Aplikazioak, E-Learning, GNU/Linux, Hezkuntza, Internet, Mac, Mac OS X, Ubuntu, Windows

Etxean probatzeko moduko web aplikazioak

bitnamiJakin-minak bultzaturik, asko dira Interneten munduan murgiltzeko gogoa dutenak. Erabiltzaile rola alde batera utzi eta amaraunaren barruan zer dagoen ikasi nahi dutenek hasieran arazoak izaten dituzte lan ingurune egoki bat prestatzeko. Nahikoa ez balitz bezala web orrialde batek atzean daukan egitura ulertu eta hura abiarazteko lengoia ikastea (HTML, PHP, CSS, eta enparauak), harrituta ohartzen dira horrelako proiektu bat abiarazteko beharrezkoak diren teknologiak -egun- zerbitzari batetik ez bada, ez dabiltzala. Teknologia horiek gogoratuko ditugu, hemen: http://zibergela.bitarlan.net/2012/01/20/webgintzan-parte-hartzen-duten-teknologiak/.

Web aplikazio bat zer den zalantza duenarentzat web atariak direla aipatu behar da, informazio hutsa emateaz harago erabiltzailearen interakzioa behar duten zerbitzuak: blogak, sare sozialak, elkarlanerako guneak, datu biltegiak… Egun, horrelako zerbitzu bat sarean jarri nahi duenak ez dauka hutsetik garatzen hasi beharrik, paketeak daude baten nahieran eta modulu bidez, nahi den ataria sortzeko. Ausartenek, baina, beti daukate aukera programatzaile bata jantzi eta hasieratik egiten hasteko.

Interneteko hirukote famatuena: Apache, MySQL eta PHP

Elkarlotutako geruza batzuk dira guztiaren erantzule: zerbitzarira iristen diren eskaerak erantzungo dituena, datu base bat han gordetako informazioa kudeatuko duena eta webaren programazio lengoaia ulertu eta itzuliko duena edozein euskarrik ulertuko duen testu-lau gisa. Merkatuan aukera zabala dagoen arren, kode irekiko aukerak hartu du indarra; funtzionamendu gardenaz gain, egonkorrena baita.

Ondoren, ikuspegi hori argitzeko, lagungarri da jakitea Interneteko zerbitzari bat ordenagailu arrunt bat baino ez dela; gau eta egun piztuta dagoena eta erabiltzaileen eskariak etengabe erantzuteko beharra daukana. Beste guztiak bezala, sistema eragile bat dauka, eta, beraz, zerbitzaria osatzen duten teknologia geruza horiek, LAMP, WAMP edo MAMP akronimoak jaso ohi dituzten pakete gisa instalatu daitezke, darabilten sistemaren arabera: Linux, Windows edo Mac.

Bitnami, kode irekiko web aplikazioak aise probatzeko

App biltegi edo denda bat bezalakoa da Bitnami, zerbitzari softwareduna. Doakoa da eta bertan ageri diren zerbitzuak kode irekikoak dira: hau da, zer eta nola egiten duten ikas dezake nozioak dauzkanak. Hiru lerrotan zentratu dira Bitrock enpresakoak: mahaiaren gainean instalatzeko zerbitzarietan, zerbitzari bat hedatu nahi dutenentzako makina birtualetan eta haien sareko zerbitzu berriaz baliatu eta zuzenean sarean zerbitzuak osatzean. Lehendabizikoan zentratuko gara, benetako lorpena hark ekarri baitu: zerbitzari geruzak, web aplikazioa eta instalatzailea elkarrekin emanda lortzen den sinpletasuna norbere zerbitzari propioa bost minutuan abiatzeko.

bitnami-stacks-back-to-school

Bitnami zerbitzu pilaketak edo stacks

Hasieran aipaturiko modulu generikoak prest daude, egituratu behar dituen sistemaren araberakoak, Windows, Linux, Mac OS X edo Solaris izan. Horiek dira funtsezko pilaketak, eta aukera dago oinarrizko horiek instalatu eta norbera bere garapenak egiten hasteko eta bertan probatzeko; edo zuzenean kode irekian eraikitako ezagunak diren web aplikazio batekin aberastu duten paketea ezartzeko osatu berri dugun zerbitzari berrian. Hau da, bigarren horiek, oinarrizko hirukote teknologikoaz gain, web aplikazio bat gaineratuta dakarte. Horrela lana aurrezten da, zerbitzaria osatuko duten Apache-MySQL-PHP hirukotearen gainean web aplikazio horietako bat instalatu nahiko balitz. Kode irekiko web aplikazio eskaintza hori zabala eta aski ezaguna da: eLearning ikaskuntzarako aplikazioetatik hasita; edukia kudeatzeko atarietaraino: Moodle, WordPress, Joomla!, Drupal, Alfresco, OwnCloud, Gitlab edo MediaWiki dira etxean propio ezarri daitezkeenen lagin txiki bat.

Gogoan izan beharko da, baina, sarera bideratutako zerbitzua eman nahi bada segurtasun neurri aurreratuak hartu beharra dagoela, eta printzipioz hobe dela norbere erabilerarako aukera gisa gordetzea. Besterako aukerarik ere ematen du Bitnamik. Haien atarian informazio franko dago: http://bitnami.com/.

Lanabes horren potentziala nabarmena da; Interneten autodidaktak izan nahi dutenentzako, garatzeko ingurune xume bat nahi dutenentzako, edo besterik gabe, web aplikazio jakin bat momentu batean probatu nahi duenarentzat.

