Internetera konektatzeko telebistak dira smart TV ezarpena dutenak. Gainontzekoek ez dituzten konexio eta konputazio gaitasunak dituzte; horregatik esaten zaie telebista adimentsuak edo smart TV-ak.
Atzealdeko Ethernet erretenean kablea sartuta edota haririk gabe wifi bidez konektatzen dira amaraunera. Kontuan izan behar da batzuetan wifi eranskina aparte ordaintzekoa dela.
Ordenagailuek eta sakelakoek bezala, sistema eragile bat dute, eta antzeko gauzak egiteko gai dira. Hau da, hainbat telebistak bezala, bereizmen handiko kateak eta kate arruntak erakusten dituzte. Baina, aldi berean, aplikazio sorta duen menu bat ere badute, batez ere musika eta bideo emanaldiak dituena.
Lehentasunezko aplikazioak dituen arren, aplikazio berriak instalatuta bakoitzak bere gustura jantz dezake smart TV-a. Izan ere, etxe bakoitzak bere aplikazio denda du; sakelakoetan eta gisakoetan bezala, nahi diren aplikazioak bilatzeko eta instalatzeko, alegia.
Internet zerbitzua
Ordenagailua piztu behar izan gabe, eguraldia begiratu, albisteak irakurri eta sare sozialak eguneratu daitezke. Litekeena da, alabaina, telebista adimentsuen gehigarri hoberena eskaripeko bideo zerbitzuena izatea. Alor horretan, eskaintza zabala da. Esaterako, Youtube erabiliz, doako musika bideoak, filmen trailerrak eta erorikoen bideo barregarriak jaso daitezke, besteak beste; Netflix alokairu edo harpidetza bidezko zerbitzuak erabil daitezke, eta haien ehunka pelikula eta telesail biltegirako sarbidea lortu. Zerbitzu hauetaz aritu gara jada aurten: http://zibergela.bitarlan.net/2013/10/31/telebista-bestelako-pantailetara/.
Eta, hori gutxi balitz bezala, halaber, Twitterren gertatzen ari denaren berri eman daiteke, edo Facebooken ikusten denarekin egoera eguneratu. Batzuetan, nabigatzailea ere izaten dute telebista horiek, eta sarea arakatzeko erabil daitezke zuzenean. Azken horietarako, gomendagarria da telebista adimentsua dagoen etxearekin bateragarria den haririk gabeko teklatu bat izatea, erosotasunagatik. Bestela, telefono eta tabletetarako aplikazioak ere badira, urrutiko aginte gisa erabiltzeko, horiek onartzen dituzten telebistentzat.
Hala ere, aukera horiek guztiak ez dira beti ematen, funtsean telebistak direlako, eta ez ordenagailu osoak. Eskaintza asko alda daiteke bertsio batetik bestera, eta, are gehiago, hainbat etxeren artean. Hots, denek ez dute sare sozialetarako sarbiderik; gutxiago dira nabigatzailea dakartenak. Bakan batzuek, berriz, bideo bidezko deiak edo bideokonferentziak ere egin ditzakete: Skype plataforma eta dakarten webcama baliatzen dutenek, hain zuzen.
Aplikazioak eta osagarriak
Azken belaunaldiko telefonoen funtzionamendua imitatzen dute smart TV-ek. Fabrikatzaile bakoitzak bere denda propioa erakusten du lehentasunezko aplikazioekin batera. Panasonic eta Samsung dira, gaur-gaurkoz, alderdi hori garatuen duten etxeak.
Hainbaten artean, Panasonic aplikazio dendan jokoak aurki daitezke. Ondoren, horietan jolasteko nahiz beste funtzio askotarako osagarriak ere kaleratu dituzte: bideo jokoetarako hari gabeko agintea; pantailan zuzenean idazteko Stylus edo arkatza, etxekoei oharrak uzteko; pisua kontrolatzeko eskumuturrekoa eta abar. Aginte erak ere garatu dira, eta jada badira ahots aginduekin edo eskuen mugimenduekin kontrola daitezkeen telebistak.
Smart TV telebisten eragozpen nabariena bertsio bateragarritasuna da. Hau da, 2012ko telebistaren softwarea zaharkitua gera daiteke, eta 2013ko etxe bereko aplikazioek ez diote balioko. Hori konpontzeko, Samsung etxeak beren telebistei atzean eransteko osagarriak prestatu ditu. Aurreko urteetako bertsioak azkenengo ezarpen eskaeretara irits daitezke telebistari gehigarria erantsita. Smart Evolution Kit moduan eska daitezke horiek, eta, horrela, telebista berria erosi beharrik ez dago.
Bestelako aukerak
Irakurritakoa gustuko dutenek telebista mantendu eta antzeko ezaugarriak dituzten alternatibak balia ditzakete. Interneterako sarbidea duten hainbat gailuk ematen dituzte halako zerbitzuak, eta telebistari lotzeko balio dute. Esaterako, top box, bideo kontsolak, egokitutako Blu Ray erreproduzigailuak, edo, besterik gabe barruan dutena partekatzeko norberak prestatutako ordenagailuak edo Home Theatre PC deituak.
Aipamen berezia merezi dute top box izenekoek. Horiek Google TV, Apple TV edo Boxee Box bezalako gailu txikiak dira, eta telebistaren aldamenean jartzen dira. Smart TV baten baliokideak edo ahaideak dira, eta edukiak streaming eran emateko aukera zabala dute.