Hardware

Hemeretzi euroko ordenagailua

Erresuma Batuko Raspberry Pi fundazioak 19 euroko prezioa duen ordenagailua merkaturatu nahi du. Proiektuaren sortzaile den Eben Uptonek dioenez, azken urte hauetan, Cambridge Unibertsitateko Konputazio ikasleek gaitasunak galdu dituzte, ordenagailuekin esperimentatzeko aukerak behera egin duelako.

Ordenagailuen kostuak gora egin du lehen Spectrum eta Commodoreak agertu ziren garaietatik; eta, horrekin, esperimentatzeko aukerak murriztu egin dira, Ebenen aburuz. Esperimentazioa sustatzeko asmotan sortu dute ordenagailu berri hori, beraz.

Ordenagailu horrek ez du ez pantaila, ez eta karkasarik ere. 128 megako RAM memoriaz eta ARM prozesadore batez hornitua dago, eta SD txartel batean kargatu behar zaio sistema eragilea. Software librearen alde egiten dute plaka horren egileek, eta Linux banaketa bat instalatzea gomendatzen dute. Ordenagailuaren lehen 10.000 aleak Txinan fabrikatu dituzte; eta, oraingoz, berau erosteko, fundazioaren webgunera jo behar da.

Bi modelo jarriko dituzte salgai: lehendabizikoak, lehen esan bezala, 128 Mb RAM ditu, USB ataka bat eta ez du Ethernet konexiorik onartzen; bigarrenak, aldiz, 256 Mb RAM ditu, bi USB ataka eta Ethernet konexioa.

@Informazio gehiago bildu nahi izanez gero, bisitatu webgune hau: http://www.raspberrypi.org/

Hardware, Irisgarritasuna

Hardware irisgarritasuna

supportive keyboardIrisgarritasuna ez da gai berria Zibergelan, aurreko ale batean webgune eta aplikazioen inguruko irisgarritasunari buruz mintzatu da, hona hemen lotura: http://zibergela.bitarlan.net/2010/10/15/irisgarritasuna-interneten-eta-teknologia-berrietan/. Kasu honetan hardware irisgarritasunari dagokio txanda.

Ordenagailuaren hardwareaz mintzatzerakoan, hauek dira elementu nagusiak: PUZ (Prozesu Unitate Zentrala), hau da, ordenagailuaren kutxa nagusia eta honek dituen botoiak edo informazioa jasotzeko elementuak, argiak, soinuak; eta periferikoak, hau da ordenagailua eta erabiltzailearen artan informazioa elkartrukatzeko elementuak: teklatua, sagua, monitorea, inprimagailua. Hala, bada, elementu hauen diseinua erabilerraztasunari bideratuta egon behar da.

Mugak softwarearen bitartez gaindituz

Hala, bada, elbarritasun mailaren arabera, erabiltzaileek arazoak izan ditzakete aipatutako hardware elementu batzuk erabiltzeko, kutxa nagusiaren botoiak eta gailu ezberdinen hainbat elementu, alegia. Erabiltzaileak, beraz, zailtasunak izan ahal ditu ordenagailua edo inprimagailua pizteko eta itzaltzeko edo CD-ROMa eta DVDa egotzi ahal izateko, besteak beste. Arazo hauei aurre egiteko, sistema eragileek eta aplikazio ezberdinek softwarearen bitartezko irtenbideak eskaintzen dituzte, ordenagailua itzaltzea edo CD-ROMa egoztea, adibidez. Horrenbestez, ekintza hauek era ezberdinez burutu daitezke, ahotsaren bitartez, adibidez.

Hardware irisgarria diseinatzeko irizpideak

Hardware irisgarria diseinatzeko irizpide batzuei jarraitzea gomendagarria da. Esate baterako, komenigarria da gailuak pizteko eta itzaltzeko botoiak aurrean egotea gailu guztietan. Botoi hauek ez dira txikiegiak izan behar eta nahiko bananduta egon behar dira bata bestetik. Gainera, botoiei era egoki batean sakatu zaiela ohartarazteko, soinu-jakinarazpen batekin erantzutea gomendatzen da. Honetaz gain, botoi eta konektore bakoitzak bere funtzionalitatea adierazten duen etiketa eduki beharko luke. Testu hau kontraste nahikoarekin idatzi beharko litzateke eta erabiltzaile itsuentzat braille etiketak ere erabili beharko lirateke. Braille etiketa hauek jada erabiltzen dira tramankulu askotan, igogailuak, esate baterako, baina oraindik ez da erraza ikustea ordenagailuen eta periferikoen botoietan eta konektoreetan.

