Android eta sistema honetarako aplikazioak
Android sakelako telefonoetarako sistema eragile bat da eta 2007ko azaroan aurkeztu zenetik, joan da hedatzen eta interesa pizten bai telefono mugikorren fabrikatzaileengan zein erabiltzaileengan. Android software librea da eta bere ardura Open Handset Alliance erakundeak du. Open Handset Alliance Googlek bultzatutako partzuergo bat da eta partzuergo honetan estandar irekiekin konprometituta dauden hainbat entitatek parte hartzen dute, hardware, software zein telekomunikazio arlokoak, batik bat.
Sistema eragilearen ezaugarri nagusiak
Sistema eragileak web nabigatzailea integratuta ekartzen du, WebKit kode irekiko motorrean oinarrituta.
Androidek multimedia formatu arruntak onartzen ditu, audio, bideo zein irudietarako.
Bestetik, sakelako telefonoaren menpe dauden beste hainbat ezaugarri ere eskaintzen ditu, GSM telefonia, Bluetooth, 3G, Wifi, argazki-kamera, GPS, iparrorratza, azelerometroa. Ezaugarri hauek ibili ahal izateko Androidekin, telefonoaren hardwareak ere eskaini behar ditu ezaugarri horiek bere osagai elektronikoen bitartez.
Ukimen-pantailarekin erabiltzeko prestatuta dago. Izan ere, horretarako hainbat baliabide ekartzen ditu, ukimen-teklatua bezala. Pantaila biratzen da telefonoa biratzen denean eta zoom ezberdinekin ikusi eta irakurri ahal dira informazio ezberdinak, mapak edo webguneak zein pdfak edo irudiak, esaterako.
Sistemarekin hainbat aplikazio etortzen dira lehenetsita instalatuta: nabigatzailea, posta elektronikoa irakurtzeko aplikazioa, SMSak irakurtzeko eta idazteko aplikazioa, egutegia, mapak, kontaktuak.
Gainera, badago beste ezaugarri bat oso interesgarri bihurtzen duena Android. Market izeneko aplikazio biltegia da, hain zuzen ere.
Market da aplikazio biltegi itzela. Aplikazio biltegi honetan, ordainpeko zein doako aplikazio pilo bat aurkitu ahal dira eta atal ezberdinetakoak: jokoak, erosketak, komunikazioak, komikiak, kirolak, baliabide orokorrak, multimedia aplikazioak, albisteak eta eguraldia, aisialdia, jakintza eta bilaketa, osasuna, gizartea, produktibitatea, bidaiak, telefonorako gai ezberdinak, gehigarriak. Android Marketek ahalbidetzen du garatzaileek Market-en aplikazioak sartzea, ordainpekoak edo doakoak eta edozein Android mugikorretatik egongo dira eskuragai. Honela, sakelako telefonoaren erabiltzaileak deskargatu eta instalatu ahal du nahi duenean. Gainera, gune ofizialetik deskargatzen ari den bermearekin.
Market erabiltzeko eta Androiden beste ezaugarri batzuk ere erabiltzeko, sistemaren eguneraketak, mapak, posta elektronikoa edo web nabigatzailea, esaterako, beharrezkoa da Internet konexio bat mugikorrean. Wifi izan daiteke, edo noizbehinkako konexioak. Baina ahal bada, hobe da etengabeko Internet konexioa. Jada irisgarriagoak dira sakelako telefonoetarako Internet tarifa lauen prezioak. Etxeko ADSL edo kablearenak baino askoz merkeagoak aurki daitezke.
Aplikazio interesgarri batzuk
Androiderako Market biltegian denetariko aplikazioak daude, batzuk Google zerbitzuekin integratuta, era honetan, mugikorrean zein ordenagailu ezberdinetan egon daitezke datu batzuk, kontaktuak edo agenda, esaterako.
