Aplikazioak, Internet

Free PDF Converter, PDFak bihurtzeko

PDF-IconFree PDF Converter MS Windows sistemetarako aplikazio bat da PDFak formatu ezberdin bihurtzeko. Aplikazio honen bitartez EPUB, testu, flash, html eta irudi formatu bihurtu daitezke PDFak. Hala ere, aukerarik interesgarriena, zalantzarik gabe EPUB formatu bihurtzeko aukera da, ebook formatuetariko bat, alegia. Ez daudelako aplikazio asko PDFak ebook bihurtzeko. Ezagunenetarikoa Calibre (http://calibre-ebook.com/) da, gainera, azken hau software librea da eta liburu elektronikoetarako kudeaketa oso bat eskaintzen du eta EPUB ez ezik beste ebook formatu batzuk ere onartzen ditu bihurketak egiteko. Beste aukera bat Hamster Free Ebook da (http://www.hamstersoft.com/free-ebook-converter). Baina inoiz ez dago soberan aukera gehiago edukitzea.

Aplikazioaren interfaze grafikoa oso erabilerraza da eta oso azkarra da edozein bihurketa egitea.

Aplikazioa doakoa da eta MS Windows 8, 7, Vista eta XP bertsioetan erabil daiteke, eskuragarri dago 32 bit zein 64 biteko bertsioetan.

Free PDF Converter deskargatzeko eta informazio gehiago eskuratzeko proiektuaren webgunera joan daiteke, hau da helbidea: http://www.pdfmate.com/pdf-converter-free.html.

Google, Internet

Google Drive: 5 GB dohainik “hodeian” Googleren partez

GoogleDriveZalantzarik gabe aurreko hileko albiste teknologikoa Google Drive zerbitzuaren kaleratzea izan da. Badirela aste batzuk Interneten, blogetan eta sare sozialetan Googlek Drive zerbitzua aterako zuelako zurrumurrua zebilen, eta Google Drive hori “hodeian”, hau da, Interneten, fitxategiak ostatatzeko zerbitzua zela jakina zen. Internet erabiltzaile asko zurrumurrua zabaldu zenetik zerbitzua zertan zetzan ikusteko irrikan zeuden. Azkenik, apirilaren 24an abiarazi zuen Googlek bere proiektu berria. Alabaina, internauten etsipenerako ez du ekartzen ezer berririk jada dauden antzeko proiektuekin alderatuta, ezta leku gehiegi ere, 5GB, baino ez. Beraz, proiektu honen konpetentzia zuzena diren Dropbox (http://www.dropbox.com), Sky Drive (https://skydrive.live.com/) edo Ubuntu One (https://one.ubuntu.com/) bezalako zerbitzuak, lasai egon daitezke oraingoz.

Espazioa

Google Drivek 5GB eskaintzen ditu dohainik. Hala ere, espazio gutxitzat jo daiteke kontutan hartuta GMailen leku gehiago eskaintzen duela, 10GB. Hori bai, ordainduta 16 TBera iritsi daiteke, hala ere, Google Driven prezioak konpetentziarenak baino garestiagoak dira. Adibidez, 100GB edukitzeak 4,99$ hileko balio du eta 16TBera iristeak 799,99$ hileko balio du.

Bateragarritasunak

Google Drive, Firefox, MS Internet Explorer, Safari eta Google Chrome nabigatzaileekin bateragarria da. Sistema eragileen aldetik, MS Windows 7, Vista eta XPrekin zein Mac Os X Lion (10.7) eta Snow Leopard (10.6) bertsioekin bateragarria da. Hala ere, Ubuntu eta GNU/Linux sistema eragileetarako oraindik ez dago mahaigaineko bertsiorik eta beraz, GNU/Linux erabiltzaileek on-line edo sakelako telefonoen bitartez erabili beharko dute Google Drive, oraingoz. Chrome OS sistema eragilean, Google Drive integratuta dago jada, jakina.

