Multimedia

Bideoekin lan egiteko aukera libreak

bideo edizioaArgazkiekin batera, bideoen bitartez gordetzen dira norberaren bizitzaren oroitzapen garrantzitsuenak, umeen lehenengo urratsak, bidai ederrak, sendiarekin izandako bizipenak, lagunekin bizi izandako une bereziak edo dibertigarriak. Halaber eta asmo “serio” edo “hotzagoekin” arlo profesionalean bideoa asko erabiltzen den formatua da. Enpresaren aurkezpena, produktu edo proiektu berezi baten aurkezpena, helburu didaktikodun bideoak, besteak beste. Bideoak besterik gabe grabatu daitezke eta lana hortxe bukatuko litzateke, baina, argazkien kasuan bezala, edizioarekin beti lor daiteke lan txukunago bat eta ukitu pertsonalago bat eman dakioke.

Bideo-edizioa, argazki-edizioa bezala, lan neketsua eta konplexua izan daiteke, honetarako arlo horretan diharduten profesionalak daude. Baina, hobekuntza eta aldaketa batzuk egitea edonoren esku dago, batez ere horretarako aplikazio libre anitz daudenean.

VirtualDub

VirtualDub bideoak kapturatzeko eta editatzeko baliabide doakoa da. MS Windows sistemetarako garatuta dago eta sistema eragile honen bertsio gehienetan egikari daiteke. Gainera, bertsio eramangarria ere badauka aplikazio honek, beraz, USB memoria batean eraman daiteke edozein ordenagailutan erabili ahal izateko, beti MS Windows sistema batean, hori bai. Aplikazioaren webgunea http://www.virtualdub.org da, bertan dago dokumentazio osoa ingelesez eta aplikazioa deskargatzeko aukera. Aplikazioa bera ere ingelesez dago. Bertsio eramangarria hemendik deskargatu daiteke: http://portableapps.com/apps/music_video/virtualdub_portable.

Avidemux

Avidemux ere bideoak editatzeko aplikazio doakoa da, MS Windows, GNU/Linux eta Mac OS X sistemetarako bertsioak jaitsi daitezke. Audio eta bideo formatu anitzekin lan egin dateke aplikazio honen bitartez. Erabiltzaile batzuek VirtualDubekin antzekotasun handia aurkitzen diote, hala ere, Avidemux erabiltzea errazagoa suerta daiteke. Hona hemen deskargatzeko webgunea: http://avidemux.berlios.de/download.html.

GNU/Linux sistema eragilean

Avidemux ere GNU/Linux sistemetan erabil badaiteke ere, Ubuntun eta GNU/Linux sisteman orokorrean, Cinelarra, Kino edo KDEnlive aplikazioak ezagunagoak dira. Aplikazio hauek pakete biltegitik deskargatu daitezke Ubuntu eta GNU/Linux bertsio gehienetan. Hala ere, proiektu bakoitzari buruzko informazioa lortzeko edo eskuz deskargatzeko, hona hemen hurrenez hurren aplikazio bakoitzaren webguneak: http://cinelerra.org, http://kinodv.org eta http://www.kdenlive.org.

KDEnlive Mac Os X sistemetan ere erabil daiteke.

Formatuen arteko bihurketak egitea

Batzuetan, erreproduzgailu batean edo bestean ikusteko, edo bideoa txikitzeko, formatuz aldatu behar da. Hala, bada, bideoa editatzeko helburu bakarra formatuz aldatzea besterik ez bada, aurrekoak baino aplikazio sinpleagoak erabil daitezke. Izan ere, badaude aplikazio batzuk bideo formatuen arteko bihurketak egitera soilik bideratuta eta normalean, bideoak editatzeko aplikazioak baino txikiagoak eta errazagoak dira. Horren adibide bat, WinFF aplikazioa da. Aurrekoak bezala, aplikazio librea eta doakoa da. MS Windows eta Ubuntu zein GNU/Linux banaketa ezberdinetarako paketeak daude. Aplikazio eramangarri bat ere deskargatu daiteke. Hau da aplikazioa deskargatzeko helbidea: http://winff.org/html_new/downloads.html.

Bideoekin lan egiteko beste aplikazio interesgarriak

Kinovea aplikazioak bideo sekuentzia bat kamara geldoan ikusteko eta aztertzeko aukera eskaintzen du. Era berean, puntu gako eta garrantzitsuak bereiztea eta marrazkiak zein oharrak txertatzea ahalbidetzen du. MS Windows sistemetan erabil daiteke eta http://www.kinovea.org webgunetik deskargatu daiteke. Aplikazio hau oso baliagarria izan daiteke entrenatzaileentzat eta kirolarientzat zein bideoen bitartez kontzeptuak irakatsi behar diren profesionalentzat, medikuak, esate baterako.

Bestetik, CamStudio aplikazioaren bitartez ordenagailuaren pantaila graba daiteke, audioa zein bideoa. Bideoak Flash edo AVI formatuetan sor daitezke. MS Windows sistemetan erabiltzeko prestatuta dago eta hemendik deskargatu daiteke: http://camstudio.org/.

elkarlana, Euskara, Internet

Ikus-entzunezkoak laguntzeko

Azpidatziak film, telebista programa edo bideo jokoetan agertzen diren elkarrizketen testu bertsioak dira, eta, gehienetan, irudiaren azpialdean agertzen dira. Atzerriko hizkuntza batean ematen den elkarrizketa baten testu itzulpena izan daiteke, baina baita elkarrizketaren hizkuntza berean eskaintzen den testu bertsioa ere. Hainbat erabilera dute azpidatziek: entzumen arazoak dituzten pertsonen ulermenerako laguntza gisa; atzerriko hizkuntza batean ematen diren elkarrizketak norberak bere hizkuntzan irakurri eta ulertzeko; edo jatorrizko hizkuntzari dagokion testuaren kasuan, hizkuntza horren ikasketa metodo gisa ere erabil daitezke.azpidatziak

Herrialde batzuetan, film eta bideoen bikoizketaren ordez, oso zabaldua dago azpidatzien erabilera; beste batzuetan —Alemania, Frantzia, Espainia eta Italia kasu— bikoizketa hobesten da. Itzulpen metodorik merkeenetakoa da, eta, ezaguna denez, azpidatziak ohikoak diren herrialdeetan bizi direnek atzerriko hizkuntzetan trebetasun handiagoa izaten dute.

