Internet, Multimedia, musika

‘Podcast’ edo harpidetza bidezko emanaldi digitalak

podcast (2)Interneten zintzilikatzen den emankizuna da podcast bat, ondoz ondoko kapituluak dituena. Harpidetza bidez jaso daitezke, ordenagailuan nahiz edozein gailu eramangarritan. Entzun, ikusi edo irakurtzekoak izan daitezkeen arren, hasieratik, aurrez grabatutako irrati emankizunen eskutik irabazi zuten ospea. Hortik dator podcast-ak Internetez hedatzen diren irratsaio edo programa gisa ezagutzea. Izena ere ahoz ahokoaren bidez ezarritakoa da; musika entzuteko iPod gailuen hitza etabroadcast edo emanaldiak batzean ateratakoa, hain zuzen.

Zuzenekoak baino gehiago, nahi denean entzuteko grabazioak

Hainbat edukitakoak aurki daitezke: besteak beste, musika, informazioa, elkarrizketak, mahai inguruak eta eztabaidak dituzten aurrez grabatutako programak izaten dira entzungai: hizkuntzak ikasteko programetatik, hainbat hiztun eta konexio dituzten solasaldietaraino. Zuzenekoak izan gabe, gai freskoak jorratzen dituzte.

Saioen kapituluak zerrendatan antolatzen dira. Hodeian edo urrutiko zerbitzarietan dauden fitxategi multzo gisa.

RSS teknologia ahalbidetua dutenek harpidetzeko aukera ematen dute. Horrekin, ale berri bat dagoen bakoitzeko, norbere telefonoan edo ordenagailuan bakarrik kargatzea lortzen da. Bestetik, zuzenean fitxategi gisa saio soltea deskargatzeko aukera duenik ere bada.

Entzuteko, aurrena jaitsi

Entzun ahal izateko, RSS bidez podcast-ak irakurtzeko gai den Appleren iTunes edo antzeko ordenagailuko aplikazioak behar dira. Azken horiek, gutxienik, aukeratu zerrendei jarraipena egiteko ardura hartzen dute.

iTunesen kasuan, podcast-en biltegi bezala funtzionatzen du iTunesek, eta harpidetzea sinplifikatzen. Bertan eskegita dauden podcast-en webak eta jatorriak ezagutu beharrik gabe erabiltzaileak leku beretik bilaketa egin eta harpidetza egin baitezake. Beste programetan, erabiltzailea da RSS jariodun weba aurkitzeko arduraduna. Lista eguneratzen denetan abisua emateko edo, nahiago bada, automatikoki deskargatu eta ordenagailura zein iOS gailuetara bidaltzeko ezar daiteke.

Batera zein bestera, deskargak ordenagailuan gorde daitezke, eta sare konexio gabeko gailuetan entzuteko erabili. Internet bidezko streaming teknikatik bereizten du horrek. Sare sarbiderik gabe, ez dago streaming jasotzerik, eta podcast-ak ez dira inoiz zuzenekoak.

Hedabide horizontala dela esaten da podcast-a. RSS teknologia ez denez inoren jabegoa, ez dago eragozpenik edukiak entzuteko zein propioak sortzeko.

‘Podcast’ propioak nola publikatu

Kazetariez gain, zale asko dago podcast-ak egiten dituena. Saio xume bat sortzeko aurreneko pausoa ahotsa grabatzea da. Ondoren, zerbitzari batean kargatu beharko da fitxategia. Era honetako fitxategiak gorde eta partekatzeko doako zerbitzuak daude. Horietako bat da iVoox audio kioskoa, http://www.ivoox. com/ lekuan dagoena. Grabatutako fitxategia kargatu, azaleko irudia, deskribapena, egilea eta halako datuak bete eta publika daiteke. Ondoren, webean bertan edo beste batean helbidea erreferentziatuz erakuts daiteke.

iTunesen agertzeko

Podcast komunitate handiena iTunesen dago. Hor ere publikatzea komeni da, beraz, gehiengoak kutunena duen bilatzailean erakustearren. Plataforman, baina, ez dago zuzenean biltegiratzerik. Zirkuitu itxia da, kanpoko iturriak erakusten dituen esteka biltegi bat bezalakoa.

Komunitatean sartzeko, baina, norbere esteka eta Apple ID kontua izatea besterik ez da behar. Hau da, ahotsa edo bideoa hodeiko zerbitzu batean gorde daiteke, eta iTuneseko biltegian norbere kanalaren jarioa gordetzea eskuragarri jartzeko.

Kasu honetan, iVoox erabiltzearekin ez da nahikoa. Harpidetzak ahalbidetzeko, aurrena, RSS jarioak gaitu behar dira podcast-ean. Googleren Feed Burner (http://feedburner.google.com/) tresnak, Internet helbide bat RSS ale bihurtzen du. iVoox-eko fitxategiaren URLa itsatsi eta I’m a podcaster! aukeratuta, bizkor egiten du. Itzultzen duen helbidea da iTunesen sartu beharko dena.

