android, Aplikazioak, Apple, Sakelako Telefonoak, tabletak

AutoCAD 360, sakelako eta tabletetan ere planoak lantzeko

autodesk1AutoCAD bi eta hiru dimentsioko irudiak lantzeko ordenagailuz lagunduriko diseinurako programa ezagunak erroak hedatu ditu. Tableta eta azken belaunaldiko telefonoetara egokitutako tresna dauka erabilgarri iOS eta Android sistemadun gailuentzat: AutoCAD 360. Arkitektoek, ingeniariek eta diseinatzaile industrialek askotan erabiltzen duten programa da Autodesk enpresarena, eta askorentzat lanabes ezin hobea bihurtuko da aplikazio eramangarria. Ibiltzeko erraza berriz ere, eta bulegoa eta uneko lan eremuaren arteko jauzia leuntzeko balio du planoak partekatzeak mahai gaineko, webgune, tablet eta sakelakoen artean.

AutoCAD 360 aplikazioak CAD formatuko marrazkiak ikusteko, editatzeko eta partekatzeko aukera ematen du. Lekuan lekuko zuzenketak, aldiko dokumentazioa sortzea, berrikuspen eta onarpenak egiteko aukera aurreratuak ere baditu. Azpimarratzekoa da, baita ere, aukera horiei konexio gabe ere eusten zaiela, eta, gainera, aldi bereko erabiltzaileen elkarlanerako aukera dagoela. Aplikazio gehiago ere baditu, berriagoak direnak ordaindu egin behar badira ere. Besteak beste, hodeiko biltegiratze aukerak jaso, marrazki berriak bertan hasteko edo planoen koordenatuak erakustea zehaztasuna irabazteko aukera ematen du. Informazio gehiago nahi izanez gero, https://www.autocad360.com/.

AutoCAD 360 eskuragarri dago App Store eta Google Play dendetan eta hainbat bertsiotan. Doakoak eta 90 euro arteko preziotakoak daude, hain zuzen ere.

android, Aplikazioak, Apple, tabletak, Windows Phone

Aditzak.com aplikazio berria, aditzak erabiltzen ikasteko

aditzak.com1Aditzek makina bat buruhauste eragin ohi diete hizkuntzak ikasten ari direnei. Ordea, Interneten gero eta alternatiba gehiago aurki ditzakegun artean, gurean ere lagungarri dago euskarazko aditzekin zalantzak argitzeko tresna berria. Ekarpena Garikoitz Knörr itzultzaileak egin du, Ideateka enpresarekin elkarlanean sorturiko webgunean, eta 2011z geroztik martxan da: Aditzak.com. Orain, aldiz, pauso bat haratago joan, eta irisgarritasuna hobetuz, izen bereko aplikazioa plazaratu dute sakelako telefono nahiz tabletetarako, Irontec enpresaren laguntzaz baliatuta. Kontua da posible dela euskarazko aditzen taula alboratzea, eta Internet sarbide gabe ere kontsulta egitea.

Izan ere, inspiraziorik izan ezean, askotan ez da erraza izaten euskal aditzak erabiltzen asmatzea, eta, zalantzen kasuan, orain arte, Aditzak.com web atarian egin zitekeen, eta aurrerantzean edozein telefono adimentsutan zein tabletetan ere egiteko aukera dakar aplikazio berriak. Euskal aditzak erabiltzeko aukera ematen du, sartu bezain laster ageri diren aukeren artean hautatuta. Tresna horrek euskararen erabilpen zuzena ahalbidetzen du, 1.500 aditz konbinazio baino gehiago eskaintzen baititu. Orainari, iraganari, etorkizunari eta baldintzari buruzko informazioa dakar.

Beraz, euskara batuak dituen aditz guztiak arakatu nahi dituenak, edo aditzok erabiltzerakoan zailtasunen bat duela igartzen duenak, hobetzeko zein egiaztatzeko aukera dauka app horrekin. Aditzak.com aplikazioa doakoa da, eta eskuragarri dago Android, iOS, Windows Phone eta Symbian sistementzat, bakoitzari dagokion dendetan.

android, Aplikazioak, Apple, Mugikorrak, Sakelako Telefonoak, Sare sozialak eta Microblogging, tabletak

Waze aplikazioa, gidarien sare soziala

WazeCrowdsourcing edo ekintzailetza kolektiboa darama erraietan Waze nabigazio aplikazioak. Hots, GPS soziala dela esan daiteke. Leku batetik bestera gidatzeko laguntza ematen duen aplikazio horietako bat da, guztiz doakoa eta une oro eguneratzen dena erabiltzaileek gidatzean sortzen duten informazioari esker. Ezaugarri orokorrenak argitze aldera, Wazelariek edo kideek emandako datuetatik zuzenean jaso daitezke mapen zuzenketak, zirkulazioaren egoera erreala (ilarak, istripuak, polizia kontrolak…), batu behar gaituen lagunaren ibilbidea eta posizioa, edo gasolindegien uneko prezioak.

Hainbat plataformatako dendetan dago prest deskargatzeko: iOS, Android, BlackBerry, Windows Mobile eta Symbian dabilela sakelakoak.

Azkenengo eguneraketari esker (3.7 bertsioan doa), gainontzeko sare sozialekin integratuago dago Waze, eta, besteak beste, posible da Foursquare baliatu eta egondako lekuak erregistratzea, edo Facebooken sortutako hitzordu batera joatea gonbidapena onartze hutsarekin.

Ben Gleitzman

Waze euskarazko ahotsarekin

Oraingoz, aukera hau Android sistemetan dago soilik, eta iOS erabiltzaileek euskarazko euskarri ofizialik gabe eta lehenetsitako beste hizkuntzekin jarraitu beharko dute Apple-ren iragazki gogorragoak gainditu zain. Haatik, Waze guztiz irekia dago itzulpen komunitarioak onartzeko, eta hizkuntza mordo batean eskuratu daiteke. Iragan udatik dago gutxi gorabehera eskuragarri euskaraz, Google Groups-en bildutako itzultzaile talde txiki baten ekinari esker. Alabaina, hasieran deserosoa zen erabat; norberak egindako ezarpenekin egiten zen eta aplikazioa eguneratzen zen bakoitzean errepikatu behar zen prozesua. Joxe Rojas (@joxe) kazetari Teknopata da kolektiboko partaide bat, eta bere ahotsa lagata, posible egin du gidatzeko jarraibideak aitorren hizkuntza zaharrean entzutea gainerako ezarpen zailagoen beharrik gabe. Hala: ireki Waze aplikazioa. Menuan (ezkerreko beheko ikurra), aukeratu Ezarpenak > Soinua. Hor barruan, aukeratu Gidatzeko laguntza maila: Norabideak bakarrik (gaiekin). Egin atzera. Orain joan Ezarpenak > Orokorra atalera. Nabigazio gida menuan, aukeratu Euskara.