Sistema Eragileak

Ordenagailuetarako sistema eragileak

sistemaeragileakOrdenagailuek ezinbestez sistema eragile bat behar dute ibili ahal izateko. Izan ere, ordenagailuez hitz egiten ari bagara ere, ordenagailuek ez ezik gailu digital gehienek ere sistema eragile bat behar dute beren funtzioak bete ahal izateko.

Zer da sistema eragilea

Ezaguna den bezala, ordenagailuen funtzionamendurako bi osagai mota beharrezkoak dira. Alde batetik hardwarea dago, hau da, osagai elektronikoak, ukitu daitekeena, nolabait esateko. Bestetik, softwarea dago, alde logikoa, alegia, ukitu ezin daitekeena. Bada, bi osagaien artean sistema eragilea dago, ordenagailuen oinarrizko softwarea dela esan daiteke. Horrenbestez, arestian esan bezala, ordenagailu guztiek eduki behar dute sistema eragile bat gutxienez instalatuta ibili ahal izateko. Zibergelan aurreko artikulu batzuetan azaldu den bezala, sistema eragile bat baino gehiago egon ahal dira instalatuta ordenagailuan. Alabaina, beti kargatzen da bakarra ordenagailua pizten den bakoitzean.

Sistema eragilearen funtzioak

Sistema eragilearen xedea ordenagailu batean oso garrantzitsua da. Sistema eragileak oinarrizko sistema eskaintzen du aplikazioak erabili ahal izateko. Era honetan, ingurune grafikoa (baldin badauka, kasu gehienetan badauka) eskaintzen du, era berean, aplikazio eta software ezberdinak kargatu eta egikaritu behar ditu. Hala, bada, aplikazioak normalean programatuta daude sistema eragile zehatz baterako eta horregatik, MS Windowserako garatuta dauden aplikazioak ezin dira erabili GNU/Linux edo Mac Os X sistemetan, ez badaude bertsioak garatuta sistema hauetarako ere bai.

Bestetik, ordenagailuan dagoen hardwarea eta baliabide fisiko guztiak kudeatu behar ditu. Hau da, osagai elektronikoen ezaugarriak, aplikazioen partetik beren erabilera eta aplikazioen partetik beren erabilpena kudeatu behar du, besteak beste. Honela, aplikazio batek ordenagailuaren baliabide fisiko bat okupatuta edukiz gero, sistema eragileak kontrolatu beharko du baliabide horretarako sarbidea beste aplikazio batzuetatik.

Era berean erabiltzaileak eta beren baimenak ere kudeatzen ditu sistema eragileak hala nola sistemarako sarbidea.

Microsoft sistema eragileak

Microsoften sistema eragilea Microsoft Windows da eta bertsio ezberdinak daude bai zerbitzarietarako eta bai ordenagailuetarako, hala nola beste gailu digital batzuetarako. Ordenagailuetarako egungo bertsioa da Microsoft Windows 7, 2012 urtean MS Windows 8 aterako dela espero da. Aurreko bertsioei dagokienez Microsoft Windows Vista, Microsoft Windows XP, Microsoft Windows 98 edo Microsoft Windows 95 aipatu daitezke, esaterako. Hauetaz gain, ordenagailu erabiltzaile nostalgikoek ere MS Windows 3.11 Workgroup edo MS Windows 3.1 bezalako bertsioak gogoratuko dituzte, hala nola MS-DOS sistema eragilea.

Zerbitzarietarako Microsoft Windows Server 2008 da azken bertsioa, lehenago, Microsoft Windows Server 2003, Microsoft Windows Server 2000 edo MS Windows N.T 4.0 bertsioak argitaratu ziren.

