iPaderako ShowMe aplikazioa, arbel baten antzekoa izaki, idatzizko azalpenak gorde eta partekatzen dituen irakaskuntzarako baliabidea da. Erabiltzaileak tabletaren pantailan marrazten duena grabatzen du, eta esatariaren ahotsa ere bideoan jasotzen. Sortutako materiala sarean nahiz aplikazioan gordetzen da, eta, ostean, nahi denarekin parteka daiteke.
Askotariko erabilpenak izan ditzake, baina nabariena irakaskuntzan ematekoa da. Zerbait azaldu nahi duena libre da jakintza hori partekatzeko komunitatearekin. Ohikoena, baina, irakasle batek arbelean behin eta berriz azaldutakoa gordetzean emandako erabilpena izango da; ikasleek nork bere martxan berrikus dezaten ikasgaia. Eskuz egindako adierazpenak izatea du abantaila. Horrela, ordenagailuz sortutako aurkezpenak eta eskemak baliagarriak dira, baina, beste era honetara, ikastea naturalagoa da: azalpenak eman ahala zirriborroak eta oharrak zuzenean nola eransten diren erakusten duelako. Izan ere, ez da sekretua, hori menperatzen duten irakasleek arrakasta izaten dute ikasleei ondo irakasten.
Urrutirago joan gabe, hezkuntza sistemak aintzat hartzeko moduko baliabidea da ShowMe eta iPad bikoteak osatutakoa; bolo-bolo dabilen Flipped classroom edo buelta emandako ikasgelaren metodologia berrian, hain zuzen ere. Irakaslearekin ikasgelan ariketak lantzen diren artean, etxean ikasleek nork bere martxan azalpenak bideoz jasotzea lortu nahi baita. ShowMe aplikazioa doan dago deskargagarri App Storen. Webgunean, http://www.showme.com/, komunitateak eskuragarri utzitako ikasgaiak ikus daitezke, gaietan antolatuta gainera.