Google Maps 6.11 bertsiora eguneratu da, eta, horrekin batera, txirrindularientzat zerbitzu bat sartu dute. Orain, autoentzako errepideetan bezala, bizikleta bideetako argibideak jaso ahalko dira telefonoan. Eroso ibiltzeko, ahots batek gidatuko du txirrindularia bidezidorrean, sakelakoari begiratu eta arreta galtzeko beldurrik gabe.
Bizikleta bideak dituzten Ipar Euskal Herriko hirigune nagusietan baliatu ahalko da. Eskaintza berria era horretako bideak hirietako mapetan jasotzen dituzten herrialdeetara zabaldu dute: Ameriketako Estatu Batuak, Australia, Austria, Belgika, Danimarka, Eskozia, Finlandia, Frantzia, Gales, Herbehereak, Ingalaterra, Kanada, Liechtenstein, Luxenburgo, Monako, Norvegia, Suedia eta Suitza, alegia.
Dagoeneko bizikletaz egiteko 53.000 kilometro estali dituzte, eta asmoa dute etorkizunean hiri gehiagotako bizikleta bideak sartzen jarraitzeko.
Gaur-gaurkoz ahotsa ez dago euskaraz entzuterik. Horretarako, autorako Waze doako nabigatzailea deskargatu daiteke. Zibergelan jaso genituen haren gorabeherak: http://zibergela.bitarlan.net/2013/06/06/waze-aplikazioa-gidarien-sare-soziala/.
Bestetik, aurrerantzean Internet seinalerik gabeko guneetan erabiltzeko doitu dute Google Maps. Oporretan atzerrira joan, eta roaming tarifatan gastatu gabe, errepideetan laguntza jasotzen jarraitzeko aukera zabaltzen du horrela Googlek. Roaming atxikipen bat da; telefono hornitzaileek bezeroei ezartzen diete; horrekin, aparteko ordainsaria kobratzen diete atzerrian Internet sakelakotik erabiltzearren. Europako ganberak 2015eko abendua jarri du muga gisa roaming tarifak kentzeko; baina, bien bitartean, errepideetan Internet kenduta dabiltzan nabigatzaileak erabiltzea besterik ez dago.
Egin beharrekoa sinplea da: gordetzea nahi den mapa kargatu konexioa dagoen bitartean. Bigarren mailako aplikazioen artetik kentzen ez bada, edo ordenagailu eramangarrian nabigatzailea ixten, mapa ez da desagertuko. Gainontzekoa, telefonoaren geokokapenaren esku geratzen da; eta hori doakoa da, noski.
Bizikleta ibilbideen ahotsezko jarraibideak Ipar Euskal Herrian
Euskara eta Athleticen baloreak sustatzeko haurrentzat ipuin interaktiboak
Euskaltzaleen Topaguneak eta Athletic Club Fundazioak batera sakelako eta tabletetarako “Lehoiak ametsetan: Bixentaren abentura zurigorriak” izeneko ipuin interaktibo bilduma plazaratu berri dituzte. Kirmen Uribek idatzitakoak dira ipuinak, eta ilustrazioak Asisko Urmenetak eginak dira.
Zazpi pasartek osatuko dute bilduma bukatuta dagoenean. Baina gaur-gaurkoz hiru dira dakartzanak. Gainerako laurak hurrengo asteetan batuko zaizkie.
San Mameseko zelaipean bizi den Bixenta sator zaharra da esataria. Berea da ardura haurrei azaltzekoa Athletic futbol taldeko pertsonai zein pasarte adierazgarrienak: Mr. Pentland, Iribar, Zarra, gerra garaiko pasadizoak, Athleticeko jarraitzailea izatea zer den edo Athletic Clubeko emakumeak. Jose Angel Iribarrek, bera ardatz duen ipuinerako bere ahotsa sartu du gainera.
Athleticen baloreen transmisioa abiapuntutzat hartu, eta gurasoen eta haurren artean euskararekiko motibazioa handitzea ditu helburu egitasmoak. Horrela, ipuinak entzun egin daitezke, eta azpi-tituluen bitartez irakurri ere bai.
