Internet, Sareak

Posta elektronikoa

eposta ikonoaWebguneak arakatzearekin batera, posta elektronikoa da Internet zerbitzurik erabilienetarikoa. Mezu elektronikoak hainbat eratan idatzi eta irakur daitezke, sakelako telefonotik, webgune batetik nabigatzaile baten bitartez (webmail deitzen dena) edo mahaigaineko aplikazio batekin. Posta elektronikoa izenarekin baino, munduan zehar ezagunagoa da bere anglosaxoniar hitzarekin, “e-mail”. Eta bere ikurrik ospetsuena @ da, a bildua, ingelesez “at” hitzetik datorrena.

Posta protokoloak edo zerbitzuak

Posta elektronikorako protokolo izenak, ezagunak egingo dira noizbait posta elektronikoa irakurtzeko eta idazteko aplikazio batean, bere kontua konfiguratu behar izan duen erabiltzailearentzat. Izan ere, konfiguratzerakoan, galdetu ohi da ea IMAP edo POP3 kontua konfiguratuko dugun eta POP3 sarrera zerbitzaria edo SMTP irteera zerbitzaria bezalako kontzeptuak agertzen dira.

SMTP irteera zerbitzaria

SMTP da irteera zerbitzaria, alegia, posta elektronikoak bidaltzeko erabiltzen den protokoloa edo zerbitzua. Bere izena, Simple Mail Transfer Protocol hitzetatik dator, posta transferentzia protokolo sinplea, alegia. Normalean, protokolo honek 25 ataka erabili ohi du zerbitzarian.

Beste noizbait ere ataka logikoa zer den azaldu da Zibergelan. Baina, nolabait esateko, honek esan nahi du zerbitzari batean zerbitzu ezberdinak ostatzen badira, web, posta elektronikoa edo ftp, esaterako, bakoitzak erabiltzen duela ataka zenbaki bat. Ataka hauek 1024 zenbakira arte zehaztuta daude eta ezagunak dira, aldatu ahal badira ere zerbitzaria konfiguratzerakoan. Hala bada, honelako zerbitzu batera konektatu nahi denean, konektatzen den aplikazioak, helbidea eta ataka zehaztu behar du, ez soilik helbidea. Hau erabiltzailearentzat nahiko gardena da, aplikazioek egiten dutelako eta erabiltzaileak ez du jakiten zein portutara konektatzen ari den. Baina behin edo behin, portu hau zehaztuta dagoena ez bada, erabiltzaileak idatzi behar du.

POP3 sarrera zerbitzaria

POP3 da sarrera zerbitzaria, alegia, posta elektronikoak jasotzeko erabiltzen den protokoloa edo zerbitzua. Zerbitzu honek 110 ataka erabiltzen du eta bere izena Post Office Protocol hitzetatik dator, posta bulego protokoloa, alegia.

IMAP

IMAP, Internet Message Access Protocol hitzen akronimoa da eta 143 ataka erabiltzen du. Protokolo honek ahalbidetzen du jasotako posta elektronikoa kudeatzea zerbitzaritik, zuzenean. Hau da, jasotako posta karpetaka antolatzea edo irakurrita bezala markatzea ahalbidetzen du, baina ez norberaren ordenagailuan, baizik eta zerbitzarian. Honek ekartzen duen abantaila mugikortasuna da. IMAP posta kontu bat konfiguratu daiteke hainbat ordenagailutan, etxeko ordenagailuan, ordenagailu eramangarrian, bulegoko ordenagailuan. Eta bakoitzean egindako aldaketak, ez direnez lokalki egiten, zerbitzarian baizik, beste ordenagailu batean, posta kontu hori erabiliz gero, beste ordenagailuetan egindako aldaketak ere ikusiko dira, zerbitzaritik irakurtzen direlako. Beraz, oso egokia da, mugikortasun handia behar duten erabiltzaileentzat. Are gehiago, erakunde edo elkarte baten posta kontua bada, elkarte edo erakundeko pertsona ezberdinak ere sartu ahal dira ordenagailu ezberdinetatik. Orduan mezu bat, batek irakurtzen badu, edo erantzuten badu edo karpeta batean sailkatzen badu, besteek ikusiko dituzte aldaketa horiek guztiak.

