Pribatutasuna

Espioitza digitala

RFIDAsmakizun eta aurrerapen askorekin bezala, informazio eta komunikazio teknologiak, ez dira ez onak ez txarrak. Asmakizun bera baino, erabilera izan ahal da ona edo txarra. Izan ere, baliabide eta jakintza gehiago eduki ahal izatea ona izaten da. Baina baliabide eta jakintza horietaz baliatzen diren gizakiek batzuetan ez dute erabilera ona egiten. Informazio eta komunikazio garai honetan, edonoren eskura daude nahi beste informazio eta datu, «Interneten denetarik dago» esan ohi da. Baina babestu beharreko informazioa eta informazio pribatua ere askotan teknologia hauen eskura gelditzen da informazio horren jabearen jakin edo baimenik gabe.

Internet eta informatika enpresa erraldoiak

Beste batzuetan esan den bezala, sare sozialek beren erabiltzaileen inguruko informazio itzela gordetzen dute, erabiltzaileen datuak, gogoetak, egoerak, argazkiak, bideoak, loturak, ezagunak eta harremanak gordetzen dituzte esaterako. Erabiltzaileen kokapena ere gordetzen dute kasu askotan. Adibidez, Facebook, oso kritikatua izan da azken aldi honetan erabiltzaileen pribatutasuna ez zaintzeagatik behar beste.

Zer esanik ez Googleren inguruan, ia mundu osoko Internet erabiltzaileen kopuru izugarri baten bilaketak, bisitatutako webguneak, gustuak, mezu elektronikoak, kontaktuak, gogoko lekuak, dokumentuak, hitzorduak, gogoko artikuluak eta abarreko datuak gordetzen ditu. Era berean, erabiltzaileen ohitura digitalak eta noiz eta zenbat denboraz konektatuta dauden ere jakin lezake. Honez gain, egun, sakelako telefonoetarako Android, Googleren sistema eragilea, ere oso hedatuta dago, beraz, norberaren kokapena ere jakin lezake nahiz eta telefonoaren GPSa desgaituta izan.

Hala ere, informazio hau guztia oso delikatua eta erakargarria izan arren, sare sozialen kasuan batez ere, nolabait erabiltzaileek ematen duten informazioa da. Nahiz eta askotan ez izan oso kontziente ematen ari den informazio guztiaz. Baina, batzuetan erabiltzailearen baimenik gabe eskuratu ahal da informazioa. Hain zuzen ere, malware kopuru handi bat horretarako garatzen da, troiatarrak, spywarea, phising teknikak. Alabaina, malwaretzat jotzen ez diren aplikazio eta sistema eragileak ere erabiltzailearen baimenik gabe zurrupatu ahal dute informazio pribatua. Erabiltzaileak aplikazioa helburu zehatz baterako erabil dezake eta aplikazio honek ere beste gauza batzuk ere egin ditzake ezkutuan. Adibidez, musika entzuteko aplikazio batek erabiltzaileak entzuten duen musikaren inguruko informazioa bidal liezaioke enpresa edo pertsona zehatz bati. Mesfidantza edo zurrumurru hori informatika erabiltzaileen artean hedatu da hainbat alditan informatika enpresa erraldoien aplikazio eta sistemen inguruan, baina ezer frogatu gabe. Hala ere, hau gertatzen ez dela frogatzea errazagoa da software librearen kasuan software itxiaren kasuan baino, aplikazio eta sistema libreetan zehatz-mehatz zer egiten den aztertu daitekeelako.

ECHELON

Espioitza digitala aipatutakoan, ECHELON izena etorriko zaio burura jende askori. Izan ere, ECHELON espioitza nazioarteko sarerik handienatzat jotzen da. Hain zuzen ere, sare hau irrati, telefono, fax eta internet komunikazioak zurrupatzeko eta automatikoki aztertzeko gai da. AEBk, Erresuma Batuak, Kanadak, Australiak, Zeelanda Berriak kontrolatua omen da. ECHELON 1976.urtean aipatu zen lehen aldiz publikoki. Hona hemen informazio gehiago: http://eu.wikipedia.org/wiki/ECHELON

RFID

IzenaEspiotza digitalaren inguruan aipatu daitekeen beste gai bat RFID txipa da. RFID hitzak, Radio Frequency Identification esan nahi du ingelesez, alegia, irrati-maiztasunaren bidezko identifikazioa. RFIDren bitartez edozein motatako objektuak irrati-maiztasunaz (uhinen bitartez), hau da kontaktu zuzenik gabe, identifikatzeko sistema da.

