Aplikazioak, Internet, Sare sozialak eta Microblogging

Aztarna digitala

Interneten batera eta bestera ibiltzen garen heinean, gure aztarna digitala hedatuz doa, erabiltzaileak konturatu ez arren. Sare sozialetan zabaltzen ditugu kontuak, blogak sortzen ditugu edo inoren blogean iruzkin bat egiten dugu. Jardun horiek guztiak, gure berri ematen diote munduari, eta, ondorioz, gure irudi bat osatzen dute, gure irudi digitala.

Presentzia digital hori ezabatzea, ordea, ez da betiere gauza erraza. Interneten jartzen dena erraz zabaltzen da lau haizetara, eta hainbat eduki erraz gorde daitezke edonoren disko gogorrean. Bilatzaileek egiten dituzten sare araketetan ere, aurkitutakoa gorde egiten da, cache bezala ezagutzen den biltegian. Gure soslaia ezabatu nahi badugu, batzuetan, webgune baten arduradunarekin jarri beharko gara harremanetan. Beste batzuetan, edukiak ezabatzeko propio egindako zerbitzuak daude. Ez dago webgune, aplikazio eta zerbitzuetan gure aztarna desagertzeko prozedura estandarizaturik.

Norbait hil eta gero, zendutakoaren familiak hildakoaren aztarna digitala ezabatu nahi izaten du. Horretarako ere, sare sozial batzuek bide batzuk ematen dituzte. Sare sozialen kudeaketa guneak norbera bizi den estatu edo egitura politikotik kanpo badaude, lana zaildu egin daiteke; okerrenean, epaitegietara jo beharko da, eta epaileek askotan ezer gutxi egin dezakete estatu jakin baten mugetatik at dauden enpresa edo zerbitzuekin.

Aztarna ezabatzeko aplikazioak

Badira Interneten, hala ere, gure aztarna ezabatzen lagunduko diguten tresnak; batzuk doanekoak dira, eta beste batzuk, ordainpekoak. Ezabaketa zerbitzuak ematen dituzten enpresak ere badaude.

Suicidemachine tresna ezagunenetako bat da, gure presentzia digitalaz beste egiteko erabili dezakeguna. Facebook, LinkedIn, Myspace eta twitter moduko sare sozialetatik gure soslaiak ezabatzen ditu.

Soslaiak eta datuak ezabatzeko, sare sozial horiekin konexioa egin behar da, eta gune bakoitzak ematen dituen orri eta zerbitzuak aprobetxatu ezabatzeak egiteko Guneak dioenez, 52 minutu behar ditu sistema horrek gure soslaiak ezabatzeko. Ezabaketa prozesua eskuz egitekotan, 9 ordu eta 35 minutu beharko direla dio. Dena den, badirudi Facebook-ek ez dituela iturri horretatik egindako ezabaketa eskaerak onartzen.

Beste gune batzuek konexioa baliatu ordez, sare sozial bakoitzean eman beharreko pausoak agertzen dituzte; esaterako, Delete Your Account guneak askotan oso ezkutuan egoten diren jarraibideak erakusten ditu, pausoz pauso modu errazean jarraitzeko moduan.

Facebook-en, adibidez, aukera bi ditugu. Kontua desaktibatu edo ezabatu egin dezakegu. Desaktibatzean, soslaia eta gure datu guztiak Facebook-en zerbitzarietan geldituko dira, baina ez dira bistan egongo. Desaktibatu ondoren, guk horrela nahi badugu, kontua berriz ere aktiba daiteke. Kontua ezabatzeko, berriz, hona jo behar da: http://www.facebook.com/help/contact.php?show_form=delete_account.

Kontua ezabatuta, gure datu guztiak facebooken zerbitzarietatik desagertu beharko lirateke hortik gutxira, eta kontuari lotutako datuak berreskuratzea ezinezkoa izan beharko luke.

Gune, sare edo zerbitzu bakoitzak bere bideak dauka, beraz, datuak ezabatzeko; eta, askotan, erabilera baldintzetan erakusten da gure kontua ezabatzean gure datuekin zer gertatuko den. Horregatik, komeni da sare sozialen nahiz beste guneen erabilera baldintzak irakurtzea bertan izena eman baino lehen.

Internet, Nabigatzaileak

Firefox 4, eskuragarri

Mozilla fundazioaren Firefox nabigatzailearen laugarren bertsioa eskuragarri dago jada. Bertsio berri horren ezaugarriak hauek dira: Google Chrome nabigatzailearen antzera, interfazea sinpleagoa da, hainbat tresna barra kendu dira orriaren bistaratzeak leku gehiago izan dezan. Fitxak kudeatzeko moduan ere bada berritasunik: gehien erabiltzen ditugun fitxak —posta bezeroa, adibidez—, interfazean iltzatzeko modua dugu.

Webguneak sortzeko erabiltzen den HTML 5 lengoaiaren azken bertsioari erabateko euskarria eskaintzen dio Firefoxek; horrela, garatzaileek webguneetan HTML 5 erabiliz sartzen dituzten kalitate handiko bideo nahiz audioak arazo gabe ikusi eta entzun ahal izango ditugu.