Irisgarritasunerako gailu bereziak

Irisgarritasunerako hainbat periferiko aurkitu daitezke, periferiko hauek mugaren bat duten pertsonei ordenagailua eta teknologia erabiltzen laguntzen diete.

Adibiderik ezagunenetarikoa, agian, Braille teklatua da. Teklatu hauek ahalbidetzen dute karaktere guztiak idaztea Braille sistema erabilita. Ohiko teklatuak bezala konektatu ahal dira ordenagailura, PS/2 edo USB atakak erabiliz, alegia, batzuk ere bluetooth-en bitartez ere konektatu ahal dira. Orokorrean oso teklatu sinpleak dira, 6 edo 8 tekla nagusiak dituzte eta tekla gutxien konbinazioarekin karaktere guztiak idatzi ahal dira era azkar batean.

Kasu larrienetan, headpointer edo buru-erakusleak eta kommutagailuak erabili ahal dira. Buru-erakusleen bitartez eta pantailaren bitartez ordenagailuarekin komunikatu daiteke erabiltzailea burua soilik erabilita. Garun-paralisia duten edo eskuak mugitu ezin duten erabiltzaileentzat zuzenduta daude gailu hauek. Kommutagailuek eragiketak egiteko balio dute eta mota askotakoak daude. Eragiketak botoi gutxiren bitartez, ukimen presioaren bitartez edo ahoa erabilita, putz eginez, burutu ahal dira.

Hauetaz aparte, web-kamera bereziak ere aurkitu daitezke, moldatutako web-kamera hauek eragiketa bihurtzen dituzte buruaren mugimenduak edo begien mugimenduak. Teklatuei dagokienez ere aniztasun handia dago, esku bakar batekin erabiltzeko teklatuak, tekla handiekin eta koloredunekin, tekla-lasterbideak errazten dituzten teklatuak (Ktrl + Alt + Supr, adibidez), eta abar.

Hardware, Osagarri Informatikoak

Ordenagailua erosterakoan aintzat hartu beharrekoak

ordenagailuaerosiOrdenagailu bat erosterakoan, zalantzaz bete ohi da burua. Zer erosi, ordenagailu eramangarria ala mahaigaineko ordenagailua. Eta zenbaki arraro horiek guztiek zer esan nahi dute. Zer da hobe RAM memoria arraro hori ez dakit zenbat Megabytekoa edo disko gogorraren edukiera.

Ordenagailu eramangarria ala mahaigainekoa

Ordenagailu bat erosteko orduan pentsatu behar den lehenengoa da zer behar den edo zer erosi nahi den, ordenagailu eramangarria ala mahaigainekoa. Prezio eta ezaugarrien aldetik, egun nahiko parekatuta badaude ere, oraindik merkeagoak eta ezaugarri ahaltsuagoak dauzkate mahaigaineko ordenagailuek. Gainera, mahaigaineko ordenagailuak erosoagoak izaten dira ordenagailu eramangarriak baino. Izan ere, monitorea handiagoa izaten da azken hauetan edo teklatua eta sagua handiagoak eta erosoagoak ere izaten dira. Bestetik, ordenagailua irekitzea eta osagaiak ordezkatzea edo gehitzea eta kentzea ere errazagoa izaten da mahaigaineko ordenagailuetan eramangarrietan baino. Hala, bada, eramangarritasuna ez bada behar eta ordenagailua ez bada eramango leku batetik bestera, esan daiteke hobe dela mahaigaineko ordenagailua erostea. Erosoago, merkeago eta ahaltsuagoa izango da eramangarria baino mahai batean edukitzeko.

Aldiz, erosi nahi den ordenagailua mugituko bada, gutxitan bada ere, ordenagailu eramangarria oso aukera ona da, egun oso merke daudelako eta oso ahaltsuak direlako. Gero eta gehiago murriztu da tartea ordenagailu eramangarri eta mahaigaineko ordenagailuen artean ahaltasun eta prezioaren aldetik.

