android, Aplikazioak, Apple, Mugikorrak, Sakelako Telefonoak, Sare sozialak eta Microblogging, tabletak

Vine, bideo motzen erakuslehioa

vine-video-service-now-works-on-androidAldi berean presaka bizi eta eduki asko kontsumitu nahi duen gizartean, mezu laburrak partekatzeko sare sozialek edo microblogging deituek erabateko arrakasta izan dute. Twitter da guztietan adierazgarriena, 140 karaktere erabiliz esaldi motzak lau haizeetara zabaltzeko; Instapaper eta antzekorik ere badago, jendeak gehienbat otorduen argazkiak erakusteko erabiltzen duen irudien sare soziala. Gaurko proposamena ere jarraitzaile sutsuak batzen hasi da, era berean, sei segundoko bideoak partekatzeko balio duen Vine izeneko bilgunea.

Twitterrek erosi zuen Vine, iOS euskarrietan AEBetan izandako arrakastaren ildotik. Orain, plataforma gehiagotara zabaltzeko asmoz, App Store-z gain, eskuragarri jarri dute Google Play dendan Android 4.0 Ice Cream Sandwich eta ondorengoentzat ere. Bertsio horren ezarpen bereizgarri gisa, itxura eguneratzeko aukera ez ezik, bideoak ikustean zoom egiteko aukera ere badago.

Microblogging txiolariaren arduradunek ez dute alferrik galdu bi sareak integratzeko aukera, eta saioa hastea erraztu dute bide batez: posta elektroniko bidezko sarbidea berbera da, baina, nahiago bada, Twitterreko kontua balia daiteke erabiltzen hasteko.

Bestela, sare sozialen pautei jarraitzen die Vine-k, hamaikagarren aldiz: erabiltzaileei jarraitzea, iruzkinak egitea, edo gustukoa dena nabarmentzea posible da. Funtzionamenduak ez dauka misteriorik, eta grabazioa aurrera doa pantaila ukitzen den artean, nahi diren mozketak eta plano aldaketak egiteko hatza altxatze hutsarekin. Ondoren, bideoari izena ezarri, etiketak jarri, eta, partekatuko den gainerako sareak hautatu ostean, publikatu egingo da.

android, Aplikazioak, Apple, Mugikorrak, Sakelako Telefonoak, Sare sozialak eta Microblogging, tabletak

Waze aplikazioa, gidarien sare soziala

WazeCrowdsourcing edo ekintzailetza kolektiboa darama erraietan Waze nabigazio aplikazioak. Hots, GPS soziala dela esan daiteke. Leku batetik bestera gidatzeko laguntza ematen duen aplikazio horietako bat da, guztiz doakoa eta une oro eguneratzen dena erabiltzaileek gidatzean sortzen duten informazioari esker. Ezaugarri orokorrenak argitze aldera, Wazelariek edo kideek emandako datuetatik zuzenean jaso daitezke mapen zuzenketak, zirkulazioaren egoera erreala (ilarak, istripuak, polizia kontrolak…), batu behar gaituen lagunaren ibilbidea eta posizioa, edo gasolindegien uneko prezioak.

Hainbat plataformatako dendetan dago prest deskargatzeko: iOS, Android, BlackBerry, Windows Mobile eta Symbian dabilela sakelakoak.

Azkenengo eguneraketari esker (3.7 bertsioan doa), gainontzeko sare sozialekin integratuago dago Waze, eta, besteak beste, posible da Foursquare baliatu eta egondako lekuak erregistratzea, edo Facebooken sortutako hitzordu batera joatea gonbidapena onartze hutsarekin.

