Multimedia

Audio Formatuak

audioa3Ez da lehenengo aldia Zibergelan multimedia formatuen gaia agertzen denik, aurreko ale batean ere irudien formatuei buruzko gaia jorratu zen, hona hemen lotura: http://zibergela.bitarlan.net/2010/04/27/irudi-formatuak/. Kasu horretan irudien formatuena gai nagusia izan bazen, oraingo honetan audio formatu ezberdinak aipatuko dira.

MP3

Audio formatuak aipatzen direnean, ordenagailuan edo edozein gailu digitaletan musika entzuten duen edozein erabiltzaileri MP3 etorriko zaio burura. Izan ere, formatu hau, audio formatuen artean ezagunenetarikoa da. MP3 bezala ezagunagoa bada ere, bere izen teknikoa MPEG-1 Audio Layer III da. Formatu honek audio fitxategiak konprimitzea ahalbidetzen du, kalitate galera ekartzen badu ere.

Moving Picture Experts Group-ek (MPEG) sortu zuen bideo-formatuan audioa kodifikatzeko 1995ean. Garai horretan, formatu honek ospe handia lortu zuen eta azkar hedatu zen, batez ere, Internet erabiltzaileen artean. Izan ere, hain konpresio handiari esker audio-fitxategien trukea Interneten bidez egitea ahalbidetu zuelako. Adibide gisa, konprimitu gabeko abesti batek 56 MB baditu, 5 MB baino gutxiagoko tamaina izan lezake formatu honen bidez konprimitu ostean. Hala bada, Interneteko banda zabala gaur egun bezain hedatuta ez zegoenean, Interneten bidez audio-fitxategiak trukatzeko bide bakarra bihurtu zen, pazientzia edo burua galdu gabe, behintzat.

Bistan denez, MP3 formatuak hamar aldiz baino gehiago konprimi lezake audio fitxategi bat, informazio galera ekartzen badu ere, kalitate maila handiari eusteko gauza da algoritmoa. “Trukua” giza belarriak entzuten ez duen informazioa kentzea da, hau da, giza belarriak entzuten ez dituen frekuentzietako uhinen informazioa. Dena dela, kalitate-galera handiagoa edo txikiagoa izango da konprimitzeko aukeratzen den kalitate-mailaren arabera.

Gaur egun, Interneten ez ezik, musika entzuteko gailu guztietan ere oso erabilia da MP3 formatua. Hain zuzen ere, audio-formatu hau erabiliena da oraindik. Hala ere, konpresio-gaitasun berberarekin kalitate berdina edo handiagoa eskaintzen duten beste formatu batzuk ere aurkitu daitezke gaur egun, adibidez, Windows Media Audio eta Ogg Vorbis;

OGG

Ogg, adibidez, ez dauka patenterik, audio-formatu libre bat da. Formatu honetako fitxategiei .ogg fitxategi-luzapena ematen zaie, eta Ogg proiektu multimediaren barnean dago, non audio eta bideo formatuak biltzen diren.

Malgutasun handia dago kalitate ezberdinetan konprimitzeko, mp3 formatuaren kasuaren antzera. Adibidez, konpresio-maila baxua aukeratuz gero musika fitxategi bat kalitate handian gorde daiteke, eta, hainbesteko kalitaterik behar ez duen telefono bidezko elkarrizketa bat asko konprimitu daiteke konpresio-maila handituz.

WMA

Berdin gertatzen da Windows Media Audio-rekin ere, nahiz eta dagoeneko galerarik gabe konprimitzeko aukera garatu duten. Formatu honen jabetza Microsoftek du, eta, Ogg Vorbis-ek ez bezala, audio-fitxategien erabilera mugatzeko bide bat eskaintzen du. Hau da, sistema batean sortutako audioa beste sistemetan erabiltzea galarazteko aukera ematen du.

WAV

Wave Audio Format, aurrekoak ez bezala, konpresiorik gabeko formatua da. WAV izenarekin da ezagunagoa, hori delako formatu honi dagokion fitxategi-luzapena. Konpresiorik gabeko audio-formatua denez, ez du kalitate-galerarik, baina mota honetako audio-fitxategiek tamaina handia izaten dute. Abesti arrunt batek ia 50 MB izan dezake, esaterako. Grabaketa-minutu bakoitzeko, 5 megabyte inguru behar du. Horrez gain, tamainaren aldetik muga bat dauka: 4 gigabyte baino handiagoko audiorik ezin da gorde; 6 ordu eta erdi inguru, alegia. WAV formatuaren jabetza Microsoft eta IBMrena da.

Ubuntu

Ubuntuk tabletak, telefonoak eta telebistak nahi ditu

Ubuntu, ordenagailuetan dagoen Linux banaketa da. Ordenagailuen mundutik salto egin eta pastelaren beste zati batzuk ere nahi ditu Ubuntuk: tabletak, telefono aurreratuak eta telebista.

Mark Suttleworth, Ubunturen fundatzaileak horren berri eman du Orlandon egin den Ubuntu Developer Summit ekitaldian.

Ordenagailuetatik kanpo, Windows 8, Apple-ren iOS eta Android sistema eragilea dira protagonista nagusiak, eta horiekin lehiatu nahi du Shuttleworthek —androidekin nagusiki— software librean oinarritutako sistema eskainiz.

