Aplikazioak, Internet, Pribatutasuna

Gure nabigazio arrastoaren zelatan

Sarean nabigatzen dugun bitartean, hainbat webgunek nondik nora gabiltzan zelatatzen dute, eta gero partekatu egiten dute gure baimenik gabe lortzen duten informazioa. Facebookek, Twitterrek, Googlek eta antzeko beste hainbat enpresak horrelakoak egiten dituzte.

Nabigatzen dugun bitartean, hainbat webgunek cookie izeneko informazio fitxategiak (ingelesez, galletatxoa) gordetzen dituzte gure ordenagailuan. Cookie horietan dagoen informazioari esker, Facebooken moduko enpresa batek nondik nora ibili garen jakin dezake, eta, informazio horrekin, iragarki eskaintza pertsonalizatua egin diezaguke Facebooken bertan. Horrelako praktikekin, printzipioz, pentsa daiteke mundu guztiak irabazten duela: erabiltzaileak beretzat interesgarriak izan daitezkeen produktuen eskaintzak jasotzen ditu; iragarkia jarri duen enpresak badaki bere iragarkiak bezero interesatuen aurrean agertuko direla; eta Facebookek eta halako enpresek diru gehiago jasotzen dute iragarkiak jartzen dituzten enpresetatik, beren publizitate plataforma eraginkorragoa delako.

Hala eta guztiz ere, ukaezina da baimenik gabe zelatatzen dela erabiltzailearen nabigazioa eta, beraz, haren anonimotasunaren aurkako praktikatzat jo daitekeela. Erakundeen artean, Europako Batzordeak egin ditu ahaleginik handienak erabiltzaileen pribatutasuna defendatzeko orduan. Cookie-ak erabiltzea baimentzen badu ere, ez du onartzen cookie-etan gorde daitezkeen informazio batzuk gordetzea erabiltzaileak horren berri izan gabe.

Hori aintzat hartuta, webguneetan modu argian azaldu behar lukete zer informazio gordeko duten cookie euskarrietan, eta zertarako erabiliko duten informazio hori. Dena den, arau horrek ez die eragiten cookie guztiei; esaterako, webgune batean kontua hasi eta han sartuta mantentzeko erabiltzen diren saio cookie-ak salbuespena dira. Europako Batzordeak jasotako jokabide horiek oraindik ez dira lege bihurtu.

Aurrekoa irakurrita, pentsa daiteke nahikoa izango litzatekeela cookie-ak erabiltzea debekatzea gure intimitatea gordetzeko —nabigatzaileetan ezar daiteke neurri hori—, baina, lehen esan bezala, cookie-ak oinarrizko osagaiak dira ezagutzen ditugun web aplikazioek funtziona dezaten; eta, beraz, gure nabigatzailean cookie-en erabilpena desaktibatuko bagenu, ez genuke posible izango hainbat gauza egitea; esaterako, saioa hasten dugun hainbat webgunetan saio barruan mantentzea. Bi cookie mota gordetzen dira gure ordenagailuan: saio cookie-ak eta cookie iraunkorrak. Lehen motakoak dira beharrezkoak, eta bigarrenen erabilpen jakin batek ematen du modua gure nabigazioaren arrastoa ezagutarazteko.

Nabigazio arrastoaren berri

Gure nabigazio arrastoa nola lor daitekeen azaltzeko, adibide bat erabiliko dugu. Gure nabigatzailean BERRIAren orriari bisita egiten diogunean, erakusten zaigun orrian, BERRIAk sortzen dituen edukiez gain, beste iturri batzuetatik datorren informazioa ere ematen zaigu; esaterako, Youtubetik eta Facebooketik datorrena. Gero, Sustatu bisitatzen badugu, Facebooketik eta Youtubetik datorren informazioa ere jasoko dugu.

Youtuberentzat, teknikoki posible da jakitea erabiltzaile bat Berria.info eta Sustatu.com webguneetan ibili dela, eta, horren arabera, nolabaiteko pertsonalizazioa eskain diezaioke erabiltzaile jakin horri erakusten dion informazioan; lehen esan bezala, iragarkiena da pertsonalizazio saiorik ohikoena.