Filmak euskaraz azpidatziak ikusteko programa bat jarri da berriki martxan: Filmazpit. Filmazpit Eusko Jaurlaritzak, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren Euskara Sustatzeko Zuzendaritzak, finantzatutako zinema zabaltzeko programa da, eta instituzio, udaletxe, kultur eragile edo ikasketa zentroentzat proiekzio materialak eskaintzen ditu, batetik; eta, bestetik, Filmazpit webgunean, eskaintzen diren pelikulen azpidatzi fitxategiak lor daitezke.

Etxean ditugun DVD edo saretik lortu diren pelikulak euskarazko azpidatziekin ikusi nahi baditugu, ezinbesteko erreferentzia dugu Azpitituluak webgunea. Bertan, filmak euskarazko azpidatziekin sortu eta ikusteko prozesu guztia azaltzen da xehetasun handiarekin: fitxategiak lortzea, euskaratzea, sinkronizatzea eta bistaratzea. Bertatik hartutako azalpenak plazaratuko ditugu ondorengo lerroetan.

Azpidatziak sortzeko pausoak

Pelikula edo bideoari dagokion fitxategia lortu beharko dugu lehenik, ordenagailuan jogailu batek erreproduzitu dezakeen fitxategia, hain zuzen ere. Etxean dugun DVD batetik erauzi dezakegu bideo fitxategia edo Interneten bilatu beharko dugu eMule edo halako aplikazioren bat erabiliz, P2P sareetan. Bideo fitxategia eskuratuta, ondoren, azpidatziak dituen fitxategia lortu beharko dugu, berriz ere DVDtik erauziz edo saretik eskuratuz.

Azpidatzi fitxategien hainbat formatu dago, eta horien artean, ezagunenetakoa SRT (Subrip) formatua da. Fitxategi horietan, denbora tarte bakoitzean zein testu erakutsi behar den zehazten da fitxategi lau batean.

Lortutako azpidatzi fitxategia gazteleraz, frantsesez edo ingelesez egonda, berau itzultzeko, testu editore arrunt bat erabili beharko dugu. Testu editorearekin, jatorrizko testuak itzulitako testuarekin ordeztuko ditugu.

Baliteke gure bideo eta azpidatzi fitxategiak sinkronizaturik ez egotea, hau da, elkarrizketa bat entzuten denean, esaten den horren itzulpena ez agertzea behar den momentu justuan. Arazo horiek konpontzeko ere baditugu eskura hainbat aplikazio libre, Windows, Linux edo Mac sistema eragileetan erabil ditzakegunak.

Azkenik, aurreko lanak burutu ondoren, bi fitxategiak (bideoa eta azpidatziak) eskura ditugula, ordenagailuan VLC edo halako bideo jogailu bat erabiliz, edo etxeko telebistari lotutako multimedia erreproduzigailu bat erabiliz, euskarazko azpidatziak dituen filma ikusteko moduan izango gara.

Azpidatziak sortzearen inguruan bitxikeria tekniko guztiak azaltzeaz gain, partzialki edo erabat euskaratuta dauden hainbat filmaren azpidatzi fitxategi biltegia ere bada, eta, fitxategiarekin batera, filmaren fitxa bat ere eskaintzen da.

Hardware

Hemeretzi euroko ordenagailua

Erresuma Batuko Raspberry Pi fundazioak 19 euroko prezioa duen ordenagailua merkaturatu nahi du. Proiektuaren sortzaile den Eben Uptonek dioenez, azken urte hauetan, Cambridge Unibertsitateko Konputazio ikasleek gaitasunak galdu dituzte, ordenagailuekin esperimentatzeko aukerak behera egin duelako.

Ordenagailuen kostuak gora egin du lehen Spectrum eta Commodoreak agertu ziren garaietatik; eta, horrekin, esperimentatzeko aukerak murriztu egin dira, Ebenen aburuz. Esperimentazioa sustatzeko asmotan sortu dute ordenagailu berri hori, beraz.

Ordenagailu horrek ez du ez pantaila, ez eta karkasarik ere. 128 megako RAM memoriaz eta ARM prozesadore batez hornitua dago, eta SD txartel batean kargatu behar zaio sistema eragilea. Software librearen alde egiten dute plaka horren egileek, eta Linux banaketa bat instalatzea gomendatzen dute. Ordenagailuaren lehen 10.000 aleak Txinan fabrikatu dituzte; eta, oraingoz, berau erosteko, fundazioaren webgunera jo behar da.

Bi modelo jarriko dituzte salgai: lehendabizikoak, lehen esan bezala, 128 Mb RAM ditu, USB ataka bat eta ez du Ethernet konexiorik onartzen; bigarrenak, aldiz, 256 Mb RAM ditu, bi USB ataka eta Ethernet konexioa.

@Informazio gehiago bildu nahi izanez gero, bisitatu webgune hau: http://www.raspberrypi.org/