Teknologia etengabe aldatzen den gurpil zoroa da. Gero eta kalitate zein pisu handiagoko edukiak erabiltzen diren neurrian, osagai informatikoek ere eguneratu beharra izaten dute maiz. Bizkorragoak diren, kontsumo apalagoa duten edo tamaina txikiagoko elementuak behar izaten dira. USB 3.0 Promoter Group erakundeak ohar baten bidez adierazi duenez, USB estandarrari ere iritsi zaio zaharberritzeko eta egungo eskaerei egokitzeko sasoia. Konektore berriaren xedea da informatika merkatuan dauden gailu guztientzat balio izatea da. Tableta eta sakelakoak barne.
Bizkorragoa, txikiagoa, baina, batez ere, erosoagoa
USB 3.1 izeneko estandar berria 2014 erdialdera iristea espero da. Eguneraketari esker, abiadura zerbait hobetuko da. Hots, aurreko 4,8 Gigabyte segundotik 10 Gigabyte segundora pasatuko da. Segundoko 1024 MB transmititzeko gaitasuna da hori; aurreko estandarraren bikoitza, gutxi gorabehera.
Berrikuntza, baina, kablearen muturrean aurkitzen da. Konektore itzulgarria izango dute belaunaldi berriko USB kableek. Aurreko bi aldaeren hurrengoa da, Type-C erakoa, hain zuzen. Erabiltzaileek erosotasunean nabarituko dute aldea. Horrela, alde batera zein bestera txertatu ahalko dira ordenagailuan etorkizuneko pendrive, disko gogor eta enparauak. Horrek, Appleren Magsafe nahiz Lightning kableek bezala, argi murriztuko lekuetan itsu-itsuan konektatzen asmatzeko balio dezake, besteak beste.
Gainera, estandarra esaten denean, fabrikatzaile eta tresna guztientzat balioko duen teknologia dela esan nahi du. Beraz, merkatuko eskaintza bateratuko bada eta edozein eratako gailuentzat balioko duen osagaia izango bada, merkatuko joeretara moldatu beharko da. Hau da, geroz eta meheagoak diren telefono zein mahai gaineko ordenagailuentzat balio dezan, tamaina aintzat hartu beharrekoa da. Eta hala iragarri dute USB 3.1 berria ere, txikiagoa; egungo micro USBen tankerakoa.
Hori bai, konektore berria izaki, egungo erretenek ez dute balio. Hortaz, apurka egingo da aldaketa, fabrikatzaileek teknologia berria haien gailuetan sartuz doazen heinean, alegia.
HDMI kablearen eguneraketa ere laster
4K bereizmeneko pantailen iritsierak ere, bestelako osagai berrien agerpena ekarriko du. Eta HDMI 2.0 edo bereizmen handiko pantailen kablearen eguneraketa ere prest dago, halabeharrez.
Estandar berriak banda zabalera hobea eskaintzen du, zehazki, 18 Gigabit segundokoa. Horrekin, 4K bereizmeneko irudiak segundo bakoitzeko 60 aldiz freskatzea posible da. Egungo teknologiak, artean, 24 eta 30 aldiz bakarrik uzten du freskatzen pantaila, eta askoz ere bereizmen apalagoarekin, gainera. Audioa ere hobetuko da: orain arteko audio 2.0 kalitateko zortzi kanal igortzeko sabaia, 32 kanaletara igoko da.