RFID txartelen tamaina txiki-txikiari esker, leku ezkutuenetan ezar daitezke, eta eramangarriak dira. Pegatina baten itxura dute eta pegatinaren barnean espiral moduko bat ikus daiteke, hori RFIDren antena da. Espiral hau konektatuta dago erdian dagoen RFIDren txiparekin. Egun, leku eta artikulu askotan erabiltzen da eta Euskal Herriko edozein merkataritza-zentrotako produktuetan ikus daiteke. Artikuluei jartzen zaien RFID honek ahalbidetzen du lapurretez ohartaraztea edo stock eta produktuen kokapena automatizatzea, esaterako.

Alabaina, RFID sistemekin, posible da merkataritza-ikerketak egitea, erosleen jarraipena egitea eta kontsumitzaileen ohiturak aztertzea, bezeroaren inolako baimenik gabe.

RFID teknologia hau, merkataritza-produktuetan ez ezik, beste objektu are delikatuagoetan ere txerta daiteke, pasaporteetan, nortasun agiri elektronikoetan edo billeteetan, esaterako. Hemen ikus daiteke informazio gehiago: http://eu.wikipedia.org/wiki/RFID.

Internet, Pribatutasuna

Pribatutasuna Interneten

pribatutasunaWeb 2.0 eta sare sozialekin, Interneten datu pribatuak jartzeko gero eta ohitura handiago dago Internet erabiltzaileen artean. Hala ere, datu pribatuen arazoa ez da gauza berria Interneten. Guztien arteko amarauna osatzen hasi zenetik, beti egon dira txat gelak, Messenger bezalako berehalako mezularitza aplikazioak eta posta elektroniko masiboak. Honela, Interneten diharduten datu pribatu ebasleak baliabide hauetaz baliatzen joan dira. Datu pribatu horiek nahita edo jakinda uzten du sarean Internet erabiltzaileak, baina honi gehitu behar zaizkio, konturatu gabe uzten duen informazio arrastoak eta era eskuragarri batean garraiatzen den informazioa. Gai honetaz, erabiltzaile asko ez dira arduratzen eta beste asko izugarri arduratzen dira. Printzipioz, oreka bilatu behar da, ez hain gutxi, ez hainbeste. Esaterako, badirela hamarkadak eta hamarkadak bakoitzaren telefonoa eta helbidea argitaratzen dira gida publikoetan eta gida hauek etxez etxe banatzen dira. Gida horiek Internet baino etxe eta pertsona gehiagoetara heltzen dira, esaterako. Eta datu horiek lehenetsita argitaratzen dira, erabiltzaileak ez argitaratzea eskatu ezik.

Izan ere, beste batzuetan esan den bezala, Internet ez da aparteko mundu bat gaizkile gehiago edo gutxiagorekin, baliabide bat besterik ez da eta bertan mugitzen diren pertsonak gizartearen isla bat baino ez dira.

Hala, bada, norbera kontziente izan behar da Interneten argitaratzen dituen datuekin eta publikoki argitaratzen ari dela jakin behar du, nahiz eta sare sozial batean izan. Kontutan hartu behar da pribatutasun baimenak edo irizpideak agian ez daudela ondo konfiguratuta eta sare sozialtzat hartzen dituen webgune batzuk, Twitter, esaterako, ez dira sare sozialak, jarraitzaileak egon arren, microblogging webguneak dira. Beraz, Twitter bezalako webguneetan argitaratzen dena edonork ikusi ahal du, jarraitzailea izan ala ez, Twitter porfilaren helbidea baino ez da jarri behar.

