Android Honeycomb Tablet gailuetarako

Android HoneycombAndroid oso sistema eragile ezaguna da sakelako telefonoetarako. Zale asko lortu ditu eta sakelako telefonoetan oso hedatuta dago. Telefono marka ezberdinek egin dute Androiden alde, batez ere, erabiltzaile askok ere Android sistema eragilea eskatzen dutelako beren telefonoetan.

Tablet gailuetan ere hedatzen hasi da Googlek badirela hilabete batzuk Android Honeycomb aurkeztu zuenetik.

Android sistemarekin, Googlek “hodeiaren” aldeko dema sendoa egiten du. Googlek hainbat alditan azaldu duen bezala, edozein erabiltzailek galdu ahal du sakelako telefonoa, tableta edo ordenagailua eramangarria, baina ez du informazioa galduko eta informazioa era seguru batean gordeko da, Googleren ikuspuntutik.

Honeycomb-en aldaketak

Sakelako telefonoetarako Android sistema eragilera ohituta dagoena, hainbat ezberdintasun aurkituko ditu Honeycomb sistema eragilean. Mahaigainean, widget ezberdinak txertatu daitezke, horrela, pantaila beretik, posta elektronikoak ikusten diren bitartean laster-bideak, youtube bideo bat eta irakurritako azken liburuak ikusi ahal dira. Widget horiek mahaigainean txertatzen diren leiho txikiak direlako.

Jakinarazpenek ere eduki gehiago eskaintzen dute eta osatutago daude Honeycomb-en sakelako telefonoetarako Androidetan baino. Bestetik, ezkerreko aldean agertuko dira erabilitako azken aplikazioen lasterbideak eta GMail irakurtzeko aplikazioa oso erakargarria eta erabilerraza da.

Grafikoei dagokienez, 2D eta 3D grafikoen errendimendua izugarri hobetu da eta Honeycombek funtzio grafiko berezi bat ekartzen du Renderscript izenekoa. Aplikazio batzuek erabiltzen dute funtzio grafiko hau interfazea erakargarriago bat eskaintzeko, adibidez, Youtube aplikazioak eskaintzen du hainbat eta hainbat bideo arakatzeko aukera 3D itxura batekin, Google Books aplikazioak ere erabiltzen du, orrialdeak igarotzeko oso efektu erreala lortzeko.

Aplikazio ohikoaz gain, Google Maps edo musika entzuteko aplikazioa bezala, Honeycombek ekartzen du oso aplikazio bitxi bat, Google Body, giza gorputzaren Google Maps izango litzatekeena. Giza gorputza arakatu daiteke kapa ezberdinetan, hezurrak, giharrak, zainak, eta abar.

Era berean, asko hobetu da argazki-kamerarako aplikazioaren interfazea eta bideo-txatak egiteko irudiaren kalitatea, bideo-txatetan banda-zabalera aurreztea ere lortu omen da.

Android Honeycomb 3.1 bertsio berria

Android Honeycomb 3.0 argitaratu zenetik denbora asko igaro ez bada ere, Googlek Hoenycomb 3.1 bertsio berria aurkeztu du egun hauetan. Hala, bada, une honetatik bertsio berri hau eskuragarri dago tablet batzuetan, adibidez Motorola Xoom, halaber, laster egongo da Samsumg Galaxy Tab 10.1-en.

Bertsio berri honetan hainbat aplikazio eguneratu dira, hala nola nabigatzailea, egutegia, kontaktuak eta posta elektronikoa.

Erabiltzailearen interfazea ere nahiko hobetu da. Gainera, Honeycomb 3.1 bertsio berri honek onartzen ditu USBren bitartez konektatzen diren hainbat gailu: teklatuak, saguak, jokuetarako gailuak edo argazki-kamera digitalak. Honeycom-ek detektatzen duenean gailu bat konektatuta dagoela erabiltzeko aplikazio egokia bilatzen du eta erabiltzaileari eskaintzen dio.

Widgeten tamaina eskuz aldatu daiteke bertikalki zein horizontalki erabiltzailearen beharren arabera.

Abiadura handiko Wi-Fi sareen erabilera hobetu da bertsio berrian eta zehaztu daiteke HTTP proxy bat Wi-Fi sarbide bakoitzeko. Nabigatzaileak HTTP proxya erabiltzen du sarearekin komunikatzeko Wi-Fi sarbide bakoitzean eta beste aplikazio batzuk ere horrela ibili ahal dira.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


*

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>