Mugikorrak, Software Librea

Open Web Device, prezio apaleko telefono berria

Espresuki prestatutako kostu apaleko telefonoak ekoizteko asmoa iragarri dute Mozillan, haien Firefox OS sistema eragilea lehentasunez instalatuta izango duten sakelako lerroa osatu nahirik. Arkitekturari dagokionez, Qualcomm prozesagailuak erabiltzeko akordioari esker, iOS gailuetan gertatzen den antzeko garapena izango dute, aldian aldiko eguneraketak ateratzeko. TLC eta ZTE hardware ekoizleek ere atxikimendua erakutsi dute egitasmora batzeko.

Vivo izeneko Telefonicaren filialaren eskutik, 2013ko urtarrilean Brasilen kaleratzeko asmoa daukate web askean oinarritutako sistema erabiliko duen lehen gailua: Open Web Device sakelakoa. Egikarituko duen sistema Firefox OS izango da, noski. Egitasmo horretan, aipatu telefono hornitzaileaz gain, Deutsche Telekom, Sprint, Telecom Italia eta Telenor Group murgildu dira. Ondoren, litekeena da otsailean, Bartzelonako Sakelako Telefonoen Nazioarteko Biltzarrean plazaratzea mundura. Telefonoak 80 eta 100 euro bitartean salgai jartzeko aukera iragarri dute.

android, Aplikazioak, Apple, HTML5, Internet, kontzeptuak, Mugikorrak, Nabigatzaileak, Sakelako Telefonoak, Software Librea, tabletak

Firefox OS, Mozillaren jauzia telefonoetara

Sakelakoak merkatu elektronikoan jaun eta jabe bihurtu diren honetan, Mozilla konpainiak software librearen kontzeptua telefonoetako sistema eragileetara eramateko ideia izan du. Boot to Gecko izeneko proiektuaren berri joan den otsailean eman zuten; ez dago plaza hoberik Mobile World Congress biltzarra baino, gisa honetako albisteak emateko. Ia urte oso bat joan da geroztik, eta garapena erritmo onean doa; 2013ko urtarrilean kaleratzeko asmoa daukate, antza. Asmoa da softwarejabedunari aurre egingo dion aukera bihurtzea: ordea, Android, iOS edo Windows Phone euskarrietako jatorrizko aplikazioek bezainbesteko kalitatea edo hobea duten aplikazioak garatzera iristea, web irekiko teknologiak erabilita. Era honetara, HTML5, Javascript eta CSS webak garatzeko erabiltzen diren teknologia estandarrekin garatu ahal izango da. Beste modu batera esanda: funtsean, smartphone-ak edo tabletak daukan bakarra nabigatzaile bat da, eta horren barruan abiarazten dira aplikazio guztiak, eta Internetera bideratutako sistema eragile bat osatzen da; eta erabiltzailea ohartu gabe horretaz. Hodeia euskarritzat darabilten sistemen antzera funtzionatuko du. Proiektu ziragarria da inongo ezbairik gabe, aukera berriak ireki baitzaizkie, bai garatzaileei, eta bai kontsumitzaileei: aurrerantzean, ez baitira fabrikatzaile batzuen zehaztasunen eta haien politiken menpe egongo.

Garrantzitsua da gogoan izatea Firefox OS-ren helburua ez dela puntakoak diren Android Jelly Bean, iOS 6 edo Windows Phone 8 baino interfaze grafiko berritzaileagoak edo diseinu originalagoak eskaintzea, baizik eta sistema ireki bat sortzea, gai izango dena aurre egiteko euskarri jakin baterako eta kode jakin batekin programatutako aplikazioak ekoizten dituen merkatu bati; bestela esanda, gailu eta garapen pribatuak oinarritzat dituen merkatu bati. Web aplikazioen erabilpenaren bidez, garapen berberak euskarri guztientzat balio du; horizontala eta unibertsala da. Beste behin ere, Mountain Vie-en egoitza duen konpainiakoak dagokien profileko erronka berrian murgildu dira Firefox OS sistemarekin.

Zehaztasun gehiago

Honen guztiaren ondorio zuzenena da, azken belaunaldiko telefonoentzako aplikazioen garapen eta ekoizpen kostuak izugarri jaistea. Horrek smartphone erako telefonoak prezio onargarrietan eskaini ahal izatea dakar, eta azken batean, prezio garestiagatik era horretako sakelakoak erosi gabe geratu direnengana iristea, eta hazteko bidean dauden merkatuen kasurako aukera bihurtu, adibidez. Ez hori bakarrik, web erako sistema horrek behar dituen errekurtso murritzei esker, tiradera barruan hautsa hartzen ari den telefono zaharra hartu, eta bertan ere Firefox OS egikaritu ahalko da.

