Euskal idiosinkrasiaren erakusgarrietako bat da poteoa. Nor ez da ibili erabat zoratuta koadrilakoen tragoak eskatzen? Batzuetan, dena buruz gogoratu nahian, eta, beste zenbaitetan, papertxo ziztrin batean tragoak nola edo hala apuntatuta. Dirua kudeatu eta tragoak eskatu behar dituenari laguntzeko garatu dute Appoteo android sistemarako aplikazioa. Lau taldetan sailkatuta daude edariak: txikiak, normalak, afalondoa-bazkalondoa eta konbinatuak. Edari ohikoenen zerrendak egiteko aukera ematen du aplikazioak, eta, laster, garatzaileek esan dutenez, norberaren aukerak sartzeko modua izango da. Aplikazio sinple eta erabilgarria, euskaraz.
Android telefono guztietarako Flipboard aplikazioaren bertsioa dago sarean
Flipboard iOS sistemetarako aplikazio berri bat da, oso erabilia da iPhone eta iPad telefono eta gailuetan eta oihartzun handia lortu du. Aplikazio honek aldizkari digital baten itxura du, diseinua izugarri zainduta dago eta oso erakargarria da. Adibidez, orriak pasatzearen efektua era eder batean lortu da.
Flipboardek iturri ezberdinetako albisteak eta artikuluak erakusten ditu eta gainera Facebook, Twitter, Google Reader, Flickr, Instapaper eta abarreko sare sozial eta web zerbitzuekin bateratu daiteke. Eduki eta sare sozialen eguneraketa guztiak leku bakar batetik eta aldizkari gisan ikusteko aukera eskaintzen du.
Hala, bada, Flipboard webgune ofizialean adierazten zen bezala, jakina zen iOS sistemetarako bertsioaz gain Android sistemetarako ere bertsio bat atera nahi zutela. Hasiera batean soilik Samsung Galaxy S III telefonorako egongo zen eskuragarri. Baina norbaitek Androiderako bertsioaren fitxategia eskuratu du eta sarean argitaratu du Android terminal guztietan instalatu eta erabili ahal izateko. Bertsio hau oraindik ofiziala ez denez, ez dago Google Play-n (lehengo Android Market), beraz, instalatzeko Internetetik deskargatu behar da probatu edo erabili nahi izanez gero. Hemen dago deskargatzeko aukera: http://forum.xda-developers.com/showthread.php?p=25866075#post25866075
Carrier IQ, telefono aurreratuak arakatzen
Egunotan bolo-bolo dabil sarean: hainbat telefonotan, aplikazio batek datuak jaso eta erabiltzaileak jakin gabe, bildutako datuak bidaltzean ditu. Ziurtasun informatikoan aditua da Trevor Eckhart, eta hark frogatu du Carrier IQ izena duen software batek datu pertsonalak bildu eta Samsung HTC edo Nokia enpresei bidaltzen dizkiela.
Nahasmena nagusi bada ere, badirudi Android eta iOS (iPhone) sistema eragilea duten telefonoetan atzeman dela aplikazio kuxkuxero hori.
Erabiltzaileak sakatutako teklak, GPS datuak, bidali edo jasotako SMS eta bisitatutako webguneen helbideen berri gorde eta bidaltzen du aplikazio horrek.
Carrier IQ programaren garatzailea den enpresak dioenez, jasotako datuak ez zaizkio inori saltzen, baina ez dago argi jasotako informazio horrekin zer egiten duen. Prentsa ohar batean esan dutenez, ekoizleei eskaintzen dioten informazioa gailuak hobetzeko erabiltzen da, besterik ez.
Berria agertu eta berehala, telefonoak sortzen dituzten enpresak eta telefonia zerbitzua eskaintzen dituztenek ere euren burua zuritzeari ekin diote.
Aplikazio hori kentzea, oraingoz ez da gauza erraza, eta ez dago erabiltzaile soil baten eskura. Norberaren telefonoak aplikazio hori duen jakiteko ere hainbat bide daude: batzuetan aplikazioren bat instalatu behar da, eta, besteetan, instalatuta dauden aplikazioak begiratuta atzeman daiteke Carrier IQ horren presentzia .