Google Maps 6.11 bertsiora eguneratu da, eta, horrekin batera, txirrindularientzat zerbitzu bat sartu dute. Orain, autoentzako errepideetan bezala, bizikleta bideetako argibideak jaso ahalko dira telefonoan. Eroso ibiltzeko, ahots batek gidatuko du txirrindularia bidezidorrean, sakelakoari begiratu eta arreta galtzeko beldurrik gabe.
Bizikleta bideak dituzten Ipar Euskal Herriko hirigune nagusietan baliatu ahalko da. Eskaintza berria era horretako bideak hirietako mapetan jasotzen dituzten herrialdeetara zabaldu dute: Ameriketako Estatu Batuak, Australia, Austria, Belgika, Danimarka, Eskozia, Finlandia, Frantzia, Gales, Herbehereak, Ingalaterra, Kanada, Liechtenstein, Luxenburgo, Monako, Norvegia, Suedia eta Suitza, alegia.
Dagoeneko bizikletaz egiteko 53.000 kilometro estali dituzte, eta asmoa dute etorkizunean hiri gehiagotako bizikleta bideak sartzen jarraitzeko.
Gaur-gaurkoz ahotsa ez dago euskaraz entzuterik. Horretarako, autorako Waze doako nabigatzailea deskargatu daiteke. Zibergelan jaso genituen haren gorabeherak: http://zibergela.bitarlan.net/2013/06/06/waze-aplikazioa-gidarien-sare-soziala/.
Bestetik, aurrerantzean Internet seinalerik gabeko guneetan erabiltzeko doitu dute Google Maps. Oporretan atzerrira joan, eta roaming tarifatan gastatu gabe, errepideetan laguntza jasotzen jarraitzeko aukera zabaltzen du horrela Googlek. Roaming atxikipen bat da; telefono hornitzaileek bezeroei ezartzen diete; horrekin, aparteko ordainsaria kobratzen diete atzerrian Internet sakelakotik erabiltzearren. Europako ganberak 2015eko abendua jarri du muga gisa roaming tarifak kentzeko; baina, bien bitartean, errepideetan Internet kenduta dabiltzan nabigatzaileak erabiltzea besterik ez dago.
Egin beharrekoa sinplea da: gordetzea nahi den mapa kargatu konexioa dagoen bitartean. Bigarren mailako aplikazioen artetik kentzen ez bada, edo ordenagailu eramangarrian nabigatzailea ixten, mapa ez da desagertuko. Gainontzekoa, telefonoaren geokokapenaren esku geratzen da; eta hori doakoa da, noski.
Bizikleta ibilbideen ahotsezko jarraibideak Ipar Euskal Herrian
Zelatari elektronikoa: iBeacon
Appleren burutazioa da iBeacon. Telefonoak seinalerik ez duen guneetan eransteko diren geokokapenerako gailu multzoa da. Zeharka aipatu zuten iOS 7 eguneraketaren aurkezpenean; bestelako garrantzirik eman gabe. Eraikinen barrurako posizio sistema gisa merkaturatu, baina, asmakizunekin sarri gertatzen denez, erabilpenak askoz harago joan dira azkenean. Potentzial ikaragarria du iBeaconek, eta azken bolada honetan estandar bihurtzeko bultzada hartu duela dirudi.
Zelatatzeko eginda daude. Jendea leku batetik igaro dela nabaritzen duten lekuko isilak dira. Applek teknologia asmatu du, baina laster batu zaizkio beste enpresa batzuk ingurura. Applek ez, baizik eta Estimote enpresak honezkero merkaturatu ditu aurreneko aleak. Koloretako silikonaz eginda dagoen harri koxkor estalkia jantzi diete gainean lekuko elektroniko txikiei; non-nahi eskegitzeko eranskina eta guzti. Laster gabe, museo, saltoki eta interes turistikoko guneetan ezartzeko asmoa dute.