Hala nahi duenak ekarpena egin dezake, eta Athleticen inguruko istorio edo pasarteren bat kontatu helbide honetara bidalita. Iristen diren gaien artean bat aukeratu eta horren gainean idatziko da ipuin bat; baita aplikaziora igo ere.
Lehoiak Ametsetan aplikazioa iOSeta Android plataformetarako deskarga daiteke doan App Store eta Google Playn.
Mendigoizaleek motxilan eramateko ezinbestekoak
Sakelakoen geolokalizazioak berrikuntzak ekarri ditu kokapenean. Orain, erraz bilatu daitezke kaleak, lekuak eta pertsonak. Geokokapenaren erabilerez aritu ginen Zibergelan: http://zibergela.bitarlan.net/2012/12/06/geokokapenaren-erabilerak/.
Altitude: altuera ezagutu, eta sare sozialetan partekatzeko
Mendian, berebiziko garrantzia dauka posizioa mapan seinalatzeak. Hala ere, gutxi hitz egiten da altuera neurtzeko gaitasunaz. Azken hori baliatuz, erabiltzailea dagoen altueraren berri ematen du Altitude – View & Share aplikazioak. iOS 7 eguneraketa duten iPhone telefonoetarako doako aplikazioa da, eta gazteleraz eta frantsesez dago. Abiaraztean, norbera dagoen garaieraren araberako paisaia erakusten du; eta, gainean, altuera, metrotan zein oinetan. Horren ostean, Facebook eta Twitter balia daitezke informazio hori ingurukoekin partekatzeko.
Paisaiaren ordez, lekuko argazkia ere izan daiteke. Baina, horretarako, 0,99 dolar (0,73 euro) ordaindu beharra dago. Bide batez, garaieraren informazioa erantsita duten argazkiak telefonoaren galerian gordetzeko aukera izango da. Norbere irudia erabili ahal izateak ukitu berezia ematen dio Altituderi. Sinplea da oso, eta, adierazitakoaz gain, gutxi dauka eskaintzeko. Esaterako, argazkia posta elektronikoz bidali nahi duenak Altitude itxi, eta telefonoaren galeriatik egin beharko du. Izen bereko Androiderako aplikazio bat dago. Askoz ere osoagoa da. Horrek momentu bakoitzeko datuak erregistratzen ditu, eta ibilbidearen profilak ere osatzen ditu.
Antzekoa da Travel Altimeter Lite, eta iOS eta Androiden aurki daiteke. Horrek ere irudi baten gainean altuera, latitudea eta longitudea azaltzen ditu. Baina aukera gehiago nahi badira, eranskinengatik ordaindu beharra dago. Hots, Altitude baino garestiagoa da.
iNDeT: irteerak antolatzeko web eta sakelako aplikazioa
Mendizaleak igotako mendi guztien erreferentzia gorde, igo nahi direnak planifikatu, lagunekin partekatu eta erronkatan parte har daiteke iNDeT aplikazioaren bitartez. Osatzeko, posible da norbere gailurren argazkiak igo eta, geolokalizazioari esker, mapan kokatzea. Horretarako, iOS eta Androiden dendetan aurki daitekeen aplikazioa zein http://www.indetweb.com/ webgunea balia daitezke. iNDeT sistema Akting Ingeniaritzaren garapena da.
Alpify: larrialdietan kokapena ezagutarazteko
Badira telefonoko berehalako mezu baten bidez kokapena partekatu eta bizirik atera diren mendizaleak. Hala ere, hiru kilometrorainoko akatsa egon daiteke seinale horietan. Erreskaterako traba handia bihurtzen da hori sarri. Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako Alpify aplikazioak ez dauka traba hori, eta zehatzagoa da. Hego Euskal Herrira mugatzen den zerbitzu horren bidez, Internet eta GPS seinalerik ez dagoenean ere alerta bidaltzen du SOS Deietara. Galduz gero, gainera, erabiltzaileak baimena eman dien pertsonek abiaraz dezakete prozesu hori. Horrela, zaintzen ari direnaren geolokalizazio datuak helaraziko dizkiete larrialdi zerbitzuei.