Google, Mugikorrak

Android 4

Googlek Android sistema eragilearen azken bertsioa aurkeztu berri du: Android 4, Ice Cream Sandwich izenarekin bataiatu du.

Interfazean hainbat aldaketa dakartza Android 4k, estetika futurista eman diote, eta tipografia ere aldatu egin dute, Robot» letra mota erabiliz. Pantailaren azpialdean, hiru botoi birtual berri jarri dituzte, eta, Appleren iOS sistema eragilean bezala, ikono bat beste ikono baten gainera arrastatu eta askatzen badugu, karpeta bat sortuko da.

Pantaila desblokeatzeko, aurpegia erabil daiteke: gailuaren kamerak erabiltzailearen aurpegia grabatu eta ezagutu egiten du.

Beste hainbat berrikuntza ere eskaintzen ditu Androiden azken bertsioak: NFC teknologien erabilpena, kamerarekin argazkiak azkar ateratzeko modua, kontaktuak kudeatzeko modu berria, datu konexioaren kontsumoaren xehetasunak, eta abar luze bat.

Sistema eragile berri hau izango duen lehen telefona, Googlek berak saltzen duen Samsung Galaxy Nexus izango da.

Sistema Eragileak

Android Honeycomb Tablet gailuetarako

Android HoneycombAndroid oso sistema eragile ezaguna da sakelako telefonoetarako. Zale asko lortu ditu eta sakelako telefonoetan oso hedatuta dago. Telefono marka ezberdinek egin dute Androiden alde, batez ere, erabiltzaile askok ere Android sistema eragilea eskatzen dutelako beren telefonoetan.

Tablet gailuetan ere hedatzen hasi da Googlek badirela hilabete batzuk Android Honeycomb aurkeztu zuenetik.

Android sistemarekin, Googlek “hodeiaren” aldeko dema sendoa egiten du. Googlek hainbat alditan azaldu duen bezala, edozein erabiltzailek galdu ahal du sakelako telefonoa, tableta edo ordenagailua eramangarria, baina ez du informazioa galduko eta informazioa era seguru batean gordeko da, Googleren ikuspuntutik.

Honeycomb-en aldaketak

Sakelako telefonoetarako Android sistema eragilera ohituta dagoena, hainbat ezberdintasun aurkituko ditu Honeycomb sistema eragilean. Mahaigainean, widget ezberdinak txertatu daitezke, horrela, pantaila beretik, posta elektronikoak ikusten diren bitartean laster-bideak, youtube bideo bat eta irakurritako azken liburuak ikusi ahal dira. Widget horiek mahaigainean txertatzen diren leiho txikiak direlako.

Jakinarazpenek ere eduki gehiago eskaintzen dute eta osatutago daude Honeycomb-en sakelako telefonoetarako Androidetan baino. Bestetik, ezkerreko aldean agertuko dira erabilitako azken aplikazioen lasterbideak eta GMail irakurtzeko aplikazioa oso erakargarria eta erabilerraza da.

Grafikoei dagokienez, 2D eta 3D grafikoen errendimendua izugarri hobetu da eta Honeycombek funtzio grafiko berezi bat ekartzen du Renderscript izenekoa. Aplikazio batzuek erabiltzen dute funtzio grafiko hau interfazea erakargarriago bat eskaintzeko, adibidez, Youtube aplikazioak eskaintzen du hainbat eta hainbat bideo arakatzeko aukera 3D itxura batekin, Google Books aplikazioak ere erabiltzen du, orrialdeak igarotzeko oso efektu erreala lortzeko.

Aplikazio ohikoaz gain, Google Maps edo musika entzuteko aplikazioa bezala, Honeycombek ekartzen du oso aplikazio bitxi bat, Google Body, giza gorputzaren Google Maps izango litzatekeena. Giza gorputza arakatu daiteke kapa ezberdinetan, hezurrak, giharrak, zainak, eta abar.

Era berean, asko hobetu da argazki-kamerarako aplikazioaren interfazea eta bideo-txatak egiteko irudiaren kalitatea, bideo-txatetan banda-zabalera aurreztea ere lortu omen da.

Android Honeycomb 3.1 bertsio berria

Android Honeycomb 3.0 argitaratu zenetik denbora asko igaro ez bada ere, Googlek Hoenycomb 3.1 bertsio berria aurkeztu du egun hauetan. Hala, bada, une honetatik bertsio berri hau eskuragarri dago tablet batzuetan, adibidez Motorola Xoom, halaber, laster egongo da Samsumg Galaxy Tab 10.1-en.

Bertsio berri honetan hainbat aplikazio eguneratu dira, hala nola nabigatzailea, egutegia, kontaktuak eta posta elektronikoa.

Erabiltzailearen interfazea ere nahiko hobetu da. Gainera, Honeycomb 3.1 bertsio berri honek onartzen ditu USBren bitartez konektatzen diren hainbat gailu: teklatuak, saguak, jokuetarako gailuak edo argazki-kamera digitalak. Honeycom-ek detektatzen duenean gailu bat konektatuta dagoela erabiltzeko aplikazio egokia bilatzen du eta erabiltzaileari eskaintzen dio.

Widgeten tamaina eskuz aldatu daiteke bertikalki zein horizontalki erabiltzailearen beharren arabera.

Abiadura handiko Wi-Fi sareen erabilera hobetu da bertsio berrian eta zehaztu daiteke HTTP proxy bat Wi-Fi sarbide bakoitzeko. Nabigatzaileak HTTP proxya erabiltzen du sarearekin komunikatzeko Wi-Fi sarbide bakoitzean eta beste aplikazio batzuk ere horrela ibili ahal dira.

