Aplikazioak, Apple, Google, Internet, NFC, qr kodea

NFC, bluetoothen oinordekoa

NFC, ingelesetik datorren laburdura da. Near Field Communication delakoak, gailuen arteko haririk gabeko komunikatzeko modu bat ezartzen du, gehienez 20 zentimetrora dauden gailuen arteko datu trukea. Orain arte oso hedatua egon den bluetooth sistemaren antzerakoa da, baina badituzte zenbait diferentzia: bluetooth bidez, metro batzuetara dauden sistemen artean komunikatzea posible den artean, NFC bidezko komunikazioa, zentimetro gutxi batzuetara mugatzen da. Horrek zailagoa egiten du datuen joan-etorria zelatatzeko aukera. Energiari dagokionez, bluetoothek baino kontsumo txikiagoa du NFCek, eta komunikazio saio bat hasteko askoz ere denbora gutxiago behar du.

Googlek kaleratu duen Nexus S sakelakoari NFC teknologia txertatu diote, eta Applek ere NFC txipa sartzeko asmoa erakutsi du bere iPad 2 tabletean eta iPhone 5 sakelakoan. Badirudi 2011 urtea, NFC-dun gailuen urtea izango dela.

NFC teknologiaren erabilpenak

Haririk gabeko komunikazioa da NFCren lan eremua. Etorkizun handiena duten erabilpenak, berriz, identifikazioa, datu trukea eta, gehienbat, ordainketak dira.

Identifikatzea beharrezkoa den leku batera sartu nahi dugunean, nahikoa izango da gure sakelako telefonoa edo NFC txipa duen txartel bat irakurle batera gerturatzea. Zerbait ordaintzeko tenorean ere, kreditu txartelak erabili beharrean, posiblea izango litzateke gure sakelakoa ordainketa irakurlera gerturatzea eta horrela di-da batean erositakoa ordaintzea. Ordainketa modu horiek probatzen dabiltza hainbat enpresa. Esaterako, Sitgesen, Visa, Telefonica eta La Caixak, 2010. urtearen amaieran, 1.500 erabiltzaileei samsung telefonoak banatu zizkieten, 500 bat saltokitan egindako erosketa txikiak ordaindu ahal izateko.

Gure sakelako telefonoak diru poltsa elektronikoak bihurtu nahi dituzte. Gure telefonoen SIM-etan, Visa txartelak gorde ahal izango ditugu, eta, horrela, metro edo autobus txartelak ordaindu edo VISA bidez ordaintzen dugun edozein erosketa egingo dugu. Sistema horren erabilera errazak kontsumitzaileak animatuko dituelakoan dira adituak, Korean gertatu den bezala.

NFCren beste erabilera batzuk ere aurkeztu dira. Adibidez, jatetxe edo saltoki bat gustukoa badugu, eta, horren berri eman nahi badugu, saltokiak sarreran jarritako pegatina batera gure telefonoa gerturatzea nahikoa izango da Google Hotpot Foursquare eta natzeko sistemetan, gure gomendioa publikatua izan dadin.

Google Wallet eta Google Offers

Ameriketako Estatu Batuetan (New York eta San Frantziskon), Googlek, Wallet izeneko sistema jarri du martxan sakelakoarekin ordainketa txikiak egin ahal izateko. Mastercard motako txartel bat duen amerikarrak, txartel hori Google Walletekin lotzeko aukera izango du, eta Mastercard-ik ez duenari Googlek edozein txartelekin diruz kargatu daitekeen txartel birtual bat eskaintzen dio. Ordainketa bat egiteko orduan, Android sistema eragilea duen telefonoan, Wallet aplikazioa martxan jarri, eta, bertan, ordaindu beharreko kopurua agertu ondoren, ordainketa onartzeko 4 digituko PIN bat sartu beharko du erabiltzaileak. Wallet sistema horrekin batera, Google Offers sistema ere martxan jarri du. Gure telefonoaren geolokalizazioa aktibatua egonez gero, saltoki baten aurretik pasatzean, gure terminalean saltoki horren eskaintzak ikusi ahal izango ditugu.

Internet, Segurtasuna

Interneten era seguru batean nabigatzeko jarraibide batzuk

internet2Egun, ia edozein erabiltzailek Interneterako sarbidea du etxean edota lanean. Gainera, Interneteko konexio gehien-gehienak banda zabalekoak dira eta ordenagailua pizten den unetik ematen dira. Honez gain, ordenagailu eramangarriak eta ultraeramangarriak asko hedatu dira eta beraz, etxetik zein lanetik at ere posiblea da Internetera konektatzea.

Hedapena honekin batera, arriskuak ere zabaldu dira eta azpijokokoak ere hobetu dira. Honek ez du esan nahi Internet ez dela erabili behar edo era mugatu batean erabili behar dela, jakina, soilik jarraibide batzuk kontutan hartu behar direla Interneten aritzen denean.

Izan ere, Interneten era seguru batean aritzeko, ez da neurri konplexurik jarraitu edo informatika ezagutza asko eduki behar, bizitzan aritzeko bezala, sen ona da jarraibiderik errazena eta onena kasu askotan. Hala ere, ondo dago jakitea jarraipen erraz batzuk seguruago nabigatzeko amaraunean.

Aplikazioak deskargatzeko orduan

Doako aplikazio asko aurkitu ahal dira Interneten norberaren behar informatikoak asetzeko, baina aplikazioen artean ere badaude birusak eta funtzio ezkutuak egikaritzen dituzten aplikazioak. Horregatik, aplikazioak jaisteko orduan, oso gomendagarria da webgune ofizialetatik deskargatzea beste webguneetatik deskargatu beharrean. Beste webgune batetik deskargatzen bada, webgune ezaguna eta ospe onarekin izan beharko litzateke.

