android, Aplikazioak, Apple, Hardware, Internet, Irisgarritasuna, Jaialdiak, kontzeptuak, Mugikorrak, Multimedia, NFC, Sakelako Telefonoak, Sareak, Segurtasuna, tabletak

Zelatari elektronikoa: iBeacon

iBeacon-akAppleren burutazioa da iBeacon. Telefonoak seinalerik ez duen guneetan eransteko diren geokokapenerako gailu multzoa da. Zeharka aipatu zuten iOS 7 eguneraketaren aurkezpenean; bestelako garrantzirik eman gabe. Eraikinen barrurako posizio sistema gisa merkaturatu, baina, asmakizunekin sarri gertatzen denez, erabilpenak askoz harago joan dira azkenean. Potentzial ikaragarria du iBeaconek, eta azken bolada honetan estandar bihurtzeko bultzada hartu duela dirudi.

Zelatatzeko eginda daude. Jendea leku batetik igaro dela nabaritzen duten lekuko isilak dira. Applek teknologia asmatu du, baina laster batu zaizkio beste enpresa batzuk ingurura. Applek ez, baizik eta Estimote enpresak honezkero merkaturatu ditu aurreneko aleak. Koloretako silikonaz eginda dagoen harri koxkor estalkia jantzi diete gainean lekuko elektroniko txikiei; non-nahi eskegitzeko eranskina eta guzti. Laster gabe, museo, saltoki eta interes turistikoko guneetan ezartzeko asmoa dute. 

Erabilera desberdinak eman dakizkioke Appleren balizei. Oinezkoak antzeman, eta testuinguruko iragarki edota uneko deskontuak eskainiko dizkiete dendetan. Baina, era berean, bezeroen uneko kokapena ezagutzeko, edo baliza duen produktura erosleak gidatzeko balia daitezke. New Yorken eta San Frantziskon saltokiak erabiltzen hasiak dira jada, shopBeacon leloa hartuta. Sekulako erosketa esperientzia agintzen dute. Txikiteoan edo pub crowl eginez tabernaz taberna ibili nahi dutenentzat ibilbidea asmatu dute Manhattan bazter ezagunean. Mauka bereziak eskaini eta bisitariak gidatzeko iBeacon teknologia erabiliko dute datorren maiatzaren 20an. BeaconCrowl aplikazioa eskuragarri dago animatzen denarentzat.

Baina benetako oihartzuna Major League Baseball txapelketari zor dio. Liga horretako iPhonerako aplikazio ofizialean sartuko dute teknologia denboraldi berrirako; eta, besteak beste, zelai bakoitzaren interes guneetako bisitaldiak egiteko, jokoan dagoen partidako jokaldien errepikapenak kargatzeko, edo zelaian ikusleak haien jarlekura bideratzeko gai izango da iBeacon. Paypal etxeak ere Beacon aurkeztu du, erosleek txartelak edo zorroa atera beharrik gabe ordainketak egin ahal izateko, telefonoa soinean eramateko behar hutsarekin; iBeacon lekuko artetik pasatuta, hain zuzen ere. Ilarak aurreratzeko izango ote da, behinik behin.

Major League Baseball iparamerikarreko aplikazioak iBeacon teknologia baliatuko du

Major League Baseball txapelketako aplikazioak iBeacon teknologia baliatuko du aurki.


Wifi seinalearen funtzionamenduarekin alderatu daiteke eredu berria. Eremu batera gerturatzen den iOS gailua automatikoki konektatzen zaio iBeacon. Beti daude sarera konektatuta iBeacon balizak, eta erabiltzailearen eskaera amaraunera bideratzen dute zuzenean. Ez dira Interneterako sarbide puntuak; hala ere, sarea beharrezkoa den lehentasunez programatutako egitekoak bideratzen dituzte. Orokorrean informatzekoa, edo bezeroa gidatzekoa.

Hots, ez dute lehentasunezko informazio berdina etengabe errepikatzen, eta beti daude eguneratuta. Beste abantaila bat da, telefono estaldura edo GPS seinalerik gabeko guneetan ere, konexio horien erabilpena egin dezaketela telefonoek, iBeaconak programatutako betebeharrak egiteko.

Teknologia merkea eta kontsumo apalekoa da. Bluetooth seinalez komunikatzen dira, txiparen laugarren belaunaldiko aldaera baten bidez: Bluetooth Low Energy edo BLE izenekoarekin, hain zuzen. Bateriak bi urte iraun dezake, eta seinalearen eragina 50 metrotaraino iristen da. NFC erako komunikazioa moztu egiten da lau zentimetrotik aurrera, eta bistakoa da alde horrek aukera zabalagoak ematen dizkiola Appleren ereduari. Bien artekoa izango da hurrengo urteetan telefonoetan nagusitzeko lehia.

Honezkero, erabiltzen hasi dira iBeacon erloju adimentsu eta jarduera fisikoa erakusten duten eskumuturrekoak telefonoetara konektatzeko, besteak beste. Bluetooth 4.0 leloa edo eranskina daramaten gailuak dira bateragarriak harekin. 

Bide batez, GPS koordenatuak ere gordetzen ditu iBeacon lekuko bakoitzak. Bat baino gehiago ezar daitezke, eta eginbehar bat bideratzeko puntuak osatu. Honela, telefonoan gertakariak edo jakinarazpenak jaso daitezke eraikin baten sarrera eta irteeran, edota zirkuitu turistikoetan bisitaldi gidatuak osatu.

android, Aplikazioak, Mugikorrak, Sakelako Telefonoak

Sokamuturra app, han zezena han zangoa

Azpeitiko Zezen Beltz elkarteak eta Ukabi Informatika enpresak Sokamuturra izeneko aplikazioa aurkeztu berri dute. Sokamuturrean zezena uneoro non dabilen eta lotuta non dagoen jakiteko erreferentzia gisa balia daiteke. Sistema sinplea da: zezenaren lepokoari eta sokari GPS txiki bat jartzen zaio. GPSak posizioa bidaltzen du, eta aplikazioak datu horiekin zezenaren edo sokamutilaren kokapena bistaratzen du mapan. Aplikazioaren nahia, azken batean, zezena zein kaletan dabilen jakitea da.

Android sistemadun telefonoetarako dago, eta aurtengo Azpeitiko inauterietako sokamuturrean estreinatu dute. Play Store-tik deskarga daiteke doan, hurrengorako.

android, Aplikazioak, Apple, Mugikorrak, Sakelako Telefonoak

Runloc, kirolariak lasterketetan monitorizatzeko aplikazioa

runlocRunloc lasterketetako partaideak denbora errealean geokokatzeko eta egiten ari diren denborak ikusteko aplikazio berritzailea da. Donostiako ingeniari talde gazte batek izandako burutazioa da honako hau, Akting Ingeniaritza enpresan, hain zuzen.

Hasiera batean korrikalarientzat garatutako ideia izan bazen ere, azkenean, txirrindularitzarako nahiz igeriketarako ere balio dezake, alderik gabe. Tarteko puntuetan egindako denborak hartzen ditu erreferentzia gisa, eta horrela kirolaria geolokalizatzen da estimazio baten bitartez. Lagunen artean norgehiagokak sortzeko balioko duen aplikazioa da Runloc, bide batez. Eskuragarri dago Android telefono eta iPhonetarako, Google Play eta App Storen.