Aplikazioak, ebook, Internet, Multimedia

24symbols: liburu digitalak sarean

Komunikabideetan bolo-bolo dabilen ekimena da 24symbols. Horrela definitzen dute euren burua: liburu digitalak Interneten irakurtzeko plataforma, lagunekin eta harpidetza eredu bat eskaintzen duena. Sarean, liburuen spotify gisa da ezaguna. Spotifyk musikarekin egiten duen bezala, bi eredu proposatzen ditu 24symbolsek: bata doakoa, eta bigarrena ordainpekoa. Batak zein besteak oinarrizko zerbitzuak eskaintzen dituzte: gure gailutan irakurri ahal izatea, laster-markak egiteko aukera, eta gure lagunek testu bati egindako iruzkinak ikusteko ahalmena. Diferentzia, Spotifyn bezala, iragarkiak txertatzean dago; doako bertsioan iragarkiak erakutsiko dira, eta ordainpekoan, ez.

Gailuei dagokienez, ordenagailu, tableta naiz sakelako telefonoetatik irakurtzea posible izango da, Internet konexioa eta nabigatzaile bat dira beharrezko baldintza bakarrak. Testu eta liburuak hodeian daude osatuak, eta beraien deskarga ez da posible izango.

Badirudi horrelako ekimen baten arrakasta eskaintzen dituen liburuen kalitate eta kopuruaren araberakoa dela. Argitaletxeekin lanean dabiltza 24sybolsekoak, ahal den eskaintza oparoena osatzeko.

Ekainaren 30ean alboratuko dute orain arte darabilten gonbidapen sarrera sistema, eta edonork izango du bertan izena eman eta liburuak irakurtzeko aukera, ordainpeko harpidetzaz edo musu truk.

Internet, kontzeptuak, Sareak

Norena da Internet?

Internet hainbat sare mota elkar konektatzen dituen sare logiko izugarri bat da. Babeleko dorrea balitz bezala, sare ezberdinek hizkuntza propioak erabiltzen dituzten arren, guztiek elkar komunikatzeko lengoaia komun bat erabiltzen da: TCP/IP gisa ezagutzen den protokolo sorta. 1969. urtean egin ziren Ameriketako Estatu Batuetan ordenagailuen arteko lehen konexioak, eta sortu zen sareari Arpanet izena jarri zioten.

Internet sarearen gainean sortutako zerbitzu arrakastatsuena World Wide Web edo www gisa ezagutzen duguna da. 1989. urte inguruan sortu zuten, Genevako CERNen, Tim Berners-Lee ingelesak eta Robert Cailliau belgiarrak.

Internet osatzen duten elementu guztiak konektatu ahal izateko, router, satelite, hari eta beste gailu batzuez osatutako izugarrizko azpiegitura dago. Hariek estatuak zeharkatzen dituzte, azken muturrean dauden lurraldeak ere elkar konektatzeko. Pieza txikiz osatutako erraldoi baten gisa irudikatu daiteke Internet.

Ba al du Internetek jaberik?

Galdera honi bi erantzun posible eman diezaizkiokegu: inor ez, edo jende enpresa asko. Lehen aipatu dugun erraldoiari erreparatzen badiogu, inor ez da Internet oso horren jabe; badira Interneten egitura eta arauak ezartzen dituzten erakundeak, baina ez dute Interneten inongo jabetzarik.

Internet jende askorena dela ere esan dugu, milaka pertsona eta talderena. Hainbat atalez osatuta dago Internet, eta pieza horiek guztiek bere jabea dute. Egitura fisiko edo bizkarrezurra, hasiera batean Arpanet izenez ezagutzen zena, hainbat konpainiaren eskuetan dago, hala nola: Verizon, AT & T, Qwest, Sprint edo IBM bera. Internet erabiltzen dugun bakoitzean, gure informazioak konpainia horiek jarritako hari eta zirkuituak zeharkatzen ditu. Internet erabiltzaileen eskura jartzen duten enpresak ere hor dira, ADSL edo zuntz optikoa eskainiz, eta azken enpresa horiek sare fisikoaren jabeekin egiten dituzte erabilera eta negozio hitzarmenak.

