Microsoft, VoIP

Microsoft Live Messenger zerbitzua ere, erretirora behartuta

Ezer ez omen da betiko, eta Hotmail posta zerbitzu mitikoarekin egin zuten bezala, Messenger bat-bateko mezularitza zerbitzuari ere erretiro garaia iritsi zaio, antza. Azken mugimendu hori, Microsoftek hasitako aurpegi garbiketaren parte da; zerbitzu berrien erosketarekin hasi eta haien aplikazioak berrantolatzeraino iritsi da berriki. Duela hilabete batzuk egin zuten jada, Hotmail zaharra orain Outlook.com da. Internet leku basatia da, lehia handiko esparrua; eta Microsoften Messenger, 12 urte luzeko adinduna.

Izan ere, Redmond-eko konpainiak Skype erosi zuenetik, etorreraren zurrumurruak laster zabaldu ziren. MSN Messenger mezularitza aplikazioa garai batean independentea izan zen, hots, ezelako posta konturekin loturarik gabea; MSN kontuari esker, lagunekin berehalako mezuak trukatzeko aukera bazegoen. Ondoren, Hotmailekin elkartu eta posta zerbitzuko erabiltzaile kontu bakarrarekin bi zerbitzuetarako sarbidea eskura zitekeen.

Oraingo honetan, baina, pauso bat harago joan dira, eta abenduaren 12an erabiltzaile guztiei bidalitako mezuan aditzera eman zuten legez, aurrerantzean Skype erabili beharko dute Messenger zaharreko erabiltzaileek halabeharrez. Zerbitzu zaharra moztuko dute laster, eta aurretik eguneratu ez duenak Messengerrera konektatzen saiatzen hastean Skype aplikazioa deskargatzeko ataria topatuko du, jakinarazpen mezu batek bideratuta.

Skype euskarria osoagoa da, Zibergela-n azaldu zen duela aste batzuk tankera horretako beste VoIP zerbitzu batzuekin batera: http://zibergela.bitarlan.net/2012/11/01/bideokonferentziak-egiteko-aukerak/.

Messengerretik Skyperako migrazioa egiteko, nahikoa da Outlook edo Hotmail erabiltzailearekin sartzea bertan; lehendik ere Skype kontua zeukanak biak integratzeko aukera izango du hemen; bestela, sortu egin beharko da nick berria. Hortaz, bi kasuetan bat eginda geratuko dira Microsoften Skype mezularitza eta Outlook posta zerbitzua.

android, Aplikazioak, Apple, VoIP, Windows

Bideokonferentziak egiteko aukerak

Lehendabizikoa Skype izan zen. Hasiera hartan, ordenagailuetatik bakarrik atzi zitekeen aplikazio gisa egin zen ezagun. Garai haietan kamerak ez zeuden integratuta mahai gaineko eta eramangarri gehienetan, eta aparte erositako webcam bat behar izaten zen, ahotsaz gain, irudia bidali nahi bazen. Horrela, urruti bizi ziren lagunekin komunikatzeko aukera merke gisa, bizkor zabaldu zen Skype bideokonferentzietarako aplikazio iraultzailea.

Egun, ostera, kameraz probestutako sakelako adimentsuak nahiz tabletak daude; jada gutxi dira webcam bat ez dakarten mahai gaineko ordenagailuak edo eramangarriak. Horri gehi dakizkioke konexiorako ahalbideak: etxeetako banda zabaleko Internet, edo telefonoei esker zabaldu den 3G sarea, kasurako.

Eskaintza askotarikoak daude merkatuan, baina komeni da jakitea alor honetan ez dagoela sistema bateraturik edo estandarrik, eta, beraz, software berdina darabiltenekin bakarrik komunikatu ahal izango da.

Skype 6.0 berria

Skype da ezagunena eta gehien hedatua, 700 milioi erabiltzaile ditu mundu osoan. Aldi berean 30 milioi pertsona ere izan dira konektatuta. Zerbitzu ugari ematen ditu software hau instalatzeak: bideokonferentziak, ahots bidezko deiak eta berehalako mezularitza bidezko komunikazioa.

Hala ere, ezaugarri nagusiak beste bi dira: Skype In eta Skype Out deitutakoak. Lehendabizikoari esker, telefono arrunt batetik dei daiteke Skype daukan ordenagailura edo sakelakora; bigarrenarekin alderantzikoa egikaritzen da, Skypetik edozein telefonotara dei daiteke. Dei horiek prezio oso onak dituzte, baina ez dira musu truk ematen.

