Apple, Sakelako Telefonoak, Sistema Eragileak

Appleren gailuetarako eskura dago iOS 6

QR kodeak erabiltzen ditu Passbook aplikazioak

QR kodeak erabiltzen ditu Passbook aplikazioak

Apple telefonoen azkenengo sistema eragilea edo iOS 6 irailaren 19an kaleratu zuten. Apple etxeak daukan eguneratzeen politikari eutsi, eta bertsio hori berritu dezaketen gailuen zerrenda ondorengoa da, sakelakoetatik hasita: iPhone 4, iPhone 4S, iPhone 3GS eta 4. belaunaldiko iPod Touch-. Tableti dagokionez: iPad berria eta iPad 2.

Orain txertatu dituzten berrikuntza guztiak ezingo dituzte gailu horiek guztiek eskaini, baina horregatik ezin dira utzi aipatu gabe esanguratsuenak. Beraz, aurreko astean atal honetan aipatu legez, Siri espainieraz ulertzen eta erantzuten hasi da, Facebook integratuagoa dago oro har, eta beste hainbat hobekuntza daude Appleren zerbitzu eta programetan.

Agian erabaki esanguratsuena da Googleen mapak kendu dituztela, eta Appleren egitura propioaz ordeztu dituztela: TomTom mapak oinarritzat harturik oraingoan. Azken helburua kalitatea handitzea eta beste zerbitzu batzuk integratzea izan da, baina bolo-bolo ibili da albistea mapek dituzten hustak direla eta.

Amaitzeko, badirudi Passbook aplikazioa dela etorkizunerako ate gehien zabalik uzten dituen berrikuntza. Izan ere, askok ikusi dute Appleren hurbilketa bat NFC edo telefono bidezko ordainketa sistema berrietara; egun, QR etiketak erabiliz, enpresa paseak eta ikuskizunetako sarrerak ordezkatzen ditu Passbookek.

Gogoan izan bertsioa berritzeko iTunes 10.7 erabil daitekeela edo ordenagailu beharrik gabe eta Wi-Fi konexio bidez ere egin daitekeela eguneraketa, OTA (Over The Air) erabilita.

Iritsi da iPhone 5 ere

Ez da denbora asko pasatu iPhone 4S plazaratu zutela, baina bueltan temati itzuli dira Steve Jobs zenaren konpainiakoak. Aldaketa nagusiak pantailaren tamaina, material berrien erabilera, potentzia grafiko harrigarria eta parerik gabeko prozesu abiadura dira. Aurrekoarekin alderatuz, %18 finagoa da sakelako telefonoa; pantaila luzerantz handitu da, 4 hatz izateraino; eta pisuari dagokionez, 112 gramo besterik ez du pisatzen.

Lehentasunez instalatuta dakar iOS 6, eta lehengo o0stiraletik dago salgai Euskal Herrian. Lehen asteburuan bost milioi ale saldu ziren AEBetan.

Sakelako Telefonoak

Ahotsezko agintea telefonoetan

Lengoia naturala ulertu eta erantzun egiten dute azken belaunaldiko telefonoek.

Lengoia naturala ulertu eta erantzun egiten dute azken belaunaldiko telefonoek.

Edozeinek solasean hitz egiten duen bezala komunikatutako desirak ulertu, sistema eragilearentzat agindu bihurtu eta erantzuteko gai diren morroiak hasi dira agertzen azken generazioko mugikorretan. Hots, aplikazio hauek lengoaia naturalaren prozesamenduaren bitartez esaten zaiena hainbat web aplikazioetan delegatzen dute, lekuan lekuko ekintza abiatzeko dagokion zerbitzuari zuzenduz momentuan.

Laguntzaile hauei esker ahotsa erabili liteke mezuak bidaltzeko, batzarrak antolatzeko, deiak ezartzeko, eguraldiagatik galdetzeko, eta tankerako beste hainbat ekintzatarako. Zalantzarik gabe sistema hauek ez dira akats gabekoak eta ez dute beti zuzen erantzungo, baina printzipioz badira gai eskariari lengoaia argi eta aberats batean erantzuteko.

Honatx adibide batzuk. Hala “Gaur aterkirik beharko al dut?” galdetuz bere erantzuna “Gaur euria egingo duela dirudi.” esatea izan liteke, edo egungo mugikorren kokapen geologikoari esker norbere posizioari lotutako gogorapen bat sortzea “Gogoratu etxera iristean amari dei egitea.” dagokion alarma programatuz baldintza horren pe, bakoitzaren agenda kudeatuz “Bihar Iñakirekin geratu korrika egiteko.” eta ezezkoa jasoz horretarako lekurik ez balego aurreikusitako planen artean, eta abar. Aukerak anitzak dira, besteak beste nor den eta zer egin dezakeen ere galde baitakieke.

Sistema hauen beste ezaugarri bat da ez dutela erabiltzailearen elkarrekintzarekiko haria galtzen eta eskaerak elkarren atzetik lotzen joan daitezkeela hasierako informazio guztia errepikatu beharrik gabe. Esan nahi da, jatetxe bat gaitik galde dakioke “Zerbait mexikarra afaltzeko gertu?” eta hurbilen dauden lekuen zerrenda jaso bueltan, gero informazio osoa eman beharrik gabe jarraitzeko “Hmm agian nahiago begetarianoa.” eta berak berriz ere testuinguruan oinarrituta ondo erantzungo du bilaketa berriaren emaitzekin.