Google Sky Map aplikazioaren bitartez, planetario bat eraman ahal da sakelan. Ordua eta posizionamendurako teknologiak erabiltzen ditu jakiteko zeruaren zein zatia ikusten ari den momentu horretan erabiltzailea, eta mugimendu sentsorearen bitartez ere asmatzen du norantz begiratzen ari den. Era horretan izarrak, konstelazioak edo planetak identifikatu eta izendatzeko gauza da aplikazio hau. Gainera, izenaren arabera bilatu ahal dira elementu ezberdinak eta aplikazioak esango du nora begiratu behar den aurkitzeko.
WeatherBug aplikazioak asmatzen du non dagoen erabiltzailea eta eguraldiaren inguruko informazioa eskaintzen dio. Eskuz ere aukeratu daitezke leku ezberdinak leku horietako eguraldiari buruzko informazioa jasotzeko.
Docs To Go aplikazioaren bitartez, bulegotika dokumentu ezberdinak ikusi ahal dira mugikorretik, hurrengo formatuak onartuta: doc, docx, xls, xlsx, ppt, pptx, pdf.
Gtasks aplikazioarekin atazak kudeatu ahal dira eta bateragarria da GMailen dauden atazekin. Google Talk aplikazioaren bitartez GTalk kontaktuekin hitz egin ahal izango da.
Andando edo Hi-Hiker Pro-ren bitartez gorde ahal dira ibilbideak, jakitea zenbat ibili den edo pasatu diren altuera ezberdinak, GPSa erabiltzen dute. And Explorer fitxategi arakatzaile ezaguna da. Barcode Scanner aplikazioaren bitartez barra-kodeak eta QR kodeak irakurri ahal dira argazki-kamera erabilita. ShopSavvy barra-kodeak irakurtzeaz gain saiatzen da produktu ezberdinak identifikatzen eta produktuen prezio ezberdinak lortzen, horretarako norberaren posizioa ere erabiltzen du. Scan2PDF mobile, argazki-kameraren bitartez pasatu ahal da argazki edo dokumentu bat PDFra. BeamReader erabil daiteke PDFak irakurtzeko. Bubble-ren bitartez nibela instalatuko da telefono mugikorrean eskulanetan laguntzen duena zerbait zuzen dagoen jakiteko edo daukan angelua jakiteko. Dog Whistler aplikazioak txakurrentzako txilibitua eskaintzen du frekuentzia ezberdinekin. Draw-ren bitartez hatzarekin marraztu ahal da telefonoaren pantailan eta Solo Lite-ren bitartez gitarra bat egongo da eskuragarri mugikorrean. Voice Recorder aplikazioarekin, mugikorra ahots-grabagailu bihurtzen da. Goggles aplikazioaren bitartez argazki-kamerarekin ateratako irudiak bilatu ahal dira interneten eta Layar edo Wikitudek, argazki kamera, posizionamendua eta mugimendua erabilita gertu dauden elementuen inguruko informazioa ematen dute, dendak, jatetxeak edo mendiak, esaterako.
Microblogging eta Sare sozialetarako aplikazioak ere badaude, Twitroid Twitter zerbitzurako edo Facebook, esaterako.
Shutter GNU/Linux sistemetan pantaila-argazkiak ateratzeko oso aplikazio interesgarria da. Shutter software librea da eta instalatu daiteke Ubuntu edo GNU/Linux sistemetan Synaptic-etik, Ubuntu Software Biltegitik edo edozein pakete kudeatzailetatik, shutter izeneko paketea bilatu eta instalatzeko markatu besterik ez da behar. Aukeratutako area bat, leiho bat edo pantaila osoaren argazkia ateratzea baimentzen du. Ondoren argazki pantaila hau editatu daiteke gainean marrazteko, elementu ezberdinak azpimarratzeko edo bertan idazteko edo argibideak jartzeko. Gero argazki hau gorde ahal da formatu ezberdinetan, jpg, png, bmp, gif, svg eta beste hainbatetan.