Azken egunetan albiste izan da, gainera, azken bertsioaren kaleratzearekin eta Windows 8 sistema eragile berrian integratuta azaldu ostean. Ez da harritzekoa, dirutza ordainduta Microsoft-ek bereganatu baitzuen zerbitzua aspaldi. Gehitu dira sarbide berria Microsoft kontua edo Facebook kontua erabiliz, eta berehalako mezularitzaren eguneraketa bat Windows Live Messenger, Outlook.com eta Hotmail kontaktuekin idazteko aukerarekin aurrerantzean. Webgune ofiziala: http://www.skype.com/intl/es-es/home.

Tango, doakoa eta euskarri anitzentzat

Eskaintza honek ere hainbat gailutarako bertsioak dauzka eskuragarri: iOS, Android, Windows Phone edo PC ingurunetarako lor daiteke dohainik Tango. 2010ean sortua, nahiko berria da sektorean, baina dagoeneko 23 milioi erabiltzaile gainditu ditu.

Desberdin egiten duten pare bat gauza badaude: ez dago erregistratu beharrik, eta nahikoa izango da libre dagoen izen bat aukeratzea eta pasahitz bat ezartzea erabiltzen hasteko. Bestea bitxikeriatzat pasa daiteke: bideoen buzoia dauka. Gabezien arloan, berriz, berehalako mezularitzaren hutsunea dago. Informazio gehiago nahi izanez gero: http://www.tango.me/.

Sakelakoentzat bakarrik: Fring eta Viber

Badago Fring aplikazioan Skypen alternatiba zuzenena ikusten duenik. Horrela litzateke, ez balitz azken belaunaldiko telefonoentzat bakarrik balio duelako. Beste horrenbeste eskaintzen du, eta alderdi batzuetan hobetu ere egiten du Skypek emandakoa. DVQ (Dynamic Video Quality) teknologiari esker, bideoaren kalitate hobea lortzen da Fring bidez, eta, gehigarrien bidezko hedakuntzari esker, hainbat mezularitza sarekin konekta daiteke: MSN, Google Talk, ICQ, Yahoo, AIM… Bestela, beste zerbitzu guztiak eskaintzen ditu: WiFi eta 3G bidezko bideokonferentzia, ahotsezko deiak edo telefonoetara deiak prezio murriztuekin.

Azkenik, Viber aipatuko dugu. Eskuragarri dagoen telefonoen zerrendetan zabalena da, baina bideokonferentziarik oraindik ez du eskaintzen. Hor du indarra, eta, bertsio aukera zabal horri esker, Viber darabiltenek 3G edo WiFi konexioa daukan ia edozein telefonoa dutenekin komunikatzeko aukerak dituzte.

Norbere bertsioa bilatzeko: http://www.fring.com/ eta http://www.viber.com/.

Google voice and video chat eta FaceTime

Lehia iritsi da bideokonferentzien esparrura, eta, beste behin ere, Googlek eta Applek ez dute nahi lasterketan atzean geratu. Horretarako, orain dela gutxi aurkeztutako aplikazioa dago hodeian, Gmailen integratuta. Eskuratu nahi izanez gero, baita instalatzeko ere Linux, Windows eta Macetarako: https://www.google.com/chat/video.

Applek ere atera zuen iPhone eta iPadentzat bideokonferentzia sistema itxia, hau da, markaren gailuen arteko komunikazioa eragiten duen tresna: FaceTime. iOS 5 bertsiotik aurrera lehentasunez dator software hau Apple gailuetan.

Internet

Berehalako mezularitza

berehalakomezularitza5Berehalako mezularitza kontzeptu zaharra da dagoeneko Internet munduan. Izan ere, 90 hamarkadan eta XXI. mendearen lehenengo urteetan txatek eta txat gune zein txat gela ezberdinek arrakasta izugarria lortu zuten. Gero, norberaren kontaktuekin mintzatzeko sistema eta aplikazio ezberdinak ateratzen joan ziren, eta dagoeneko egungo sare sozial gehienek ere beren webgunean bertan kontaktuekin hitz egiteko aukera eskaintzen dute.

