Aplikazioak, Internet

Geure burua ezagutarazteko

Aurkezpen txartelak tresna baliagarriak dira bezero edo lankide artean geure burua ezagutzera emateko. Txartel gehienetan, gure izena, gure lanbidea eta gurekin harremanetan jartzeko moduak agertzen dira, eta eskaintzen dituzten abantailetako bat zera da, aldean eramatea erraza dela eta jendearen artean partitzea ere bai.

Curriculum vitae delakoa izaten da, gehienetan, lana bilatu nahi duenak erabiltzen duen lehen aurkezpen sistema. Sarean arakatuz gero, ezin konta ahala dira CV egoki eta eraginkor bat nola sortu behar den azaltzen duten webguneak. Gure curriculuma hutsetik idazten hasi beharrean, sarean hainbat txantiloi eta aplikazio eskaintzen zaizkigu. Europass deitzen zaion eredu europar bat ere bada; web helbide honetatik har daiteke: http://bit.ly/8GJb2Y. Webgune horretatik aplikazio bat har daiteke, eta hori erabiliz pausoz pauso curriculuma osatu eta amaitutakoan, PDF edo Microsoft Word formatuetara esporta daiteke.

Web 2.0 esaten diogunaren barruan, zerbitzu interesgarri mordoa eskaintzen zaigu, eta norbera aurkezteko tenorean gure on line curriculuma osatzeko aukera ematen digun About.me zerbitzua aipatuko dugu hemen.

‘About.me’

About.me 2010. urteko abenduan sortutako zerbitzu bat da, eta, izan zezakeen arrakasta ikusita, AOL Inc. enpresak erosi zuen aurkeztu eta egun gutxira. Laburbilduz, gure soslai edo profila osatzeko aukera ematen digun aplikazio bat da About.me, eta, bertan, gure blog, sare sozial eta web orri pertsonalak bildu ditzakegu. Aplikazioak eskaintzen duen interfaze errazarekin, on line aurkezpen txartel bat osatzeko moduan izango gara minutu batzuetan.

About.me erabiltzeko, lehenengo eta behin, kontu bat sortu beharko dugu bertan. Horretarako, https:// about.me/ helbidera jo, eta gure posta helbidea eta nahi dugun pasahitza jarriko ditugu kontua sortzeko. Gure txartelak izango duen helbidea ere aukeratu beharko dugu, horrelako zerbait: http://about.me/zureizena. Izen-deiturak edo ezizena erabil daiteke gure aurkezpen helbidea izango dena osatzeko, eta, txartelaren itxura garrantzitsua den bezala, hemen ere izen txukuna hautatzea garrantzitsua da.

Gure soslaia osatuko duten argazki, izen-deitura eta biografia ere sartuko ditugu jarraian. Biografian, hitz gutxitan, gure zaletasun, abilezia eta interesen berri emango dugu. Etiketa bidez ere, gure soslaia hitz gutxi batzuekin osatu ahal izango dugu. Bilaketetan erabiliko dira etiketa horiek; beraz, gure jarduera identifika dezaketen hitzak hautatu beharko ditugu etiketa gisa.

Gure txarteleko oinarrizko datuak osatuta, itxura pertsonalizatzeari ekin diezaiokegu. Txartelaren atzeko irudia, letra tamaina, tipografia, koloreak eta gardentasuna dira gure gustura molda ditzakegun hainbat xehetasun.

Amaitzeko, erabiltzen ditugun sare sozial, blog edo orri pertsonalekin konektatuko dugu gure txartela. Geure balizko bezeroei gurekin harremanetan jartzeko beste bide batzuk eskainiko dizkiegu, dela posta elektronikoz, dela Twitter, Facebook edo Flickr erabiliz. Modu lehenetsian, hogei zerbitzutik gora eskaintzen zaizkigu, eta gure URL edo helbide propioak sartzeko modua ere badago. Inspirazioak huts egiten badigu, hainbat pertsonak osatutako txartel ikusgarriak eskaintzen dira About.me webgunearen barruan.

Euskara, GNU/Linux, Multimedia, Sailkatugabeak

Clementine euskaratu du Librezalek

Librezalek Clementine audio erreproduzitzailearen azken bertsioa euskaratu du, eta, beraz, oso-osorik euskaraz erabili ahal izango da. Erreproduzitzaile hori Amarok 1.4an oinarriturik dago, eta musika erreproduzitzeko era erraz eta azkarra izatea du helburu. Plataforma askotarikoa den aldetik, posible da inolako arazorik gabe Unix motako sistema eragileetan (Mac OS X barne) eta Microsoft Windowsen erabiltzea.

Musika bilduma era erraz batean kudeatzeaz gain, zenbait gailu kontrola daitezke bertatik, hala nola MP3 erreproduzitzaileak eta iPodak. Sareko jarioak entzuteko aukera ematen du, bai irratiak, bai ordainpeko Spotify, Grooveshark eta halako zerbitzuak. Erreproduzitzailearen ezaugarrien zerrenda luzeagoa aurki daiteke Clementineren webgunean: http://www.clementine-player.org/.