Ben Gleitzman

Waze euskarazko ahotsarekin

Oraingoz, aukera hau Android sistemetan dago soilik, eta iOS erabiltzaileek euskarazko euskarri ofizialik gabe eta lehenetsitako beste hizkuntzekin jarraitu beharko dute Apple-ren iragazki gogorragoak gainditu zain. Haatik, Waze guztiz irekia dago itzulpen komunitarioak onartzeko, eta hizkuntza mordo batean eskuratu daiteke. Iragan udatik dago gutxi gorabehera eskuragarri euskaraz, Google Groups-en bildutako itzultzaile talde txiki baten ekinari esker. Alabaina, hasieran deserosoa zen erabat; norberak egindako ezarpenekin egiten zen eta aplikazioa eguneratzen zen bakoitzean errepikatu behar zen prozesua. Joxe Rojas (@joxe) kazetari Teknopata da kolektiboko partaide bat, eta bere ahotsa lagata, posible egin du gidatzeko jarraibideak aitorren hizkuntza zaharrean entzutea gainerako ezarpen zailagoen beharrik gabe. Hala: ireki Waze aplikazioa. Menuan (ezkerreko beheko ikurra), aukeratu Ezarpenak > Soinua. Hor barruan, aukeratu Gidatzeko laguntza maila: Norabideak bakarrik (gaiekin). Egin atzera. Orain joan Ezarpenak > Orokorra atalera. Nabigazio gida menuan, aukeratu Euskara.

android, Aplikazioak, Apple, Sakelako Telefonoak, Sare sozialak eta Microblogging, tabletak

Google+ HangoutS bat-bateko mezularitza prest dago lehiarako

HangoutSHangoutS Googleren bat-bateko mezularitzarako aplikazio berria da. Azken ekarpen horrek astebete darama App Storen, Google Play-en eta webean, Chrome nabigatzailerako gehigarri gisa. Merkatuan dauden gainontzeko aplikazioei lehia egitea baino, aplikazio berriak Google-ek dituen komunikazio zerbitzu guztiak bateratzea du helburu: txata, bideo dei zein telefonoetarako bat-bateko mezularitzarena.

Hainbat produkturen azkena suposatu du berrikuntzak, eta Google Talk, Google+ Messenger edo Google Chat and Video Service bezalakoak, dagoeneko ez dira existitzen bere horretan. Horien erabiltzaileak biltzen ditu HangoutS-ek. Inolako prestaziorik galdu gabe aberasten du haien jarduna.

Esate baterako, jada posible da iOS edo Android sakelako edo tablet batetik solasean aritzea testuz edo bideoz Gmail saioa irekita daukan ordenagailu erabiltzailearekin. Sakelakoa ahaztuta, bateria bukatuta edota sare gabe geratuta ere, etengabe konektatuta egoteko arazorik ez dago aurrerantzean.

Ohiko mezularitza aplikazioen ezaugarri guztiak biltzen ditu, aukera aurreratuagoekin batera: hamar pertsonaren arteko bideo elkarrizketak, Google-ren hodeian jarduna gordetzea (Gmail-en testuak eta Google+ sarean argazkiak), edo igorritako mezua irakurri dutenerako erakusle berriak. Hala ere, ñabardura txiki batzuk badauzka, eta ahots bidezko deiak, SMS mezuekin integrazioa edo sakelako plataforma gehiagotarako eskuragarri jartzea, Google-rentzat ez dira traba.

Google jabedun teknologia erabiltzen. Bai ote?

Beste behin ere, aurrea hartu dio nabarmen Google-ek Apple etxeari. Izan ere, iOS 6 bertsiotik aurrera lehenetsita datorren iMessage zerbitzuak izan beharko lukeen guztia baita HangoutS berria. Doako mezularitza eta plataforma artekoa, osoa eta fidagarria.

Software politikan kale egiten dabiltza Cupertino-koak, baina Google-n ere oraingoan ez dira libratu kritiketatik. Izan ere, haiek aupatu zuten XMPP protokolo estandarra, eta horrekin, edozein plataforma eta programen arteko erabiltzaileak komunikatzea posible egiten zuten. Orain, eredu hori bultzatzeari utzi eta protokolo pribatua darabilte; jada posible izateari utzi diolarik Google-ko kontaktuekin komunikatzea haiena ez den programetatik, adibidez.

Interneteko askatasunaren defendatzaile nagusia izan denak, monopoliora bideratzen duten erabakiak hartzeari ekin dio orain, baina, industriaren babesa falta zaiola estandarrari eta teknologikoki akituta geratu dela esanez zuritzen dute haien burua gaur-gaurkoz.