2012. urteko apirilean agertuko da Ubunturen bertsio berria, 12.04 delakoa, eta dispositibo berri horietarako ere prest izanen da. Ubunturen atzean dago Canonical enpresa, eta, printzipioz, softwarea garatzeari ekingo dio bakarrik, eta hardwarea alde batera utziko du. Ez du Google eta Applek bezala bere telefono propioa ekoiztuko.

Ubuntu sistemarako aplikazioak garatzen dituzten programatzaileentzat, berri hona da hori.

Badirudi, mahai gaineko aplikazio horiek gailu berrietara esportatzeko aukera egongo dela.

Eta hori horrela baldin bada, Ubuntu darabilten telefono tableta eta telebistek aplikazio sorta handiarekin hasiko dute beren ibilbidea.

Internet, kontzeptuak, web semantikoa

Web Semantikoa

Gaur egun ezagutzen dugun Internet 1990. urte inguruan jaio zen Suitzan dagoen CERN laborategian. Sir Tim Bernes-Lee ikertzaileak eta haren lantaldeak web orriak sortzeko erabiltzen den HTML etiketa lengoaia asmatu zuten, baita gure nabigatzaileek zerbitzariei eskakizunak eta erantzunak bidaltzeko erabiltzen duten protokoloa ere, HTTP protokoloa, hain zuzen.

HTML etiketa erabiltzen da hizkuntza testu baten estruktura, bertan dauden elementuen itxura eta beste testu batzuekin duen harremana (loturak) adierazteko. Etiketak aplikatzeko modua sinplea da: itxuratu nahi den testu zatia inguratuz, hasiera (<etiketa>) eta amaiera (</etiketa>) markak erabiliz. Testu baten atal bat letra etzanean edo letra lodian erakutsi nahi badugu, horretarako propio sortutako etiketak erabili beharko ditugu, esaterako, <em> eta <strong>. Adibiderako balio dezakeen testu bat horrela geratuko litzateke: <em>etzanean</em> eta <strong>lodian</strong> erakutsiko da.

HTML lengoaiak proposatzen dituen etiketa gehienek, ordea, ezer gutxi adierazten dute testuaren edukiari buruz. Gure nabigatzaileek web orriak itxura egokian erakusteko pentsatutako etiketa multzoa da HTML hizkuntza, eta ez edukien esanahia deskribatzeko hizkuntza bat. Etiketa horiek ez dute balio, esaterako, web orri batek gertakizun, batzar edo auto baten berri ematen duen adierazteko.

Hori horrela bada, nola lortzen dute google, yahoo, bing, elebila eta horrelako web orri bilatzaileek gure galderei erantzutea? Bilatzaile horiek guztiak, web orriak arakatzen eta irakurtzen dituzten robotak erabiltzen dituzte, eta bot deritze — Googleren arakatzaile edo bot-a googlebot da, eta Microsoftena, berriz, msnbot —. Arakatzaile horiek web orri batean dauden hitz guztiak banan-banan irakurri eta indexatzen dituzte, eta, horrela, gure bilatzaileari bizikleta eskatzen badiogu, arakatzaileak hitz horrentzat bere indizeetan dituen web orriak eskainiko dizkigu. Dokumentu edo orri batean bizikleta hitza maiztasun handiarekin agertzen bada, eta beste orri askotatik bertara joateko loturak badaude, orri hori, bilatzaileak eskaintzen duen emaitza zerrendan, goialdean agertuko da. Lehen postuan agertzeko lehia bizia egoten da, eta hainbat enpresak eskaintzen dute SEO (Search Engine Optimization) zerbitzua, hau da, webgune bat arakatzaileentzat gustagarriago egiten eta ondorioz bilaketetan postu onetan agertzea eskaintzen duen zerbitzua.

Web arakatzaile eta bilatzaileek nola lan egiten duten jakinda, erraz uler daiteke zergatik bilatzaileek batzuetan ez duten ondo ulertzen guk galdetutakoa. Eibar bizikleta testua bilatzen badugu, Eibarren antolatutako bizikleta lasterketa baten berri edo Eibarren salgai dagoen bizikleta bat erakutsiko dit bilatzaileak. Eta horren guztiaren arrazoia, lehen aipatu bezala, bilatzaileek ezin dutela web orrien semantika arakatu.

HTML hizkuntzak dituen muga horiek gainditu eta bot horiei lanak errazteko, Internet gidatzen duen W3C kontsortzioan web semantikoaren alorrean lanean dabil Tim Bernes-Lee bera. Hasierako akatsak zuzentze aldera, web orri baten edukia zein den azaltzeko balioko duen teknologia eta etiketa multzoa garatzen ari dira. Etiketa berri batzuen bidez, posible izango da rock talde baten berri ematen den orri batean, talde horren fitxa moduko bat txertatzea. Fitxa horretan, taldearen izena, sortze data, jotzen duen musika estiloa, jatorria edo musikariak nortzuk diren zehaztu ahal izango da. Arakatzaileak horrelako informazioa irakurtzeko gai direnean, posible izango da horrelako zerbait galdetzea: esan iezadazu zein musika talde sortu den Altsasun 2000. eta 2005. urteen artean. Bizikleta bat erosi nahi badugu, web bilaketa bat eginda, hainbat dendatan eskaintzen den prezioaren berri izatea ere errazago izanen da, eta salneurri edo dendarekiko hurbiltasunaren arabera ordenatu ahal izango dira emaitzak.

Oraingoz, Web 3.0 izena ere baduen horretaz gozatzeko apur bat itxoin beharko dugu, baina badirudi etorkizuna web semantikora begira dagoela.