Hau da MS Windowsen webgunea: http://www.microsoft.com/windows/

Mac Os X sistema eragilea

Appleren sistema eragilea Mac Os da eta Appleren ordenagailuetarako prestatuta dagoen sistema eragilea da. 1999 urtetik aurrera Mac Os X izena hartu du eta Unixen oinarrituta dago, alegia Unix motako sistema eragilea da. Beraz, itxura begiratuta ematen ez badu ere, teknikoki ezaugarri komun asko ditu beste Unix motako sistemekin, GNU/Linux sistemekin, adibidez. Sistema eragile hau oso zuzenduta dago hardwarera eta beraz, Appleren ordenagailuetan erabiltzera. Grafikoki, oso indartsua eta erakargarria da, garrantzi handia dauka alde grafikoak sistema eragile honetan. Teknikoki ere oso sistema eragile ona da, oso egonkorra da. “Snow Leopard” izeneko 10.6 bertsioa da berriena. Izan ere, Mac Os X bertsio bakoitzak bere izen berezia du, era honetan, 10.5 bertsioa “Leopard” da, 10.4-k “Tiger” du izena, 10.3 da Panther, 10.2 Jaguar, 10.1 Puma eta 10.0 Cheetah da.

Gehiago ezagutzeko, Mac Os X-ren webgunera jo daiteke: http://www.apple.com/macosx/

Unix eta GNU/Linux sistema eragileak

Unix eta GNU/Linux sistema eragileen artean aniztasun zabala dago, kode irekiko eta kode itxiko sistema eragileak aurkitu ahal dira. Batzuk oso profesionalak dira eta oso bideratuta daude enpresen zerbitzarietara, Sun enpresa zenaren eta orain Oracleren eskuan dagoen Solaris sistema eragilea edo HPren HP-UX bezala. Beste batzuk, ordea, mahaigaineko ordenagailuetara daude bideratuago. Ezagunen artean, lehen aipatutakoak daude, Solaris (http://www.oracle.com/us/products/servers-storage/solaris/index.html), HP-UX (http://h71028.www7.hp.com/enterprise/w1/en/os/hpux11i-overview.html), hala nola GNU/Linux banaketa ezberdinak: Ubuntu (http://www.ubuntu.com/), Debian (http://www.debian.org/), Red-Hat (http://www.redhat.com/), Suse (http://www.opensuse.org), Gentoo (http://www.gentoo.org/), Mandriva (http://www2.mandriva.com/), Fedora (http://fedoraproject.org/). Beste sistema batzuk ere badaude GNU/Linux bezala, gainera irekiak direnak baina bestelako lizentzia batekin, FreeBSD (http://www.freebsd.org/) edo OpenBSD (http://www.openbsd.org/), esaterako.

GNU/Linux, Sistema Eragileak, Software Librea, Ubuntu

Hemen dago Ubuntu 10.04 Lucid Lynx

ubuntu 10.04 lucid lynxSei hilero bezala badago hemen Ubuntu 10.04, Ubuntu bertsio berria. Bertsio berri honi Lucid Lynx izena jarri diote Canonical entitateko kideek. Gainera, bertsio hau LTS da, alegia, “Long Term Support”. Horrek esan nahi du iraupen luzeko laguntza teknikoa duela. Horrenbestez, hiru urtez luzatuko da mantenua eta laguntza teknikoa mahaigaineko ordenagailuetarako eta bost urtez zerbitzarietarako.

Hainbat hobekuntza sumatu daitezke Ubuntu Lucid Lynx honetan. Sistema abiarazteko abiadura, adibidez, aurreko bertsioan nahiko azkartu bazen, oraingo bertsio honetan are gehiago arindu da. Ubunturen garatzaileen helburua soilik 10 segundotan abiaraztea da, hau ezin da bete ordenagailu guztietan, ordenagailuaren ezaugarri teknikoen menpe dagoelako. Hala ere, egia esanda, aurreko bertsioarekin sistema abiarazteko azkartasuna nabaria bazen, honetan izugarri azkarra dela onartu behar da. Ordenagailua piztu eta segundo gutxitan Ubuntu martxan dago jada.

