Aplikazioak, Multimedia, Software Librea

Blender: 3D software librean

blender argazki-pantailaDiseinu grafikoaren arloan jorratu daitezkeen gaietan erakargarrienetariko bat, 3 dimentsioetako diseinuena eta animazioena da. Berez, lan hauetarako ordenagailu jatorrak eta txartel grafiko sendoak gomendatzen dira. Gainera, arlo honetan lan egiteko aplikazio pribatuak ere nahiko astunak eta garesti samarrak izaten dira.

Hala ere, badaude aukera libreak eta doakoak eta izugarri garatuak. Hauen artean ezagunetariko bat Blender da. Blender, esan den bezala, software librea da, doakoa da eta gainera plataforma anitzetan egikari daiteke, MS Windows, Mac Os X, GNU/Linux eta FreeBSD sistemetan exekutatzeko fitxategiak deskargatu daitezke webgunetik. Bertsio hauek guztiak deskargatzeko eta aplikazioari buruzko dokumentazioa eta eskuliburuak eskuratzeko, proiektuaren webgunera, http://www.blender.org, joan daiteke. Honetaz gain, bertsio eramangarri bat ere badago memoria arkatz batean eroateko, hemendik deskarga daiteke: http://portableapps.com/apps/graphics_pictures/blender_portable.

Hasiera batean Blender ez zen software librea

Blender aplikazioaren historia Holandan hasten da aurreko mendean. Aplikazioa 1998. urtean hasi zen banatzen, baina aurretik ere erabiltzen zuten, NeoGeo enpresan, Holandako 3D estudiorik handienean. Izan ere, NeoGeo enpresan hasi zen Blender aplikazioa izango zenaren garapena haien animazioak sortzeko. Ondoren, esan bezala, 1998. urtean “Not a Number” (NaN) enpresa sortu zuten Blenderren sortzaileek aplikazioa komertzializatzeko xedez. Beraz, ikusten denez, ibilbide luzeko aplikazioa da hau.

Hasieratik arrakastatsua izan zen garai horretan jada plataforma anitzetan exekutatu ahal zelako eta gainera dohainik banatzen zen aplikazioa, hori bai, iturburu-kodea ez zegoen eskuragarri, horregatik ez zen software librea. Dena dela, plataformaniztasuna eta doakotasuna kontzeptu iraultzaileak ziren garai horretan, batez ere, 3D modelatze aplikazioetan, aplikazio hauek izugarri garestiak zirelako.

NaN enpresaren negozio eredua Blenderren inguruan zerbitzuak eta produktuak eskaintzera bideratu zuten.

Hala ere, negozioak ez zuen hasieran irudi lezakeen arrakasta izan eta inbertsoreek negozioari uzten joan ziren. Azkenik, enpresa proiektua bertan behera gelditu zen, baina Blenderren sortzaileek ez zuten zakarrontzira bota nahi haien eta laguntzaile askoren lana. Beraz, 2002an Blender Foundation sortu zuten eta haien lehenengo helburua Blenderren garapenarekin eta sustapenarekin jarraitzea izan zen. Horretarako, software librea eta erabiltzaile komunitate sendo bat sortzea biderik egokiena zela ikusi zuten. Gezurra badirudi ere, zazpi astetan lortu zituzten aplikazioaren gaineko eskubideak eskuratzeko behar zituzten 100.000 euroak erabiltzaileen ekarpenekin. Hortik aurrera GPL lizentziarekin liberatu zen Blenderren iturburu-kodea.

Ekoizpena

Egia esanda, edonork bere ordenagailuan eduki dezakeen aplikazio doako bat animazio eta diseinu ezagunetan uste baino gehiago erabiltzen da. Adibidez, Plumíferos (http://www.plumiferos.com/) film luzea osorik software librearekin eginda dago eta erabilitako baliabideen artean Blender dago nagusiki.

Blender ere beste filmetan erabilia izan da, Spider-Man 2n, adibidez, edo Friday or another day eta Elephants Dream film laburrean, esate baterako .

