Bideo plataformak sarean

youtube2Nolabait, bere garaian, irratiari gertatu zitzaion bezala telebistarekin, gaur egun, telebistari lehiakide sendoa atera zaio, Internet, alegia. Eta ez soilik jada, erabiltzaileek, bereziki gazteek, denbora dezente ematen dutelako Internetek eskaintzen duen informazioa ikusten edo komunikatzeko eskaintzen dituen tresnak erabiltzen. Baizik eta Interneten bitartez, era interaktibo batean eta publizitate etenik gabe, bideoak ikusi eta kudeatu ahal direlako. Youtube izan zen zerbitzu hori eskaini zuen lehenengoetariko webgunea eta ezagunenetarikoa da, baina, egun aukera zabala da.

Youtube

Esan bezala, Youtube izan da aitzindaria zerbitzu honi dagokionez eta oso ezaguna da. Bere helbidea hau da: http://www.youtube.com. Jakina den bezala, Googlek zerbitzua erosi zien sortzaileei. Oso era erraz batean bideoak igo eta kudeatu daitezke, igotako bideoak, flash erreproduzitzaile baten bitartez erakusten dira nabigatzailean, webgunetik bertatik, bideoa jaitsi behar gabe. Bideoetarako loturak jar daitezke norbanakoen zein entitateen webgune eta blogetan. Halaber, bideoak erreproduzitzailearekin txertatu daitezke webguneetan. Beraz, webgunearen jabeak hautatutako bideoak ikus daitezke bere webgunetik bertatik, Youtubera joan gabe. Bestetik, webgune garatzaileentzat APIa deritzon zerbitzua ere eskaintzen du. APIa da garatzaileen eskura jartzen diren metodo, funtzio edo programaziorako funtzionalitate ezberdinen multzoa, nork bere webgunetik Youtuberekin komunikatzeko.

Youtuben bideoak aurkitu daitezke bideoen deskribapenean eta etiketetan jartzen denaren arabera, gainera, Googlek erosi zuenetik, Googleren emaitzen artean ere Youtuberen emaitzak txertatzen dira.

Youtuberen erreproduzitzailea, oso erraza da, funtzio eta tekla gutxirekin. Bideoak igotzeko mugei dagokienez, 2 GB eta 10 minutu baino txikiagoak izan behar dira. Hala ere, handiagoak izanez gero, erabiltzaileek erabiltzen duten trukua da bideoa zatitan igotzea eta zati bakoitzari tituluaz gain, zenbaki bat jarri, ordena zehazteko. Kalitatearen aldetik, bideoak 320×240 eta 480×360 bereizmenekin grabatzen dira eta orain dela gutxi, Youtube, HD bideoekin probatzen hasi da.

Google Video

Google Video Youtube antzeko zerbitzu bezala jaio zen. Baina Youtube erosi ostean, Interneteko bideo bilatzaile bilakatzen joan da pixkanaka-pixkanaka, eta bideoak igotzeko eta kudeatzeko plataforma bezala Youtubera migratzen joan da. Hala, bada, Google Video-tik hainbat on-line bideo plataformatan bilatu daitezke bideoak, testua idatzita. Gainera, aurkitutako bideo batzuk Google Videotik bertatik ikustea ahalbidetzen du, beste batzuk ikusteko, beren jatorrizko webguneetara jo behar da. Hau da bere webgunea: http://video.google.es/

Euskaltube

Euskaltube da euskarazko plataforma bat, bideoak eta audioak kudeatzeko eta on-line ikusi edo entzun ahal izateko. 2007ko irailean sortu zen eta hau da web gunearen helbidea: http://euskaltube.com. Webgunea euskara hutsez izan arren, bideoen edukiak beste hizkuntza batzuetan, gazteleraz edo frantsesez bezala, aurkitu ahal dira. Gainera, bideoak atalka sailkatu daitezke eta audiotan zein bideoetan etiketak edo tagak jarri ahal dira bestelako datuekin batera, etiketen bitartez aurkitu ahal izateko. Beste zerbitzuetan bezala, bideoak edo audioak igotzeko, izena eman behar da webgunean. Erabiltzaile bakoitzak igo ahal du bere logoa edo argazkia bideoen datuen artean agertzeko.

Artikulu hau idatzi den momentuan, ia 5000 bideo dauzka Euskaltubek.

Blip.TV

Oso leku jatorra da bideoak igotzeko eta ikusteko. Ez daude Youtuben besteko mugak bideoak igotzeko orduan denboraren aldetik. Hainbat eratan igo daitezke bideoak, web ingurunean, mahaigaineko aplikazioaren bitartez, Mac Os X, GNU/Linux eta Microsoft sistemeetatik edo FTPren bitartez. Gainera, bideoak on-line ikusteaz gain jaitsi daitezke formatu ezberdientan. Audioak ere kudeatu daitezke gune honetatik. Norberaren webgunean, audio zein bideoak erreproduzitzailearekin txertatzea ahalbidetzen du. Hau da webgunearen helbidea: http://blip.tv

Telebista on-line zuzenean

Lievstream bezalako webguneetan, telebista on-line zuzenean sortzea ahalbidetzen dute oso baliabide ahulekin, webcam edo mugikor baten bitartez, alegia. Kanal ezberdinak sor daitezke eta kanal bakoitzean on-line telebista kudeatu daiteke. Hau da proiektuaren webgunea: http://www.livestream.com

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


*

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>