Sakelako telefonoetatik eta tablet gailuetatik ere posiblea da Google Drive erabiltzea aplikazio baten bitartez, aplikazio hau Android 2.1 bertsioetatik aurrera eta iOS 3.0 bertsioetatik aurrera eskuragarri dago.

Dena dela, harrigarria da GMail zerbitzuan oraindik integratuta ez egotea mezuetan erantsita datozen fitxategiak Google Driven gordetzeko aukerarekin, adibidez.

Google Drive eta Google Docs

Google Docs-ekin, ordea, guztiz bateragarria da eta zerbitzu honekin sinkronizatuta dago. Google Docsen dauden dokumentu eta fitxategi guztiak Google Driven ere egongo dira eta alderantziz. Google Drivetik, gainera, on-line dokumentuak ere sortu ahal dira Google Docsen bezala eta Google Docsen editorea dauka. Itxura aldetik ere oso antzekoak dira, Google Drivera sartzen den lehenengo aldian, Google Docs etortzen da burura berehala. Izan ere, Googleren ideia etorkizunean Google Docs Google Drivekin guztiz ordezkatzea dela dirudi.

Hala bada, Google Docs eta Google Driven arteko ezberdintasun nagusia da Google Driven dauden dokumentuak eta fitxategiak hiru eratan kudeatu ahal direla, on-line, http://drive.google.com/ helbidetik; ordenagailutik, horretarako Google Drive aplikazioa deskargatu behar da https://tools.google.com/dlpage/drive helbidean; edo sakelako telefonotik Google Drive aplikazioa instalatuta.

Honez gain, Google Chrome nabigatzailearekin aplikazio gehigarriak instalatu daitezke Chrome Web Storetik (https://chrome.google.com/webstore/category/home), era honetan fitxategi mota gehiago ireki ahal izango dira Google Driven bitartez eta zerbitzua indartsuago bilakatuko da.

Google Docsekin alderatuta, beste hobekuntza batzuk ere ekartzen ditu Google Drives-ek, adibidez Google Goggles teknologia erabiltzen du hitz gakoen bitartez irudiak bilatzeko. Era berean, Google Plus-en argitara daitezke Google Drives-era igotako irudiak. Fitxategiak ikusteko orduan bi bista eskaintzen dira orain, zerrenda (Google Docs-en eskaintzen den berdina) eta koadrikula, fitxategien aurrebistarekin.

Zerbitzu hau hainbat hizkuntzatan dago, hala ere, oraindik ez dago euskaraz.

Google, Internet

GMailen sarrera-ontzia antolatzeko aukerak

GMailZalantzarik gabe, GMail posta elektronikoa irakurtzeko zerbitzurik onenetarikoa da, batez ere on-line aplikazioen artean. Gainera GMail kontuak ez ezik, posta kontu ezberdinak ere irakur daitezke, beraz, GMail ez diren beste helbide batzuk ere kudeatzeko erabil daiteke. Honez gain, Zibergela atalaren beste ale batean GMaili buruzko beste artikulu bat argitaratu zen http://zibergela.bitarlan.net/2009/12/17/gmail-posta-kudeaketa-aplikazio-bezala/.

Izan ere, GMailek ezaugarri eta aukera interesgarri eta erabilgarri asko ditu, haietariko batzuk gainera ezkutatuta edo lehenetsita desgaituta daude.

