Google

Egunkarien digitalizazioa bertan behera utzi du Googlek

Googlek munduko hainbat egunkariren hemeroteka digitalizatzeko zuen asmoa bertan behera utzi du. 2008. urtean martxan jarritako asmoa zen, eta mila bat egunkariren digitalizazioa zegoen aurreikusia.

Ameriketako enpresaren esanetan, digitalizatutako berrien izenburuak internauten eskura izaten jarraituko du, baina ez berrien edukiak. Google News Archive asmoak jada desagertu diren egunkarien edukiak plazaratu nahi zituen, hala nola egun lanean diharduten hainbat egunkariren hemerotekak. Bere datubasean, adibidez, 1895eko London Advertiser gisako egunkari baten edukiak aurkitu daitezke.

Aurrerantzean, Googlek informazio industria lagundu nahi du bere Google One Pass plataformaren eskutik.

Plataforma horrek harpidetzen eta ordainpeko edukien kudeaketa erraztu nahi du.

Aplikazioak, Internet, qr kodea

QR kodeak, komunikazio modu berria

QR kodea, ingelesetik Quick Response Barcode, bi dimentsiotan irudikatzen den kode bat da; puntu matrize batean mota askotako informazioa gorde daiteke bertan. 1994 urtean sortu zuen Denso Ware Japoniako enpresak, eta hura da patentearen jabe. Jabe izanda ere, jabetza eskubideari uko egin, eta lizentziaz libre dago teknologia hori, eta ISO estandar bat bilakatu da. Kode horietan, testua, Internet helbideak, telefono zenbakiak eta beste hainbat datu gorde daitezke. Teknologia hori oso zabaldua dago Japonia eta Hego Korean, baina mendebaldean askoz ere geldoago ari da zabaltzen.

QR kodeak egunkari, seinale, autobus edo tarjetetan aurki daitezke. Kamera izan eta kodeak irakurtzeko gai den telefono batekin, erabiltzaile batek irudia eskaneatu dezake, kodeak gordea duen testua irakurri, kontaktu informazioa ikusi edo Internet helbide bat bisitatu.

QR kodeak komunikatzeko modu berri bat dira, eta kode horien arrakasta eta zabalkundea, hein handi batean, sakelako telefoniak eta telefono aurreratu edo smartphone-en zabalkundearekin dago lotuta, telefono aurreratu horiek QR kodeak irakurri ahal izateko aplikazioak ekartzen baitituzte.

Kode barrak vs QR kodeak

Gure inguruan oso ezagunak ditugun barra kodeen aldean, abantaila garbiak dituzte QR kodeek: askoz ere informazio gehiago gorde daiteke QR kodeetan, barra kodeen hogei digituren aldean. Milaka karaktere gorde daitezke QR kodean, zenbaki, hizki eta baita Kanji, Hiragana edo Katana motako japoniar karaktereak.

Inprimatzean, kode berri horiek behar duten tamaina ere txikiago da, eta datuak horizontalki edo bertikalki gorde daitezke.

Kodeak inprimatuta dauden euskarriak kalteak jasotzen baditu ere, irakurtzea posible da. Irakurketa on bat egin ahal izateko, gehienez azaleraren %30 inguru egon daiteke kaltetua.

Azkenik, kode horiek irakurri ahal izateko, edozein angelu erabil daiteke, beraz, irakurketa txarrak gertatzeko aukerak oso txikiak dira.

QR kodeen erabilerak

Egunero erosi eta erabiltzen ditugun produktuetan aurki ditzakegu kodeak, bai ohiko kode barra, eta berriago diren QR kodeak. Erabilera arrunt horretatik harago, badira zenbait adibide kurioso, esaterako: xake aldizkari batzuk, partida batean emandako mugimenduen berri emateko, kode horiek erabiltzen dituzte. Erabilera komertzialari dagokionez, Japonian edozein lekutan aurki daitezke iragarkien osagarri gisa QR kodeak; produktu jakin bat aurkezten den webgunera bisita di-da batean egiteko aukera eskaintzen dute.

Gure kaleetan ere, musika talde hasi berriek QR kode horiek paratzen dituzte taberna sarrera batzuetan, nahi duenak haien musika entzun dezan —hor ere, webgune baten bidez—. Sakelako telefonoetarako aplikazioak jaitsi eta instalatzeko modu ohikoa da ere QR kode batean aplikazioaren web helbidea jartzea.

QR kodeak nola irakurri eta sortu

Googlek sakelako telefonoentzat garatutako Android sistema eragileak jatorriz dakar Zxing kode irakurlea. Appleren iPhonek duten iOS sistemak ez dakar berez QR kode irakurlerik baina aplikazio liburutegian (AppStore) hainbat eta hainbat aplikazio ditu eskura erabiltzaileak. BlackBerry motako gailuetan, App World aplikazioa da kode horiek irakurtzeko aplikazioa.