Erabilera desberdinak eman dakizkioke Appleren balizei. Oinezkoak antzeman, eta testuinguruko iragarki edota uneko deskontuak eskainiko dizkiete dendetan. Baina, era berean, bezeroen uneko kokapena ezagutzeko, edo baliza duen produktura erosleak gidatzeko balia daitezke. New Yorken eta San Frantziskon saltokiak erabiltzen hasiak dira jada, shopBeacon leloa hartuta. Sekulako erosketa esperientzia agintzen dute. Txikiteoan edo pub crowl eginez tabernaz taberna ibili nahi dutenentzat ibilbidea asmatu dute Manhattan bazter ezagunean. Mauka bereziak eskaini eta bisitariak gidatzeko iBeacon teknologia erabiliko dute datorren maiatzaren 20an. BeaconCrowl aplikazioa eskuragarri dago animatzen denarentzat.
Baina benetako oihartzuna Major League Baseball txapelketari zor dio. Liga horretako iPhonerako aplikazio ofizialean sartuko dute teknologia denboraldi berrirako; eta, besteak beste, zelai bakoitzaren interes guneetako bisitaldiak egiteko, jokoan dagoen partidako jokaldien errepikapenak kargatzeko, edo zelaian ikusleak haien jarlekura bideratzeko gai izango da iBeacon. Paypal etxeak ere Beacon aurkeztu du, erosleek txartelak edo zorroa atera beharrik gabe ordainketak egin ahal izateko, telefonoa soinean eramateko behar hutsarekin; iBeacon lekuko artetik pasatuta, hain zuzen ere. Ilarak aurreratzeko izango ote da, behinik behin.
Wifi seinalearen funtzionamenduarekin alderatu daiteke eredu berria. Eremu batera gerturatzen den iOS gailua automatikoki konektatzen zaio iBeacon. Beti daude sarera konektatuta iBeacon balizak, eta erabiltzailearen eskaera amaraunera bideratzen dute zuzenean. Ez dira Interneterako sarbide puntuak; hala ere, sarea beharrezkoa den lehentasunez programatutako egitekoak bideratzen dituzte. Orokorrean informatzekoa, edo bezeroa gidatzekoa.
Hots, ez dute lehentasunezko informazio berdina etengabe errepikatzen, eta beti daude eguneratuta. Beste abantaila bat da, telefono estaldura edo GPS seinalerik gabeko guneetan ere, konexio horien erabilpena egin dezaketela telefonoek, iBeaconak programatutako betebeharrak egiteko.
Teknologia merkea eta kontsumo apalekoa da. Bluetooth seinalez komunikatzen dira, txiparen laugarren belaunaldiko aldaera baten bidez: Bluetooth Low Energy edo BLE izenekoarekin, hain zuzen. Bateriak bi urte iraun dezake, eta seinalearen eragina 50 metrotaraino iristen da. NFC erako komunikazioa moztu egiten da lau zentimetrotik aurrera, eta bistakoa da alde horrek aukera zabalagoak ematen dizkiola Appleren ereduari. Bien artekoa izango da hurrengo urteetan telefonoetan nagusitzeko lehia.
Honezkero, erabiltzen hasi dira iBeacon erloju adimentsu eta jarduera fisikoa erakusten duten eskumuturrekoak telefonoetara konektatzeko, besteak beste. Bluetooth 4.0 leloa edo eranskina daramaten gailuak dira bateragarriak harekin.
Bide batez, GPS koordenatuak ere gordetzen ditu iBeacon lekuko bakoitzak. Bat baino gehiago ezar daitezke, eta eginbehar bat bideratzeko puntuak osatu. Honela, telefonoan gertakariak edo jakinarazpenak jaso daitezke eraikin baten sarrera eta irteeran, edota zirkuitu turistikoetan bisitaldi gidatuak osatu.
Autoak berehalakoan dira adimentsuak
Orain dela gutxi iritsi ziren ordenagailuak autoetara. Kalkulu sinpleak egiteko eta informazio panelean adierazle batzuk erakusteko erabiltzen dira: dagoen erregaiarekin gasolindegira iristerako kilometro kopuruaren estimazioa, ehun kilometroka kontsumitzen den batez bestekoa, azkenekoz bete zenetik xahututakoa, gurpilen presioaren gorabeherak eta abar.