Artista ospetsu batzuek ere Blender erabiltzen dute baliabide nagusi bezala. Eta Euskal Herrian ere, badago Blenderrekin lan egiten duen artista bat, Willy Roa kimikari gipuzkoarra, hain zuzen ere, hau da bere bloga non bere lanak ikus daitezkeen: http://bad3di.blogspot.com/.

Software Librea, Telebista, Ubuntu

Ubuntu TV

ubuntutvCES (Consumer Electronics Show) nazioarteko azokan, Canonicalek aurkeztu du Ubuntu TV eta bertsio honen argazki-pantaila batzuk. Oraindik ez da hardware irtenbide bat, baizik eta telebistetan erabiltzeko prestatuta dagoen Ubuntu banaketaren bertsio bat.

Ubuntu TV bertsioak Ubuntu bertsio berriek daukaten Unity itxura izango luke eta telebistarako aplikazio berezi batzuk ekarriko lituzke: bideoak, filmak, telebista gida, Youtube, musika. Egia esanda, Unity interfazea oso egokia izan daiteke horrelako telebista baterako. Oraindik ez omen dago hitzarmenik baina Canonicalen ideia urte honen amaieran lehenengo telebistak Ubunturekin ateratzea izango litzateke, AEB eta Txinako merkatuetan hasiko lirateke produktu berri horiek saltzen.

Hau pausu handia izan daiteke Ubunturentzat, izan ere telebista multimediak orain hasi dira ateratzen eta hasieratik egotea oso ona izan daiteke esparru horretan.

Informazio gehiago nahi izanez gero, helbide honetara joan daiteke: http://www.omgubuntu.co.uk/2012/01/what-does-ubuntu-tv-look-in-action-like-this/

GNU/Linux, Sistema Eragileak, Software Librea, Ubuntu

Ubuntu Oneiric Ocelot 11.10 kaleratu dute

Ubuntu 11.10. Oneiric OcelotUbuntu Oneiric Ocelot, Ubuntu 11.10, alegia, eskuragarri dago jada erabiltzaileentzat. Izan ere, 2011ko urria da eta sei hilero bezala, Ubuntu GNU/Linux banaketaren bertsio berria ateratzeko garaia da. Beraz, http://www.ubuntu.com/ webgunera joan ahal da eta bertan deskargatzeko lotura aurki daiteke erraz.

Aldaketa asko daude bertsio berri honetan, saioa hasteko pantaila da erabiltzaileak aurkituko duen lehenengo berritasuna, izan ere, jada ez da GDM erabiltzen, LightDM baizik. Hemen, saioa hasteaz gain, aukeratu ahal da Ubuntu 2D edo Ubuntu 3D itxuren artean. Behin saioa hasita, tresna barra ere aldatuta dago aurreko bertsiotik, beste detaile batzuekin batera, adibidez, leihoen kontrolak bakarrik agertzen dira saguaren kurtsorea kokatuta dauden lekura hurbiltzen denean.

Ubuntu2Dk Ubuntu 3Dk baino eskakizun gutxiago ditu sistemaren baliabideen aldetik, beraz oso egokia da ordenagailu xumeagoetarako, bai ordenagailu zaharrak direlako edo bai netbookak direlako, adibidez. Ubuntu 3D erakargarriagoa da grafikoen aldetik, baina Ubuntu 2D baino astunagoa da. Beraz, erabiltzaileak erabaki ahal du zer nahi duen errendimendu gehiago itxura sakrifikatuta edo itxura jatorrago bat errendimendu txikiagoarekin.

Ubuntu Software Biltegia ere asko aldatu da, batez ere itxuraren aldetik eta sisteman lehenetsita datozen aplikazio batzuk ere aldatu dira. Adibidez, bulegotika suitea LibreOffice da. Bideo editore bezala OpenShot aukeratu da eta PiTiVi beraz, ez dator instalatuta lehenetsita.