QR kodeak sortu nahi ezkero, helbide honetara jo behar da: http://qrcode.kaywa.com/.

Sistema Eragileak

Android Honeycomb Tablet gailuetarako

Android HoneycombAndroid oso sistema eragile ezaguna da sakelako telefonoetarako. Zale asko lortu ditu eta sakelako telefonoetan oso hedatuta dago. Telefono marka ezberdinek egin dute Androiden alde, batez ere, erabiltzaile askok ere Android sistema eragilea eskatzen dutelako beren telefonoetan.

Tablet gailuetan ere hedatzen hasi da Googlek badirela hilabete batzuk Android Honeycomb aurkeztu zuenetik.

Android sistemarekin, Googlek “hodeiaren” aldeko dema sendoa egiten du. Googlek hainbat alditan azaldu duen bezala, edozein erabiltzailek galdu ahal du sakelako telefonoa, tableta edo ordenagailua eramangarria, baina ez du informazioa galduko eta informazioa era seguru batean gordeko da, Googleren ikuspuntutik.

Honeycomb-en aldaketak

Sakelako telefonoetarako Android sistema eragilera ohituta dagoena, hainbat ezberdintasun aurkituko ditu Honeycomb sistema eragilean. Mahaigainean, widget ezberdinak txertatu daitezke, horrela, pantaila beretik, posta elektronikoak ikusten diren bitartean laster-bideak, youtube bideo bat eta irakurritako azken liburuak ikusi ahal dira. Widget horiek mahaigainean txertatzen diren leiho txikiak direlako.

Jakinarazpenek ere eduki gehiago eskaintzen dute eta osatutago daude Honeycomb-en sakelako telefonoetarako Androidetan baino. Bestetik, ezkerreko aldean agertuko dira erabilitako azken aplikazioen lasterbideak eta GMail irakurtzeko aplikazioa oso erakargarria eta erabilerraza da.

Grafikoei dagokienez, 2D eta 3D grafikoen errendimendua izugarri hobetu da eta Honeycombek funtzio grafiko berezi bat ekartzen du Renderscript izenekoa. Aplikazio batzuek erabiltzen dute funtzio grafiko hau interfazea erakargarriago bat eskaintzeko, adibidez, Youtube aplikazioak eskaintzen du hainbat eta hainbat bideo arakatzeko aukera 3D itxura batekin, Google Books aplikazioak ere erabiltzen du, orrialdeak igarotzeko oso efektu erreala lortzeko.

Aplikazio ohikoaz gain, Google Maps edo musika entzuteko aplikazioa bezala, Honeycombek ekartzen du oso aplikazio bitxi bat, Google Body, giza gorputzaren Google Maps izango litzatekeena. Giza gorputza arakatu daiteke kapa ezberdinetan, hezurrak, giharrak, zainak, eta abar.

Era berean, asko hobetu da argazki-kamerarako aplikazioaren interfazea eta bideo-txatak egiteko irudiaren kalitatea, bideo-txatetan banda-zabalera aurreztea ere lortu omen da.

Android Honeycomb 3.1 bertsio berria

Android Honeycomb 3.0 argitaratu zenetik denbora asko igaro ez bada ere, Googlek Hoenycomb 3.1 bertsio berria aurkeztu du egun hauetan. Hala, bada, une honetatik bertsio berri hau eskuragarri dago tablet batzuetan, adibidez Motorola Xoom, halaber, laster egongo da Samsumg Galaxy Tab 10.1-en.

Bertsio berri honetan hainbat aplikazio eguneratu dira, hala nola nabigatzailea, egutegia, kontaktuak eta posta elektronikoa.

Erabiltzailearen interfazea ere nahiko hobetu da. Gainera, Honeycomb 3.1 bertsio berri honek onartzen ditu USBren bitartez konektatzen diren hainbat gailu: teklatuak, saguak, jokuetarako gailuak edo argazki-kamera digitalak. Honeycom-ek detektatzen duenean gailu bat konektatuta dagoela erabiltzeko aplikazio egokia bilatzen du eta erabiltzaileari eskaintzen dio.

Widgeten tamaina eskuz aldatu daiteke bertikalki zein horizontalki erabiltzailearen beharren arabera.

Abiadura handiko Wi-Fi sareen erabilera hobetu da bertsio berrian eta zehaztu daiteke HTTP proxy bat Wi-Fi sarbide bakoitzeko. Nabigatzaileak HTTP proxya erabiltzen du sarearekin komunikatzeko Wi-Fi sarbide bakoitzean eta beste aplikazio batzuk ere horrela ibili ahal dira.