Bestetik hobekuntza tekniko batzuk ere ikus daitezke, Ubunturen bertsio berri hau Linux Kernel 2.6.32 bertsioarekin etortzen. Nvidia txartel grafikoen kasuan, Noveau da orain lehenetsitako driverra eta hobetu dituzte txartel grafiko hauetarako driver jabedunen instalazio aukerak.

Itxura aldaketa

Ubuntu Lucid Lynx abiarazten denean nabarituko den lehenengo aldaketa itxura grafikoa izango da. Erabat aldatu da beste bertsioetatik, ohiko kolore marroiarekin apurtu dute bertsio berri honetan eta morea da orain banaketaren kolore nagusia, gris iluna eta laranja ilunarekin batera.

Bestetik, leihoen gaia ere aldatu da eta botoiak titulu-barraren ezkerrean kokatu dira eta ez eskuman, ohikoa den bezala. Honen ondorioz, hasiera batean, arraroa egiten da leihoak ixtea, handitzea edo txikitzea, ohitura eta inertzia dela eta, goiko eskumako aldera eramaten delako sagua eragiketa hauek egiteko. Alabaina, laster batean ohitzen da erabiltzailea, eta bestela, beti aldatu daiteke era erraz batean hobespenetatik, itxura grafikoa aldatzeko aukeran.

Firefoxerako hasierako orrialdea eta lehenetsitako bilatzailea

Beste aldaketa bat izan da Firefoxerako hasierako orrialdea. Azkenean, Canonicalekoek Gooleren alde egin dute berriz Internet bilatzaile bat aukeratzeko orduan hasierako pantaila honetarako. Hori bai, diseinu aldaketa garrantzitsu batekin eta Ubunturen irudi berrira egokituta.

Bilaketa motorretan ere Googlek jarraitzen du lehenetsita.

Sare sozialekin, microbblogging eta berehalako mezularitzarekin integrazioa

Beste aldaketa sakon bat izan da sare sozialekin, microblogging eta berehalako mezularitzarekin garatu den integrazioa.
Saioa kudeatzeko menutik bertatik zehaztu ahal da erabiltzailearen on-line egoera: eskuragarri, ez dago, deskonektatuta, lanpetuta, ikustezina. Bertan konfiguratu ahal dira sare sozialetarako, microblogging eta berehalako mezularitza kontu ezberdinen ezarpenak. Hauek dira integratzen dituen sare sozialak eta microblogging guneak: Facebook, Twitter, Identi.ca, Flicker, StatusNet, Quaiku, FriendFeed eta Digg. Berehalako mezularitzarako hainbat protokolo integratzen ditu: Facebook berriketa, Yahoo, Jabber, Google Talk, MSN, AIM, IRC, MySpace, qq, ICQ eta beste hainbat. Berehalako mezularitzaren kasuan Empathy aplikazioarekin bateratuta dago eta sare sozialen berriketak irakurtzeko eta idazteko, Gwibber aplikazioarekin dago integratuta. Gainera, menu honetatik bertatik ere Ubuntu one kontua kudeatu daiteke eta sistemaren saioa. Beraz, menu bakar batetik kudeatu ahal dira sistemaren saioa, Ubuntu One, berehalako mezularitzaren kontu ezberdinak eta sare sozialenak. Hau da, nortasun digital anitz dituztenentzat zoragarria!

Beste alde batetik Gwibber aplikazioaren diseinua ere aldatu da eta aldaketek ez dute ekarri erakargarria izate hutsa, erabilerraztasunaren aldetik ere hobetu da izugarri eta beraz erosoago eta errazago erabiltzen da aplikazio hau.