Mezuak sailkatu

Esan daiteke sarrera-ontzia atalik garrantzitsuena dela posta elektronikorako aplikazio batean, hor jasotzen dira email guztiak. Hala, bada, mezu kopuru handia kudeatu beharrez gero, oso garrantzitsua da ondo antolatzea sarrera-ontzia mezurik ez galtzeko edo irakurri gabe ez uzteko. Honetarako Gmailek aukera ezberdinak eskaintzen ditu. Mezuak nabarmentzeko aukerarik garbiena izarrak erabiltzea da. Izarrarekin markatu daitezke maiz kontsultatzen diren emailak edo zerbait begiratzeke, erantzuteke edo amaitzeke duten mezuak. Ohiko izarrez gain, badaude 6 kolore ezberdinetan eta bestelako 6 marka, guztira 12 marka ezberdin, mezuak bereizteko eta nabarmentzeko egoera edo kasu ezberdinen arabera norberaren irizpideari jarraituta. Aukera horiek gaitzeko, GMail ezarpenetara joan behar da eta hor “”Orokorra”” izeneko atalera, hona hemen lotura: http://mail.google.com/mail/u/0/?ui=2&shva=1#settings.

Mezuak sailkatzeko beste aukera bat etiketak sortzea da. Ezarpenetan “”Etiketak”” delako atalean kudea daitezke etiketa ezberdinak, sortu, aldatu, ezabatu, erakutsi edo ezkutatu ahal dira. Ezkerreko menuan agertzen da sortutako etiketen zerrenda eta nahi den etiketari sakatuta agertzen dira etiketa horrekin lotutako mezu guztiak. Etiketa zerrendaren azpian etiketa berri bat sortzeko eta etiketak kudeatzeko loturak agertzen dira. Mezuak era erraz batean etiketa batekin edo gehiagorekin lotu ahal dira, nahi diren mezuak hautatuta mezu zerrendaren gainean etiketa irudikatzen duen ikonoan klik eginda agertzen da etiketa zerrenda erabiltzaileak nahi dituen etiketekin lotzeko mezuak. Mezuak ere arrastatu eta jaregin ahal dira etiketa ezberdinetan. Honetaz gain, azpi-etiketak ere sortu ahal dira, hau da etiketa hierarkia bat sor daiteke. Etiketak ere kolore ezberdinekin bereizi ahal dira azkarrago eta errazago identifikatzeko.

Adierazle pertsonalak gaituz gero, mezuen aurrean “>>” edo “>” ikurrak agertuko dira, bakarrik erabiltzaile horri bidalitako mezua dela eta erabiltzaile horri eta beste batzuei edo posta zerrenda bati igorritako mezua dela adierazten dute hurrenez hurren.

Itxura aldatu

GMailek bistaratzearen trinkotasuna hautatzeko hiru aukera eskaintzen ditu: arrunta, xehatua eta xehatuena. Ezaugarri hau aldatzeko posta zerrendaren gainean dagoen gurpilean klik eginda agertzen dira hiru aukera hauek.

Beste aldetik, GMailen lehenetsitako itxura zatarra irudituz gero, ezarpenetik konfigurazio hori aldatu daiteke. Bertan, “Gaiak” delako atalera joan behar da eta hor gai ezberdinen artean hautatzeko aukera ematen du. Hiru multzotan sailkatuta daude gaiak, kolore gaiak, gai klasikoak eta bereizmen handikoak. Azken hauek atzealdeko irudiak eskaintzen dituzte, gainera, batzuetan gai generikoa da, Mendia edo Hondartza, adibidez, eta GMail bera aldatzen doa atzealdeko argazkia erabiltzailea konektatzen den bakoitzean.

Laster-teklak

Mahaigaineko aplikazioen antzera, GMailen ere laster-teklak erabiltzea dago. Laster-teklak gaitzeko, ezarpenetan “”Orokorra”” atalean laster-teklak aukera aktibatu behar da, lehenetsita desgaituta datorrelako. Ondoren, “”Lasterbideak”” atalean ikusi eta aldatu daitezke dauden laster-teklak. Adibidez, “c” teklari sakatuta mezu berri bat idazteko leihoa irekiko da. Laster-tekla zerrendan erakusten ez bada ere, oso praktikoa da Tab”+ “Enter” teklen konbinazioa, lasterbide hau erabiltzen da mezua bidaltzeko eta saguarekin “Bidali” botoian klik egitea baino askoz azkarragoa da.