Aski da iTunes aplikazioko Podcasts ataleko eskuin menuan Send Podcast aukeratuta agertzen den leihoan helbidea sartuta. Automatikoki kargatuko dira norbere podcast-aren datuak. Gogoan izan, daturen bat aldatu nahi izanez gero, jatorrizko zerbitzuan egitea; gaurko honetan, iVoox lekuan. Publikazioa agertzeko gutxienez egun bat itxaron beharra dago, Applen berrikusten duten artean. Posta bidez abisatzen dute direktorioan eskuragarri dagoenean.

Euskara, Internet, Sare sozialak eta Microblogging

Txiolari hasiberrientzako gida

twitter desanbiguatzenInterneten, albisteak nahiz komunikazioak bizi-bizi idatzi eta irakurtzen dira. Freskotasuna ezinbesteko balioa dela esaten da. Testuinguru honetan, Youtube bideo motzen zerbitzuak edo Twitterren microblogging kontzeptuek erabateko arrakasta izan dute. Eta goraka doaz: minutu bakoitzeko, 2012an, 30h bideo eta 100.000 tweet bidaltzen zituzten; 2013an aldiz, 100h bideo eta 350.000 tweet igortzera pasa dira zerbitzuok. Behin honezkero, 140 karakteretan idatzitako milaka koplaz josita dago sarea beraz.

Oharkabean, amaraunean agertutako kontzeptuetako asko barneratzen ditu jendeak. Esate baterako, iragarkietan nahiz telebistako edozein programetan ikusten den # edo traola (ingelesezhashtag deitua). Etiketa ere esaten zaio, eta momentuko joera baten inguruko mezuak biltzeko erabiltzen da. Beste hitz batean, gaiak sailkatzeko balio dute sare sozialetan. Norberak sor ditzake berriak, edo besteek asmatuak erabili. Bakoitzaren txioan txertatuta, etiketa berdina sartuta duten gainontzeko mezuekin bilduko da norberarena ere.

@ edo a bildua ere oso barneratua dagoen baliabidea da Interneten. Twitterren berandu sartutako ezaugarria da alabaina, eta jendeak uste baino aukera gehiago gehitu zitzaizkion. Hots, ezjakintasunagatik erabilpen okerra ematen zaio. A bilduarekin beste erabiltzaile bat aipatzen da, eta erabiltzaile guztiek dute @ ikurra izenaren hasieran. Kontua da, txio baten hasieran norbait aipatzen denean, bidaltzailea eta aipatua jarraitzen dutenek bakarrik irakurtzen dutela. Mezuaren beste edozein lekutan aipamena eginez gero, jarraitzaile guztiek jasoko dute txioa; horretan datza desberdintasuna. Hori saihestu eta jarraitzaile guztiei txioa helarazteko trikimailuak erabiltzen dira. Batzuek puntu ikurra eransten diote aipamenari aurretik (.@erabiltzailea). Gary Vaynerchuk socialmedia adituak arazoa honela zehazten du:

Nahasmena eragin du berriki Twitterren idatzi gabeko beste lege batek. Ez da txiorik ‘D’ hizki hutsez hasi behar. Bestela, zuzeneko mezutzat hartu, eta ez da jario nagusian agertuko. Ezaguera minimo horietaz gain, elkarrizketen haria galdu nahi ez bada, gehien erabiltzen diren laburdurak ezagutzea ere gomendagarria da.

Teknologia berrietan makala izan gabe ere, badira oraindik ezezagunak diren laburdurak. Beste batzuk, aparteko ingurune batzuetatik ezagutzen direnak, gainera, zalantza hizpide bihurtu ohi dira. Twitter ingurunean horietako batzuk antzematea errazteko asmoz, gehien erabiltzen direnak azalduko ditugu jarraian:

 RT (retweet): bertxiotzea ere esaten zaio. Aurretik beste batek argitaratu duen mezu bat norbere jarraitzaileei berbidali dela adierazten du. Jatorrizko mezuaren aurrean ezartzen da, honela: «RT ‘mezua’».

 (r)en bidez edo Via: publikatzen den informazioa noren bitartez lortu den esateko balio du. Jatorriak ez du txio bat izan beharrik; liburu edo webgune baten egilea aipa dezake era berean: «@erabiltzailea(r)en bidez».

 DM (Direct Message): erabiltzaile bati zuzeneko mezua bidali zaiola jakinarazteko balio du. Era horretako mezuak ez dira ikusten elkarrizketa jario nagusian edo denbora lerroan. Hauek irakurtzeko aparteko sarrera ontzi bat du Twitterrek, eta mezu trukatzea egoteko, erabiltzaileek elkarri jarraitu behar diote.

 TL (Timeline): denbora lerroa esan nahi du. Twitterreko pantaila nagusia da, jarraitzen direnen mezuak zintzilikatzen diren lekua.

