android, Aplikazioak, Euskara

Appoteo: poteoak errazteko android aplikazioa

AppoteoEuskal idiosinkrasiaren erakusgarrietako bat da poteoa. Nor ez da ibili erabat zoratuta koadrilakoen tragoak eskatzen? Batzuetan, dena buruz gogoratu nahian, eta, beste zenbaitetan, papertxo ziztrin batean tragoak nola edo hala apuntatuta. Dirua kudeatu eta tragoak eskatu behar dituenari laguntzeko garatu dute Appoteo android sistemarako aplikazioa. Lau taldetan sailkatuta daude edariak: txikiak, normalak, afalondoa-bazkalondoa eta konbinatuak. Edari ohikoenen zerrendak egiteko aukera ematen du aplikazioak, eta, laster, garatzaileek esan dutenez, norberaren aukerak sartzeko modua izango da. Aplikazio sinple eta erabilgarria, euskaraz.

android, Aplikazioak, Internet, Sare sozialak eta Microblogging

Android telefono guztietarako Flipboard aplikazioaren bertsioa dago sarean

Flipboard iOS sistemetarako aplikazio berri bat da, oso erabilia da iPhone eta iPad telefono eta gailuetan eta oihartzun handia lortu du. Aplikazio honek aldizkari digital baten itxura du, diseinua izugarri zainduta dago eta oso erakargarria da. Adibidez, orriak pasatzearen efektua era eder batean lortu da.

Flipboardek iturri ezberdinetako albisteak eta artikuluak erakusten ditu eta gainera Facebook, Twitter, Google Reader, Flickr, Instapaper eta abarreko sare sozial eta web zerbitzuekin bateratu daiteke. Eduki eta sare sozialen eguneraketa guztiak leku bakar batetik eta aldizkari gisan ikusteko aukera eskaintzen du.

Hala, bada, Flipboard webgune ofizialean adierazten zen bezala, jakina zen iOS sistemetarako bertsioaz gain Android sistemetarako ere bertsio bat atera nahi zutela. Hasiera batean soilik Samsung Galaxy S III telefonorako egongo zen eskuragarri. Baina norbaitek Androiderako bertsioaren fitxategia eskuratu du eta sarean argitaratu du Android terminal guztietan instalatu eta erabili ahal izateko. Bertsio hau oraindik ofiziala ez denez, ez dago Google Play-n (lehengo Android Market), beraz, instalatzeko Internetetik deskargatu behar da probatu edo erabili nahi izanez gero. Hemen dago deskargatzeko aukera: http://forum.xda-developers.com/showthread.php?p=25866075#post25866075

android, Aplikazioak, Internet, Sakelako Telefonoak

Wikipediak OpenStreetMap erabiliko du sakelakoetan

Wikipediak OpenStreetMap mapa zerbitzaria erabiliko du sakelako telefonoen aplikazioan. Googlek Mapsen erabilera baldintzak aldatu zituenetik, aplikazio askok utzi diote Google Maps erabiltzeari —Foursquarek eta Appleren iPhotok, adibidez—; Googlek ezarritako baldintza berrietan agertzen denez, Maps asko erabiltzen dutenek ordaindu egin beharko dute aurrerantzean.

Wikipediak azaldu duenez, Google Maps uzteak ez du zerikusirik Googlek bere zerbitzua ordainpeko bihurtzearekin, baizik eta datu geografiko libre eta kode irekiko egitasmoen aldeko apustuarekin.

Mapa aldaketaz gain, Wikipediaren sakelako telefonoen aplikazioak iOS eta Androiderako bertsioen eguneraketa ere badakar.

IPhonentzako aldaketak

Androidek jada bazituen ezaugarri batzuk gehitu zaizkio Appleren iPhoneari: aukera ematea orriak geroago irakurtzeko, eta iradokizunak eskaintzea bilaketak egiteko orduan.

Androidi dagokionez, berriz, ez da izango aldaketa handirik: hobekuntza gutxi batzuk egin dira tabletetarako interfazean.