android, Aplikazioak, Apple, Pribatutasuna, Sakelako Telefonoak, tabletak, Windows Phone

Skitch, argazki pusketak pixelatu eta zentsuratzeko era




Tentuz ibili behar da sarean partekatzen diren argazkiekin. Kargatu aurretik arduratzeko kontua da, gero berandu delako. Datu pertsonalak ager daitezke, baina baita jende ezezaguna eta haurrak ere. Sareko pribatutasuna pil-pilean dabil orain, eta begirune bera zor zaio norbere segurtasunari zein besteenari. Batez ere, araubideak zigorrak aurreikusten baditu.

Eragozpen horiek saihesteko modu bat da Skitch aplikazioa. Erabilerraza eta doakoa da, eta iPhone, Android eta Windows Phone telefonoetan dago eskuragarri gaur egun. Argazki bateko parteak lausotu edo pixela daitezke, horiek desitxuratuz. Azkenik, zuzenean amaraunean partekatzeko hainbat zerbitzutarako lasterbideak eskaintzen ditu.

android, Aplikazioak, Apple, Euskara

Mendigoizaleek motxilan eramateko ezinbestekoak

UepaaSakelakoen geolokalizazioak berrikuntzak ekarri ditu kokapenean. Orain, erraz bilatu daitezke kaleak, lekuak eta pertsonak. Geokokapenaren erabilerez aritu ginen Zibergelan: http://zibergela.bitarlan.net/2012/12/06/geokokapenaren-erabilerak/.

Altitude: altuera ezagutu, eta sare sozialetan partekatzeko

Mendian, berebiziko garrantzia dauka posizioa mapan seinalatzeak. Hala ere, gutxi hitz egiten da altuera neurtzeko gaitasunaz. Azken hori baliatuz, erabiltzailea dagoen altueraren berri ematen du Altitude – View & Share aplikazioak. iOS 7 eguneraketa duten iPhone telefonoetarako doako aplikazioa da, eta gazteleraz eta frantsesez dago. Abiaraztean, norbera dagoen garaieraren araberako paisaia erakusten du; eta, gainean, altuera, metrotan zein oinetan. Horren ostean, Facebook eta Twitter balia daitezke informazio hori ingurukoekin partekatzeko.

Paisaiaren ordez, lekuko argazkia ere izan daiteke. Baina, horretarako, 0,99 dolar (0,73 euro) ordaindu beharra dago. Bide batez, garaieraren informazioa erantsita duten argazkiak telefonoaren galerian gordetzeko aukera izango da. Norbere irudia erabili ahal izateak ukitu berezia ematen dio Altituderi. Sinplea da oso, eta, adierazitakoaz gain, gutxi dauka eskaintzeko. Esaterako, argazkia posta elektronikoz bidali nahi duenak Altitude itxi, eta telefonoaren galeriatik egin beharko du. Izen bereko Androiderako aplikazio bat dago. Askoz ere osoagoa da. Horrek momentu bakoitzeko datuak erregistratzen ditu, eta ibilbidearen profilak ere osatzen ditu.

Antzekoa da Travel Altimeter Lite, eta iOS eta Androiden aurki daiteke. Horrek ere irudi baten gainean altuera, latitudea eta longitudea azaltzen ditu. Baina aukera gehiago nahi badira, eranskinengatik ordaindu beharra dago. Hots, Altitude baino garestiagoa da.

iNDeT: irteerak antolatzeko web eta sakelako aplikazioa

Mendizaleak igotako mendi guztien erreferentzia gorde, igo nahi direnak planifikatu, lagunekin partekatu eta erronkatan parte har daiteke iNDeT aplikazioaren bitartez. Osatzeko, posible da norbere gailurren argazkiak igo eta, geolokalizazioari esker, mapan kokatzea. Horretarako, iOS eta Androiden dendetan aurki daitekeen aplikazioa zein http://www.indetweb.com/ webgunea balia daitezke. iNDeT sistema Akting Ingeniaritzaren garapena da.