 TT (Trending Topic): momentuko gaia adierazten du. Beste hitz batean, unean jendearen ahotan bolo-bolo dabilena. Hitz arruntak izan daitezke, edo traoladun etiketak. Mundu osoko joerak edo estatu bakoitzaren araberakoak izan daitezke. Euskal TT zein den jakiterik badago, geroago azalduko denez.

 CC (Carbon Copy): Posta elektronikoetan dagoenaren baliokidea da. Hots, beste bati txio baten berri emateko erabil daiteke, hari interesgarri egingo zaiolakoan. Ez da nahastu behar Creative Commons egiletza aitortzeko lizentziaren laburdurrekin. Erabiltzailearen izenaren aurrean joaten da: «cc @erabiltzailea».

 FF (Follow Friday): jarraipen aipua da. Twitterren ohitura da ostiralak baliatzea jarraitzeko interesgarriak diren erabiltzaileak aholkatzeko. Gomendagarria da erabiltzaile izena eta zergatik jarraitu behar den azaltzea.

 NSFW (Not Safe for Work): izenak dioen bezala, lanean ikusteko desegokia den edukia duten txioei jartzen zaie. Sexua, biolentzia edo mingarria suerta daitekeen besteriko materialak gordetzen dituzten loturen berri emateko da NSFW.

‘Txio’ gurean, ‘tweet’-en ordez

Gau eta egun, euskal txiolarien traolen jarioak ez du etenik. @KikeAmonarriz-en #TribuarenBerbaksaioan esan bezala, hizkuntza gutxitua izan arren, Twitterren gehien erabiltzen direnen sailkapenean 27. da euskara. Oso aktiboa den komunitatea, garbi asko.

Edonor batu daitekeen iniziatibak daude. Puri-purian dabiltzan traola batzuk aipatzearren: Leire Palacios edo @AnnieSDelMono-ren #hitzmoloia, grazia edo xarma berezia duten hitzak aditzera emateko (zerrenda osoa http://anniesdelmono.wordpress.com/hitzmoloia/); Markos Gimeno edo@markosgive-ren #hitzokei, hitzekin jolastuz bakoitzak sortutako berriak adierazteko, esanahia argitzeko azalpen batekin lagundurik (http://hitzokei.tximinia.net/); Maite Goñi edo @euskaljakintza-ren #gaurkohitza, egunero hitz berri bat proposatzen du —bosgarren urteurreneko ospakizunetan#gaurkohitza5 gisa, jendea bere gorputzeko atal batean idaztera animatu zituen joan den astean—; eta Ilaski Serrano @MeriLing1-en #mikroipuina, irudimenez beteriko ipuin laburrak kontatzeko.

Aldarrikapenentzat ere badago lekurik Twitterren. Euskararen Nazioarteko Egunaren ospakizuna dela eta, #mundiala eta #365egun etiketak bultzatu ziren euskarari gorazarre egiteko asmoz. Interneten euskararen erabilpena sustatu eta munduan dauden hiztunak lekutzeko xedearekin aurrenekoa; eta egun bakarraren ordez, urte guztian Euskara bultzatzearen aldekoa, bestea.

Euskal TT

Arestian aipatu bezala, euskaraz bidalitako txioen jarraipena edo traola nagusien kontsulta egitea posible da. Horretarako, http://umap.eu/ edo @umapEU jarraitzea besterik ez dago.

Aplikazioak, Internet, Sakelako Telefonoak

Endomondo, kirolarientzako telefono eta web aplikazioa

EndomondoEndomondo, kirolarientzako oso aplikazio baliagarria da. Android, iOS, Windows Phone eta bestelako telefono sistemetarako eskuragarri dago. Ordainpeko bertsio premium bat badago ere, dohainik deskargatu daiteke oinarrizko bertsioa eta oso oso ondo dago oinarrizko bertsioa izan arren. Behin telefonoan instalatuta, bizikletaz, korrika, mendia edo erabiltzaileak egin nahi duen kirola hautatzen du. Beste neurketa guztiak, aplikazioak berak egiten ditu uneko geolokalizazioaren bitartez, beraz, GPSa eduki behar du telefonoak Endomondo erabili ahal izateko, nozki.

Kirol-jarduerak irauten duen bitartean egindako distantzia eta denbora aipatzen du, bai eta ibilbidea ere, Google maparen gainean erakusten du. Jarduera amaituta hainbat datu ematen ditu hala nola: jardueraren iraupena, egindako distantzia, gehienezko abiadura, batez besteko abiadura, gehienezko altuera, guztira metatutako altuera, kontsumitutako kaloriak.

Aplikazioak egindako jardueren historikoa gordetzen du. Aplikazioaren erabiltzaileen artean sare sozial txiki bat osatzen dute eta lagunak gehitu daitezke, lagunen jardueretan iruzkinak egin, lehiaketak egin. Halaber, egindako jarduerak Facebooken partekatu daitezke.

Webgunean, http://www.endomondo.com, informazio gehiago kontsulta daiteke, eta dagoeneko erabiltzailea izanez gero, norberaren estatistika ezberdinak ikus daitezke.