Awazza, 3G konexioak bizkortzeko trikimailua

3G saredun gailuen deskarga abiadura %90eraino azkartu dezakeen baliabidea da Awazza. Interneteko konexioak bizkortzeko baliabide hori Movistarrek asmatua duen arren, gainerako Internet hornitzaileentzat ere bada. Gutxienez, interesgarria izango da presaka eta etengabe konektatu behar dutenentzat. Awazza erabiltzeko euskarria ere ez da arazo bat, eta Blackberry, Windows Phone, iOS, Android eta FirefoxOS sistemek alderik gabe balia dezakete.

Ez da instalatzen den ohiko aplikazio bat, bakoitzaren telefonoan aldatzen den ezarpen bat baizik. Funtzionamenduari dagokionez, Internet eskaerak kudeatzeko erantzukizuna urrutiko zerbitzari batzuei ematean datza gakoa. Ondoren, horiek erantzunak hobetzen dituzte teknika desberdinekin. Zerbitzari horiek, proxy izena jaso ohi dute informatikan. Kasu honetan, haiei dagokie norberak gehien bisitatzen dituen webak gordetzea eta eskaera jaso orduko kargatuta izatea. Weben publizitatea azkena kargatzeak, edo eduki askotarikoak antzemateko lehentasuna emateak, nabigatzailea azkartzen laguntzen dute. Baina gainerako aplikazioetan ere hobekuntza nabaritzea dakar horrek guztiak.

3G saredun telefonoetan eta tabletetan konexio bizkorragoa izateko, nahikoa da Internet ezarpenetan Awazza proxy helbidea adieraztearekin. Gailu bakoitza konfiguratzeko argibideak, berriz, http://awazza.com/ atarian lortuko dira.

Ez da egun bateko beroaldiaren emaitza honako hau, eta Awazza fintzeko funtzio berriak iragarri dituzte. Besteak beste, laster egongo dira eskuragarri terminal bakoitzaren pantailaren bereizmenera doitutako irudien deskarga, baita irudien kalitatea hautatzeko edo edukien lehentasuna norberak erabakitzeko aukerak ere.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


*

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>