Internet, Sare sozialak eta Microblogging

About.me: sareko aurkezpen txartela

aboutmeAbout.me web zerbitzuaren bitartez nork bere sareko aurkezpen txartel erakargarri bat sor dezake era erraz batean eta debalde. Web zerbitzu honen helbidea http://about.me da eta hor posta elektronikoa, pasahitza eta profilerako erabiltzaileak nahi duen helbidea edo urla aukeratu behar du http://abaout.me/-tik hasita.

Hori eginda, ezarri ahal da atzealdeko argazki bat, eta sare sozialetako profilak zein Internet zerbitzuen, webguneen edo RSSen helbideak gehitzen joan daitezke. Itxura are gehiago pertsonalizatu daiteke zeren eta koloreak eta letra mota ezberdinen artean aukeratu baitaiteke informazioa erakusteko.

Estatistikak ere eskaintzen ditu zerbitzu honek, honela ikus daiteke norberaren aurkezpen txartela ikusi duten bisitariak, bertan klik egin dutenak edo profilaren lotura jarri duten erabiltzaileak. Halaber, sare sozialei buruzko oinarrizko estatistikak ere erakusten dira.

Hala, bada, web zerbitzu honen bitartez, norberak eratu ahal du profil erakargarri bat bere on-line presentzia eta informazio publikoarekin. Era horretan, sartzen denak ikusi ahal izango du erabiltzailearen sarrerak edo lagunak sare sozialetan eta blogetan edo posta elektroniko bat bidali ahal izango dio erabiltzaileari berarekin harremanetan jartzeko.

Internet, Sare sozialak eta Microblogging

Sare sozial profesionalak

saresozialprofesionalak5Sare sozialak pil-pilean daude Internet erabiltzaile askoren egunerokotasunean, eta erabiltzaile gehien dituztenak helburu orokorreko sare sozialak dira. Hala ere, badaude beste sare sozial batzuk helburu zehatz bat dutenak eta orduan arlo horretako edo helburu zehatzagoak dituen erabiltzaileak elkartzeko eta ezagutarazteko baliagarriagoak izaten dira. Adibide bat sare sozial profesionalak dira. Izan ere, helburu profesionalak dituzten sare sozialak egunez egun erabiltzaileak irabazten joaten dira. Bertan, lana aurkitzera, lana eskaintzera, negozioetarako bazkideak, elkarlanak proiektuetan edo bezeroak zein hornitzaileak aurkitzera bideratuta daude. Hor jakintza, iritziak eta esperientzia ezberdinak elkartrukatzen dira. Gainera, norberaren profilean datu profesionalak eta curriculuma osatu daiteke. Zerbitzu hauek gehienak doakoak dira, helburu orokorreko sare sozialen kasuan bezala.

LinkedIn

Negozioetara bideratuta dagoen sare sozial hau 2003ko maiatzean abiarazia izan zen. Honezkero, mundu osoko 85 milioi erabiltzaile baino gehiago ditu. Bertan leku eta mota anitzeko enpresak eta erabiltzaileak daude. Adibide bezala, Fortune aldizkariaren rankingeko AEBko 500 enpresarik handienak LinkedIn-en daude. Sare sozial hau frantsesez, gazteleraz, ingelesez, alemanez, portugesez eta italieraz dago, oraingoz ez dago euskaraz.

Sare sozial hau probatzeko helbide honetara joan daiteke: http://www.linkedin.com/, bertan agertuko da izena emateko edo saioa hasteko formularioa. Izena emateko prozesuan oinarrizko kontaktu datuak eta oinarrizko datu profesionalak eskatuko dira. Behin izena emateko prozesua amaituta, profila osatzen joan ahal da datu pertsonal zein profesional gehiagorekin eta horrela norberaren curriculuma osatzen joan. Beste erabiltzaileek ikusiko duten profila hizkuntza ezberdinetan sortu ahal da.

Bestetik, Twitter microblogging zerbitzuarekin bateratu daiteke eta horrela Twitterren idazten dena, nahi izanez gero, LinkedIn-en ere argitaratu daiteke eta alderantziz, izan ahal dira egoera edo sarrera guztiak edo soilik erabiltzaileak aukeratutakoak.

