Canonical enpresakoek sakelakoetan eta tabletetan ordenagailu bat eramatetik gertuen dagoen proiektua eskainiko dute laster: Ubuntu Touch, ukipenezko pantailadun gailuentzako sistema eragilea. Norbere patrikan bertan, Ubuntu osoa sartu eta smartphone txikienen edo tableten zirkuituetan nola mugitzen den ikusi besterik ez dago merituaz jabetzeko. Behin betiko bertsioa kaleratzeko albistearen zain, garatzaileek probatu dezaten, bertsio bat dago eskuragarri otsailetik.
Sakelako eta tablet bertsioak software libreko sistema eragile ezagunaren hedapen estrategiaren azken mugarriak dira; Ubuntu telebista zerbitzuari, zerbitzari nahiz ordenagailuentzako sistemei edo hodeiko zerbitzuari batzen zaizkienak. Ubuntu TV-k urte beteko bidea darama jada: http://zibergela.bitarlan.net/2012/01/25/ubuntu-tv/.
Ordenagailu oso bat patrikan
Ubunturen mahai gaineko interfazearen edo Unity-ren bidez eskaintzen den esperientzia berdina eman nahi diote erabiltzaileari. Web aplikazioetan oinarritutako sistema eragile bat da haien proposamena, HTML 5 estandarra oinarritzat daukan ingurune arina. Ohiko telefonoek Java darabilte, errekurtsoak jaten dituen bihurgailu bat eskatzen duena (Java makina birtuala). Hala, hardware moteleneko smartphone orok ere, sufrikario hori kenduta, Ubuntu zailtasunik gabe mugi dezake, eta kalitate grafikoa gorde.
Horretaz gain, pantaila osora doitutako diseinua, aplikazioen arteko nabigazio intuitiboena, ordenagailuarekin informazioa partekatzea edo pertsonalizatzeko aukera zabala dakartza Ubuntu for Phone-k. Bide batez, telefonoa pantaila handi batera konektatuta, ordenagailu baten moduan erabil daiteke; funtsean, sistema baliokidea baita: pantaila txikian eramatekoa den ordenagailua bezalakoa. Litekeena da, baina, Androidera ohituta daudenek haien sistemarentzat erosi dituzten aplikazioak galdu nahi ez izatea, eta hala ere, Ubuntu haien sakelakoan erabiltzeko gogoa izatea. Bada hori egiteko modua, eta ordenagailua izango balitz bezala, erabili nahi den sistema eragilea aukeratzea abioan. Horretarako, eta prozesagailu bikoitzeko edo dual-core sakelakoa dutenentzako, Ubuntu for Android geruza dago eskuragarri.
Sakelakoen merkatua konpetentzia gorriko ingurunea da, eta kode irekidun sistemek erronka latza daukate erabiltzaileen atxikimena lortzeko.
Tabletan ere, Ubuntu
Aurrekoaren onura berdinak dakartza tabletetara Ubuntuk. Gainera, ordenagailua izango balitz bezala, hainbat erabiltzaileren artean aukeratu eta autentifikatu ostean, bakoitzak bere kontu propiora sarbidea dauka, norbanako bakoitzarentzako konfigurazio eta aukerekin. Iraultzailea, baina, Side Stage izeneko ezaugarria da: pantailaren albo batera, bigarren aplikazio bat exekutatu ahalko da, leiho txiki batean ikusiz. Tablet batean aurreneko ataza aniztasuna edo multitasking efektua litzateke.
Aipatu bezala, ukipenezko Ubunturen behin betiko bertsioa oraindik falta dela, probatzekoa instala dezaketen gailuak mugatuak dira: Galaxy Note, Nexus 4, Nexus 7 eta Nexus 10. Horietako baten jabeentzat, Ubuntu probatzeko (nahiz Android-era itzultzeko) jarraibideak ondorengo estekan daude: https://wiki.ubuntu.com/Touch/Install.
Zaharrak berri: Ubuntu ‘Rairing Ringtail’ 13.04 berritua
Eraginkortasunean finduta eta berrikuntza esanguratsueik gabe kaleratu dute mahai gaineko aurtengo bertsioa. Raring Ringtail ez da LTS gisakoa, edo bost urteko sostengua jasotzen dutenekoa, bederatzi hilabetekoa baizik.
Esandakoak esanda ere, Ubuntu 10.10 bertsioan estreinatu zenetik Unity interfazea abiaduragatik kritikatu izan dute, eta Google+ sare sozialeko Teknozale euskal komunitatean jaso denez, alderdi horretatik oraindik ere herren da Ubunturen bertsio berria.