Halaber, eta definizioz, software librea izatea ez doa derrigorrean doakotasunari lotuta; eta horren ildotik, enpresa erraldoi asko dira dagoeneko egitasmora batutakoak. Negozio lerroa ikusi duten horien artean daude sare sozialetako jaun eta jabe diren Facebook eta Twitter. Sinatutako akordioari esker, Firefox OS barnean integratuta etorriko dira lehentasunez biak; eta baimenak eman ostean, lagunen eguneraketen berri jasotzeaz gain sarrerako menuan, kontaktuei aplikaziotik bertatik deitu ahalko zaie zuzenean, adibidez. Era berean, HTML5 teknologiaren mugikortasunari esker, Google Maps zerbitzua ere emateko moduan egongo dira, oraingo mahaigaineko aplikazioaren modukoa.

Erronka handia, etorkizun ezjakina

Hasierak beti gogorrak izaten direla esan ohi dute zaharrenek. Proiektuaren handitasuna, baina, ez dator merkatuan lortuko duten pusketaren eskutik, baizik eta lortu nahi den pentsaera aldaketatik. Android, iOS eta Windows-i itzalik ez dio egingo ziur asko, baina handia da kode askeari eta garapen libreari ateak irekitzearen asmoa, bere horretan. Bereganatuko duten publikoa, software librearen aldeko hitzekin baino gehiago, ekintzekin egiten dutenetarikoa izango da. Kooperazioan oinarritutako lankidetzari esker aplikazio unibertsalak sortu eta erabiliko dituztenena; enpresen arteko lehian oinarritutako garapenaz haratago. Esandakoaren adierazgarri da Mozillaren erabakia jendeak bidalitako argazkiak erabiltzeko sistema berriaren atzekoaldeko gisa: Flicker euskarrian, #fxb2g etiketarekin identifikatu ahal dira bidalketak.

Kaleratu orduko, probatzeko aukera

Nabigatzaile bat aski da sistema abiarazteko; eta jakin-mina daukanak badu aukerarik sistema probatzeko nahiz garatzen hasteko, Firefox-eko gehigarri bati esker: r2d2b2g. Izen bitxi horren atzean dago, Firefox OS emulatzeko ingurunea, benetako sistemaren gauza bera egiten duena. Hori bai, telefonoaren ezaugarriei lotutako gabezia txiki batzuekin (geolokalizazioa, kamera, azelerometroa eta abar): http://people.mozilla.org/~myk/r2d2b2g/.

android, Aplikazioak, Sakelako Telefonoak, Software Librea, tabletak

Android euskaraz ekimena

Irailaren 23an euskal komunitate txiki batek Android Jelly Bean 4.1.1 bertsioa euskaratzeko ekimena jarri zuen martxan. Helburutzat, itzulpenok Google-ko proiektuan hainbat arinen txertatzea da; horri esker, sakelako eta tableten konpainiek beraien Android bertsioak euskaraz jartzeko aukera izan dezaten. Haien asmoa, talde txikia eratzea zen, itzulpen zehatzagoak eta txukunagoak lortzeko asmotan, eta aldian aldiko auzolan bidezko laguntza puntualak jasotzeko asmoz. Horren erakusle, adierazgarria da duela aste pare bat balidatzaile bila ibili zirela, itzulpenetan aditu eta esperientziadunen bila, alegia. Itzulpen guztiak Creative Commons BY-SA lizentziapean sortu dituzte, software libre gisa erabilgarri.

Aurrerapenik badago, eta pasa den urriaren 4an kaleratu zuten oharrari ikustea besterik ez dago horretaz ohartzeko. Bertan adierazi zuten bukatutako aplikazioen behin-behineko zerrenda: Calculator, Calendar, DeskClock, Exchange, Gallery, HTMLViewer, KeyChain, Music, MusicFX, Protips, SoundRecorder eta VoiceDialer dira erabat euskaratuak daudenak oraingoz.

Adi egon beraien webera, laster egongo baita deskargagarri instalatu nahi duenarentzat ROMa: http://androideuskaraz.akting.eu/.