android, Aplikazioak, Apple, ebook, tabletak

Readmill irakurgailu soziala, Android sistemetan ere bai

readmill2Gizakia animalia soziala dela esaten da, eta horrela frogatzen dute erabiltzaileek behin eta berriro. Telefonoetarako Readmill liburu digitalen irakurgailuaren berezitasuna horretan datza, eta hortik ere bere arrakasta. Ohiko klixeak alboratu, eta irakurketa esperientzia soziala bihurtzen da horrela, azpimarratuak partekatu, lekuan lekuko iruzkinak egin, edota gomendioak egiteko aukerekin.

Sinplea da: posta elektronikoa edo Facebook kontuaren bidez erregistratu, eta jarraian, irakurtzen den liburu bakoitza norbere profilean erakusten has daiteke. Nabarmendu nahi diren testu zatiak ere azpimarratu, eta Twitter edo Facebook-era bidaltzea dago; deigarria egiten den pasarte hori lagun artean goraipatzeko.

Liburuak eskuratzeko bi era

Liburuak eskuratzeko lehen bidea aplikazioak daukan irakurketa klasikoen datu base erraldoian bilatzea bada ere, norberak lokalean dituen liburu digitalak kargatzerik ere badago, Readmill-en webera bidalita: https://readmill.com/library. PDF eta ePub formatuak onartzen dituela jakinda, beste behin ere hodeia baliatuko da bakoitzaren liburutegia osatzeko, eta ondoren, aplikazioa dagoen iPad edota telefonoetan aldi berean agertzeko.

DRM daramaten liburuak edo gabekoak —alderik gabe— igo daitezke; kopiaren kontrako neurrien edo DRM berri ez dutenek: http://zibergela.bitarlan.net/2013/06/20/kopiaren-kontrako-neurriak/.

Gaian adituek ez direnek jakin dezatela P2P teknologiak erabiliz liburu trukerako bilguneak daudela amaraunean. http://epubgratis.me/ gunea horietako bat da, eta bertan, bakoitzarenak partekatu daitezke, edo berriak jaso. Era berean, liburuen banaketa etxeak dagoeneko hasi dira sartzen estekak haien atarietan, erositako liburuak Readmill aplikazioan zuzenean sinkronizatzeko.

Telefonotik gehiago irakurtzen da tabletatik baino

Irailera arte Apple gailuetarako bakarrik zegoen eskuragarri Readmill. Arduradunak komunitatearen etorrera ona aintzat hartu, eta beste plataformetara hedatzeko merkatu analisian ohartu ziren jendeak telefonoak erabiltzen dituela irakurtzeko, eta ez tabletak. Ondorioz, irailaren 18an kaleratu zuten bertsioa Android euskarria duen telefonoetarako dago bakarrik eskuragarri. Bibliofilo berrien aplikazio estimatuena dena App Store-n aurkitu daiteke iPhone nahiz iPad-entzat, baina Google Play dendan, sakelakoentzat soilik aurki daiteke.

Internet, kontzeptuak

Alegiazko diruaren garaia iritsi da

bitcoin batHarreman komertzialen aro berria hasi zen Internetekin. Bilakaera ziztu bizian doa, eta aurreneko Paypal ordainketa sistemei anitzek jarraitu diote halabeharrez, Google Wallet da azken asmakizun aipagarriena. Zinez hautsak harrotzen ari da, baina eredu anarkista duen proposamenaren ildotik dator: Bitcoin du izena.

Bitcoin, mugarria edo utopia?

Peer-to-peer edo P2P teknologian oinarritzen den txanpon digitala da Bitcoin; izen bereko protokoloa erabiltzen duen software esperimentala. Nodo edo sareko puntu bakoitzetik bestera, ordainketak egitea ahalbidetzen du mundu osoan; bata zein bestea nongoak diren aintzat hartu gabe eta bitartekaritan galerarik jasan gabe. Satoshi Nakamoto hacker-a eta ekarpenaren erantzuleak 2008ko finantza krisiaren ondorioz pertsonen dirua politikari eta bankarien amarruen menpe ikusi zuen, eta horregatik erabaki zuen gobernuetatik askea behar zuen dirua beharrezkoa zela.

Bitcoin-ak bitez osatuak egotean, ez dira solido eran eskuan eutsi daitezkeen txanponak, zorro birtual batean gordetzen diren alegiazko hizki eta zenbaki segida baizik. Behin jabetuta, amaraunean ondasunengatik trukatzeko ez dago webgune batera joan eta hartzailearen zorroaren helbidea idaztea baino, adostutako kopurua zehaztuz. Dolar, euro edo bestelako dibisek ez bezala, Bitcoin ez dago gobernuen edo banketxeen babespean (edo gehiegikerien menpe); ordea, eragiketa guztiak jendaurrean erakustea da bermea, iruzurra eta faltsifikazioa saihesteko.

Hedapen bizkorraren atzeko arrazoiak

Jende digitalki sofistikatu, libertario kapitalista edo dibisa egonkorra falta duten herrialdeek mauka aurkitu dute. Bitcoin-en balioan izugarrizko gorabeherak jasaten diren arren —270 dolar (191 euro) balio izatetik 55 dolarretara (42 euro) eror daiteke orduen buruan—, merkatuan dabilen kopuruaren balioa bi bilioi dolarretan ezartzen dute, dibisen merkatua itzultzeko adinakoa. Fenomeno hau pairatzen ari den igoerari jasangaitza deritzote adituek, eta burbuila berri baten sustarrak ezarri direla diote.

Gorakadaren beste arrazoi bat nazioarteko finantza egoera nahasgarriarekiko babes nahian egon liteke. Ez da zoriaren kontua Bitcoin-ak izandako arrapaladako igoera, Zipreko Gobernuak —EBk hala eskatuta— herrialdeko aurrezleen diruak izoztuko zituela iragarri zenean.

Eskuratzeko oztopoak

Ez da samurra Bitcoin bat eskuratzea. 10 minututik behin zozketa moduko bat egiten da, eta bertan parte hartzea bada ere bide zintzoena, bada ordenagailu aurreratu eta algoritmo sofistikatuak garatu dituenik horiek eskuratzeko. Bestela, aukera arrunta mantentzen da: jada badituen bati erostea. Trukerako webguneak badaude jada, dolarrak onartzen dituzte bihurketa egiteko, enkante estilora. Egun, 10 milioi Bitcoin daude merkaturatuta, eta 21 milioitan gelditzeko asmoa iragarri dute balioa egonkortze aldera.