Ordenagailu eramangarriaren tamaina eta pisua

Ordenagailu eramangarria erostea aukeratu bada, tamaina da kontutan hartzeko ezaugarri garrantzitsu bat. Gainera, zenbat eta handiago izan orduan eta pisutsuagoa izango delako. Normalean, ordenagailu eramangarria izango duen tamaina pantailaren tamainak finkatzen du. Noizbehinka mugituko bada, soilik bidaietan edo denboraldi luzeetan handiagoa hartzea komeni da, batez ere ordenagailu nagusia baldin bada, alegia, normalean erabiltzen dena. Kasu honetan, gutxienez, 15,6 hazbeteko pantaila duen ordenagailua hartzea komeniko litzateke. Hala ere, 17 edo gehiago hazbeteko ordenagailu eramangarriak ere badaude, beraz, onena, posiblea bada tarte horretan hartzea izango litzateke.

Aldiz, batzuetan eraman behar bada ordenagailua batzarretara joateko edo leku ezberdinetara joateko, 14,5 edo hazbeteko pantaila duen ordenagailua hartzea komeniko litzateke. Sarritan eraman behar bada gainean, leku batetik bestera joan behar diren pertsonentzat, netbook edo ultraportatila izeneko ordenagailuak izan liteke erosoena. Batez ere leku finko batean, etxean edo bulegoan, ordenagailu handiago bat edukiz gero. Ordenagailu hauek 10,1 eta 12,1 hazbete arteko pantailak izaten dituzte eta oso arinak dira, 1,3 edo 1,4 Kg inguruko pisua daukate gehienek, baten batek gutxiago eduki ahal du. Gainera oso erosoak dira edozein poltsotan eramateko eta bateriak nahiko irauten du kargatuta. Hori bai, hauen ezaugarriak ordenagailu eramangarri arruntenak baino ahulagoak izaten dira eta askok ez dute ekartzen DVD edo CD-ROM irakurlea, beraz, edo kanpoko irakurle/grabatzaile bat erosi beharko da edo USB memoriekin grabatu beharko dira datuak eta aplikazioak.

Ordenagailu eramangarriaren osagaiak

Ordenagailua eramangarria erosten denean, hainbat gauza begiratu behar dira, egokiena hartu ahal izateko. Mahaigaineko ordenagailuetan ez bezala, pisua da kontutan hartzeko ezaugarri bat. Zertarako erabiliko den kontutan hartuta, aparteko osagaiak ere begiratzea interesgarria izan daiteke. Alegia, webcam duen edo kanpoko pantaila bat lotzeko portua, VGA normalean, HDMI edo DVI ere izan daiteke. Telebistarekin konektatu nahi bada eta telebista ez badauka HDMI, DVI edo VGA sarrera, s-bideo motako irteera oso ondo etor daiteke, esaterako. Telebista askok daukate s-bideo sarrera eta bestela, s-bideotik eurokonektorerako egokigailuak daude. USB ataka kopurua ere garrantzitsua da, USBak asko erabiltzen dira ordenagailu eramangarrietan. Wifi konexioa edo sare-txartela edukitzea ezinbestekoa da, baina hau guztiek ekartzen dute, jakina,

Ordenagailuaren ezaugarriak

Ordenagailua erosterakoan, disko gogorraren edukiera garrantzitsua da batez ere informazio dezente gorde behar izanez gero, eta gainera pisutsua bada argazkiak, bideoak edo audioak bezala. Hala ere, kanpoko disko gogorrak erabili ahal dira, aukeratzen den ordenagailuaren disko gogorra ez bada behar bezain handia. Baina ordenagailuaren azkartasunerako eta errendimendurako garrantzitsuago izaten da RAM memoria eta prozesagailua, eta hau ez da konpontzen disko gogorraren edukierarena bezain erraz, beraz, hobe da RAM memoriari eta prozesagailuari ondo erreparatzea disko gogorrari baino. Sistema eragilea ere begiratu ahal da. Sistema eragile doako bat baino ez bazaio instalatuko, Ubuntu bezala, hobe da ordenagailua sistema eragilerik gabe erostea ahal bada, horrela ez da ordaintzen gero kenduko den sistema eragile baten lizentzia. Ordenagailuak dituen atakak ere begiratzea komeni da, batez ere ataka bereziak behar izanez gero, serie (RS-232) edo firewire atakak bezala.