Nork antolatzen du Internet?

Inor ez bada Internet osoaren jabe, nork antolatzen du sarea, nork ezartzen ditu arauak? Internet osatzen duen sistema ezberdinen lingua franca TCP/IP protokolo familia da, eta, Internet garatzen joan den heinean, protokoloa ere aldatuz joan da. Protokoloaren aldaketak eta azpiegitura gainbegiratzeko, hainbat taldek egiten dute lan: Internet Society (ISOC) delakoak estandarrak garatzen ditu; Internet Engineering Task Force (IETF) delakoak, dituen lan talde ezberdinen bidez, azpiegitura eta estandarren diseinuan egiten du lan; eta azkenik, ICANN erakundea Interneten erabiltzen ditugun izenen kudeaketaren arduraduna da.

Sarearen neutraltasuna

Sare osoaren jabetza duen enpresa edo talderik ez badago ere, hainbat enpresa Interneten alor jakin batzuen jabe dira. Interneten bizkarrezurra diren harien jabetza, esaterako, ez dago enpresa askoren eskutan, eta sarearen neutraltasuna kolokan egon daitekeela pentsatzea zilegi da. Sare neutraltasuna printzipio bat da, zeinetan informazioaren joan-etorria ez den baldintzatzen garraiatzen den edukiaren arabera. Askorentzat hori da Interneten balio nagusiena: berdin da Amazon moduko enpresa bat izan, edo norbanako xume bat; biek eskaintzen dituzten edukiak berdin-berdin zerbitzatu eta garraiatuko dira informazio hori eskatu duen gailura.

Dena den, ugariak dira neutraltasun hori kolokan jartzen duten jokabideak. Adibide gisa: Txinak hainbat eduki zentsuratzen ditu; sakelako telefonoen enpresa askok, ahotsa datu bidez garraiatzen dituzten aplikazioak (skype kasu) debekatu edo oztopatzen dituzte; Telefonica eta beste operadore batzuek Googlek lortzen dituen mozkinen parte bat nahi dute, eta, presio moduan, YouTubek eskaintzen dituen edukiak modu geldiagoan zerbitzatzen dituzte.

Horren guztiaren aurrean, guifi.net gisako ekimenak benetako sare neutrala aldarrikatu eta eratzen doaz.

Google

Googlek murriztuko du Google Appserako erabiltzaile doako kopurua

GoogleApps1Google Apps-en bitartez, Google zerbitzuak enpresa edo entitate bezala erabiltzea posiblea da, bideo honetan azaltzen den bezala: http://www.youtube.com/watch?v=kJT3pagjd8s. Horrela, enpresa batek erakundeko erabiltzaile ezberdinak sortu ahal ditu domeinu bakar baten azpitik, esaterako. Erabiltzaile hauek, Gmail erabili ahal dute enpresaren domeinuarekin, hala nola Google Docs, Google Calendar edo Googleren bestelako zerbitzuak.

Orain arte, entitate batek 50 erabiltzaile sortu ahal zituen Google Apps dohainik erabilita. Baina Googlek Google Appsen debalde eskaintzen diren erabiltzaile kopurua murriztea erabaki du eta maiatzaren 10etik aurrera, soilik 10 erabiltzaile sortu ahal izango dira ordaindu gabe. Aste honetan, Googlek murrizketa honen berri eman die Google App erabiltzen dutenei posta elektronikoren bidez.

Maiatzaren 10era arte sortutako erabiltzaileengan murrizketa honek ez du eraginik izango eta orain arte bezala erabiltzen jarraitu ahal izango dira. Beraz, jada dauden kontuak sortu zirenetik eta zerbitzuak erabiltzen hasi zirenean zeuden baldintzak mantenduko dira.

Hezkuntza entitateek eta gobernuz kanpoko erakundeek, orain arte bezala, debalde erabili ahal izango dute zerbitzu hau eta beraz, neurri honek ez du izango eraginik kasu hauetan.