Posta zerbitzu doakoak

Badaude hainbat gune posta kontu doakoak eskaintzen dituztenak, oso ezagunak badira ere, hemen aipatuko dira horietariko batzuk.

Microsoften posta zerbitzu doakoa Hotmail du izena eta webgune honetan eskuratu daiteke: http://www.hotmail.com. Honek webmail baino ez du eskaintzen, berez, ez du eskaintzen POP3, SMTP ez IMAP mahaigaineko aplikazio batean konfiguratzeko aukera. Norberaren postontzirako espazioa handitzen joaten da denbora pasa ahala.

Googleren GMail, http://mail.google.com/, hau euskaraz dago; Webmail zerbitzua eskaintzeaz gain, POP3 eta SMTP protokoloak zein IMAP konfiguratzea ahalbidetzen du mahaigaineko aplikazio batean. Norberak duen postontziaren espazioa handitzen doa denbora pasa ahala.

Euskalerria.org, http://www.euskalerria.org, euskara hutsez eskaintzen dira posta elektroniko kontu doakoak eta webmail eskaintzeaz gain POP3 eta SMTP konfiguratzea baimentzen du mahaigaineko aplikazio batetik.

Beste batzuk ere badaude, esaterako: Yahoo, http://mail.yahoo.com edo GMX, http://gmx.com/.

Google, Internet, Sare sozialak eta Microblogging

Buzz, Googleren aplikazio sozial berria

buzzBuzz-en bitartez, Google beste saiakera bat egiten ari da Internet sozialaren trena hartzeko. Googleren dema, micorblogging omen da kasu honetan, zeren eta zerbitzu honen bitartez, egoerak eta iruzkiank jarraitzaileekin partekatu daitezkeelako. Loturak eta argazkiak ere txertatu daitezke iruzkinetan, eta era berean erabiltzaileen bidalketetan iruzkinak ere egin daitezke.

Buzz GMailetik irakur daiteke, hara heltzen dira jarraitutako erabiltzaileen bidalketak eta bakoitzaren bidalketeen gainean egindako iruzkinak. Beste zerbitzuekin ere integratuta dago, Google Readerrekin, esaterako, horrela erraza da partekatzea Google Readerren irakurritako artikulu bat.

Androind eta iPhone sakelako telefonoetarako ere eskuragarri dago: http://buzz.google.com helbidean.

http://www.google.com/buzz

Internet

Bideo plataformak sarean

youtube2Nolabait, bere garaian, irratiari gertatu zitzaion bezala telebistarekin, gaur egun, telebistari lehiakide sendoa atera zaio, Internet, alegia. Eta ez soilik jada, erabiltzaileek, bereziki gazteek, denbora dezente ematen dutelako Internetek eskaintzen duen informazioa ikusten edo komunikatzeko eskaintzen dituen tresnak erabiltzen. Baizik eta Interneten bitartez, era interaktibo batean eta publizitate etenik gabe, bideoak ikusi eta kudeatu ahal direlako. Youtube izan zen zerbitzu hori eskaini zuen lehenengoetariko webgunea eta ezagunenetarikoa da, baina, egun aukera zabala da.

Youtube

Esan bezala, Youtube izan da aitzindaria zerbitzu honi dagokionez eta oso ezaguna da. Bere helbidea hau da: http://www.youtube.com. Jakina den bezala, Googlek zerbitzua erosi zien sortzaileei. Oso era erraz batean bideoak igo eta kudeatu daitezke, igotako bideoak, flash erreproduzitzaile baten bitartez erakusten dira nabigatzailean, webgunetik bertatik, bideoa jaitsi behar gabe. Bideoetarako loturak jar daitezke norbanakoen zein entitateen webgune eta blogetan. Halaber, bideoak erreproduzitzailearekin txertatu daitezke webguneetan. Beraz, webgunearen jabeak hautatutako bideoak ikus daitezke bere webgunetik bertatik, Youtubera joan gabe. Bestetik, webgune garatzaileentzat APIa deritzon zerbitzua ere eskaintzen du. APIa da garatzaileen eskura jartzen diren metodo, funtzio edo programaziorako funtzionalitate ezberdinen multzoa, nork bere webgunetik Youtuberekin komunikatzeko.