Xing

2003n sortu bazen ere, OpenBC izenarekin ezagutzen zen 2006ko azaro arte. Data horretatik aurrera Xing izena ezarri zioten. Egun, 10 milioi erabiltzaile baino gehiago ditu mundu osoan, horien erdia baino gutxixeago alemana dute hizkuntza nagusia, izan ere, Xing, alemaniar proiektua da. Hala ere, alemanez ez ezik, ingelesez, frantsesez, gazteleraz, italieraz eta beste hainbat hizkuntzaz dago, euskaraz ez, ordea. Xing erabiltzeko, helbide honetara joan ahal da: https://www.xing.com/. Xing-en, LinkedIn-en bezala izena ematea oso erraza da eta behin izena emateko prozesua amaituta hasi ahal da nor bere profila betetzen lan esperientziarekin, ikasketekin eta bestelako datu profesionalekin. Sare sozial honetan ere enpresen orrialdeak eta interes taldeak sortu ahal dira, horrez gain, lana eskaini eta aurkitu daiteke. Hala ere, LinkedIn-en aldetik askoz erabiltzaile gutxiago ditu eta sare sozial hauetan, erabiltzaile kopurua oso garrantzitsua da, zenbat eta erabiltzaile gehiagok erabili orduan eta harreman profesional gehiago sor daitezkeelako.

Viadeo

Viadeo 2004ko maiatzean sortu zen Frantziar Estatuan. Honezkero, mundu osoko 30 milioi erabiltzaile ditu, ingelesez, frantsesez, gazteleraz, italieraz, alemanez, portugesez eta nederlanderaz dago. LinkedIn-en kasuan aipatu denez, Viadeo Twiterrekin bateragarria da. Aurrekoak bezala, sare sozial hau doakoa da, baina ordainpeko sarbide bat ere eskaintzen du abantaila batzuekin. Premium sarbide honetarako harpidetza egin ahal da hilabetez hilabete, hiru hilabetez, urte batez edo bi urtez. Prezioa 7,95 $ eta 4,95 $ artean egon ahal da, harpidetzaren epearen arabera. Hau da sare sozial honen helbidea: http://www.viadeo.com

Internet, Sare sozialak eta Microblogging

Eu.Umap.eu, Twitterreko euskarazko txioen irakurlea

euumap1Egun hauetan, euskarazko proiektu berri bat heldu da sarea, hau da, eu.Umap.eu. Web aplikazio hau erabiltzeko http://eu.umap.eu helbidera joan daiteke eta bertan ikusi ahal izango dira Twitter microblogging zerbitzuan idazten diren euskarazko sarrerak. Izan ere, hori da web aplikazio honek egiten duena Twitterren dauka belarria jarrita eta euskarazko txio bat entzuten duenean, orduan, bere webgunean erakusten du.

Era berean, momentuko, eguneko, asteko eta hilabeteko euskarazko etiketa edo hashtag aipatuenak ere erakusten ditu. Alegia, Twitterren euskaraz mintzatzen diren gairik entzunenak. Gai edo hashtag hauen historikoa ere ikusi ahal da egunez egun Artxiboa izeneko aukeran.

Honez gain, saioa ere hasi ahal da eta norberaren Twitter kontua irakurri ahal da hortik eta bertatik ere nahi diren sarrerak idatzi.

Era berean, bilaketak ere egin daitezke euskarazko txioen artean eta erabiltzaileak ere bilatu ahal dira. Bilatutako erabiltzailearen sarrerak, Twitterren idatzitako datuak eta euskarazko sarreren estatistika eskaintzen du zerbitzu honek.

Dagoeneko, 1.100 erabiltzaile euskaldun baino gehiagori jarraitzen dio zerbitzuak eta 250.000 euskarazko mezu baino gehiago gordeta ditu.

Proiektu honen garatzaileak CodeSyntax, http://www.codesyntax.com/, Eibarko enpresa da.