Bizikleta hiriburuetako etorkizuneko garraioa omen da. Eta, horregatik, errepidea gainontzeko autoekin partekatu beharrean, Euskal Herriko hainbat txokotan bidegorriak ezartzearen aldeko hautua egin dute. Dagoeneko leku gutxi dira txirrindulariek ez dutenik haien ibilbide propioa, arriskurik gabe lasai ibiltzeko pedal gainean. Hainbesterainoko erraztasunak emanda, gorakada ederra izan du bizikletak azkenaldian eguneroko zereginetarako. Ez da harritzekoa; garraio osasungarria, desberdina baina, batez ere, ekologikoa baita bizikleta, besteekin alderatuz.
Ingurumari horretan, hiri gehienek dituzte bizikletak alokatzeko zerbitzuak. Leku estrategikoetan jartzen dituzte hartzeko lekuak eta aparkalekuak. Adibidez, tren geltoki inguruan hartu, eta merkataritza zentroan uzteko aukera dago.
Orain, zerbitzu horien erabilpena errazteko Born 2 Bike aplikazioa garatu du gazte kataluniar batek. Batetik, iPhone edo iPada, hirietako bizikleta alokairu zerbitzuak eskuragarri jartzeko, hain zuzen ere. Uneko kokapena baliatu daiteke gertukoena non dagoen jakiteko, baita beste hiri bateko estazioen egoeraren berri jasotzeko: erabiltzailearekiko distantzia eta iristeko argibideak, zenbat leku geratzen diren alokaturiko bizikleta lagatzeko, zenbat geratzen diren alokatzeko, eta zein motatakoak…
Lekua ezagutzen ez dutenek, gainera, Google Street View bidez estazioaren 360 graduko ikuspegia jasotzeko aukera balia dezakete. Erabiltzaileak gogoko dituen zentroen zerrenda osatu dezake gainera,
Munduko hiri askotako alokairu zerbitzuekin da bateragarria, baina, gaur-gaurkoz, Espainian eta Herrialde Katalanetan moldatzen da hobekien. Born 2 Bike deskargatzeko iOS 7 eguneraketa izatea ezinbestekoa da telefono edo tabletan. Doan eskuratu daiteke App Store dendan, eta gazteleraz, frantsesez edo katalanez ipini.
Born 2 Bike, edozein hiritan alokairuko bizikletan ibiltzeko aukera galanta
Ariketak egin eta EGA titulua prestatzeko Android aplikazioa
Euskaldunen ahozko zein idatzizko trebetasuna ziurtatzen duen proba edo azterketa da EGA edo Euskararen Gaitasun Agiria. Proba eta azterketa desberdinak gainditzea eskatzen die ikasleei: atariko proba, azterketa idatzia eta ahozko azterketa. Bat egin ahal izateko aurrekoa gainditzea ezinbestekoa da.
Euskal Herrian EGA banatzen duten erakunde bat baino gehiago dago: Eusko Jaurlaritza Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; Nafarroako Gobernua, Nafarroan; eta Euskaltzaindia, Ipar Euskal Herrian. Europako erreferentzia markoan C1 mailarekin da bateragarria EGA azterketa.
Ikasleen amesgaizto bihurtzen dira orduan ikasi beharreko esamoldeak, esaera zaharrak, sinonimoak zein berridazketak. Bada, aurrerantzean hori guztia prestatzeko era berri bat izango dute. Izan ere, Kaixo! euskaltegiak EGA APP izeneko Android telefonoentzako aplikazioa sortu du bere hamargarren urteurrena ospatzeko.
Aplikazio horrek EGA azterketako aurreneko bi probak prestatzeko 4.000 ariketa baino gehiago eskaintzen ditu. Ordenagailuarekin eta fotokopia zaharrekin ez ezik, belaunaldi berriko gailuen bitartez ere egin ahal izango dira EGArako prestaketa lanak.
Oraingoz Android sakelakoetarako baino ez dago eskuragarri Google Play-n, baina laister beste sistemetara iritsiko dela iragarri dute sortzaileek.
IFTTT eta amarauna erabiltzailearen morroi
Internet zerbitzuz josita dago, baina gutxi dira haien artean komunikatzen direnak. IFTTT bi web aplikazio elkarrekin konektatzeko balio duen tresna da. Interneteko gune soil bat da, baina denbora erruz aurrezten lagun dezake askotan egin beharreko gauzak automatiko eginez. Esaldi bakar bat nahikoa da sareko zerbitzuak zelatatu ditzan, eta ezer bada, haiek elkar eragiten jartzeko. IFTTT oharkabean harrapatzerik ez dago, eta beti betetzen du esana. Nahi beste zerbitzu kudeatzen ditu.
Aurrez zehazten diren baldintzak edo abiarazleak gertatzen direnean, hartu beharreko ekintzak zehaztuta uztean datza. If This Then That, edo hau jasotzen bada (abiarazlea), egin beste hau (ekintza).
Esaldi edo arau horiek errezeta izena jasotzen dute. Abiarazle bat norbait Twitterren etiketatzea izan daiteke, eta ekintza Facebookeko horma eguneratzea. Batzuetan abiarazleen barruan balio batzuk erabili beharko dira, eta horiei osagai deitzen zaie. Adibidez, ordu zehatz batean euria egingo duen mezu bidez abisatzeko eska dakioke. Edo gustuko blogean argitaratzen den azken sarrera automatikoki txio bidez lagunekin partekatu. Bakoitzak bere errezetak sor ditzake, edo besteenak erabili. Kanal bidez antolatzen dira guztiak, eragiten dituzten zerbitzuen arabera, alegia. Facebook, Blogger, Twitter, sakelako kontaktuak, posta elektronikoa… kanal bakoitzak bere abiarazle eta ondorengo ekintzak jasotzen ditu. Errezetaren osagaiak pertsonalizatu, eta kito. Baldintza betetzen denean hodeiak norbere ordez egingo du.
85 kate dira denera, eta aldian binaka lotzen diren arren, kateak osa daitezke batak bestea eragitea lortuz. Errezetak desgaitu egin daitezke une oro, eta beharra ikusten denean, berriz ere abiarazi. Zehatza eta metodikoa da IFTTT, eta errezetek 15 minututik behin egiaztatzen dituzte haien egitekoetan aldaketarik jaso den.
Webgunea erabil daiteke https://ifttt.com/ lekuan, edo sakelakoetarako aplikazio gisa deskargatu. Eskaintzen dituen aukerak izugarriak dira, eta muga bakarra bakoitzaren irudimenak ezartzen du.
Geokokapena baliatzen du
Azken eguneraketan sartu duten funtzio berriak ere molde guztiak apurtu ditu. Orain, iPhone edo Android sakelakoetako geokokapena balia daiteke errezetak sortzeko. Honela, etxera iritsi aurretik etxeko argiak pizteko edo jatetxe on baten aurretik pasatzean mezu bat jasotzeko programatu daiteke honezkero. Are gehiago, lanerako bidean egunero egiten diren denborak neurtu eta Google Drive zerbitzuko kalkulu horri batean gordetzeko, edo aireportu zehatz batera iristean norbaiti abisua bidaltzeko balia daiteke aurrerantzean.
iOS plataforman, GPS, telefono sarea, wifia edo bluetooth seinaletik eratzen da une oro posizioa. Nahiko berme da hori norbere kokapena beti zuzen neurtuko dela jakiteko, eta, haatik, IFTTT zehaztasunez ibiliko dela.