Vine, bideo motzen erakuslehioa

vine-video-service-now-works-on-androidAldi berean presaka bizi eta eduki asko kontsumitu nahi duen gizartean, mezu laburrak partekatzeko sare sozialek edo microblogging deituek erabateko arrakasta izan dute. Twitter da guztietan adierazgarriena, 140 karaktere erabiliz esaldi motzak lau haizeetara zabaltzeko; Instapaper eta antzekorik ere badago, jendeak gehienbat otorduen argazkiak erakusteko erabiltzen duen irudien sare soziala. Gaurko proposamena ere jarraitzaile sutsuak batzen hasi da, era berean, sei segundoko bideoak partekatzeko balio duen Vine izeneko bilgunea.

Twitterrek erosi zuen Vine, iOS euskarrietan AEBetan izandako arrakastaren ildotik. Orain, plataforma gehiagotara zabaltzeko asmoz, App Store-z gain, eskuragarri jarri dute Google Play dendan Android 4.0 Ice Cream Sandwich eta ondorengoentzat ere. Bertsio horren ezarpen bereizgarri gisa, itxura eguneratzeko aukera ez ezik, bideoak ikustean zoom egiteko aukera ere badago.

Microblogging txiolariaren arduradunek ez dute alferrik galdu bi sareak integratzeko aukera, eta saioa hastea erraztu dute bide batez: posta elektroniko bidezko sarbidea berbera da, baina, nahiago bada, Twitterreko kontua balia daiteke erabiltzen hasteko.

Bestela, sare sozialen pautei jarraitzen die Vine-k, hamaikagarren aldiz: erabiltzaileei jarraitzea, iruzkinak egitea, edo gustukoa dena nabarmentzea posible da. Funtzionamenduak ez dauka misteriorik, eta grabazioa aurrera doa pantaila ukitzen den artean, nahi diren mozketak eta plano aldaketak egiteko hatza altxatze hutsarekin. Ondoren, bideoari izena ezarri, etiketak jarri, eta, partekatuko den gainerako sareak hautatu ostean, publikatu egingo da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


*

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>