android, Aplikazioak, Apple

Gaika, hondakinak kudeatzeko aplikazioa

Hondakinak ondo kudeatzen laguntzen du Gaika izeneko aplikazioak. Astebeteko bizia dauka, eta Gaika Bilketa taldearen ekimenez sortu dute. Aplikazioa baliagarria da atez ateko hondakinen sistemarako, bost edukiontzi dituzten herrientzako eta baita konpostagailua etxean dutenentzako ere.

Gaika abiarazi bezain laster herria eta hizkuntza zehaztu beharko dituzte erabiltzaileek; horren ostean, haien aukeretara egokitutako hondakinak behar bezala bereizten laguntzeko informazio eskerga lortuko dute: zalantza dagoenean, bota nahi den horren izena sar daiteke, eta hondakina biltzeko egutegia eta ordutegia jasoko du; bestela, egutegiaren sinboloari eman eta asteko planifikazioa ikus daiteke.

Gai bakoitza ateratzeko ordutegi eta egutegi horiek erakusten ditu ondorengo herrientzat: Astigarraga, Hernani, Oiartzun eta Usurbil. Herri gehiagori buruzko informazioa lortu ahala eguneratuko dutela adierazi dute, eta, horrela, hurrengo egunetan Itsasondo, Legorreta eta Zaldibiko datuak ere prest egongo omen dira.

Gaika Android euskarrietarako garatu dute, eta eskuragarri dago Google Play dendan dagoeneko. iOS sistemen erabiltzaileek zain egon beharko dute apur batean, bertsio honetan lanean baitabiltza oraindik. Bien bitartean, deskargatu, probatu, birziklatu eta proposamenak helarazteko aukera dago blogean: http://gaikabilketa.blogspot.com.es/.

android, Aplikazioak, Apple, Jokoak, Mac, Windows

Super Hexagon, ‘retro’ kutsuko aisialdiko erronka jokoa

Aisialdiko jokoen artean 29 urte luzetan aurkaririk ez du izan Tetris puzzleak. Haren sinpletasunak eta aurkezten duen erronkak adin guztietako jendearen kutuna bihurtu zuten 1980ko hamarkadan. Orain, badirudi bitxikeria berri batek fenomenoa berregingo duela. Historiako bideo-jokorik jokatuena izan daiteke Tetris jokoa, eta poliedro batek eman duen jokorik dibertigarriena da Terry Cavanagh sortzailearen Super Hexagon. Argotean Indie gisa ezagutzen diren aplikazio apal horietakoa da, egile bakarrak edo talde oso txikiek sortzen dituztenetarikoa.

Lehendabizikoaren helburua goitik behera zetozen piezak elkarrekin batu eta lerroak ezabatzea zen, pilatuz zihoazen piezak goiko mugara iristea eragozteko. Hori egin ezean, partidaren azkena iragartzen zuen Game Over mezu gorrotagarria jasoko zen. Planteamendu erraz eta liluragarri hark milaka jarraitzaileren babesa lortu zuen, gaurdaino irauten duen atxikimendua. Beste joko honetan, berriz, hexagono baten inguruan biratzen duen gezia gidatzea da helburua; koloretako zurrunbilo batean gerturatzen doazen formak saihestuz musika taupaden erritmoan.

Hemen ere, norbere trebezia da muga bakarra, eta ahalik eta denbora luzeenean irautea helburua. Hala, 60 segundoz eutsiz gero, hurrengo maila zailago baterako sarbidea jasotzen da. Retro-a modan dago, eta geratzeko bueltatu da.

Adituen kritika ezin hobeak jasotzen ari da Super Hexagon, eta sariren bat edo beste ere jaso du dagoeneko; diseinuaren burutazioagatik horietako bat. Hiru euroren truke PC, Mac, iOS eta Android sistementzat dago eskuragarri jokoa, haien webgunetik nahiz euskarri bakoitzaren sareko dendatik: http://www.superhexagon.com.

android, Aplikazioak, Sakelako Telefonoak, Software Librea, tabletak

Android euskaraz ekimena

Irailaren 23an euskal komunitate txiki batek Android Jelly Bean 4.1.1 bertsioa euskaratzeko ekimena jarri zuen martxan. Helburutzat, itzulpenok Google-ko proiektuan hainbat arinen txertatzea da; horri esker, sakelako eta tableten konpainiek beraien Android bertsioak euskaraz jartzeko aukera izan dezaten. Haien asmoa, talde txikia eratzea zen, itzulpen zehatzagoak eta txukunagoak lortzeko asmotan, eta aldian aldiko auzolan bidezko laguntza puntualak jasotzeko asmoz. Horren erakusle, adierazgarria da duela aste pare bat balidatzaile bila ibili zirela, itzulpenetan aditu eta esperientziadunen bila, alegia. Itzulpen guztiak Creative Commons BY-SA lizentziapean sortu dituzte, software libre gisa erabilgarri.

Aurrerapenik badago, eta pasa den urriaren 4an kaleratu zuten oharrari ikustea besterik ez dago horretaz ohartzeko. Bertan adierazi zuten bukatutako aplikazioen behin-behineko zerrenda: Calculator, Calendar, DeskClock, Exchange, Gallery, HTMLViewer, KeyChain, Music, MusicFX, Protips, SoundRecorder eta VoiceDialer dira erabat euskaratuak daudenak oraingoz.

Adi egon beraien webera, laster egongo baita deskargagarri instalatu nahi duenarentzat ROMa: http://androideuskaraz.akting.eu/.