Berehalako mezularitza zertarako

Berehalako mezularitza posta elektronikoa baina eraginkorragoa da kasu batzuetan, elkarrizketa azkarrak eta berehalakoak ahalbidetzen ditu, komunikazio sinkronizatu bat, alegia. Posta elektronikoarekin, ordea, elkarrizketa bat burutzea astun samarra izan daiteke, komunikazio asinkrono bat eskaintzen duelako. Hala, bada, IRC edo txat sistemen hasierako arrakasta soilik nerabeengan edo anonimatuaz baliatuta alfer-denbora igaro nahi zuten Internet zirikatzaile batzuengan gehienbat eman bazen ere. Berehalako mezularitzaren erabilera leku zabalagoa aurkitzen joan da. Eta egun, erabiltzen da bai aisialdian eta bai lan arloan. Oso baliabide apropos bihurtu da hainbat egoeratan: urrun dauden senide eta lagunekin mintzatzeko; nerabeek edo gazteek beren lagunekin hitz egiteko; lankideen artean elkarrizketa azkarrak edo galdera arinak egiteko, batez ere bulego ezberdinetan badaude; edo enpresa ezberdinetako langileen edo arduradunen artean ere komunikatzeko.

Izan ere, askotan, azkarragoa izaten da klik egitea kontaktu batean eta galdera azkar bat egitea, telefono bera hartzea eta deitzea baino. Gainera, ez da telefonoa bezain intrusiboa, norbait momentu txarrean, batzartuta edo lanpetuta harrapatuz gero, elkarrizketari ekingo dio ahal duenean.

Norberaren egoera ere erakutsi ahal da, hau da, konektatuta, eskuragarri, lanpetuta, aldenduta edo deskonektatuta dagoen. Horrela, aurretik jakin ahal da kontaktu baten egoera berarekin hitz egin nahi izanez gero.

Aplikazio eta sistema ezberdinak

Windows Live Messenger da Microsoftek eskaintzen duen aplikazioa eta berehalako mezularitzarako sistema, lehen MSN Messenger zelakoa. Windows Live Messenger MS Windows sistema duten PCetan eta Windows Mobile duten sakelako telefonoetan erabiltzeko prestatuta dago. Berehalako mezularitzaz gain, bideo eta audio elkarrizketak ere eskaintzen ditu eta ordenagailuetara zein telefonoetara deitzeko aukera. Erabili ahal izateko Windows Live-n izena eman behar da http://login.live.com helbidean, ez da hotmail.com edo live.com posta kontua izan behar, norberaren posta helbidea ere erabil daiteke. Aplikazioa MS Windows sistemetan instalatuta etortzen da, baina bestela, hemendik jaitsi daiteke dohainik: http://explore.live.com/windows-live-messenger.

Google ere bere berehalako mezularitza sistema eskaintzen du, GTalk, alegia. Zerbitzu hau GMailen (http://mail.google.com) integratzen da, hau da, Googleren posta web zerbitzuan. Erabili ahal izateko, beraz, GMail edo Google kontu bat erabili behar da, baina hau dohainik sortu ahal da hemendik https://www.google.com/accounts/NewAccount. Bideo eta audio elkarrizketak ere eskaintzen ditu eta orain dela gutxi ere Google Voice integratuta ere badauka telefono deiak egin ahal izateko. Zerbitzu hau, esan bezala, on-line erabili ahal da edo mahaigaineko aplikazio ezberdinen bitartez. Googleren mahaigaineko aplikazio ofiziala MS Windowserako hemen jaitsi daiteke: http://www.google.com/talk/. Android sistema eragilea duten sakelako telefonoetan ere GTalk erabili ahal da. Google Talkek XMPP protokoloa erabiltzen du, protokolo hau berehalako mezularitzarako sistema irekia da.

Yahoo! Messenger Yahoo-k eskaintzen duen berehalako mezularitza zerbitzua da, erabili ahal izateko webgune honetara joan behar da: http://messenger.yahoo.com/ eta hor Yahoo! ID kontu bat sortu ahal da edo edukiz gero, saioa hasi behar da. Aplikazio hau erabil daiteke on-line edo mahaigaineko aplikazio ezberdinekin.

Facebook eta MySpace bezalako sare sozialek ere eskaintzen dute berehalako mezularitza kontaktuekin.

Pidgin berehalako mezularitzarako software libre eta doakoa da, gainera euskaraz dago eta MS Windows, Mac Os X eta Ubuntu bezalako GNU/Linux sistemetan erabili ahal da. Berehalako mezularitza sistema asko eta kontu ezberdinak erabili ahal dira batera: AIM, ICQ, Google Talk, Jabber/XMPP, MSN Messenger, Yahoo!, MySpaceIM eta beste hainbat. Hemendik jaitsi daiteke:  http://pidgin.im/download/

Skype bezalako VoIP aplikazio batzuek berehalako mezularitza ere eskaintzen dute. Skype doako aplikazioa da eta hemendik jaitsi daiteke MS Windows, GNU/Linux eta Mac Os X sistemetarako zein sakelako telefono batzuetarako: http://www.skype.com