Inork Clementine euskaratzen lagundu nahi badu, Transifex webgunera jo dezake aplikazioak erabiltzen dituen fitxategien itzulpenean lan egiteko: https:// www.transifex.net/projects/p/ clementine/language/eu/. Iturria: http://librezale.org/2012/03/08/ clementine-euskaraz/.

Hardware, Internet, kontzeptuak, lizentzia libreak, Sareak

‘Guifi.net': sare libre eta irekia

Telekomunikazio sare bat da Guifi.net. Azpiegitura libre, ireki eta neutrala da, eta hari gabeko konexioak erabiltzen dira gehienbat. Egun, 15.000 nodo edo erabiltzailetik gora ditu. Guifi.net sarea oso hedatua dago Katalunia eta Valentzian, eta apurka-apurka, beste zenbait lekutara ere zabaltzen ari da. Guifi.net erabiltzen dutenak norbanakoak, enpresa edo administrazio publikoak izan daitezke, eta erabiltzaile horiek guztiak dira era berean sare horren jabe. Licencia Procomún Inalámbrica izenez ezagutzen den lizentziak arautzen ditu sare libre horren erabilpen baldintzak.

Elkarren artean konektatzeko, antena bereziak erabiltzen ditu Guifi.net sareak

Elkarren artean konektatzeko, antena bereziak erabiltzen ditu Guifi.net sareak

Sare irekia da, eta haren konfigurazio eta xehetasun tekniko guztiak publikoak dira; beraz, erabiltzaileek sarea kudeatzeko eta garatzeko gaitasuna izan dezakete. Sarea ez dago enpresa baten menpe, eta erabiltzaileak berak sor dezake sarerako konexioa, edo enpresa instalatzaile bat kontrata dezake horretarako.

Sare askea da, ez baitago mugak jarriko dituenik. Esaterako, konexio abiaduran ez da mugarik jartzen, Internet operadore tradizionalek egiten duten bezala, eta ez da tarifa ezberdinik ezartzen kontratatzen den abiaduraren arabera.

Edukiekiko sare neutrala da: berdin-berdin garraiatzen da edozein informazio, dela bideoa, webgune bat edo telefono dei bat.

2004. urtean Kataluniako landagunean sortutako proiektua da, eta Internet hornitzaileek (ISP) alde batera utzita zeuzkaten lekuetan banda zabala eskaintzea zuen xede. Guifi.net ez da enpresa bat; interes komunak dituzten erabiltzaile talde batek sortu, osatu eta kudeatzen duen komunikazio sare bat da.

Guifi.net sarea osatzeko, supernodo gisa ezagutzen diren antena batzuk jartzen dira. Antena horiek wifi sare bat sortzen dute inguruan, eta etxeetatik supernodo horietara konektatzen diren beste antenatxo batzuk instalatzen dira —nodo gisa ezagutzen direnak—. Herritar, udaletxe edo auzo elkarteak dira konexiorako beharrezkoak diren gailu horiek erosi, instalatu, kudeatu eta mantentzearen arduradunak. Hasierako gastuari aurre egin ondoren, ez dago hileroko kuota ordaindu beharrik; doako konexioa lortzen da, eta egin beharreko gastu bakarra mantenuari dagokiona litzateke.

Zer zerbitzu eskaintzen ditu ‘Guifi.net’-ek?

Guifi.net ez da enpresa bat; sareko nodoak antolatzen dituen erakunde bat da, eta ez du bere kasa inongo zerbitzurik eskaintzen. Sare honetara konektatuta dauden enpresa edo norbanakoak dira sare hau zerbitzuz hornitzen dutenak. Etxean Internet sarbidea duenak zerbitzu hori eskain diezaieke beste erabiltzaile batzuei: esaterako, posible litzateke ohiko Internet hornitzaile batek eskaintzen duen Internet sarbide bakar bat baliatzea etxebizitza bateko bizilagun guztientzat; bizilagunak ados jarriz gero, konexio horren kostua denen artean ordainduko litzateke. Beste hainbat zerbitzu ere eskain daitezke sarean, esate baterako: webguneen ostalaritza, web bidezko irratia, telebista, erabiltzaileen arteko doako telefono deiak (VoIP erabiliz) eta beste hainbat zerbitzu.

Hiriburuetatik urrun dauden herrietan, arazoa izaten da Interneterako konexioa lortzeko garaian. Enpresa handiek ez dituzte errentagarri jotzen bizilagun gutxi batzuentzat zerbitzua eskaintzeko orduan egin beharreko inbertsioak, eta, horrela, hainbat herritar informazio teknologiak eskuratu ezinik gelditzen dira. Herri horietako udaletxe batzuek, Internet sarbidea eskubide unibertsala dela ulertuta, herritarrei sarerako konexioa eskaintzearen alde egiten dute, eta batzuek Guifi.net sarean aurkitu dute modu erraz eta jasangarrian euren egitasmoa aurrera eramateko modua. Adibidez, Nafarroako Txulapain bailaran, hamahiru herritako hainbat gune konektatu dira bertako herritarrei administrazio elektroniko, komunikazio telefoniko eta osasun arloko telelaguntza zerbitzuak eskaintzeko.

Euskal Herrian ere bada sare hau hedatu nahi duenik ere, eta egitasmoaren berri emateko, honako webgune hau zabaldu dute: http://euskalherria.guifi.net/.