Ubuntu One

Ubuntu One da Ubunturen aurreko bertsioarekin jaio zen zerbitzu bat, dokumentuak on-line gorde eta eskuratu ahal izateko ordenagailu ezberdinetatik norberaren Ubuntutik. Gainera, Ubuntu erabiltzen zuten beste ezagun batzuekin ere partekatu ahal ziren dokumentu hauek. Orain, gainera, Ubuntu erabiltzaileak ez direnekin partekatu daitezke. Honez gain, malgutasun gehiago dago zehazteko zein ordenagailutan partekatu nahi diren gauzak eta zer partekatu daiteke, ez soilik dokumentuak, laster markak eta kontaktuak ere partekatu eta sinkronizatu daitezke erailtzen diren ordenagailu ezberdinen artean. Bestetik, Ubuntu Music Storen erosten diren abestiak ere Ubuntu One-en gordeko dira eta erreproduzitzaile ezberdinekin sinkronizatu daitezke.

Softwarea

Canonicaletik iragarri zuten bezala, Gimp irudi editorea ez dator instalatuta lehenetsita eta erabili nahi izanez gero Ubuntu Software Biltegitik instalatu beharko da, eta minutu batzuetan Gimp sisteman instalatuta egongo da. Bestetik, Pitivi bideo editorea gehitu dute bideoak era erraz batean editatzeko. Ubuntu software biltegian ere diseinu aldaketa sakona egin da.

Sistema Eragileak

Sistema eragileen elkarbizitza ordenagailuan

sisetmaeragileakOrdenagailu bat erosten denean, gehienetan, lehenetsitako sistema eragile batekin etortzen da eta bakarrik hori erabiltzen da askotan. Hala ere, ordenagailu batean hainbat sistema eragile instalatzea posiblea da inolako arazorik gabe. Esaterako, egun, Ubuntu eta GNU/Linux sistema eragilea pil-pilean egonda, ez da batere arraroa erabiltzaile batek bere ordenagailuan MS Windows eta Ubuntu instalatuta edukitzea edo Mac OS X eta Ubuntu, esaterako. Erabiltzaile aurreratuago batzuek, bi baino sistema eragile gehiago dituzte, MS Windows 7, MS Windows 2003 Server, eta Ubuntu edo MS Windows 7, Ubuntu eta Solaris.

Sistema eragile bakoitzak partizio bat eta fitxategi sistema bat behar du

Zibergela atalaren aurreko artikulu batean aipatu zen bezala, sistema eragile bakoitza partizio ezberdin batean instalatu behar da. Gainera, sistema eragile bakoitzak fitxategi sistema bat edo gehiago behar du. Hala, bada, sistema eragile ezberdinak instalatu nahi badira ordenagailu batean, disko gogor bat baino gehiago eduki edota partizio ezberdinak egin beharko dira. Artikulu horretan ere komentatu zen bezala, onena, ordenagailua hutsik edukita, zerotik partizioak egitea da.

Master Boot Record eta abio-sistema

Master Boot Record da disko gogorraren lehenengo sektorea, eta bertan gordetzen da ordenagailuaren abio-sistema. Sistema eragile bat instalatuta egonez gero, MBR-n gordetzen du abiarazteko beharrezkoa zaion informazioa. Bestela, sistema eragile bat baino gehiago instalatuz gero, instalatutako azken sistema eragileak menu bat gorde ohi du, sistema eragile ezberdinen artean zienekin abiarazi nahi den hautatzeko.

Horrela, MS Windows instalatuta edukiz gero, adibidez, Ubuntu instalatzen denean, Ubuntu-k sortzen du MBR-n menu hori. Horrela, ordenagailua pizten denean, Ubuntu edo MS Windowsen artean aukeratu ahal izango da abiarazteko orduan. Denbora tarte batean bat ere ez bada aukeratzen, orduan, lehenetsitako sistema eragiletik abiarazten da automatikoki. Ubuntu eta GNU/Linux banaketa ezberdinek erabiltzen duten softwarea horretarako “GRUB” du izena. GNU/Linux bertsio zaharretan LILO izenekoa erabiltzen bazen ere, LILO oraindik instalatu daiteke eta eskuragai jarraitzen du software biltegian.

