android, Aplikazioak, Apple, Mugikorrak, Sakelako Telefonoak, tabletak, Windows Phone

Snowcheck, Pirinoetako eski estazioetako informazio xehatua

snowcheck (1)Elur gainean irristatzea gustuko dutenentzako ezinbesteko baliabidea da Snowcheck. Pirinioetako eski estazio guztiei dagokien informazioa gehien xehatua daukan aplikazioa baita

Nahi beste datu eskuratzeko da Snowcheck: pisten egoera erakusten duten mapak, pista bakoitzaren erremonteen edo zailtasunaren informazioa, eskiatzeko luzera kilometrotan, pertsona edukiera orduko, elur kopurua zein kalitatea, elur artifiziala sortzeko makinak dituen, snowpark lekurik duen etaforfait-en prezioa. Eguraldi iragarpenaren atalean ageriko da estazioko pistaren bat unean itxita badago, zenbat kilometrotaraino eta martxan dituzten erremonteak. Hiru egunerainoko aurreikuspenarekin, gainera. Eskiatzera atera orduko baliagarriak direnak ere adierazten ditu: eguneko eguraldia, tenperatura eta haizearen ufada.

Bakoitzak gogokoenak dituen eski estazioak marka ditzake, eta haien webcametako uneko irudiak jaso aldioro. Izan ere, estazio batzuek minutu gutxiren buruan egiten dituzten argazkien bitartez, hango elurraren egoera eta jendetza erakusten dituzte. Ordenagailua piztu beharrik gabe, eroso jaso daiteke guztia app bakarra baliatuta.

Azken eguneraketari esker are gehiago biribildu dute eskaintza: leku bakoitzaren iruzkinak egiteko aukera jaso dute. Iragazki interesaturik gabe, erabiltzaileek emandako iritziak ezagutzeko aukera ona da.

Snowcheck doakoa da, eta eskuragarri dago frantsesez zein gazteleraz. Telefonorako zein tabletarako bertsioak ditu iOS, Android eta Windows Phone plataformetan.

android, Aplikazioak, Apple, Euskara, Kirola

Euskara eta Athleticen baloreak sustatzeko haurrentzat ipuin interaktiboak

IMG_0110Euskaltzaleen Topaguneak eta Athletic Club Fundazioak batera sakelako eta tabletetarako “Lehoiak ametsetan: Bixentaren abentura zurigorriak” izeneko ipuin interaktibo bilduma plazaratu berri dituzte. Kirmen Uribek idatzitakoak dira ipuinak, eta ilustrazioak Asisko Urmenetak eginak dira.

Zazpi pasartek osatuko dute bilduma bukatuta dagoenean. Baina gaur-gaurkoz hiru dira dakartzanak. Gainerako laurak hurrengo asteetan batuko zaizkie.

San Mameseko zelaipean bizi den Bixenta sator zaharra da esataria. Berea da ardura haurrei azaltzekoa Athletic futbol taldeko pertsonai zein pasarte adierazgarrienak: Mr. Pentland, Iribar, Zarra, gerra garaiko pasadizoak, Athleticeko jarraitzailea izatea zer den edo Athletic Clubeko emakumeak. Jose Angel Iribarrek, bera ardatz duen ipuinerako bere ahotsa sartu du gainera.

Athleticen baloreen transmisioa abiapuntutzat hartu, eta gurasoen eta haurren artean euskararekiko motibazioa handitzea ditu helburu egitasmoak. Horrela, ipuinak entzun egin daitezke, eta azpi-tituluen bitartez irakurri ere bai.

Hala nahi duenak ekarpena egin dezake, eta Athleticen inguruko istorio edo pasarteren bat kontatu helbide honetara bidalita. Iristen diren gaien artean bat aukeratu eta horren gainean idatziko da ipuin bat; baita aplikaziora igo ere.

Lehoiak Ametsetan aplikazioa iOSeta Android plataformetarako deskarga daiteke doan App Store eta Google Playn.

android, Aplikazioak, Mugikorrak, Sakelako Telefonoak

Sokamuturra app, han zezena han zangoa

Azpeitiko Zezen Beltz elkarteak eta Ukabi Informatika enpresak Sokamuturra izeneko aplikazioa aurkeztu berri dute. Sokamuturrean zezena uneoro non dabilen eta lotuta non dagoen jakiteko erreferentzia gisa balia daiteke. Sistema sinplea da: zezenaren lepokoari eta sokari GPS txiki bat jartzen zaio. GPSak posizioa bidaltzen du, eta aplikazioak datu horiekin zezenaren edo sokamutilaren kokapena bistaratzen du mapan. Aplikazioaren nahia, azken batean, zezena zein kaletan dabilen jakitea da.

Android sistemadun telefonoetarako dago, eta aurtengo Azpeitiko inauterietako sokamuturrean estreinatu dute. Play Store-tik deskarga daiteke doan, hurrengorako.