Alpify: larrialdietan kokapena ezagutarazteko

Badira telefonoko berehalako mezu baten bidez kokapena partekatu eta bizirik atera diren mendizaleak. Hala ere, hiru kilometrorainoko akatsa egon daiteke seinale horietan. Erreskaterako traba handia bihurtzen da hori sarri. Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako Alpify aplikazioak ez dauka traba hori, eta zehatzagoa da. Hego Euskal Herrira mugatzen den zerbitzu horren bidez, Internet eta GPS seinalerik ez dagoenean ere alerta bidaltzen du SOS Deietara. Galduz gero, gainera, erabiltzaileak baimena eman dien pertsonek abiaraz dezakete prozesu hori. Horrela, zaintzen ari direnaren geolokalizazio datuak helaraziko dizkiete larrialdi zerbitzuei.

android, Aplikazioak, Apple, Mac, Mahaigaina, Mugikorrak, Sakelako Telefonoak, Software Librea, tabletak, Windows

Telegram mezularitza, Androiden euskaraz dagoeneko

mzl.mrljtkosBolo-bolo dabilen berehalako mezularitza aplikazioa da Telegram. Gainontzekoekin alderatuz, indargune garbiak ditu: mezu sekretuen trukea ahalbidetzen du; talde handiagoak osa daitezke; bakarrik suntsitzen diren aldi baterako txat sistema du; doakoa eta publizitaterik gabekoa da. Gainera, nahi den lekutik konektatzekoa da: Android, iOS, Windows eta MacOS sistema eragiletarako topatuko dugu.

Software librean eginda dagoela baliatuta, Bitarlan eta Gauekok itzuli egin dute aplikazioa. Aurrena gaztelerara eta ondoren euskarara itzuli dute. Software librearen abantaila ulertzeko amonaren pastelaren konparaketa erabili ohi da: pastelarekin batera (aplikazioa) errezeta banatzen da (iturburu kodea). Behin osagaiak eta pausoak jakinda, dakienak hobetu dezake. Telegram, era honetara hobetu dute GPL lizentziaren babesean.

Egitekoak eginda ere, egun batetik bestera ez dira aplikazio biltegiak eguneratzen. Telegramen sortzaileek sisteman txertatu zain egon beharko da, oraindik, euskaraz ikusteko.

Androiden euskarazko bertsioa

Bertsio ofiziala argitaratu artean, zain egon nahi ez duten ipurterreek Telegram euskaraz instala dezakete. Android sistemak honelako lasterbideak onartzen ditu; hots, Google Play dendatik kanpoko aplikazioak instalatzea baimentzen du norbere ardurapean. Behin-behinekoa instalatzeko:

Dagoeneko Telegram aplikazio ofiziala instalatuta izanez gero, desinstalatu; aplikazio hau Google Playtik ez denez instalatzen, Android ezarpenetara joan, eta Segurtasuna atalean: Baimendu iturburu ezezagunetako aplikazioak instalatzea gaitu; deskargatu aplikazioa hemen dagoen loturatik: http://bitarlan.net/telegram/Telegram-Euskaraz1.3.7.apk; Android telefonoaren pakete instalatzailearekin irekiko da; behar diren baimenak onartu, eta Instalatu botoia sakatu.

Telegram euskaraz agertuko da horrekin. Gainera, Telegram bertsio hori euskaraz besterik ez dagoenez, Android sistema beste hizkuntza batean duenak ere euskaraz ikusiko du Telegram.

Bertsio hau 1.3.7 bertsioan oinarrituta dago, hau da, publikoa den bertsio zaharrenean. Bertsio berriena Google Play-en 1.3.17 da. Hori publiko egiten dutenean eguneratuko dute Bitarlanen webgunean.

Itzulpenari buruzko iradokizunak bidaltzeko Bitarlan epostara mezua bidal daiteke.