Babesteko moduak

Nabigatzean uzten dugun arrastoaren berri jakiteko, Firefox nabigatzailean Collusion izena duen gehigarri bat instala dezakegu. Modu grafikoan ikus dezakegu gure cookie-etako datuak nork balia ditzakeen .

Gure nabigatzaileek gordetzen dituzte cookie horiek; beraz, nabigatzaileek ematen dituzten baliabide eta gehigarriak erabili beharko ditugu gure pribatutasuna defendatzeko. Mozilla Firefoxek ematen ditu bere ezarpenetan jarraipena eragozteko neurriak, pribatutasun fitxan, «esan webguneei nire jarraipenik ez egiteko» aukera gisa. Appleren Safari nabigatzaileak ere modu lehenetsian blokeatzen ditu hirugarren parteen cookie-ak, eta ezarpenetan aurki daiteke aukera hori, pribatutasun fitxan.

Beste nabigatzaile batzuetan (Internet Explorer, Googleren Chrome), «nabigazio pribatua» aukera ere balia dezakegu, baina kontuan hartu behar da historia ez dela gordeko gure nabigatzailean eta nabigatzailea itxi eta berriz zabaltzean berriz ere saioa hasi beharko dugula hainbat webgunetan.

Disconnect izena duen gehigarria ere erabil dezakegu Facebookek, Googlek, Twitterrek, Diggek eta Yahook gure jarraipena egin ez dezaten. Firefox, Chrome eta Safari nabigatzaileetan dugu eskura gehigarri hori.

Aplikazioak, Internet, Ofimatika

LibreOfficek web bertsioa izango du

OpenOfficetik eratorritako ofimatika aplikazio ezagunaren garatzaileak (Document Foundation) web bertsio bat prestatzen dabiltza, zeinak HTML5 izango duen oinarri. Aplikazio hori Internet bidez eskura izatean (hodeian, edo cloud hitza ere erruz erabiltzen da orain hori bera esateko), erabiltzaileak ez du zertan pakete ofimatikoa instalatzerik izango, eta sortzen dituen dokumentuak ditxosozko hodei horretan izango ditu, beti eskura.

Horrekin batera, Android sistema eragilerako bertsio bat prestatzen dabiltza, eta, dirudienez, oso aurreratua dago.

LibreOffice hainbat plataforma eta gailutan erabiltzeko aplikazioa izateko lanean dabiltza. Hori jada hala da egun indarrean dagoen mahaigaineko 3.4.6 bertsioan, eta, horren ondorioz, posible da aplikazio sorta hori edozein ordenagailutan erabiltzea, Windows, Linux edo Mac OS izanik ere ordenagailuak darabilen sistema eragilea. Etorkizu-nean, sareko bertsioa kalera- tzen dutenean, ordenagailuetatik ez ezik, posible izango da edozein sakelako telefonotatik edo tabletatatik ere LibreOffice aplikazioa erabiltzea. Iturria: http://www.genbeta.com/web/libreoffice-tendra-version-web-para-el-mes-de-abril.

Internet, Sare sozialak eta Microblogging

Google+ sare soziala

Googlek 2011. urtean plazaratu zuen sare soziala da Google+. Sare sozial gehienetan bezala, edonork bere profila sor dezake, eta beste pertsona batzuekin mezu, argazki, solasgune eta bestelakoak parteka daitezke. Hasiera batean, gonbidapen bidez bakarrik erabil zitekeen sare sozial hori, baina 2011. urteko irailetik hona, sare sozial irekia da. Beraz, pertsona edo enpresek beren profil edo orriak sor ditzakete bertan.

Google+ aurkeztu eta bi astetara, 10 milioi erabiltzaile zituen sare sozial horrek; lau astetara 25 milioi, eta 2011ko urrian, Googleren CEO Larry Pagen esanetan, 40 milioi erabiltzaile batzen zituen. Erabiltzaile kopuru handi horren zergatia azaltzeko, hau ere kontuan izan behar da: Googlerekin kontu bat duen edonor —Gmail posta zerbitzuaren erabiltzailea edo Google Appsen erabiltzailea den oro— Google+ sare sozialaren erabiltzaile gisa zenbatzen dute. Izan ere, Googleren kontua duen edonork Google+ kontu bat baitauka. Beraz, Googlek sare sozial honek kontu asko dituela lau haizeetara zabaldu arren, agerikoa da erabiltzaile horietatik ez direla denak Google+ sareko erabiltzaile aktiboak; askok ere ez dakite Google+ kontua dutenik.