Konektibitatea areagotu eta funtzionalitate berriekin doitzeko asmoz, telefono garatzaileek autoak dituzte azkenaldian jomuga.
Gidaria eragotzi gabe, eta aisialdiko egiteko praktikoagoetarako, autoetan integratzeko sistemetan lanean dabiltza Apple eta Google. Besteak beste, telefonoa erosotasunez erabili eta haren aplikazioak egoera berrira moldatzeko egitasmoak dira. Microsoft ere batu zaie demara azken orduan, proposamen eta aliatu berriekin.
Haien eredua aurrekoekin alderatuz gero, irekiagoa izateagatik da ezaguna. Autoko pantaila konektatzen den sakelakoaren ispilua bezalakoa izatea nahi dute, inola ere moldatu gabe. Appleren proposamena bideratuagoa da, eta haiek erabakitzen dute gidariari zer komeni zaion; eskaintza mugatuagoa du, zurrunagoa.
Ez da aurreneko aldia automobilen sektorean Redmondekoentzat, aurretik ere Windows sistema eragilearen bertsio batzuk moldatu baitzituzten Ford, Kia, BMW, Nissan eta Fiat etxeentzat. Ahalegin berri honetan, baina, multimedia gailu ekoizle ezagunekin saiatuko dira arrakasta bilatzen: Alpine eta Pioneerrekin, hain zuzen. Zuhur ibili dira aukeraketa honetan, litekeena delako berandu iritsi arren gehigarrien merkatua bereganatzeko balio izatea. Autoetan lehentasunez agertzea zaila zaie, honezkero.
Hots, auto fabrikatzaile gehienek jada egin dute apustua Apple edo Googleren alde. Kasuren batzuetan biekin, gainera. Ferrari, Mercedes-Benz edo Volvo Appleren iOS 7 plataformaren alde agertu dira. Hiru etxeek iragarri dute datorren urtean kaleratuko dituztela CarPlay sistemarekin bateragarriak izango diren hainbat modelo. Beste hainbeste egitekotan dira Honda, Hyundai, BMW, Ford, Jaguar, Land Rover, Kia, Mitsubishi, Missan, Peugeot, Toyota, Subaru eta General Motors. CarPlay da Applek garatu duen estandarra haien iPhoneak konektatzeko, eta, besteak beste, Siri ahots sistemaz kontrolatzeko hainbat egiteko. Siri zer den jakiteko: http://zibergela. bitarlan. net/2012/09/24/ahotsezko-agintea-telefonoetan/.
Autoko segurtasuna
Microsoften aurkezpenean, autoaren altzamahaian kokaturiko ukipenezko pantaila bat erakutsi zuten; ordenagailu eta tabletetako Windows berrienen erara, koloretako laukiz osaturiko interfaze edo itxurarekin. Eskuinera irristatuta pantaila nagusia eta ondorengoak agertzen dira, bata bestearen atzetik. Sistemak zalantza handiak sortu zituen, batik bat erakustaldian bertan behera geratu zitzaielako. Hala ere, autoan erabiltzeko diren aplikazioen atal bat bereizteak oniritzia jaso zuen.
Lehia honetan software garatzaileak ere busti behar, eta aplikazio ezagunen artean, guztiekin bateragarri izateko interesa erakutsi du Spotify musika zerbitzuak.
Deigarria da Googleren asmoa, pantaila eta telefono arteko elkarreragintza baino zerbait sakonago egitekotan baita. Nvidia tabletentzako txip fabrikatzailea batu zaie egitasmora, eta autoa gaitasun informatiko propioz doitzekotan dira. Kanpoan eta barruan sentsoreak ezarri eta gidatzea seguruagoa egingo omen dute. Android integratuko dute, noski, eta Open Automotive Alliance barruan dauden hainbat marken babesa izango dute. Horien artean, batzuk Applerekin akordioa duten Audi, General Motors, Honda edo Hyundai.