Intel etxeko x86 prozesagailu aitzindariek 32 biteko prozesagailu bakarra erabiltzen zuten, haien aurreko guztiek bezala. 1990eko hamarkadara arte, ohikoena zen. Zibergelan omenaldi txiki bat egin genien Pentium-en hogeigarren urteurrenean: http://zibergela.bitarlan.net/2013/02/07/intel-prozesadorea-barruan/.
Hasteko eta behin, 32 biteko prozesagailua duen ordenagailuan, sistema eragileak zein barruko programek halakoak izan behar dute. Plataforma ohikoenak Windows 95, 98 edo XP dira; 32 bitekoak baino ez daudenak, bistan da.
Aurreneko 64 biteko prozesagailua edo x64, 1961ean ikusi zen aurrenekoz super konputagailu batean. Hala ere, 2000ra arte ez zen etxeko ordenagailuetara iritsi. Microsoften erne, laster doitu zuten Windows XP 64 biteko ordenagailuei etekina ateratzeko. Ondoz ondoko Windows eguneraketek bateko zein besteko bertsioak izan dituzte: Windows Vista, Windows 7 eta Windows 8k, hain zuzen ere. 64 biteko prozesagailuak 32 biteko sistema eragileak eta programak onar ditzake. Bi eratako prozesagailuak daude lehian egun merkatuan: 32 bitekoak eta 64 bitekoak. Fabrikatzaile gehienak 64 biteko prozesagailu ahaltsuagoen aldeko apustua egiten ari dira. Edozein gailutan txertatzen dituzte, eta dagoeneko abian da gurpil zoroa: eskaera handiaren ondorioz, merkeago ekoizten dituzte; eskaintza zabalagoa denez, 64 biteko sistemak eta programak nahi dituzten erabiltzaileak ere haziz doaz. Horrela, joera berriz elikatzen da. Merkatariak 32 biteko ordenagailuen eskaintza jaitsiz doaz. Laster 32koak erabat desagertuko dira.
Erabiltzaileen zoritxarrerako, egun, batzuk zein besteak aurkitu daitezke nahastuta etxean, lanean zein saltokietan. Aukera egokia egitea edo bata eta bestea zer diren jakitea da gakoa.
Bada, 32 bit edo 64 biteko sistemen arteko aldea zein da orduan? Ezertan hasi aurretik, desberdintzeko bi kontzeptu daude: memoria fisikoa edo ordenagailuaren edukierari dagokiona; eta, memoria hegazkorra edo RAM memoria, hein batean abiadurari lotua. Gigabyte-etan (GB) neurtzen dira, funtsean datuak gordetzen dituztelako biek. Baina erabilpenak eta iraupenak bereizten dituzte.
RAM memoria edukiera gutxi eta sarbide bizkorreko flash euskarria da; abiatu diren baina unean erabiltzen ez diren programak aldi baterako gordetzeko edota martxan daudenen datuak azkar batean eskuragarri izateko bidea. Ordenagailua itzaltzen denean, desagertu egiten da haren edukia, eta hortik datorkio izena.
Beste memoria disko gogorra da. Mekanikoki, idazteko xafla magnetikoetan gordetzen dira datuak. Idazketa eta irakurketa motelekoa da erabat, eta informazioa modu iraunkorrean jasotzen du bere barruan. Hots, itzali ostean ere eskuragarri du bueltarako.
Ikusiko denez, biek nabarmen eragiten dute ordenagailuaren bizkortasunean, edo haren faltan.
32 bit edo 64 biteko prozesagailuak
Alde nagusia kalkulu abiadurak ezartzen du. 64 bitekoek nukleo bat baino gehiago izaten dituzte, prozesagailu independenteak balira bezala elkarlanean aritzeko doituak. Hori datu emari handiagoa prozesatzeko eta bizkorrago egiteko gaitasuna da. Programa astunak bizkorrago ibiliko dira era honetako inguruneetan. Bestalde, 32 biteko prozesagailuek ez dute gaitasunik 4 GB baino gehiagoko RAM memoriak baliatzeko. Gainontzekoa, alferrikako soberakin edo baliabide galdua bihurtuko da.
Dena dela, ordenagailuen RAM memoria aprobetxatzeko faktore bakarra ez da hardwarea. Applek zein Microsoftek epe laburrean erronka latza izan dute haien sistemak 64 biteko prozesagailutara egokitzeko. Teknologia ahalik hobekiena ustiatu edo aprobetxatzea dute helburu. Baina baita ere etengabe haziz joan diren RAMen gaitasuna osorik baliatzekoa. Horrela, sistema eragileek beraiek ere erabilpen mugak izaten dituzte lehentasunez, badaezpadako neurri gisa.
Adibidez, Windows 7rako 32 biteko bertsioek inoiz ez dute lau GB baino gehiago erabiliko. Baina Windows 7aren 64 biteko bertsio apalenean edo Home Premium-ean ere, hamasei GB RAM da muga. Are gehiago, 64 biteko Professional eta Ultimate bertsioetan 192 GB RAM ere erabil ditzake sistemak, ordenagailuak baditu. Ondorengo estekan ageri dira Windows bertsioen RAM memoriaren erabilpen langak: http://msdn.microsoft.com/en-us/library/windows/desktop/aa366778(v=vs.85).aspx
Hala ere, 64 biteko sistema eragile batek prozesagailua eta RAM memoriaren erabilpena muturreraino eramateko potentziala du, besterik gabe. Benetako jauzia 64 biteko arkitektura aintzat hartuz diseinatu diren programen bertsioek ahalbidetzen dute, azkenean.