Gure nabigatzailean gordeta dauzkagun pasahitza, hobespen fitxa eta nabigatzaile historia sinkronizatzeko aukera ere badugu, Sync erabiliz.

Eta, azkenik, gehigarriak instalatzeko orduan, ez da aplikazioa berrabiarazi behar izango.

Euskaraz deskarga eta instala daiteke, Librezaleko lagunei esker.

Aplikazioak, Euskara, Internet

Twitterrek bost urte

twitterOrain arte Twiterrek egindako bideari begirada bat botako diogu. 2006. urtean sortu zuen Jack Dorseyk Twitter, San Franciscon, Ameriketako Estatu Batuetan. Interneteko SMS zerbitzu gisa da ezaguna, eta urtetik urtera erabiltzaile gehiago bereganatu ditu: 190 bat miloi inguru erabiltzaile 2011. urtearen hasieran.

Hasiera batean «friki» gutxi batzuen kontua zela bazirudien ere, egun, gutxi dira Twitterri buruz zerbait entzun ez dutenak. Telebistan ere, zenbait programatan, oraingo pertsonaia ezagunek Twitterren esaten dituztenak erakusten dira. Beraz, esan daiteke gizarte osora zabaldu dela, ez bakarrik teknofiloen artean. Enpresak ere Twitterren sartu dira aspaldi, denak ere hark proposatzen duen «zer ari zara egiten» erantzun nahian.

Zer da Twitter?

Twitterrek, SMSek bezala, gehienez 140 karaktere dituzten mezuak plazaratzeko aukera ematen du. Mezuak sailkatze aldera, etiketak erabil daitezke, # karakterea aurrizki moduan erabiliz. Adibidez: #fukushima. Erabiltzaile batek botatzen dituen mezu edo tweet-ak, printzipioz, publikoak dira, edonork ikus ditzake. Beste erabiltzaile batek esandakoen berri izateko, hari «jarraitu» behar zaio. Beraz, erabiltzaile jakin batek hainbat erabiltzaile jarrai ditzake, eta beste hainbat erabiltzailek jarrai dezakete hura. Jarraituek eta jarraitzaileek ez dute zertan berdinak izan; esaterako, Xabi Alonsok 442.227 jarraitzaile baditu ere, 147 jarraitzen ditu hark.

Norbaiti erantzun bat bidali edo norbait aipatzeko tenorean, @ karakterea jarri behar da erabiltzaile-izenaren aurrean: adibidez, @zibergela.

Norbaitek botatako tweet-ari atxikimendua erakutsi eta zabaldu nahi badugu, mezuari «retweet» egiteko aukera ematen da. Horrelakoetan, mezuaren jabearen izenari, RT: aurrizkia txertatzen zaio; esaterako, RT: @zibergela.

Mezu pribatuak bidaltzeko aukera ere badago.

Tresnak

Twitter erabiltzeko, hainbat modu daude. Twitter bera webgune batean eskaintzen da: http://twitter.com. Bertan, erabiltzailea sortu eta norberak jarraitzen dituen lagunen mezuak ikusteko aukera dago —timeline izenez ezagutzen dena—, baita gure tweet-ak plazaratzeko aukera ere.

Twitterren inguruan, hainbat aplikazio sortu dira, bai mahai gaineko aplikazio nahiz sakelakoetarako. TweetDeck izan daiteke mahai gainerako, iPhone edo Android sistema eragilea duten sakelako telefonoentzat Twitter bezero egoki bat.

Bota nahi dugun mezuan Internet-loturaren bat txertatu nahi badugu, askotan lotura horiek laburtzeko beharra izango dugu. Horretarako, helbide laburtzaile andana dago; horietako bat ttiki.com da (http://ttiki.com/).

Erabilpenak

Twitter zer den lagunartean azaltzean, askotan horrelako galderak agertzen dira: Nor jarrai dezaket? Nola bila ditzaket gustuko erabiltzaile edo gaiak? Hau gomendatuko genuke: lagun twitterlaririk izanez gero, hasi horiek jarraitzen. Lagun horiek beste batzuen aipamenak egingo dituztenez, lagun horien bitartez, has gaitezke beste «lagun» batzuk jarraitzen, eta, modu berean, gure mezuak beste batzuentzat interesgarriak suertatzen badira, jarraitu egingo gaituzte.

Euskal twitterlari asko dabil sarean. Horien guztien berri izateko, Eu.umap.eu webgunea erabil daiteke. Umap da Twitterreko euskarazko jardun guztiaren batzailea.

Twitterren jardunaren inguruan aholkuak nahi badituzue, jo Joxe Aranzabalen blogera.

Argi eta itzalak

Arras erabilia eta famatua den komunikazio tresna bat izanda, baditu alde ilunak. Batetik, Twitter Inc. enpresak eskaintzen duen zerbitzua sare zentralizatu batean oinarriturik dago. Bestetik, Twitterren webgunea ez da euskaraz eskaintzen. Twitter euskaratzeko, eskakizuna abian da.

2011.04.14 eguneraketa: Zertarako erabili, adibide batzuk