrikuntzak ezagutzeko aukera. Hiru dira faltan sumatzen diren enpresa handiak: Microsoft, Intel eta Apple.

Microsoft eta Intel, sakelakoen munduan atzean gelditzen ari direlako; eta Apple, berriz, egin ohi duen bezala, bere kongresu eta festa propioak antolatzen dituelako.

Sakelakoak ekoizten dituzten etxe guztiek aurkeztu dituzten gailu berriek —Nokiak salbu— Android darabilte sistema eragile moduan. Microsoft atzean gelditu da bere sistema eragilea sakelakoetan txertatzeko norgehiagokan, eta, oraingoz, Nokia da bere sistema propioa (Symbian) alde batera utzita Microsoftena sartu duena telefonoetan. Sakelako horien bihotzetan, gehienetan ere Qualcomm edo Nvidia etxeko prozesadoreak aurki daitezke, Intelenak alboratuta.

Kongresuan egin den aurkezpen deigarrietako bat Telefonica eta Mozillarena da. Smartphone merkeak sortu nahi dituzte, herrialde txiroetan saltzeko. HTML5 oinarri duten aplikazioak garatuko dituzte, eta, horrela, gailuen eskakizun teknikoak asko arindu nahi dituzte.

Internet

Hopper, oso webgune erraza fitxategiak partekatzeko

Hopper fitxategiak partekatzeko on-line zerbitzua da. Zerbitzu honek oso era erraz batean fitxategiak, irudiak edo loturak partekatzea ahalbidetzen du. Zerbitzua erabiltzeko helbide honetara joan daiteke: http://gethopper.com. Izena eman behar gabe eta saioa hasi behar gabe, nahi diren irudiak edo fitxategiak arrastatu ahal dira webgunean horretarako prestatuta dagoen lekura edo nahi den fitxategia kopiatzeko Ctrl+C eta Ctrl+V egin daiteke webgunean bertan itsasteko.

Behin fitxategia igota url edo internet helbide publiko bat kopiatzeko aukera ematen du. Helbide horrekin, nahi duenak deskarga dezake fitxategia.

Izena ematea beharrezkoa ez bada ere, aplikazioan izena eman eta ondoren erabiltzaile bezala saioa has daiteke, horrela igotako fitxategiak edonondik ikusiko ditu erabiltzaileak.

Benetan webgune erraza da, itxura aldetik oso atsegina da eta kasu askotan erabilgarria ere bai. Beraz, pena merezi du tartetxo batean gainbegiratzeak.