Youtuben bideoak aurkitu daitezke bideoen deskribapenean eta etiketetan jartzen denaren arabera, gainera, Googlek erosi zuenetik, Googleren emaitzen artean ere Youtuberen emaitzak txertatzen dira.

Youtuberen erreproduzitzailea, oso erraza da, funtzio eta tekla gutxirekin. Bideoak igotzeko mugei dagokienez, 2 GB eta 10 minutu baino txikiagoak izan behar dira. Hala ere, handiagoak izanez gero, erabiltzaileek erabiltzen duten trukua da bideoa zatitan igotzea eta zati bakoitzari tituluaz gain, zenbaki bat jarri, ordena zehazteko. Kalitatearen aldetik, bideoak 320×240 eta 480×360 bereizmenekin grabatzen dira eta orain dela gutxi, Youtube, HD bideoekin probatzen hasi da.

Google Video

Google Video Youtube antzeko zerbitzu bezala jaio zen. Baina Youtube erosi ostean, Interneteko bideo bilatzaile bilakatzen joan da pixkanaka-pixkanaka, eta bideoak igotzeko eta kudeatzeko plataforma bezala Youtubera migratzen joan da. Hala, bada, Google Video-tik hainbat on-line bideo plataformatan bilatu daitezke bideoak, testua idatzita. Gainera, aurkitutako bideo batzuk Google Videotik bertatik ikustea ahalbidetzen du, beste batzuk ikusteko, beren jatorrizko webguneetara jo behar da. Hau da bere webgunea: http://video.google.es/

Euskaltube

Euskaltube da euskarazko plataforma bat, bideoak eta audioak kudeatzeko eta on-line ikusi edo entzun ahal izateko. 2007ko irailean sortu zen eta hau da web gunearen helbidea: http://euskaltube.com. Webgunea euskara hutsez izan arren, bideoen edukiak beste hizkuntza batzuetan, gazteleraz edo frantsesez bezala, aurkitu ahal dira. Gainera, bideoak atalka sailkatu daitezke eta audiotan zein bideoetan etiketak edo tagak jarri ahal dira bestelako datuekin batera, etiketen bitartez aurkitu ahal izateko. Beste zerbitzuetan bezala, bideoak edo audioak igotzeko, izena eman behar da webgunean. Erabiltzaile bakoitzak igo ahal du bere logoa edo argazkia bideoen datuen artean agertzeko.

Artikulu hau idatzi den momentuan, ia 5000 bideo dauzka Euskaltubek.

Blip.TV

Oso leku jatorra da bideoak igotzeko eta ikusteko. Ez daude Youtuben besteko mugak bideoak igotzeko orduan denboraren aldetik. Hainbat eratan igo daitezke bideoak, web ingurunean, mahaigaineko aplikazioaren bitartez, Mac Os X, GNU/Linux eta Microsoft sistemeetatik edo FTPren bitartez. Gainera, bideoak on-line ikusteaz gain jaitsi daitezke formatu ezberdientan. Audioak ere kudeatu daitezke gune honetatik. Norberaren webgunean, audio zein bideoak erreproduzitzailearekin txertatzea ahalbidetzen du. Hau da webgunearen helbidea: http://blip.tv

Telebista on-line zuzenean

Lievstream bezalako webguneetan, telebista on-line zuzenean sortzea ahalbidetzen dute oso baliabide ahulekin, webcam edo mugikor baten bitartez, alegia. Kanal ezberdinak sor daitezke eta kanal bakoitzean on-line telebista kudeatu daiteke. Hau da proiektuaren webgunea: http://www.livestream.com