Etxean zerbitzari bat jartzeko pausoak: Moodle, adibide

Orain, Moodle tresna belaunaldi berriko hezkuntzan nagusitzen ari da. Eskolak emateko garaian, batez ere. Ikasleak bertan matrikulatzen dira ikasturte hasieran eta, apunteak, lanak eta kontrolak plataforma horretatik kudeatzerik dago. Izan etxetik, izan norberak nahi duen lekutik.

Beste web zerbitzuak ere ondorengoaren antzera instalatu eta abiatzen direnez, adibide horrek edonori balio diezaioke. Bereziki Moodle probatu ezin izan dutenek ikusi eta ohitzeko balio du; baita ere jada erabiltzen dutenek segurtasun kopia etxera eraman eta hurrengo urterako aldaketak lokalean gordetzeko aukera izan dezake.

Pausoak: 1. Ohikoenera jo eta, Windows sistemako Bitnami Moodle Stack erabiltzea izango da egokiena: http://bitnami.com/stack/moodle. Behin bertan, “Installer” botoiari eman eta exekutagarria deskargatuko da. 2. Egikaritu eta instalatu orduko, zerbitzaria konfiguratu beharra dago: administrari profila eta posta zerbitzua nahi den zehaztuko dira ondoz-ondoko pantailatan. 3. Moodle Stack instalatuko da, tartean Apache baimendu beharko da “Allow” emanda. 4. Bukatzen duenean “Amaitu” eman eta automatikoki irekitzen den orrian “Access Bitnami Moodle Stack” emanda sartzen da norbere Moodle lokalera. 5. Ondoren, ordenagaillua itzali delako edo denbora batez lotan utzi delako sartu nahiko balitz berriz, Programen Menuko “moodle manager tool” hautatu eta “Manage Tools” atakako “Start All” botoiari eman ondoren zerbitzaria abiarazten da; eta horrekin Moodle ataria atzigarri legoke berriz, honela: http://localhost/moodle/.

Modulu generikoa instalatu eta norbere web aplikazioa edo ataria sortu nahi duenak hutsetik, htdocs izeneko karpetan utzi behar ditu sortzen dituen fitxategiak, eta http://localhost/ edo http://127.0.0.1/ helbidetik probatu.

.eus, domeinuak, Internet

ICANN erakundeak Interneteko domeinuak zabalduko ditu

ICANN korporazioak, hainbat urte iraun duen eztabaidaren ondoren, Interneteko helbideak edozein hitzetan eta edozein hizkuntzatan amaitzeko aukera onartu du.

ICANN Izenak eta Zenbakiak Banatzeko Interneteko Korporazioa da. Erakunde horrek kudeatzen ditu Interneten aurkitzen ditugun domeinu izen eta IP helbideak. Goi mailako domeinuak dira Interneten erabiltzen ditugun izenetan ageri den azken atala, hain ezagunak diren .com, .net .info eta horrelakoak. 22 goi mailako domeinu generiko daude, eta beste 250 lurralde domeinu. Adibide gisa, .fr Frantziarentzat edo .es Espainiarentzat.

Onartutako aldaketarekin, edozein enpresa, hiri edo taldek lehen mailako domeinu generiko bat eskatzeko aukera izango du. Domeinu izen berrien salerosketa edo espekulazioa saihesteko, ICANNek hainbat baldintza jarriko ditu erregistroa garbia izan dadin. Gainera, 185.000 dolarreko ordainketa egin beharko da.

2012. urteko urtarrilaren 12an zabalduko da domeinu berrien eskaera egiteko epea, eta apirilean itxi.

Baimendutako domeinu berri horiek 2013. urtearen erdialdean lanean hasteko moduan izango direla uste da.

Internet

Domeinu bereziak: .tel

teldomeinuakArtikulu nagusian esan bezala, domeinu batekin webgune edo posta elektronikoa eduki ahal izateko, ostatze zerbitzu batean ostatu behar da. Horren salbuespena .tel domeinuak dira, izan ere, oso domeinu bereziak dira. Domeinu hauek ez dute ostatze zerbitzurik behar, hobeto esanda, ezin dira ostatze zerbitzu batean ostatu. Baina ostatze zerbitzua ez izan arren datuak izan ahal dituzte eta enpresa, elkarte edo norbanako baten informazioa konfiguratu eta erakutsi ahal da domeinu horietatik. Google bezalako bilatzaileentzat ere ikusgarri dago informazio hori. Beraz, aukera jator bat izan daiteke webgune eta ostatze zerbitzuan dirua gastatzeko ez dagoenean. Domeinu arruntak baino garestixeagoak badira ere, ez da batere garestia.

Domeinu hauen helburua helbide-txartel birtuala izatea da. Bertan, harremanetarako norbanako, enpresa, erakunde edo elkartearen datuak jarri ahal dira, sare-sozialen helbideena barne eta datu hauek enpresa horren .tel domeinura sartzen den edonork ikusi ahal ditu. Gainera, nahi izanez gero, vcard formatuan deskargatu ahal dira datu horiek. Vcard formatua kontaktuetarako formatu estandarra da eta beraz, vcard hori inportatu daiteke MS Outlook, Thunderbird edo GMail aplikazioetako kontaktuetan, beste askoren artean. Gainera, enpresa edo elkartearen kideak eta beren datuak ere sar daitezke eta gero .tel domeinu nagusiaren azpidomeinu bezala ikusi ahal dira.

Hau da .tel domeinuen webgunea: http://www.telnic.org/

Adibide bat ikusteko: http://bitarlan.tel/ eta kide baten adibidea ikusteko: http://jabi.bitarlan.tel/