Hala, bada, Ubuntu edo beste GNU/Linux banaketa bat instalatzen denean, instalazio prozesuaren amaieran GRUB exekutatzen da. Orduan, GRUB-ek automatikoki ezagutuko ditu ordenagailuan instalatuta dauden sistema eragile ezberdinak, eta MBR-n abio menua idatziko du sistema eragile ezberdin hauekin. Ordenagailua pizten den hurrengo aldian, beraz, Ubuntu eta MS Windows-en artean aukeratu ahal izango da ordenagailua abiarazteko. Gauza bera gertatuko da Mac Os X eta Ubuntu instalatuz gero, esaterako.

Microsoft Windows sistema eragilearen bertsio ezberdinek ere bere softwarea daukate MBR-n idazteko eta abio menua sortzeko, baina kasu hauetan beste Microsoft sistemak baino ez dute ezagutzen. Horrenbestez, bi sistema eragile ezberdinak instalatuz gero, errazagoa da lehendabizi edukitzea instalatuta MS Windows sistema bat eta gero bestea, Ubuntu edo GNU/Linux, esaterako instalatzea. GNU/Linux sistemetan, GRUB abio kudeatzaileak ezagutzen dituelako beste sistema eragileak, MS Windows sistemetan, Microsoftenak baino ez, ordea.

GRUB eta abio menua berreskuratzea

Ubuntu edo GNU/Linux banaketa bat instalatuta edukiz gero, eta MS Windows sistema eragileren bat instalatu behar bada, esan bezala, abio menua ordezkatuko du Microsoft sistemaren instalazioak. Horrenbestez, GNU/Linux sistematik abiarazteko aukera galduko da.

Hala ere, GRUB eta abio menua berreskuratu daiteke. Horretarako nahikoa da Ubuntu CD batekin edo GNU/Linux Live CD batekin. Live CDaren bitartez abiarazi daiteke Ubuntu edo GNU/Linux sistema eragilea disko gogorrean ezer instalatu gabe. Horrela, CDa sartu, ordenagailua abiarazi eta sistema eragile oso bat dago martxan aplikazio garrantzitsuenekin erabili ahal izateko. Hori eginda, sistema eragilea, CDtik abiarazten da eta ez disko gogorretik, beraz, sisteman egiten den edozein aldaketak ez dauka eragina CDtik abiarazten den hurrengo aldian. Hala, bada, behin Live CDtik sistema kargatuta, GNU/Linux sistema instalatuta dagoen disko gogorrera joan ahal da. Hor GRUB berriz eguneratu eta abio menua grabatu daiteke hurrengo komandoekin: <<sudo fdisk -l>> jakiteko zein den GNU/Linux partizioa. Demagun /dev/sda1 dela, orduan <<sudo mount /dev/sda1 /mnt>> komandoa idatziko dugu, horrela muntatzen dugu. Gero, <<sudo mount –bind /dev /mnt/dev>> komandoaren bitartez beste gailuak muntatzen dira. Ondoren, <<sudo chroot /mnt>> egikaritzen dugu root sarbidea edukitzeko instalatutako GNU/Linux sisteman. Azkenik MBR grabatu behar da <<sudo grub-install –recheck /dev/sda>> komandoaren bitartez. Gero, ordenagailua abiarazten denean instalatuta dagoen Ubuntutik, <<sudo update-grub2>> komandoa exekutatuta, automatikoki grabatuko dira abio menuan instalatutako sistema eragile guztiak.

*Oharra; Boot,  Ubuntu sistema instalatuta dagoen partizioan ez badago, eta beste batean egonez gero, /mnt karpetan ere montatu beharko da. Beraz, <<sudo mount –bind /dev /mnt/dev>> egin ostean, <<sudo mount /dev/sda2 /mnt/boot/>>, supoastuta, boot, /dev/sda2 dela.

mount /dev/sda2  /mnt/boot
mount /dev/sda2  /mnt/boot