Mugikorrak, Sistema Eragileak

Sakelako telefonoetarako sistema eragileak

Sakelako telefonoen azken modeloak, telefonoak baino sakelako ordenagailu bihurtzen ari dira. Musika entzuteko, argazkiak eta bideoak ateratzeko, Interneten nabigatzeko, jolasteko, eta dokumentuak irakurtzeko, editatzeko eta kudeatzeko erabiltzen dira. Honetaz gain, aplikazio pilo bat ekartzen dute eta gehiago instalatu ahal zaizkie, nahiko aplikazio aurreratuak izan ahal dira, kudeaketa aplikazioak, sare aplikazioak, multimedia aplikazioak eta bulegotika aplikazioak, esate baterako. Hala, bada, ordenagailu arruntak bezala eta gailu digital asko bezala sistema eragilea behar dute ibili ahal izateko. Eta telefono bat erosten denean, beraz, ez da erosten soilik gailua, sistema eragile bat edo beste bat ere aukeratzen da gailua aukeratzen denean.

mobileHPMS Widows Mobile

MS Windows Mobile da Microsoften sistema eramangarria sakelako telefonoetarako. Sistema eragile honek, Microsoften ohiko aplikazioen bertsio eramangarriak ekartzen ditu telefonoan instalatuta, Internet Explorer Mobile nabigatzailea, Microsoft Outlook Mobile posta elektronikorako aplikazioa edo Microsoft Office Mobile bulegotika aplikazio suitea. Komunikazio baliabide batzuk ere ekartzen ditu Windows Mobile-k, Windows Live Messenger berehalako mezularitza aplikazioa, edo Twitterren eta sare sozialetan jarduteko aplikazioak, Facebook eta MySpace bezala. Aplikazio gehiago ere eros daitezke mugikorretarako Windows Market Place webgunean http://marketplace.windowsmobile.com/.

Beren telefono modelo batzuetan MS Windows Mobile duten fabrikatzaileen artean Asus, HP, HTC, LG, Motorola, Palm, Samsung, Sony Ericsson edo Toshiba aurkitzen dira.

iphoneiPhone OS

Apple-en sistema eragilea da bere iPhone mugikorretarako, iPoth touch gailuetan ere erabiltzen da eta Mac Os X-n aurkitzen den Mach kernel-en adarra da. Telefonoa biratzea besterik ez da beharrezkoa, pantailaren edukia ere bira dadin, honela, ikusgarria izateaz gain, testuak errazago idaztea eta irakurtzea ahalbidetzen du. Telefonoaren eduki osoan bilatzaile aurreratua ekartzen du, egutegia, ahots grabagailua, Safari nabigatzailea, posta elektronikoa irakurtzeko aplikazioa, wifi sare erabilien auto-saioa, iPod musika eta bideo erreproduzigailua, Youtuberako saio automatikoa, bideoak eta argazkiak grabatzeko eta kudeatzeko aplikazioa, mapak, GPSa, lokalizazioa, iparrorratza eta milaka aplikazio eskuragai du salgai bere App Store-n, bai aisialdirako bai lanerako. Bestetik, qwerty ukimen-teklatua du era eroso batean idazteko.

androidGoogle Android

Google Android sistema eragilea pil-pilean dago egun sakelako telefonoen arloan. Linux nukleoan oinarrituta dago eta hasiera batean Google garapenaz arduratu bazen ere, Open Handset Alliance arduratzen da egun garapenaz, Google buruzagia izanda. Open Handset Alliance, gailu eramangarrietarako estandar irekiekiko konpromisoa duten hardware, software eta telekomunikazio enpresa partzuergoa da. Gainera, plataforma honek, edozein garatzaileri ahalbidetzen dio aplikazioak egitea Java lengoaian. iPhonen kasuan bezala, pantaila biratuta edukia ere biratzen du irakurketa eta idazketa errazteko. Telefonoaren eduki osorako bilatzaile indartsua ekartzen du, nola ez, eta Googleren aplikazio garrantzitsuenak integratuta etortzen dira sisteman, mapak, kale ikuspegia, iparrorratza, GPS eta lokalizazioa, GMail posta elektronikoa irakurtzeko, eta GTalk berehalako mezularitzarako, egutegia, ahots grabagailua, audioa, bideoa eta irudiak ikusteko aplikazioa nahiz euskarriak eta beste hainbat. Erabilerraztasuna eta ukimen-esperientzia oso erosoa da eta Android telefono guztietatik eskuragarri dago Android Market aplikazio biltegia, non garatzaileek doako edo ordainpeko aplikazioak zintzilikatzen dituzten. Hau da biltegiaren webgunea: http://www.android.com/market/

HTC, Samsung, Sony Ericsson, LG edo Motorola dira beren telefono modelo batzuetan Android sistema eragilea sartu duten fabrikatzaileak.

Beste batzuk

Beste sistema eragile batzuk ere badaude mugikorretarako, Symbian OS, esaterako, Nokia telefono modelo askotan dago eta gehienbat, Nokia izan da Symbian ezagun bihurtu den fabrikatzailea, Samsung, Motorola, Panasonic edo Siemens fabrikatzaileek ere Symbian modeloren bat atera badute ere. Aplikazio asko daude garatuta sistema eragile honetaz baliatzen diren telefonoetarako. Gai honetaz hitz eginda, Blackberry OS sistema eragilea ere ezin da ahaztu, Blackberry fabrikatazile ezagunak erabiltzen duen sistema eragilea izanda.