Pasahitz egokiak

Pasahitz egokiak erabiltzea oso garrantzitsua da. Gaur egun Interneten norbanakoen eta enpresen informazio asko dago, publikoa nahiz pribatua. Pasahitz ahulekin, informazio hori arriskuan dago norbaitek informazio hori ikus lezakeelako, baina ikusteaz gain alda edo ezaba lezakeelako. Gainera, gaur egungo sare sozialen hedapenarekin norbaitek ordezkatu ahal izango luke erabiltzaile baten nortasun digitala bere pasahitza edo pasahitzak asmatzen baditu. Horrenbestez, oso egokia da gune ezberdinetan pasahitz ezberdinak erabiltzea, horrela, batean pasahitza lapurtuz gero, beste guneak babestuta geldituko lirateke. Zibergela atalaren aurreko ale batean pasahitzei buruzko gaia jorratu zen, hona hemen lotura: http://zibergela.bitarlan.net/2009/12/03/pasahitz-indartsuak-asmatu/

Sistema eta aplikazioak eguneratuta mantendu

Sistema eragile eta aplikazio gehien-gehienetan noizbehinkako eguneraketak argitaratzen dira. Sistemak edo aplikazioak berak jakinarazten dio erabiltzaileari eguneraketak daudela honek instala ditzan. Eguneraketa hauetan askotan segurtasun arazoak zuzentzen dituzte, beraz, oso garrantzitsua da eguneraketa hauek instalatzea eta sistema eragilea zein aplikazioak eguneratuta mantentzea.

Segurtasun softwarea edo hardwarea

Sistema batzuk beste batzuk baino seguruagoak direla esan daiteke, adibidez, askoz malware gutxiago garatzen da sistema eragile batzuetarako edo sisteman datozen lehenetsitako aukerak zein sistemaren arkitektura seguruagoak izan daitezke. Alabaina, segurtasun neurri eginkorrak hartu behar dira sistema eragile guztietan. Neurri horietariko bat antibirus aplikazio bat instalatzea zain daiteke, esate baterako. Antibirus instalatzeko orduan ordainpeko eta doako antibirus anitz daude aukeratzeko. Zibergela atalaren aurreko ale batean doako antibirus zerrenda bat eskaini zen, hona hemen lotura: http://zibergela.bitarlan.net/2010/01/07/malware-aurkako-babesa-eta-doako-antibirusak/.

Suebaki edo Firewall bat ere oso komenigarria da kanpotik norberaren ordenagailurako sarbideak saihesteko. Suebaki hori izan ahal da sistemarekin batera datorren gehigarri bat, aparteko aplikazio bat edo Internet eta sare lokal edo ordenagailuaren artean dagoen gailu bat. Batzuetan, Interneterako kablea modem batera konektatzen da baina askotan, bulegoetan edo etxeetan Internet kablea router batera konektatzen da zuzenean, batez ere banda zabaleko Interneta edukiz gero. Horietariko router askok suebaki bat integratuta ekartzen dute eta lehenetsita konfiguratuta etortzen da kanpotik datozen konexioak ez onartzeko.

Posta elektronikoarekin eta loturekin ere kontuz

Posta elektronikoak irekitzeko orduan sen ona erabili behar da, ezagunen postak ireki behar dira soilik edo ezezagunen postak badira, postaren gaia begiratu behar da hizkuntza eta logikoa den aztertzeko. Bidaltzailea ezaguna denean, postaren gaia ere begiratu behar da zeren eta malware askok bidaltzen baitituzte posta elektronikoak erabiltzailearen kontaktuen helbideekin.

Bestetik, posta elektronikoetan zein Interneten nabigatzen dauden loturetan komenigarria da benetako helbidea zein den ikustea, hori nabigatzailea edo posta aplikazioaren estatu barran ikusten da sagua loturaren gainean kokatzen denean. Izan ere, erabiltzaileak irakurtzen duen testuan etorri ahal da idatzita helbide bat baina helburua benetan beste bat izan. Horrela ematen dira, adibidez phising eraso asko.

Internet

Youtubek 6 urte bete ditu sekulako zenbakiekin

Youtubek 6 urte bete ditu honezkero eta oso plataforma ezaguna eta erabilia dela jakin arren, Youtubek bere urteurrenean eskaini zituen kopuruak harrigarriak dira.

Lehenengo kopuru harrigarria da erabiltzaileek igotzen duten bideo denbora. Dagoeneko ez da ordutan neurtzen, egunetan baizik. Izan ere, minutu Youtubeko erabiltzaile guztien artean bideo bi egun igotzen dituzte. Hau da, erabiltzaile batek 10 egunetan zehar igotako bideo guztiak ikusteko bere bizitza osoa beharko luke, lo egin gabe eta atsedenik gabe.

Beste kopuru harrigarri bat bisita kopurua da, hain zuzen ere, eguneko Youtubek 3000 milioi bisita ditu.

Datu hauek ikusita, hobetzeko gauzak dituen arren, munduko webgunerik garrantzitsuenetakoa da, ez dago zalantzarik. Agian, orain hobetzeko gelditzen zaiona film eta telesailen merkatua izan daiteke. Eremu horretan, Netflix (https://www.netflix.com/) bezalako proiektuak adibidez askoz aurreratuago daude.