Honez gain, ondo legoke txat geletan, sare sozialetan eta berehalako mezularitza aplikazioetan nolabait ziurtatzea kontaktu bezala edo lagun bezala gehitu dugun hori, benetan, laguna edo ezaguna dela. Hau, batez ere, nerabeen kasuan bereziki garrantzitsua da.

Facebooken pribatutasuna konfiguratu

Facebookek esaterako, pribatutasunaren ezarpenak konfiguratzea ahalbidetzen du eta zehaztu daiteke informazio bakoitzak nork ikusi ahal duen eta nork ez. Horretarako, Facebook-en saioa hasten denean, goiko barran, eskuman, Hasiera, Profila eta Kontua aukerak daude. Ba, Kontua aukerari sakatzen bazaio, azpimenu bat agertuko da eta hor Pribatutasun ezarpenak aukeran klik egin behar da. Hor, zehaztu ahal da norberaren datuak denek, lagunen lagunek edo lagunek bakarrik ikusiko duten. Bestela, konfigurazio gomendatua edo pertsonalizatua aukeratu ahal da, datu batzuei emateko pribatutasun gehiago edo gutxiago eta ez guztiei berdina, azken aukera hau izan liteke egokiena.

Posta masiboak, helbide elektroniko lapurren altxorra

Era masiboan, kontaktu guztiei bidaltzen diren posta elektronikoak kate bati jarraituta, oso erakargarriak dira helbide elektroniko lapurrentzat. Izan ere, askotan, helbide kopuru handia bildu nahi duten hauek abiarazitako kateak dira. Helbide elektroniko horiek, gero SPAMa bidaltzeko erabili ohi dira. Hala, bada, kate horiei ez jarraitzea gomendatzen da edo jarraituz gero, bidaltzea kontaktuei helbide elektronikoak ezkutatuz, kopia ezkutuan edo BCC eremuan, alegia.

Era pribatuan nabigatu

Internetera konektatutakoan, ordenagailua eta Interneteko zerbitzariaren artean garraiatzen den informazioa zifratu gabe joaten da. Horrenbestez, informazio hau irakurgarria eta ulergarria da bai garraiatzen den bitartekoaren bitartez, are gehiago wi-fia bada; bai artekarien bitartez, proxyak, sare lokala edo bai Internet hornitzailearen bitartez.

Beraz, informazioa garrantzitsua edo bereziki pribatua bada, zifratuta joango dela ziurtatu behar da. Alde batetik, webgune batean sartu behar den informazio pribatua korapilatsua denean, diru kontuak, on-line erosketak edo pasahitzak esaterako, ezinbestekoa da webgune horrek eskaintzea bide seguru bat informazio hori zifratuta bidaltzeko eta gainera ziurtatzeko webgune horren atzean esaten den entitatea dagoela. Informazio zifratua bidaltzen denean nabigatzaileek era ezberdinetan jakinarazten dio erabiltzaileari, helbide barra kolorez aldatuz edo giltzarrapo baten bidez, edo besterik gabe, helbidean ikusi ahal da “https://” “http://” s gabe ikusi beharrean. Webgunea zifratuta badago baina ez badauka nortasun ziurtagiririk, nabigatzaileak ohartaraziko du eta galdetuko dio erabiltzaileari dena dela sartu nahi duen.

Wi-fia erabiliz gero, konexioa WPA edo WPA2 protokoloen bitartez zifratuta garraiatzen dela baieztatzea ezinbestekoa da. Wi-fi publiko bat erabiliz gero, hobe datu garrantzitsurik ez bidaltzea.

Azkenik, aipatu beharra dago, Interneten nabigatzen denean erabiltzen den ordenagailuan edo gailu digitalean datu asko uzten direla, pasahitzak, formularioetan sartzen den informazioa, cookieak, eta abar. Nabigatzaile askok eskaintzen dute informazio hau ezabatzeko aukera edo era pribatuan nabigatzeko aukera. Beraz, leku publiko batean edo norberaren ordenagailua erabiltzen ez denean aukera hauek erabiltzea oso komenigarria da. Firefox-en menu nagusian, Tresnak atalean daude aukera hauek, eta Internet Explorerren “Segurtasuna” aukeran.