Azkenik, esan gabe doa diktaketak egiteko daukaten ahalmena ezin dela utzi albo batera. Honela, testua idatzi behar den edozein ingurunetan teklatuko ikonoari eman ostean mugikorra testu bihurtzeko hitzen zain geratuko da, eta beraz, email arruntak zein Facebook, Instagram edo Twitter bezalako inguruneetan ere ahots hutsez moldatzeko ateak irekitzen ditu honek.

Teknologia honen potentziala begi-bistakoa izaki, sektoreko erraldoi bakoitzak -Apple eta Google batez ere lehian- badu bere ahotsezko kontrol sistema egikaritua eta kasu batzuetan integratua defektuz puntako mugikor batzuetan.

Apple-en Siri

Honelako lehendabizikoa eta erreferentea alor honetan, urriaren 14an kaleratu zen Iphone 4S-ean integratu eta honek zekarren berrikuntzarik azpimarragarriena bezala aurkeztu zuten Siri. Oraingoz Iphone 4S-rentzat esklusiboa den laguntzaile honek egun 4 hizkuntza ulertzen ditu: ingelesa, alemana, frantsesa eta japoniera. Udazken honetan iOS 6 sistema eguneraketarekin batera espainiera, italiera, txinera eta korearrarentzat euskarria izango duela adierazi dute Apple etxekoek.

Google-en Voice Search berritua

Voice Search aplikazioaz mintzo garenean kontutan hartu beharrekoa da ez dela Siri bezala zerbitzu heterogeneoa, baizik eta beste aplikazio batzuk uztartzen dituela eta bertsioaren arabera, batzuetan independenteki instalagarriak direnak. Voice Search bilaketak egiteko ahots bitartez eta Voice Actions mugikorreko ekintzak aurredefinitutako komando batzuekin ahotsez kontrolatzeko, esanguratsuenak.

Android 2.2 sistemaz geroztik egon da ahotsez bilaketak egiteko edota mugikorra era berean kontrolatzeko egun baino aukera xumeagorik, baina Jelly Bean (JB) izenenez bataiatu zuten 4.1 bertsioa uztailaren 9an plazaratu ostean eman du benetako jauzi kualitatiboa sistemak. Honekin, aurrez definitutako aginduak bakarrik ulertu beharrean Siri bezalako lengoaia naturalaren ulerpena eta ahots erantzun sistema aberatsagoa iritsi baita (azken hau, Knowledge Graph izeneko zerbitzua aipatu biei batzearen ondorioz). Diotenez JB hobea omen da Siri baino itzulitako informazioaren osotasunean eta baita abiaduran.

Hori bai, JB bertsio hau ez dago eskuragarri Android euskarridun mugikor guztietan, izan ere apurka sakelako eta tableta batzuentzat bateragarri egingo duten arren, punta-puntako gutxi batzuentzat izango baita soilik (Nexus S edo Samsung Galaxy S3 lekuko).

Azkenik aipatu 4S baino zaharragoa den Iphone jabeentzat eskuragarri dagoela iTunes-ko AppStore dendan eta dohainik Google Search aplikazioa, behintzat bilaketak ahoz egiteko aukera luzatuz. 21 hizkuntza ulertzeko gai da Voice Search.

Ahots bidezko bilaketak ordenagailuan

Ordenagailuetan ere badago honelako aukerarik. Voice Search Chrome nabegatzailerako eskuragarri dago gehigarri bezala instalatzeko: https://chrome.google.com/webstore/

Ezin ahaztu ezta Firefox nabigatzaileak ere landu duela Firesay izeneko zerbitzua helburu berdinarekin, hemen deskargagarri: https://addons.mozilla.org/en-us/firefox/addon/firesay/

android, Aplikazioak, Internet, Sakelako Telefonoak

Wikipediak OpenStreetMap erabiliko du sakelakoetan

Wikipediak OpenStreetMap mapa zerbitzaria erabiliko du sakelako telefonoen aplikazioan. Googlek Mapsen erabilera baldintzak aldatu zituenetik, aplikazio askok utzi diote Google Maps erabiltzeari —Foursquarek eta Appleren iPhotok, adibidez—; Googlek ezarritako baldintza berrietan agertzen denez, Maps asko erabiltzen dutenek ordaindu egin beharko dute aurrerantzean.

Wikipediak azaldu duenez, Google Maps uzteak ez du zerikusirik Googlek bere zerbitzua ordainpeko bihurtzearekin, baizik eta datu geografiko libre eta kode irekiko egitasmoen aldeko apustuarekin.

Mapa aldaketaz gain, Wikipediaren sakelako telefonoen aplikazioak iOS eta Androiderako bertsioen eguneraketa ere badakar.

IPhonentzako aldaketak

Androidek jada bazituen ezaugarri batzuk gehitu zaizkio Appleren iPhoneari: aukera ematea orriak geroago irakurtzeko, eta iradokizunak eskaintzea bilaketak egiteko orduan.

Androidi dagokionez, berriz, ez da izango aldaketa handirik: hobekuntza gutxi batzuk egin dira tabletetarako interfazean.