Zenbait komunikabidetan agertu denez, Googlen lanean aritutako zenbait langile ohiren aburuz, Googlek Facebooki aurre egiteko ahaleginean, porrot handia izateaz gain, izugarriz- ko diru galerak izan ditu, eta enpresa barruko giroa erabat ozpindu omen da. Hori dio, behintzat, James Whittaker delako batek bere blogean (http:// bit.ly/x1BwcP).

Google+ Googleren aplikazioen alde soziala osatzen duen zerbitzua izatea nahi dute. Apurka-apurka Googlek dituen zerbitzu guztietan agertuz doa: bilatzailean, Gmail posta zerbitzuan, Google Talken, Docsen, Picasa argazki bilduman, YouTuben, Mapsen, Android sistema eragilean… Adibide gisa: Googleren bilatzaileak eskaintzen dituen emaitzetan, berriki [+1] botoia erakusten da. Facebooken Atsegin dut botoiaren parekoa da, eta bertan klik egiten badugu, gure hautua Googlek kontuan hartuko du bere bilatzaile sozialean eskainiko dituen emaitzetan.

Esaterako, bidaia bat antolatzeko tenorean hotel bat topatzeko honako bilaketa hau egiten badugu Googlen: kanpina Santa Grazin. Ohiko emaitzez gain, etorkizun hurbilean, Googlek gure Google+ sare sozialean lagun ditugunak honen inguruan esandako, erositako edo ateratako argazkien berri emango digu; hau da, gure bilaketaren emaitza soziala eskainiko digu.

Facebookekin duen aldea

Diferentzia nagusia da Google+ jada oso ezagun eta erabiliak diren hainbat zerbitzutan integratzen dela; lehen aipatu diren zerbitzu horietan guztietan, hain zuzen ere: gmail, picasa, google docs, google maps, eta abar. Facebookek, sortu zenetik bere inguruan hainbat zerbitzu sortu ditu, baina ez du Googlek bere inguruan sortutako zerbitzu eskaintza zabala. Adibide gisa, Google+ sarean, posible da bederatzi pertsonaren artean zuzeneko bideo batzarrak egitea (hangout deritzetenak). Batzar horietan, laguntza gisa, dokumentu baten edukiak zuzenean editatu daitezke, edo batzarkideetako batek bere mahaigaina parteka dezake beste batzarkideei zerbait erakusteko.

Sare batek zein besteak eskaintzen dituen zerbitzutik haratago, biak ala biak oso antzekoak dira.

Google+ sarean nola hasi

Sare sozial honetan lehen pausoak emateko, beharrezkoa da Google edo Google Apps kontu bat izatea. plus.google.com helbidera joanda, saioa hasi beharko duzu bertan zure Google kontuarekin. Saioa hasita, zure profila bete beharko duzu, eta, ondoren, Google+ kontua Picasarekin lotzeko baimena eskatuko zaizu (azken pauso hori ez da ematen kontu berriekin).

Google+ sarera sartuko garen lehen aldian, morroi batek gure zirkuluak osatzeko iradokizunak eskainiko dizkigu. Zirkuluak kontaktuak antolatzeko modu bat dira, eta informazioa partekatzeko orduan, zirkulu jakin batean edo batzuetan dauden kontaktuei informazio hori helarazteko aukera izango dugu. Modu berean, zure zirkuluetan dagoen jendeak esaten duenaren berri izan dezakezu, Twitterren egiten den modura. Google+ sareak modu lehenetsian hainbat zirkulu eskaintzen ditu (lagunak, familia, ezagunak), baina gure esku dago zirkulu berriak sortzea.

Sarean sartzean, korronte edo hariko mezuak dira ikusten dugun lehen gauza; Facebooken horma esaten zaion gunea, hain zuzen ere. Bertan, zure mezuak bidal ditzakezu eta zure zirkuluetakoek zuretzat ikusgarri jarri dituzten mezuak ere atzitu ditzakezu.

Hortik aurrera, zure esku dago sare sozial honek eskaintzen dituen zerbitzuei probetxu ateratzea!