Euskara

Euskara batutik bizkaierara itzultzeko tresna

Azkue Fundazioak, Eleka Ingenieritza Linguistiko enpresarekin elkarlanean, euskara batua-bizkaiera itzultzaile automatikoa aurkeztu berri du. Helbide honetan dago eskura tresna berri hori: http://bizkaiera.opentrad.com/itzuli/. Oraindik ere beta bertsioan dago; hau da, probatan. Bertan itsatsitako testu bat bizkaiera daiteke, baita web orri oso baten edukia, bere helbidea ematen badiogu. Oraingoz, beta bertsio horrek batutik bizkaierara itzultzen du, eta ez beste aldera.
Web orri bat itzultzeko aukera ere ez dago erabilgarri oraindik. Aurkezpenaren esandakoaren arabera, erabilera hauek aurreikusten dizkiote itzultzaile automatikoari: euskal prentsa bizkaieraz irakurri ahal izatea, irakasleen apunteak ikasleei bizkaieraz ematea eta komunikazio enpresak sorturiko edukiak batuan nahiz bizkaieraz izatea. Erabilitako softwarearen inguruan, aipatzen da lizentzia libreko tresnaz eginda dagoela eta, beraz, edonork eskura izango duela erabili eta aldatzeko.

Internet erabiltzaileen artean, bada horrelako proiektu baten erabilera auzitan jarri edo honetan dirua xahutzeari zentzu handirik ikusten ez dioenik ere. Sustatu.com edo Zuzeu.com guneetan aurki daitezke gaiari buruzko zenbait iritzi.

Aplikazioak, Internet, Sare sozialak eta Microblogging

Aztarna digitala

Interneten batera eta bestera ibiltzen garen heinean, gure aztarna digitala hedatuz doa, erabiltzaileak konturatu ez arren. Sare sozialetan zabaltzen ditugu kontuak, blogak sortzen ditugu edo inoren blogean iruzkin bat egiten dugu. Jardun horiek guztiak, gure berri ematen diote munduari, eta, ondorioz, gure irudi bat osatzen dute, gure irudi digitala.

Presentzia digital hori ezabatzea, ordea, ez da betiere gauza erraza. Interneten jartzen dena erraz zabaltzen da lau haizetara, eta hainbat eduki erraz gorde daitezke edonoren disko gogorrean. Bilatzaileek egiten dituzten sare araketetan ere, aurkitutakoa gorde egiten da, cache bezala ezagutzen den biltegian. Gure soslaia ezabatu nahi badugu, batzuetan, webgune baten arduradunarekin jarri beharko gara harremanetan. Beste batzuetan, edukiak ezabatzeko propio egindako zerbitzuak daude. Ez dago webgune, aplikazio eta zerbitzuetan gure aztarna desagertzeko prozedura estandarizaturik.

Norbait hil eta gero, zendutakoaren familiak hildakoaren aztarna digitala ezabatu nahi izaten du. Horretarako ere, sare sozial batzuek bide batzuk ematen dituzte. Sare sozialen kudeaketa guneak norbera bizi den estatu edo egitura politikotik kanpo badaude, lana zaildu egin daiteke; okerrenean, epaitegietara jo beharko da, eta epaileek askotan ezer gutxi egin dezakete estatu jakin baten mugetatik at dauden enpresa edo zerbitzuekin.

Aztarna ezabatzeko aplikazioak

Badira Interneten, hala ere, gure aztarna ezabatzen lagunduko diguten tresnak; batzuk doanekoak dira, eta beste batzuk, ordainpekoak. Ezabaketa zerbitzuak ematen dituzten enpresak ere badaude.

Suicidemachine tresna ezagunenetako bat da, gure presentzia digitalaz beste egiteko erabili dezakeguna. Facebook, LinkedIn, Myspace eta twitter moduko sare sozialetatik gure soslaiak ezabatzen ditu.

Soslaiak eta datuak ezabatzeko, sare sozial horiekin konexioa egin behar da, eta gune bakoitzak ematen dituen orri eta zerbitzuak aprobetxatu ezabatzeak egiteko Guneak dioenez, 52 minutu behar ditu sistema horrek gure soslaiak ezabatzeko. Ezabaketa prozesua eskuz egitekotan, 9 ordu eta 35 minutu beharko direla dio. Dena den, badirudi Facebook-ek ez dituela iturri horretatik egindako ezabaketa eskaerak onartzen.

Beste gune batzuek konexioa baliatu ordez, sare sozial bakoitzean eman beharreko pausoak agertzen dituzte; esaterako, Delete Your Account guneak askotan oso ezkutuan egoten diren jarraibideak erakusten ditu, pausoz pauso modu errazean jarraitzeko moduan.

Facebook-en, adibidez, aukera bi ditugu. Kontua desaktibatu edo ezabatu egin dezakegu. Desaktibatzean, soslaia eta gure datu guztiak Facebook-en zerbitzarietan geldituko dira, baina ez dira bistan egongo. Desaktibatu ondoren, guk horrela nahi badugu, kontua berriz ere aktiba daiteke. Kontua ezabatzeko, berriz, hona jo behar da: http://www.facebook.com/help/contact.php?show_form=delete_account.

Kontua ezabatuta, gure datu guztiak facebooken zerbitzarietatik desagertu beharko lirateke hortik gutxira, eta kontuari lotutako datuak berreskuratzea ezinezkoa izan beharko luke.

Gune, sare edo zerbitzu bakoitzak bere bideak dauka, beraz, datuak ezabatzeko; eta, askotan, erabilera baldintzetan erakusten da gure kontua ezabatzean gure datuekin zer gertatuko den. Horregatik, komeni da sare sozialen nahiz beste guneen erabilera baldintzak irakurtzea bertan izena eman baino lehen.

Aplikazioak, Mantenimendua

MyDefragPowerGUI, desfragmentatzaile eramangarria

MyDefragPowerGUIMyDefragPowerGUI sistema garbitzea eta desfragmentatzea ahalbidetzen duen aplikazio eramangarri bat da..Hau da, USB memoria batean gorde ahal da eta edozein ordenagailutatik exekuta daiteke. Aplikazioak hainbat aukera ditu baina soilik MS Windows sistemetan ibiltzen da. Erabiltzeko zein partizio edo unitate desfragmentatu nahi diren aukeratu daiteke eta orduan hasteko botoiari sakatu behar da.

Hainbat aukera eskaini arren, hizkuntza garbi batean ematen ditu aukera zein azalpen ezberdinak eta pentsatuta dago erabiltzaile guztiek erabil dezaten eta ez soilik ezagutza teknikoak dituzten erabiltzaileek. Izan ere, aplikazioak berak aholkuak ematen dizkio erabiltzaileari. Besteak beste eragiketak programatzeko aukera eskaintzen du, horrela, eguneko, asteko edo hilabeteko egin ahal da aukeratutako eragiketa.

Flash memoriekin ere ondo lan egiten du MyDefragPowerGUI-k. Hemendik jaitsi daiteke aplikazioa dohainik baina ez da software librea: http://www.wieldraaijer.nl/. Helbide horretan ere eskura daiteke proiektu honi buruzko informazioa zein enpresa honek egindako beste lanei buruzkoa.