Helen OS da oraindik garapenean dagoen sistema eragile berri bat. Garatzaileen asmoa sistema eragile arina sortzea da eta prozesagailu askorekin erabilgarria da dagoeneko. Orain dela gutxi 0.4.2 bertsioa abiarazi dute eta oraingoz funtzionalitate handia ez duen arren, egitasmoaren jarraipena egin beharko da bilakaera ikusteko.
Samba, sare lokal batean, GNU/Linux sistemetan baliabide informatikoak partekatzeko sistema da. Sambaren bitartez, baliabide horiek, beste ordenagailuetan eskuragarri egongo lirateke. Gainera, ordenagailu horiek GNU/Linux, MS Windows edo Mac Os X sistema eragilea edukita, iritsi ahal izango dira era erraz batean baliabide horietara. Alegia, GNU/Linux duen ordenagailu batetik, karpetak, inprimagailuak eta bestelako baliabideak partekatu ahal dira sare lokalean beste ordenagailu batzuetatik eskuratu ahal izateko nahiz eta sistema eragile ezberdinak eduki.
Kalean dago jada Fennec, Firefox nabigatzailearen bertsioa sakelako telefonoetarako. Beraz, posiblea da jada nabigatzaile hau erabiltzea ordenagailuetan zein telefono mugikorretan. Nokia N 900 izan da ekartzen duen lehenengoa, baina laster batean, ziur-asko beste hainbat telefono mugikor batuko zaizkio.
Blogak sortzeko Wordpress aplikazioaren 2.9 bertsioa liberatua izan da eta beraz, software honen bitartez sortuta dauden blogetan eguneraketak burutu daitezke jada. Bertsio honen berrikuntzen artean, irudi editore bat dakar kudeaketa panelean bertan integratuta. Editore honek argazkiak moztea, biratzea edo tamainaz aldatzea baimentzen du esaterako. Zakarrontzi sistema bat ere gehitu dute ezabatutako sarrerak edo iradokizunak berreskuratu ahal izateko eta on-line webguneetatik bideoak txertatzeko era erosoagoa ere gehitu dute, horrelako zerbitzu ospetsuenekin bateragarria.
Irritsuenek badaukate dagoeneko eskuragarri Ubuntu Lucid Lynx GNU/Linux banaketaren lehenengo Alpha bertsioa, 10.04 Alpha 1 bertsioa alegia. Hala ere, bertsio hau garapen bertsioa da oraindik eta garatzaileei nahiz probatzaileei bereziki zuzenduta dago. Horrenbestez, ezin da ziurtatu bere egonkortasuna eta ez da komenigarria instalatzea probetarako ez den ordenagailu batean
KDE
GNOME
MacOsX-k Snow Leopard eta Microsoftek Windows 7 abiatu eta gero, Ubuntu-k ere bere bertsio berria plazaratzen du, Karmic Koala, Ubuntu 9.10 Desktop Edition, alegia. Bertsio berrian, diseinua berritu da, abio habiadura hobea dauka eta hobekuntzak egin dira 3G konexioetan eta multimedia erreprodukzioan.
Software libre aipatzen denean,GNU/Linux sistema eragilea burura etortzen da, eta jende askok beldurra dio sistema eragile berri bat erabiltzeari. Izan ere, aldaketa horrek, neurri batean iraultza bat suposatzen du edozein erabiltzailerentzat, ordenagailua erabiltzeko ohitura batzuk eta kontzeptu batzuk aldatu behar direlako. Honetaz gain, GNU/Linux sistema eragilea erabiltzea zaila delako iritzia hedatuta dago. Nahiz eta, apurka-apurka Ubuntu eta Kubuntu banaketak eskema hori hausten joan. Dena den, ez dago zertan aldatzerik ordenagailuaren sistema eragilea software eta aplikazio libreak erabiltzen hasteko enpresa, entitate edo norbanakoen ordenagailuetan. Erabiltzaile oro, jauzi handirik eman gabe, pixkanaka-pixkanaka, software libreaz kutsatzen joan daiteke bere ordenagailua, erabiltzen duen sistema eragilea erabiltzen jarraituta, MS Windows edo MacOSX esaterako.