Disko gogorrek ere, alde makala
Benetan, ordenagailuek denbora gehien xahutzen duten eragiketa disko gogorrean gordetzen da. Eta, tamalez, asko egiten den eragiketa da. Disko horietan kontuan hartzeko aldagaia idazketa motorraren erreboluzioek ezartzen dute. 5600 rpm (revolution per minute) edo 7200 rpm dira ohikoenak. Paralell ATA edo PATA diskoek lekua utzi zioten egungo ohikoenei, Serial ATA edo SATA diskoei.
Baina orain benetako mugarria ezarri dutenak SSD erako flash diskoak dira. Ikaragarri bizkorrak dira, aurrekoen idazketa gaitasuna hirukoizteraino. Baina trukean edukiera txikiagoa dute. Adibidez, SATA bizkorrenak 200 MB segundo irakurtzen ditu, eta SSD batek 550 MB segundoko erraz gaindi dezake. Bideo ediziorako, ingeniaritza edo diseinu grafikorako, orokorrean idazketa ugarizko ataza astunetan ikaragarrizko aldea egiten dute. Maiz, era bateko RAM memoria edo besteko bideo txartela izatea baino harago. Garestiak dira, baina probatzen duenak ez du buelta egiten ohiko ordenagailu moteletara. Abiadura areagotzeko ezaguna ez den era da balio gainjarria, ezbairik gabe.
Ordenagailuaren abiadura, hardware kontua baino zerbait gehiago
Twitterrific, argitaratutako txioak editatzeko aukera bat
Bazen garaia norbaitek burutazioa izateko Twitterren argitaratzen diren txioak editatzeko. Arazoaren konponbidea, hala ere, ez du ofizialki Twitterrek kaleratu. iOS plataformarako Twitterrific aplikazioak azkenengo eguneraketan txertatu du aukera, eta atrebentziak App Storean kritika onak jasotzeko balio izan dio.
Karaktere gutxitan eta bizi-bizi idazteko den microblogging sarea da Twitter; eta hortik duen arrakasta. Baina freskotasun horrekin edo presaka idazten dutelako, erabiltzaileei bidalketetan han-hemenka ihes egiten diete akats ortografiko, gaizki esan edo datu okerrek. Sare sozial gehienek mezuak editatzeko aukera aspaldi gehitu zuten, eta, besteak beste, Facebooken jada ez dago halako eragozpenik. Twitterrek temati eusten dio bereari, baina asko kexu dira esanak eroso zuzendu ezin dituztelako. Gaur-gaurkoz dagoen era bakarra gogaikarria da erabat: eskuz txioa ezabatu eta berriz idatzi. Mugarria eta albiste ona da Twiterrific aplikazioaren egitasmoa, beraz. Behinik behin, iPhone erabiltzaileek, ez dute trabarik izango txioak zuzentzeko.
Txiolariek hainbeste aplikazio edo bezero dituzte haien kontuak telefono edo tabletetatik kudeatzeko. Twitterrek badu aplikazio ofiziala hainbat plataformatarako eskuragarri, baina nahiko mugatua da, eta besteek gehitutako funtzionalitateak berandu eransten dizkiote. Besteak beste, menuak pertsonalizatzeko edo nahi den traolaren lasterbidea erakusteko aukerarik gabe jarraitzen du. Twitterrific da azkena erabiltzaile askoren eskaerari erantzun eta Twitterri aurre hartzen.
Idatzi den txioa aukeratu, oinean eskuinean dagoen More Actions» hautatu, eta Delete and Edit Tweet emanda edita daiteke. Twitterrific doan dago eskuragarri App Store-n.
Hala eta guztiz ere, publizitaterik gabe baliatu edo Twitterreko abisuak ematea nahi bada, ordaindu beharreko gehigarriak dakartza aukeran.
Ariketak egin eta EGA titulua prestatzeko Android aplikazioa
Euskaldunen ahozko zein idatzizko trebetasuna ziurtatzen duen proba edo azterketa da EGA edo Euskararen Gaitasun Agiria. Proba eta azterketa desberdinak gainditzea eskatzen die ikasleei: atariko proba, azterketa idatzia eta ahozko azterketa. Bat egin ahal izateko aurrekoa gainditzea ezinbestekoa da.
Euskal Herrian EGA banatzen duten erakunde bat baino gehiago dago: Eusko Jaurlaritza Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; Nafarroako Gobernua, Nafarroan; eta Euskaltzaindia, Ipar Euskal Herrian. Europako erreferentzia markoan C1 mailarekin da bateragarria EGA azterketa.
Ikasleen amesgaizto bihurtzen dira orduan ikasi beharreko esamoldeak, esaera zaharrak, sinonimoak zein berridazketak. Bada, aurrerantzean hori guztia prestatzeko era berri bat izango dute. Izan ere, Kaixo! euskaltegiak EGA APP izeneko Android telefonoentzako aplikazioa sortu du bere hamargarren urteurrena ospatzeko.
Aplikazio horrek EGA azterketako aurreneko bi probak prestatzeko 4.000 ariketa baino gehiago eskaintzen ditu. Ordenagailuarekin eta fotokopia zaharrekin ez ezik, belaunaldi berriko gailuen bitartez ere egin ahal izango dira EGArako prestaketa lanak.
Oraingoz Android sakelakoetarako baino ez dago eskuragarri Google Play-n, baina laister beste sistemetara iritsiko dela iragarri dute sortzaileek.